Duela mende eta erdi nola orain, ekonomia sozialaren balio garrantzitsuenetako bat izan da proiektu kooperatiboen arteko lankidetza. 2008an lehertu eta pandemiarekin areagotu den sistema neoliberalaren krisiak, ageriago utzi du txikien artean elkar zaindu eta elikatzeko behar hori. Euskal Herrian interkooperazio egitasmo berriak ari dira ernetzen apurka; horietako bat da Gipuzkoako Beterri-Buruntza eskualdean bultzatzen ari direna.
Interkooperazio hitzak ez du misterio handirik: kooperatiben arteko lankidetzari esaten zaio, ekonomia sozialari lotuko bada. Hitza ez da hain zaharra, ideia ordea, kasik kooperatibismoaren sorreratik iritsi zaigu, mugimendu kooperatiboen garaian garaiko zailtasunei aurre egiteko printzipio gisa.
Dena Manchesterren hasi omen zen, Lehen Industria Iraultzaren sorleku eta sehaska izan zen hirian. XIX. mende erdialdean ikatz hautsez tindatuta, baserrietatik migraturiko eta baldintza penagarritan pilatutako milaka lagunen topaleku, Amerikarako beltzen esklabotzatik bizi zen ekonomia baten beste aurpegi ilun bat baino ez zen metropoli erraldoia. Aurrerakuntza teknologikoek eta industriaren elektrifikatzeak langile prekario horien panorama gehiago okertzea ekarri zuen, langabezia handitu eta kondizioak kaskartu baitziren. Manchesterretik ez oso urrun, Rochdale izeneko hirian, ehungileek greba bortitzak egin zituzten enplegua defendatzeko, eta testuinguru zail horretan sortu zuten 1844an lehen kooperatiba elkartea 28 bazkidek, Rochdaleko aitzindariak deiturikoek. Kooperatibismoaren sorrera hartan, helburu ekonomikoetatik haragoko balio eta printzipioak ezarri zituzten, eta horien artean elkar laguntza zegoen, kooperatiben arteko integrazioaren bidez.
Geroago, Nazioarteko Kooperatiba Aliantza sortu zenean, ideia hori etengabe bultzatu zuten erakunde horren barruan; baina 1995ean Manchesterren egin zen kongresura arte ez zen esplizitatu kooperatibagintzaren printzipio gakoetako bat zela enpresek euren artean laguntzea. 90eko hamarkadako globalizazioaren eztanda betean, ekonomiaren nazioartekotzeak kooperatiben mugimenduari zekarzkion erronkei aurre egiteko tresna gisa ulertzen zen interkooperazioa. Ordutik –eta lehenagotik ere– munduko makina bat erakunde eta talde kooperatibo handitan saiatu dira “oinarrizko solidaritate horren kontzientzia hartzen”, Mondragon korporazioak 2017ko Kongresuan aipatu zuen bezala. Baina interkooperazioak ertz eta hari mutur ugari izan ditzake, nondik eta norantz joateko egiten den.
Lurraldeko interkooperazioa
Merkatuaren mundializazioak hedatu zuena, paradoxikoki, orain gertukoaren beharrak ere akuilatu du. Pandemiak ezer azalerazi badu, hori lurraldean errotutako ekonomia sendo eta saretu bat edukitzearen garrantzia izan baita. Hain zuzen, lurraldean interkooperatzearen ideia hori garatu zuten Usurbilen, otsailaren 11n Beterri Saretuz-ek antolatutako lan saio batean. Beterri-Buruntza eskualdean parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortzeko abian jarri duten programaren barruan bildu ziren enpresa eta tokiko eragileak.
Interkooperazioak baditu egungo eredu sozioekonomikoari kontrajarritako ezaugarri berezko batzuk: lankidetza lehenestea lehiari, elkartasuna indibidualtasunari, edo hazkunde eta kapital metaketa hutsa baino, iparrorratza izatea etekinak birbanatu eta pertsonen bizigarritasuna lortzea. Usurbilgo saioan azpimarratu zutenez, sektore bereko edo merkatuari loturiko lankidetzetatik harago, territorio berean sareak eta egitura mankomunatuak sortzeak baditu bere onurak. Adibidez, lurralde horrek hainbat arlotan dituen erronkei kolektiboki erantzuteko gaitasuna eman dezake: genero arrakala gainditzeko, jasangarritasuna bermatu eta ingurumena babesteko, aniztasuna aitortzeko… Jendartearen eraldaketa txikitik eta oinarritik hastea bultzatzen du interkooperazio territorialak.
Enpresen arteko harremanak lehendik ere hor izan arren, informaltasunaren jantziarekin ez dira erraz antzematen
Askotan, gainera, enpresen arteko harremanak lehendik ere hor izan arren, informaltasunaren jantziarekin ez dira erraz antzematen. Beterri Saretuz-eko saiora hurbildu ziren enpresetako kideei ariketa bat eginarazi zieten. Lehenik, hainbat galderari erantzun: Proiekturik aurkeztu al duzu beste enpresa edo eragileren partaidetza eta kolaborazioa eskatzen duena? Eta diru-laguntzarik eskatu? Barne kudeaketarekin zerikusia duen kontsultarik egiteko jarri al zara kontaktuan inorekin? Zeinekin duzu zerbitzu-bezero harremana? Eskualdeko zein beste eragilerekin egin duzu lan azken urtean?... Oskolaren azpian izen zerrenda luze bat biluzten hasten da orduan. Gero, mapa handi batean izen horiek guztiak elkar gurutzatu zituzten, euren artean jositako erlazio motei kolore bana jarriaz, lurraldeko interkooperazio atlas korapilatsua denen bistan azaleratu arte.
Ariketa ez da debaldekoa, lankidetzak formalizatu eta instituzionalizatzea bilatzen du. Interkooperazioa berez sortzen den gertakaria baino, elikatu beharreko gako estrategikoa delako euren ustez. Egituraketa horren bidez sortuko dira aukerak aprobetxatzeko eta zailtasunei aurre egiteko tresna partekatuak, mutualismorako proiektuak kasu. Hori da, adibidez, OlatuKoop ekonomia sozial eta eraldatzailearen sareko ildoetako bat. Elkar laguntzeko eta sozializatzeko interes horrek, abantaila handia ematen die enpresa komunitarioei enpresa kapitalistekiko, batez ere krisi garaietan, nola enplegu duinari eusteko edo laneko proiektu burujabe eta asegarriak egiteko. Pandemiarekin sarritan entzun dugun leloak ondo laburbiltzen du: bakarrik ezin da, lagunekin bai.
Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.
Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko... [+]
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.
Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]
Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.
Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]
Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]
Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]