Osasun neurriekin komunitateak kalean bizi behar du

  • “Normaltasun berri” honetan oso mugatuta dago bizitza komunitarioa eta ia “bekatu” bihurtu dira pertsonarentzat beharrezko diren harremanak, plazerak eta errituak. Baina badira pandemiaren hasieratik osasun neurrietara egokituta sortu edo mantendu diren hainbat ekimen komunitario. Horietako hiru ezagutu ditugu: Altzoko kultur jarduera, Egia auzoko elikadura azoka eta Bilboko Alde Zaharreko etxebizitza sindikatuaren lana.

Handiaren hezurrak jendaurrean aurkeztu zituen 2020ko udan Aranzadi elkarteak. Argazkia: Altzoko Udala.
Handiaren hezurrak jendaurrean aurkeztu zituen 2020ko udan Aranzadi elkarteak. Argazkia: Altzoko Udala.

2021eko martxoaren 11n

Osasun integrala izan behar dugula helburu azaldu du Kontxi Alicostes psikologoak, hau da, Osasunaren Mundu Erakundeak definitzen duenez, pertsona baten ongizate fisiko, emozional eta soziala: “Pandemia honetan konfliktoan daude osasunaren bi ikuspegi horiek, alde batean heriotzak ekiditea eta beste aldean osasun integrala lortzea. Osasun integrala ahaztuta egon da erabat, bere dimentsio sozialean batez ere”. COVID-19az kutsatzeko zero arriskuak ez duela existitzen nabarmendu du eta beraz, osasun integrala lortzeko, kutsatzeko arriskua etengabe balantzan jarri behar dela, hartzen den arriskua eta irabazten dena ponderatuz: “Osasun integralak ez du esan nahi erabateko zoriontasuna lortzea, osasun integralak esan nahi du garapen on bat edukitzea eta psikologikoki ongi egotea, oreka batean: egun batean okerrago eta bestean hobeto, eta norberaren bizitzaren zentzua ez galtzea. Zeren egoera honek arrisku handia baitu edozein gauzarekin desidentifikatzeko. Ez dut esaten ez denik babes neurririk hartu behar, baizik, zenbait gauza egin, egin behar direla. Baina pentsamendu bakarra zabaldu da eta hori oso arriskutsua da: beldurra dago posizionamendu bat azaltzeko, nahiz eta oso zentzuzko gauzak esatera mugatu, negazionistatzat joko zaituztelako”. Iraganeko bizitzarekiko nostalgian kateatuta geratu gabe, nola bizi behar dugu orain? Etxean sartuta egon behar al dugu, edo komunitateko bizitza berreskuratu, egoera berrira egokituta?

Altzoko udalkideak eta herriko eragileak iazko ekainean bildu ziren kultur ekitaldiak eta festak mantendu edo ez erabakitzeko. Osasun neurriak zainduz mantentzea erabaki zuten eta urte osokorako oinarria izan zen adostasun hori

Duela ia urtebete jada, konfinamendutik irten orduko planteatu zituzten galdera horiek eta gehiago Altzon, herri mailan. “Apirila-maiatzean Kultura Batzordean bilera telematikoak egiten hasi ginen. Jai Batzordean ere galdera zebilen ea festak egin behar ziren edo ez, Udalak ere bazituen bere kezkak horren inguruan... Beraz, udalkideak eta eragileak –guraso elkartea, jai batzordea, emakume taldea, Elordi elkartea…–  biltzea adostu genuen”, azaldu du Jexux Murua Kultura Batzordeko kideak. Ekainean egin zen batzar hori, modu presentzialean. Lorena Uriarte Altzoko Udaleko zinegotzia da eta batzar hartan egon ziren jarrera ezberdinak gogoan ditu: “Baziren beldurrak eragindako jarrerak: jende pilaketak saihesteko nola egingo dugu? Festak egin edo ez?”. Ikuspegi ezberdinak izanagatik, adostasun batera “erraz” iritsi zirela diote, eta horrek jarri zuela oinarria urte osoan ekitaldiekin zer egin erabakitzeko.

Uriartek gogoratu du zein planteamenduk lortu zuen adostasuna: “Zergatik ez dugu ekintza horiekin aurrera jarraitzen baina egun gutxitan pilatu beharrean udan zehar zabalduta? Hori nahiko ongi iruditu zitzaigun guztioi. Baina festa sentsazioa, San Inazio eguna bazela ere bizi nahi genuen. Egun horretan bi ekintza jarri genituen, biharamunerako bat... jendeak sentitu zezala festak ere bazirela”. Hori bai, urte osoko festa guztietako otorduak kendu zituzten.

Irene Caminosen ziklokros erakustaldia. Argazkia: Altzoko Udala.
“Festak” eta jarduerak

Herri gehienen joera izan da ohiko ekitaldiak bertan behera uztea eta egungo egoerara egokitutakorik ia ez egitea. Muruak horrela azaldu du zergatik erabaki zuten Altzon hasieratik festa eta kultur dinamikari sendo eustea, pandemiara egokituta: “Herritarrok sozializazioa eta herri bizitza mantentzeko beharra dugulako, egoerak eskatzen dituen baldintzen barruan, noski. Hasieratik kontziente ginen gaitz hau ez dela broma, serio hartu beharreko kontua dela. Baina baita ere kontziente ginen gure herriaren ezaugarriez: herri txikia da, eremuz zabala, eta beraz, aukerak ematen dizkigu. Ez genuen festetan sartu nahi, baina ez genuen ez-festen katramilan ere sartu nahi. Ez genuen kanpoko jendea ekarriko zuen ezer egin nahi, herritarroi gure bizitzekin jarraitzeko aukera bat eman baizik”.

Ekimenei eutsi edo ez erabakitzerakoan, kultur sortzaileen bizitzak ere pisu handia izan zuela gogoan dute Uriartek eta Muruak: “Horrela esaten genuen: ez ditugu ekitaldiak eten behar, batetik gure buruarentzat mesede izango delako jarraitzea, eta bestetik bere jarduera sorkuntzan eta kulturan oinarrituta duten eta oso beharrezko den jende horren alde”. Herri Batzar hartan adostu zuten egun seinalatuetan ekintza puntual bat egitea eta hilero herri bizitzari eta kulturari jarraipena ematea. Muruak “normaltasun berria” kontzeptuarekin lotu du Altzok urratutako bidea: “Hasieratik esaten genuen, ‘normalitate berria’ etorri zain ez gara egongo, ekarri egin beharko dugu, ezta? Normalitate hori eraiki egin beharko dugu gure artean”.

"Espazio seguruak sortzen saiatu gara (...) baina zergatik ez dugu heldu bezala tratatu behar jendea?" Jexux Murua, Kultur Batzordea

Antolatu dituzten ekintzetan zorrotz zaindu dituzte prebentzio neurriak: “Espazio seguruak sortzen saiatu gara. Ekitaldietarako ez dugu sarrerarik kobratzen baina tiketa bai hartu behar da aforoa zaintzeko, jende askok hartu du parte publikoa ordenatzen eta sarrera-irteerak antolatzen, denok maskara jantzita eta tarteak errespetatuta egoten gara, ahal izan diren ekitaldi guztiak kanpoan antolatu ditugu... nik uste jendeari konfiantza eman diola horrek ere, ‘gauzak ongi egiten ari gara’ sentitzeak”, Muruaren hitzetan. Entzun izan duten kontrako argudioa da, kultur ekitaldi baterako 80 lagun elkartzen badira ondoren denek tabernara joko dutela eta han pilatuko direla. Murua: “Hor sartzen da pertsonaren senarekiko sinesmena. Zergatik ez dugu heldu bezala tratatu behar jendea? Pandemian hasieratik sentitu dut ume bezala hartu gaituztela denak. Ni Altzoko plazan bakar-bakarrik baldin banago, ez dut sentitzen maskara jantzita egoteko premiarik eta ez dut uste inor izorratzen ari naizenik, alderantziz, nire buruari mesede latza egiten ari naizela pentsatzen dut. Baina aldi berean, elkarrizketa hau egiten ari bagara, badakit jarri behar dudala. Oso gauza sinplea da”.

Zorionez ez zaie kultur ekitaldi horietan kutsatzerik egokitu. “Baina nola dakizu noiz harrapatuko zaituen? Non? Nola? Lanean, erosketak egiten, elizan edo etxean, nonahi dago arriskua. Ez dago jakiterik, eta denok dugu inguruan adibideren bat. Gaitza hor dabil eta salbu-salbu ez gaude inor inon. Ez dut uste perspektiba galdu dugunik, eta axolagabekeriaz ari garenik. Ez diogu bizkarra eman gaitzari, aitortu diogu bere indarra, baina aurpegia eman eta ahalik eta bizitza osoena egiteko saiakera egiten ari gara.  Badakigu ezin dugula ibili nahi dugun bezala, baina gauzak egin daitezke, eta froga da gurean egin den ekintza mordoa”, nabarmendu du Muruak. Hogeita lau ekitaldi baino gehiago egin dituzte, mota guztietakoak: mahai-inguru, pilota txapelketa, zuhaitz landatze, bertso saio, mural pintaketa... San Juan festa izan zen moldea aldatuta antolatu zuten lehenengotako ekintza: “Beste urteetan sua egiten da frontoi ondoan, herriko dantzariak ateratzen dira eta herritar batzuk mendialdetik jaisten dira sorginak irudikatuz, akelarre moduko bat eginaz. Eta bertsoak ere kantatzen dira”, azaldu du Uriartek: “Iaz, sua egin zen eta dantza ere bai, baina sorginen jaitsiera ez zen egin. Eta jendea bertsolariak entzuteko aulkietan eserarazi genuen”.
Horrela hasi ziren, pixkanaka, uztaila bukaera arteko programazioa lantzen, eta ondoren urrikoa, eta abendukoa... urte osoan herriko bizitza mantentzea helburu hartuta. 

Pandemiaren gaia lantzeko mahai-ingurua antolatu zuten abenduan. Bi mediku, psikologo bat (erreportaje honetan elkarrizketatu dugun Kontxi Alicostes bera) eta nekazari bat aritu ziren bertan. Argazkia: Altzoko Udala.
Behar dira, gero eta gehiago
"Bizirauteko inoiz baino beharrezkoago ditugu horrelako ekintza batzuk, egutegia ere markatzen digutenak, egun guztiak ez direla berdin sentiarazten digutenak” Lorena Uriarte, Altzoko zinegotzia

Uriartek azaldu du hasieran kulturgileak bultzatzeko modu gisa bizi zituela ekimen hauek, baina azken aldian pertzepzioa aldatu zaiola: “Uste dut gure buru osasunerako oso ongi datozkigula. Orain erabat jasotzen ari naiz, bizirauteko inoiz baino beharrezkoago ditugu horrelako ekintza batzuk, egutegia ere markatzen digutenak eta orientatzen gaituztenak, egun guztiak ez direla berdin sentiarazten digutenak”. Muruak berretsi du Uriarteren sentsazio hori orokorra dela: “Urtero abenduan astebetez kultur ekitaldiak antolatzen ditugu, Olentzerotan jakinminez zikloan. Iragan abenduan behin ere baino jende gehiago ibili da. Uste dut jendeak asko eskertzen zuela arrazoi bat izatea etxetik ateratzeko eta elkarri begietara begiratzeko. Emozioak pixka bat mugitu, elkarri kontu batzuk esan... eta ‘herriko mugarriak’ bezalako gaiak ziren! Aldiro 30 lagun etorri ziren. Nik uste 400 biztanleko herri batean asko dela, mugarriei buruzko hitzaldi bat entzutera etortzeko”.

Alicostes psikologoak azaldu du elkarrekin pentsatzeko guneak, adibidez mahai-inguru horiek, oso garrantzitsuak direla: “Pandemian bizitzeko moduari buruzko hausnarketa norberak bakarrik egitea oso zaila da, kontrastea behar da”. Eguneroko lanean ikusten dituen kasuen artean, kezkatuta dago fobia sozialeko eta pantailetako jolasekiko menpekotasun koadroak areagotu eta ugaritu egin direlako: “Orain horrela bizi daiteke. Gainera teknologia salbatzailea izan da, orain diabolikoa sozialki harremantzea bihurtu da. Eta hori da ni asko kezkatzen nauena. Zeren gizakiok harremanetan garatzen gara, harremanetan sortzen dira gure arazoak baina harremanetan konpontzen ditugu”. Komunitatean eman eta hartu egiten dugula eta horrek asko laguntzen duela azaldu du, “sentitzen dugulako ez gaudela bakarrik”. Kultur jarduerek, izan musika, antzerkia, dantza... gure

"Plazera sentitzeak psikologikoki bizirik mantentzen gaitu, eta espeziea ere plazerak mantentzen du! Dibertsioa ere beharrezko da, orain agian beste era batera lortuko duzu, baina lortu, ez utzi alde batera” Kontxi Alicostes, psikologoa

emozioekin lotzen gaituztela adierazi du eta horregatik dela garrantzitsua horrelako ekitaldietara joatea: “Nahiz eta etxean goxo egotera ohitu eta irteteko nagia sentitu, nahiz eta... joan”. Erosotasunari  kontra pixka bat egin behar zaiola dio: “Ongizateak ez du konforta bilatu behar. Ongizatearen helburua garapen on bat lortzea da”. Bizitzarekiko lotura sendotzeko, plazera ematen duten gauzak egiten saiatzea gomendatu du: “Plazera sentitzeak psikologikoki bizirik mantentzen gaitu, eta espeziea ere plazerak mantentzen du! Dibertsioa ere beharrezko da, orain agian beste era batera lortuko duzu, baina lortu, ez utzi alde batera”. Gizartean orokorrean aldarte goibela zabaldu den honetan, depresioan direnei jartzen dien ariketa ekarri du gogora: “Lehen zer egitea gustatzen zitzaizun? Bada horixe egin behar duzu, astean bitan. ‘Baina ez diot lehen ateratzen nion gozamena ateratzen’ esaten dute, ados, baina berdin da. Zeren ariketa hori ez da oraintxe bertan plazera hartzeko. Baina egite horretan, hartuko diozu berriro”.

Erritualak ere beharrezko direla azpimarratu du: “Urtaroengatik ez balitz, erritualik eta festarik gabe sentsazioa da beti berdin gaudela eta horrek desbitalizatu egiten du. Psikologikoki oso garrantzitsuak dira errituak, zeren erritu guztiek dute zentzu bat, zerbait jartzen dute balorean eta fase batetik bestera pasatzeko mugarriak dira. Festak horretarako ere badira: bizirik gaudela eta denbora ez dela alferrik pasatzen sentitzeko”. Herriko festen ordez oso gauza xumeak egin direnetan, jende askok pentsatu du “horretarako ez du merezi”, baina Alicostes ez dator bat: “Hala esaten da, baina bai, hala ere, hobe da zerbait egitea”. Bizitza komunitarioak eta estimulazio sozialak pertsonen ongizatean eta garapenean duten garrantzia kontuan hartuta, une eta testuinguru batzuetan “zero arriskua” bilatzeko martxan jarri diren neurriek, populazio kalteberenetan eragin ezkorra izan dutela dio Aliscostesek: “Adibidez, udan herri askotan ez dira udaleku irekiak egin eta horrek ekarri du sozialki lehendik kolokan zeuden umeak are okerrago geratzea. Baliabide batzuk, hala nola ezgaitasun kognitiboa edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzako eguneko zentroak, itxi egin dira, horrek dakarrenarekin pertsona hauentzat eta beraien sendikoentzat. Agian beharrezkoa zen neurriak azkar eta salbuespenik gabe hartzea, baina aurrerantzean beharrezkoa izango da arrisku maila eta onura balantzan jartzea, eta baliabide horiei jarraipena eman ahal izateko beharrezko neurriak hartzea. Gainera zero arriskua ez da existitzen”.

Horma margotzen. Argazkia: Altzoko Udala.
Oreka eta tentsioak

Abenduan pandemiari buruzko mahai-ingurua antolatu zuten Altzon, eta bi mediku, psikologo bat (Alicostes bera) eta baserritar bat izan ziren hizlari. “Mahai-inguru horretan azaldu zen buru osasunaren eta osasun fisikoaren arteko lotura eta tentsioa” gogoratu du Muruak. Ikusi dugunez, Alicostes psikologoak azaldu zien Altzon egiten ari diren herri bizitza oso inportantea dela pertsonaren orekarako. ZIUko medikuak “bai, baina itxaron, oraindik ez”, nabarmentzen zien. “Eta ikusleen artean ere halako bi polo zeuden”, oroitu du Uriartek. Alicostesek gaia plazaratu eta taldean lantzea bera baloratu du: “Beldurra kentzeko partekatzea bezalakorik ez dago, besteen pentsamenduak ezagutzea, besteek zer egiten duten ikustea... horrelako gauzak dira garrantzitsuenak beldurra lantzeko”. Pandemia honetatik okerrena, “harreman sozialak etsai gisa ikustea da”, berarentzat: “Hori oso mingarria da. Ez dut uste luze mantenduko denik, baina agian bai”.

Muruak Altzoko ekimena berretsi du: “Guk gure herrian ditugun aukerak baliatzearen aldeko apustua egin dugu, sinistuta oreka hori zaintzen genuela. Eta emaitzek laguntzen digute esateko ongi egin dugula”. Herri askotan kolektiboen jarduna nabarmen moteldu den honetan, Altzon ez da horrela izan: “Emakumeen taldea inoiz baino aktiboago dago. Gazteek ere badute beren indargunea, Kultur Batzordea kidez berritu egin da eta adinez gaztetu... Zorionez herri aktiboa dugu”. Horretan ere izango du bere eragina urte osoan ekitaldiak antolatzearen aldeko apustua egin izanak.

Azaroaren 25ean amets-harrapariak zintzilikatu zituzten Altzoko emakume taldeek udaletxean. Emakume taldeak oso aktibo daude herrian. Argazkia: Altzoko Udala.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


2022-01-05 | ARGIA
Osasun arloko sindikatuak kalera aterako dira 23an Jaurlaritzaren osasun baliabide eza salatzeko

Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.


2022-01-04 | Estitxu Eizagirre
Iruñean COVIDagatik Olentzerori alto, erregeei paso

Abenduaren 20an eman zuen jakitera Olentzeroren Lagunak elkarteak 2021ean ere ez zela Olentzero Iruñeko kalez kale ibiliko, pandemiaren egoerak horretara bultzatuta. Urtarrilaren 4an, aldiz, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak adierazi du aurten kaleetara... [+]


2021-12-29 | Estitxu Eizagirre
COVID pasaportea zeren truke?

COVID txertoa hartu edo ez, norberaren hautu bat da, legezkoa, eta batak bezala besteak errespetu bera merezi duena. Ez da derrigorra, baina behartzeko erreminta ezarria dago Euskal Herri osoan: Europar Batasunak bidaiatzeko udan jarri zuen QR pasaportea. Zer dakar QR... [+]


2021-12-24 | ARGIA
GKSk protestara deitu du A24an, pandemiari emandako “erantzun autoritarioa” salatzeko

Honela adierazi du Gazte Koordinadora Sozialistak zabaldu duen oharrean: "Zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute politikari profesional despotikoek". Berriki hartutako hiru neurriak salatu dituzte zehazki: COVID ziurtagiriaren zabalpena, aire... [+]


Protestak herriz herri osasun etxeen aurrean
“Jaurlaritzak pandemia baliatu du Osakidetzan murrizketak egin eta herritarrak osasun publikora heltzea zailtzeko”

Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela salatuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun etxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. "Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasungintza urria, nekatua eta baliabiderik gabea daukagu",... [+]


2021-12-21 | LAB sindikatua
LABen irakurketa pandemiaren egungo kudeaketaz, osasun sistema publikoaz eta pasaporteaz

LAB sindikatuak honako irakurketa plazaratu du: "COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak... [+]


2021-12-21 | ARGIA
San Tomas azokarik gabeko nekazariekiko elkartasuna antolatu dute Bilboko Konpartsek

Urtero Bilboko Konpartsek San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.


2021-12-20 | Estitxu Eizagirre
Milaka herritar atera da kalera Donostian COVID pasaportearen aurka, Bizitza plataformak deituta

Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.


2021-12-15 | ARGIA
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu

Abenduaren 14an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu Donostiako Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean, bereziki Lehen Arreta eta oro har osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatuz: "Osasun  sistema  publiko,... [+]


2021-12-13 | Gedar
“Osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat da Covid ziurtagiria”

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, protestara jo dute ostiralean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 'Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin' izan dute aldarri milatik gora lagunek.

 


Eguneraketa berriak daude