Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean iazko urrian abiaturiko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko V. ekintzari bukaera eman diote 400 bat lagunek martxoaren 6 honetan. Manifestazio koloretsu baten bidez Hendaia eta Irun lotuz eta muga administratiboa Santiago zubitik gaindituz, estatuen kudeaketa patriarkal eta arrazista salatzeko unea izan dute. Antiarrazista eta dekoloniala izanen den mugimendu feministaren bidean erreminta gehiago bildurik azken hilabeteetako ekimen parte-hartzailean, honen alde lanean segitzeko determinazioa ere berretsi dute.
Mila koloretako manifestazioa, mila koloretako feminismoa irudikatuz. Martxoaren 6an eman zioten bukaera Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren (EMM) V. ekintzari, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian, estatuek inposaturiko muga administratiboa gaindituz. "Muga hau nazio-estatuek inposatutako muga politikoa da, gure lurren kudeaketa patriarkal eta arrazista sendotzen duen egitura militarra", hasierako hitzartzean oroitarazi bezala.
Iazko urriaren 17an leku beretik abiaturiko ekimenari bukaera "duina" eman diotela dio antolaketan arituriko Garazi Goienetxea Diezek. 300 bat lagun batu ziren zubian, Hendaiako herriko etxe aitzinetik hamarnaka lagunek abiaturiko manifestazioari segida emanez Irunen barna. Bosgarren edizio honetan transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusarazi eta salatu nahi izan dituzte, "sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna diren aldetik, pertsona migranteen zein jatorrizko lurraldeetan daudenen bizitzak zapaltzen dituztelako". Nola ez, hitzordua mugan jarririk, sistema honen errealitate gordinarekin talka egitea ondorioztatu zuen: bukaeran bertako hiritartasuna geneukanok muga pasatu ahal izatea, Irundik Hendaiara pasa nahi zuten etorkinek aldiz poliziaren debekua zutelarik parean. Hots, bete-betean eguneroko errealitate arrazista, EMMk salaturikoa: arrazakeria sistemikoa eta honen harira, zuritasunak eta paperek dakarten pribilegioak.
Funtsean, hitzartzean gogoan izan zituzten antolaketa lanetan aritutako emakume migratuak, eta egitura administratiboak zekarren arriskuagatik mugara bertaratu ezin izan zutenak. Esker bereziak eman zituzten ere antolaketa lanetan aritutako emakume arrazializatu eta migranteen kolektiboei: "Horiek gabe ezinezkoa zitekeen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialaren arrakalak sortzeko ekintza hau burutzea".
Euskal Herriko xoko desberdinetan jositako hamarnaka zapi batu zituzten, ilara aldarrikatzailea osatuz: "Laino guztien azpitik, zubi guztien gainetik, feministok prest!"; "Deseraikiz, zubiak eraikitzen"; "Emazteen bizitza aldatu, murrurik ez, mugarik ez"; "Mugak ekintzekin (des)eraikitzen ditugu"; "Zubiak eraiki, mugak apurtzeko, gure etxeko langileei kontratu duinak!"; "Larrabetzun zubiak sortu, ardura kolektiboa eraikiz", eta beste hamarnaka aldarri ziren ikusgai. Ikuspegi antiarrazista eta dekoloniala bideratzeko asmoz, azken hilabeteetan herriz-herri buruturiko hausnarketa kolektiboari emandako bukaera koloretsua izan zuten hau. Hausnarketa kolektiboa eta zapien osatze hau lokalki egin izana “garrantzitsutzat” jo dute antolatzaileek, prozesu partehartzaile honekin tokian-tokiko errealitate ezberdinetatik abiatu izan direlako.
Borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazistari "modu iraunkorrean" eutsiko dion mugimendua eraikitzeko helburua plazaratu zuten EMMko ordezkariek. Bide horretan urrats berri bat eman bazuten ere, ezer ez zen bukatu V. ekintzarekin: "Bidea luzea da, dena dago egiteko", Goienetxea Diezen hitzetan.
Euskal Herriaren baitan bizi diren pertsona guztiak aitortuko lituzkeen mugimendu baten alde lanean segitzeko determinazioa adierazi zuten mugatik: "Gure feminismoak bertan bizi garen pertsona guztiontzako bizitza duina bermatzen duen lurraldea eraiki nahi du". Bide horretan, "egiturazko arrazakeria", "arrazakeria instituzionala" eta karriketan "normalizatuz doan gizarte-arrazakeria" aitortzeko eta salatzeko beharra ezinbestekoa dauka EMMk.
Baina norberak bere "ardura" aitortzeko eta onartzeko urratsa ere azpimarratu zuten Hendaia zein Irundik: "Muga ikusezinak suntsitzea ezinbestekoa da. Ildo horretan egitura arrazista horren parte gisa gure burua kokatzea proposatzen dugu, emakume migratuek eta arrazializatuek pairatzen duten indarkeriaren sorburuei aurre egiteko gure ardura onartu behar dugu eta ezin diegu sintomei soilik aurre egin".
Euskaldun feminista zuriok borroka antiarrazistara lotzeko bidea asmatzeko erronka ere daukagula gehitzen du Goienetxea Diezek, –"beti ere kontuan izanik ez garela zuriok zapalkuntza honen subjektu"–. Ariketa horretarako, EMMaren V. edizio horrek elementu interesgarriak utzi dituela dio: "Balio izan du emakume arrazializatu eta migranteek esateko zutena haien ahotik bideratzeko"; "balio izan du mugak zer esan nahi duen definitzeko... migrazioari nondik begiratu nahi diogun argitzeko", eta beste. Adibidez, edizio honetako termino nagusia izandako ‘zubia’ definitzeko ere balio izan du: "Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte".
Zubiak ‘zubi-harresi’ berdefiniturik, zubiaren punta batetik bestera zapi-ilara luzea osatu zuten manifestazio bukaeran, "modu kolektiboan eta indibidualean, zubi-harresiak eraisteko, deseraikitzeko eta erranahi berri batez janzteko". Zarys Falcon artistak borobildu zuen mezua, mugak ardatz harturik osatu sorkuntza gorpuztuz.
COVID-19 pandemiak errimaturiko testuinguruan osatu behar izan zuten V. ekintza, eta nahiz eta horrek bidea "asko zaildu", orokorrean, antolatzaileek "oso positiboki" baloratu dute egindako bidea. Nazioarte mailan, iaz burutu bazuten EMMren V. edizioa, Euskal Herriko eragileek atzeratzea erabaki zuten: "Iduritzen zitzaigun aukera garrantzitsua zela ardatz antiarrazista mahai gaineratzeko, behar zuen lekua edukitzeko eta hausnarketa kolektibora animatzeko jendea; hori horrela eta COVID-19 testuinguru zela, atzeratzea erabaki genuen. Herriek pozez hartu dute dinamika, Durangon erran izan zen modura, behar zutelako", Goienetxea Diezek dionez. Oroit gara, Durangon burutu 2019ko Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan mugimendu feministan ikuspegi dekoloniala eta antiarrazista txertatzeko behar gorria azpimarratu zutela mugimenduko emakume arrazializatuek eta migranteek–.
Bakartze eta etxeratze logikak bideraturiko COVID-19 garai honetan karrikak aldarrikapenez eta ahizpatasunez bete izana ere eskertu zuten bertaratutakoek –beti ere elkar-zaintza eta osasun-neurriak bermatuz–. Horren lekuko, hastetik buru nagusituriko irri, aspaldikoa!, irrintzi, oihu zein dantza pausoak.
Mugimendu Feministak biktimak izandako babesgabetasun egoera salatu du. Iruñean, Donostian eta Bilbon astearte arratsaldean deitu ditu mobilizazioak Emakumeen Mundu Martxak.
Feminist Asylum kanpaina abiatu dute Europa mailako hainbat mugimendu, talde, elkarte, alderdi eta sindikatuk. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bat egin du kanpainarekin, eta herritarrei dei egin die berau babestera.
42 urteko gizon batek 37 urteko emakume bat hil du Gasteizen, eta bere buruaz beste egin ostean. Hilketa matxistaren aurrean mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Honekin, bost dira aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeak.
Dani Blanco ARGIAko argazkilariak argazkitan jaso du Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko V. ekintza.
Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean iazko urrian abiaturiko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko V. ekintzari bukaera eman diote 400 bat lagunek martxoaren 6 honetan. Manifestazio koloretsu baten bidez Hendaia eta Irun lotuz eta muga... [+]
Martxoaren 6an egingo du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak V. Nazioarteko Ekintzaren amaiera ekitaldia, Irun eta Hendaia artean. Azaldu dutenez, "planteamenduan hainbat aldaketa egin ondoren, mugen eta transnazionalen kontrako mobilizazioa deitzea" erabaki dute... [+]
Larunbatean hasi zen ibilaldia herriz herri ibiliko da hilaren 27ra arte. V. Nazioarteko Ekintzari martxoaren 6an emango zaio itxiera Irun eta Hendaia arteko mugan.
Migrazio politikak eta transnazionalen jarduna salatuko ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak aurten, Nazioarteko V. Ekintzaren harira.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte urtarrilaren 22an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. Aintzane Pujanarena hasi berria den urteko lehen hilketa matxistatzat hartua izan da.
Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintza abiatu dute larunbatean Irun eta Hendaia arteko mugan, martxoaren 6a bitarte herriz herri ariko dena. Transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusmolde dekolonialetik behatzera animatu dituzte herritarrak.
Psikologia ogibide duen feminista brasildarra da Nalu Faria. Emakumeen Mundu Martxako nazioarteko komiteko kidea eta mugimenduak bere herrialdean daukan koordinazio taldeko partaide da. Urrian Bilbon egin den nazioarteko topaketaren baitan, Bolsonaro Brasilgo pesidentziara heldu... [+]
Imajinatu sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzeak eragiten duen zamarekin, eta arnasa hartzeko premia larriz, oheratzen zarela ostiralean. Larunbata izan arren inguratzen zaituen egitura zapaltzailea bihar ere hortxe egongo dela jakin badakizu, baina asteburuaren... [+]
Aste osoan Bilbo jasotzen ari den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketaren ekitaldi nagusia izanik, guztion indarrak batu eta askotariko alternatiba feminista erakustea izango du helburu ekimenak.
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak prentsaurrekoa eman du asteartean Bilboko La Bolsan. Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketaren eta beronen baitan egingo den Feministon Herria egunaren xehetasun guztiak azaldu dituzte.