Eukalipto kopurua ia boskoiztu egin da azken urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aranzadiko eta EHUko adituek egindako ikerketaren arabera, zuhaitz horren hedapenak kalte egingo lioke Euskal Herrian ingurumenari, eta intsinis pinuaren tokia hartzen badu, epe motzean mendi askotako paisaia eta natura ez dira lehengo berak izango. Urumeara jo dugu, eukaliptoak mehatxaturiko bailara ezkutuen bila, mortu bilakatu baino lehen.
Haltzadi eta harizti mistoen artetik ur-jauzi txikien doinuak arrunt garbi entzun ditzakegu. Kartola erreka ondoan gaude, Urumean barrena, Hernaniko eta Ereñotzu auzoko herriguneak igarota, Adarramendiren sortaldeko aurpegi ezezagunak kukutzen duen bailara umel bezain bihurrian. Gorago, parean dugun pistari segika, ikusmira zeharo aldatzen da ordea: pinudi zabalak zirena, matarrasaz soildutako eremu hustuak dira orain, egur zaleen errukiz zutunik geratutako gorosti bakan batzuk salbu.
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak joan den urteko apirilean salatu zuen inguruotako baso triskantza 70 kirol-estadio adinakoa zela. Babestutako animalia eta landare espezieei ere zuzenean eragin die. Lur horien jabea den elkargoak, mozketarako baimena lortzeko, lursailak bere lau kideen artean partitu zituen lehenik, ekologisten esanetan. Zapelatzaren oihuak erakarrita begirada jaso dugunean, jabetu gara zenbait mazelatan jadanik hasi direla eukaliptoa landatzen ilaratan.
Hernanin iaz 70 hektarea eukalipto landatu ziren, ordura arteko guztiaren erdia urte bakarrean, eta jadanik 220 hektarea dira. Oraindik ez da udalerriko baso azaleraren zati txiki bat baizik, baina beste landaketa batzuk ordezkatzen ari den neurrian –batez ere pinudiak–, baliteke bailaran landaketek hartzen duten 1.700 hektarearen zati handi bat eukaliptoa izatea hemendik gutxira. Horrek ingurumenari eragingo liokeen kalteaz ohartarazteko hainbat hitzaldi eman dituzte Iñaki Sanz-Azkue eta Arturo Elosegi biologoek Hernanin eta Ereñotzun. Elosegi EHUko katedraduna da Landareen Biologia eta Ekologia sailean, eta Eusko Legebiltzarraren eskariz eukaliptoaren inguruko ikerketa batean hartu du parte, EHUko eta Aranzadiko hainbat herpetologo, ornitologo eta biologorekin batera. “Argitaratuta zegoena berrikusi dugu eta harrigarria da emaitzak zein koherenteak diren: denetarik espero genuen, baina ikertzaile guztiek sistematikoki diote eukaliptoa ingurumenerako kaltegarria dela”, azaldu digu.
Intsinisak utzitako tokia betetzera
Eukaliptoz estalitako azalera ia bost aldiz biderkatu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken hiru hamarkadatan –Nafarroa iparraldean sail bakarren bat badago, Ipar Euskal Herrian aldiz, batere ez–. Gehiena Eucalyptus globulus espeziekoa da (%60) baina bada Eucalyptus nitens franko ere (%37), izotza hobe jasaten duena. Bizkaiko kostaldetik ari da zabaltzen eukaliptoa eta dagoeneko EAEko lurraldearen %3,2 estaltzen du. Ez dirudike asko denik, baina bilakaera kezkagarria du, zenbait tokitan hegemonikoa baita jadanik: Maruri Jataben udalerriko lurren %50 zuhaitz horrek irentsi du, Lemoizen %44 eta Bakion %38.
Historia laburra du Ozeaniako arbola horrek gurean. XIX. mende erdialdean lehen haziak ekarri zituztenetik duela gutxi arte, bitxikeria gisa baino ez zen landatzen jauntxoen landetxetako lorategi botanikoetan. 1958an Empresa Nacional de Celulosaren (ENCE) fabrika jarri zuten martxan Galiziako Lourizan (Pontevedra) herrian, paper pasta egiteko; orduan hasi zen eukaliptoaren hedatze meteorikoa Kantauriko kostan zehar. Elite enpresarialarekin ezkonduta, agintari frankistek diruz lagundu zuten eukalipto landaketa 70eko hamarkadatik aurrera, pinuaren errentagarritasunak goia jo zuela ikusita. Bizkaian ere papergintza industriaren eta instituzioen eskutik zabaldu zen zuhaitz hori geroxeago; diputazioak lehenik intsinis pinua (Pinus radiata) bultzatu bazuen, ondoren eukaliptoari heldu zion.
Eusko Jaurlaritzaren 1986ko Baso Inbentarioan 3.769 hektarea eukalipto zentsatu zituzten, 2018koan 18.750 hektarea, gehien-gehienak Bizkaian. Baina basoak kolore aldaketa handiena azken urteetan eman du: Hazi fundazioaren txosten baten arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 20.000 hektarea intsinis gutxiago dago.
2018an xingola marroiaren gaitzak gogor jo zuen konifero hori, eta lurjabe asko eukaliptoa landatzen hasi zen haren ordez, berehalako etekina izateko iraganeko mentalitatearekin. Gipuzkoan 2020an bikoiztu egin da zuhaitz horrek estalitako lurralde azalera, 632 hektareatik 1.214ra (ikusi grafikoa). Eukaliptoa oso azkar hazten da, 10 edo 15 urteren buruan mozteko prest dago, eta behin moztuta berriz etortzen da bere kabuz. Baina balantzaren bestaldean kaltea ere neurtu behar da, emaitza osoa ikusteko. 2017ko abenduan, Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogo Espainiarreko Batzorde Zientifikoak eukalipto espezie guztiak zerrenda horretan sartzea “gomendatu” zuen. Izan ere, inbaditzaileen hiru ezaugarriak betetzen ditu: arrotza izatea, bere kasa hedatzeko arriskua edukitzea eta ingurumena kaltetzea. “Baina gero legea aldatu eta laugarren bat sartu zuten: ustiapen ekonomikoa eman badezake, orduan ez dela inbaditzailea”, dio Elosegik.
Eztabaida Eusko Legebiltzarrera ere iritsi zen, eta eukalipto landaketa saihesteko ekimena atzera bota bazuten ere, legebiltzarrak ikerketa zientifiko bat egitea agindu zuen, eukaliptoak “lurrean eta bioaniztasunean izan dezakeen eragina aztertuko duena”.
Zuhaitz “berezia”
EHUko eta Arazandiko kideen txostenak ondorioztatzen duenez, eukaliptoa kaltegarria da ingurumenarentzat; ez bakarrik basoa ustiatzean gizakiek egindako txikizioengatik, baita berezkoak dituen ezaugarriengatik ere.
Zuhaitz berezia da oso. Itzal gutxikoa, hostoak bertikalean zintzilikatzen zaizkio, eta argi-erregimena bertako basoaren oso desberdina da; horrek oihanpeko landaredia eskasten du. Hidrofobia da beste bereizgarrietako bat: hostoak isurtzen duen olioaren ondorioz –usain partikular hori ematen diona–, urak irrist egiten du eukaliptopeko lurzoru koipetuan, eta egoera muturragoak sortzen dira eurite eta agorraldietan, batez ere %50etik gorako malkarra duten eremuetan.
Hostoak konposatu alelopatikoak ditu gainera, hau da, beste landare espezieei eragozten die inguruan haztea –herbizida natural gisa erabiltzea ere proposatu izan da–. Galizian egindako azterlan baten arabera, 6-10 urte arteko eukaliptadietan ia ez zegoen likenik, eta 25 urtetik gorakoetan beste basoetan baino %63 liken gutxiago zegoen. Areago, belarkaren dibertsitatea %40 baxuagoa da eukalipto lursailetan.
Olio esentzial hori animalientzat ere toxikoa da, Aranzadiko kideek Euskal Herrian bertan frogatu ahal izan dutenez. Anfibioak dira gure basoetako biodibertsitate galeraren iragarle nagusietakoa, ekosistemetan gertatzen diren aldaketekiko oso sentikorrak baitira. Hainbat espezierekin egindako ikerketek erakutsi dute eukaliptoen lixibiatuak zuzenean nozitzen dituztela. Adibidez, baso igel-gorriaren kasuan, haien hazkundean, tamainan eta jauzi egiteko gaitasunean ere eragiten die –zer da jauzi ondo egin ezin duen igel bat?–, eta uhandre palmatuaren kasuan, erantzun immunean eta ugalketa-estrategian.
Ikertzaileek azpimarratu dute eukalipto lursaila zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta kaltegarriagoa izaten dela arro guztiarentzat. Basoa esplotatzeko egungo moduak ere badu zerikusirik. Prozesagailuen bidez, azken enborra makinarekin ateratzen da, baina horrek magalak pistez zulatzea dakar. Euskal Herrian, pinua sistema horrekin ateratzeak sorturiko erosio eta kalteen berri badugu. Eukaliptoa moztu ondoren berriz etortzen den arren, hiruzpalau aldiro –30 edo 40 urtean behin– motzondoak ere erauzi behar izaten dira zuhaitza berriz landatzeko. Lurraren emankortasunari ez ezik, hidrodinamikari edo, besteak beste, erreketan pilatzen den orbelaren deskonposizioari erreparatuz gero, inpaktua ez da nolanahikoa. Uretako ornogabe dentsitatea askoz txikiagoa da eukaliptadietan eta horrek elikadura-kate osoan eragiten du, izan arrain zein hegaztienean.
EHUko eta Aranzadiko zientzialariek taulatxo bat marraztu dute zerrenda batekin, ikerketek eukaliptoen inguruan esaten dutena semaforo-koloreen bidez baloratzeko: puntutxo gorri eta horixkek betetzen dituzte kasik leihatila guztiak
EHUko eta Aranzadiko zientzialariek taulatxo bat marraztu dute zerrenda batekin, ikerketek eukaliptoen inguruan esaten dutena semaforo-koloreen bidez baloratzeko: puntutxo gorri eta horixkek betetzen dituzte kasik leihatila guztiak. “Aurkitutako emaitzak bildu ditugun 30 aldagaietatik, ia ez dago eukaliptoek ingurumen-eragin positiborik duenik”, dio txostenak. Beraz, pinudiak eta beste landaketak baino kaltegarriagoa da, eta jakina, bertako basoa baino askoz kaltegarriagoa ere bai.
Zuhaitz bakoitzak badu bere habitat txikia. Mikro mundutxo horretan, babestutako espezie ugari daude; adibidez, arkanbelea haritz eta artadietan aurki dezakegu batez ere, eta pagadiei loturik berriz, beste kakalardo adarluze bat bizi da, Rosalia alpina izenekoa. Baina, “ez dago espezie bakar bat ere Europan babestuta dagoena eta eukaliptoetara lotzen denik”, dio Elosegik. Ez al da sintomatikoa?
Ekaitz perfektua Urumean
“Badaude toki batzuk oso gutxi urbanizatuak eta ia eraikuntzarik ez dutenak; Ereñotzutik gorako eremu hori guztia horren adibidetzat har liteke –Iñaki Sanz-Azkue ari da hizketan, Hernaniko Biteri Kultur Etxean bildu diren eta streamingez ere hitzaldia jarraitzen ari diren dozenaka lagunei–. Konplexutasun handiko paisaia da eta ia denean %50-100 arteko malda dugu… lotu dezagun hori lehen Arturok eukaliptoez esan duenarekin eta ikusiko duzue zein den ondorioa”.
Ez da hutsean ari Aranzadiko kidea, alderantziz, pixkanaka Urumeako txoko hartan sortzen ari den ekaitz perfektua marrazten ari da. Grey harriz eta arbelaz eratutako mendiotan eskorrentiako euri-ura lurrazaletik amiltzen da… eta euria egin, erruz egiten du hemen, Euskal Herriko eta Iberiar Penintsulako paraje euritsuenetakoa baita. Behean, errekasto eta iturburuetan, mikrohabitat ugari eta aberatsak ditugu, “biodibertsitate aldetik oso potenteak”. Ez da harritzekoa eukaliptadiek sor dezaketen natur hondamendiaz kezkatuta egotea.
Urumean hiltzen den Urmendi edo Olaberri errekari Azketa eta Kartola bailarek ematen diote bizia, baita beste hamaika adar pikok ere; ondoan Sagarretako haran ezkutua dago eta parean Usoko erreka dator Urdaburu mendiaren oinetatik saltari. Mehatxatuak eta babestuak dauden landare espezie ugari aurkitu dituzte ikerlariek horko erreka zulo eta bazter sakonetan: mundu osoan Euskal Herrian baino ikusi ez duten Soldanella villosa landarea, baita galzorian dagoen Prunus lusitanica arbola bitxiaren ale batzuk, edo tertziario garaitik bailara sakon hauetan babesa aurkitu duten iratze paleotropikalak ere. Flora anitz eta baliotsuaren bizitoki izateaz gain, bisoi europarra, ur satorra eta mehatxaturik dauden beste ugaztun, anfibio eta arrain klase askoren aterpe ere izan daiteke toki hau.
Aiako Harria parke naturalaren eta Leitzarango biotopo babestuaren artean, korridore ekologiko funtzioa egiten du Urumeako zati honek. Sanz-Azkuek azaldu duenez, duela urte batzuk kontserbazio bereziko eremuen barruan sartzeko asmoz informazio eske deitu zioten Eusko Jaurlaritzatik, baina “hauteskundeak etorri ziren eta hortxe gelditu zen dena”. Orain, arau babesleen aterkirik gabe, eukaliptoak bidea zabalik du. Izan ere, natur ondare hori harrapatzen duen tranpa hilgarriak badu beste hortz bat: lur gehienak pribatuak dira.
Egurzaleak gose dira
“Baserritarrak lurrak ari dira saltzen oso modu merkean Kantabriatik etorritako enpresei –ohartarazi digu Elosegik–. Herritar bezala, kezkagarria iruditzen zait errekak eta pistak gure kontrolpetik kanpo geratzea. Askotan aipatzen dugu Amazonian nola ari diren kanpoko konpainiak… bada hemen gauza bera egiten ari dira, beste eskala batean”.
Eukaliptadiak zutikako zur gehien baina hildako gutxien duten basoen artean daude. Gainera, zelulosa pasta bihurtuta, egur horrek egiten duen bizi-zikloa oso laburra da.
EAEko 2018ko baso inbentarioaren arabera, eukaliptoen %15 titulartasun publikoko lurretan dago. Bizkaian mendi publikoen %8,7 arbola horrek estaltzen du; Araban eta Gipuzkoan berriz, apenas dago eukaliptadirik herri lurretan, bai ordea pinudiak. Beraz, gehiena lursail partikularretan landatzen da egur ustiatzaile handiek kudeatu dezaten, eta paper lantegiak dira azken bezero nagusiak. Ez da arraroa Iberpapel edo Smurfit Kappa bezalako enpresen irudiak ikustea matarrasak eta mozketak egiten diren tokietan. Lobby zabal baten parte dira.
Baskegur Egurraren Euskadiko Elkarteak bere webgunean dio hazten den metro kubo egur bakoitzak 275 kg CO2 xurgatzen duela: “Mozten ditugunak baino arbola gehiago landatzen ditugu”. Baina baso guztiak berdinak ote dira karbono hobiez ari garenean? Lurzoruko humusean eta orbelean metatzen den karbonoari ere begiratzen diote adituek, eta eukaliptadiak zutikako zur gehien baina hildako gutxien duten basoen artean daude. Gainera, zelulosa pasta bihurtuta, egur horrek egiten duen bizi-zikloa oso laburra da.
Baso ustiaketa intentsiboaren ereduak, bioaniztasunari eragiteaz gain, beste ondorio batzuk izan ditzake. “Xingola marroia aspalditik ezagutzen zen, baina zergatik ugaritu dira halako izurriak? Klima? Agian bai, baina kudeaketak ere badu zerikusirik”, azaldu digu EHUko katedradunak. Galizian eta Asturiasen jadanik arazo larriak dituzte eukaliptoa erasotzen duen kakalardo txiki batekin. Suteak ere kezka iturri dira: Portugalen 2017ko udan eukalipto monolaboreak nola kiskali ziren ikusteak izua zabaldu zuen; baina espezie sukoia izanik ere, badirudi faktore sozialak daudela horien zabalkundearen atzean.
Arbola globalizatuari aurre egiten
Eta zein da alternatiba? Zer egin gure mendi eta basoekin? Herri askotan ari dira erakusten. Astekari honen 2.721 zenbakian azaldu genizuen Muxikan Lurgaia fundazioak duen ekimenaren berri, eukaliptoa eta pinudia zegoen tokian harizti mistoa sortzeko; horretarako lurra erosi edo lagapenean hartzeko kanpaina jarri dute martxan. Ereñotzun antzeko proiektu bat hastera doaz hango auzo udala eta Hernaniko Udala, eta beste hainbat udal ere lurrak eskuratzen hasi dira bertako baso publikoen erreserbak handitzeko (ikusi Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateari egindako elkarrizketa erreportaje honetarako) edo eukalipto landaketa debekatu dute, Ezkio-Itsason kasu.
Araban Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformak udalari eskatu dio Arabako Foru Aldundiari moratoria bat exijitu diezaiola, “eukaliptoak sortzen duen ingurumen kaltearen ebidentzia zientifikoan oinarrituta”.
Han eta hemen taldeak ari dira sortzen baso autoktonoak babestu eta eukaliptoaren kalteez ohartarazteko. Bizkaian badira urte batzuk Kolore guztietako basoak proposamena bultzatzen ari direla, dozenaka eragile eta norbanakoren atxikimenduarekin. Gipuzkoan taldeak eta baso-jabe kooperatibak sortu dira Soraluzen, Eibarren, Zarautzen, Debagoienan... Araban Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformak udalari eskatu dio Arabako Foru Aldundiari moratoria bat exijitu diezaiola, “eukaliptoak sortzen duen ingurumen kaltearen ebidentzia zientifikoan oinarrituta”.
Hemendik kanpo, Asturiasko Xixon hiriak herri lurretan zituen 2.000 hektarea eukalipto ebaki eta zuhaitz hori gabeko eremu izendatu ditu. Galiziako Castroverde udalerria auzitan da lurjabe pribatu batzuekin, eukalipto landaketa eragotzi nahi duelako. Kolonbian, Sevilla izeneko herrian, Smurfit Kappa multinazionalak terrenoen erdia dauka eukaliptoetarako eta hango komunitateak borroka betean ari dira… Mundu osoan 20 milioi hektarea eukalipto dago landaturik, seguruenik lehen arbola globalizatua izango da.
Kartolako pistatik beherantz goaz matarrasak atzean utzita; zapelatzak berriz ere oihu egin digu eta urrutian ur-zozo bat ere entzuten da errekaren soinuak nahastuta. Noiz utziko ote dion kantatzeari ez dakigu.
Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak badu esperientziarik basogintzaz, Gipuzkoako Aldundian eta Ihobe sozietatean hainbat urtez aritua, botanikoa da. Itsasondon bertako basoa berreskuratzeko abian jarri duten programaren inguruan hitz egin dugu berarekin.
“Udalak dozena bat urte darama herriko lurrei etorkizun bat eman nahian eta horretarako terrenoak erosten ari gara”. Itsasondok apenas du 10 kilometro koadroko azalera, baina badu altxor bat gibelaldean: Murumendi. “Hor oraindik nahiko baso gelditzen da, eta gainera, natur interes-gune eta korridore ekologiko gisa izendatuta dago”. Urteroko aurrekontuan diru bat erreserbatzen dute lurra erosteko eta jadanik 100 hektareatik gora eskuratu dituzte: “Eskaintza handiagoa da erosi dezakeguna baino”.
Baina lur publiko hauek zertarako erabili? Aizpuruk garbi du bertako basoak ematen duen lehen gauza “ura eta aire garbia” direla. Baina aukera gehiago ere badaude, herritarrek aprobetxatu dezaten: “Itsasondoko basoa erreserba mikologiko izendatu dugu eta Ultzamako elkartearekin lanean ari gara. Udaberrian inokulazioak egiten hasiko gara Palentziako ingeniaritza batekin, lehenik onddo zuria eta gero bi boilur edo trufa klase sartuko ditugu”.
Otsaila hasieran Itsasondoko Udalak aho batez onartu zuen eukaliptoaren aurkako mozio bat, Naturkon Gipuzkoako natur taldeen koordinadorak aurkeztua. “Gure helburu eta jokabideekin bat zetorren, gure mendian eukaliptoak ez du kabidarik, beste bide bat egiten ari gara”, dio botanikoak. Itsasondon ez da oraindik eukaliptadirik sartu, baina “tentazio” horri aurre hartu nahi izan diote. Basogintzako eskumena foru aldundiarena izanik ere, Tokiko Erakundeen Legeak mendiaren antolaketa udalen esku uzten duela azaldu digu Aizpuruk eta udal antolaketa plana berritu bitartean behin behinekoz eukalipto landaketak ez baimentzea erabaki dutela, beste udalerri batzuetan egin bezala.
“Zenbat jende bizi gara Gipuzkoan kilometro koadro gutxitan? –galdegin du elkarrizketatuak– Hektarea bakoitzeko hiru gipuzkoar eta erdi sartu beharko genituzke. Orain, COVID-19arekin, hasi gara esaten natura behar dugula, jende gehiago dabil mendian… baina ez dugu mendirik! Etorkizunean lurra gero eta beharrezkoago izango dugu eta ez gaude eukaliptoekin alferrik galtzeko”.
Bertako basoaren inguruko bestelako jarduerek herriari bizitasun handiagoa ekarriko diotela konbentzituta dago alkatea: bateko eskolako unitate didaktikoak, besteko basozain praktikak, unibertsitateko tesiak… Zeren eta, “hektareako gastatzen dugun diru horrekin, zer eskaini behar diegu herritarrei, eukaliptoa?”.
Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]
Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]
Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Esako urtegia handitzeko proiektua berraztertu dezala eskatu dio Chunta Aragonesista alderdiak Espainiako Gobernuari, tanta hotzak berriki utzitako hondamendia ikusita. Halako euriteak jasanez gero, Esak ur hori guztia askatzeko gaitasun nahikorik ez lukeela izango eta... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]