Urteak dira zuntz optikoa Internet konexiorako inplementatu zela, baina operatzaile erraldoien interesak tarteko, teknologia hori ez da oraindik kalitate onean heldu Euskal Herriko hainbat txokotara. Gipuzkoako Urola bailaran arazo horri irtenbide komunitarioa topatu diote: ZOZ edo Zuntz Optikoa Zumaia delako sarea hedatzea. “Sare neutro, ireki, libre eta mankomunatua”, sustatzaileen esanetan.
Duela gutxi abiatu da Zuntz Optikoa Zumaia (ZOZ) izeneko, operatzaile txikien, Udalaren eta Guifi·net fundazioaren arteko elkarlanean. Egistasmoak herrian zuntz optikoko azpiegitura publikoa ezartzea du helburu. Udal Gobernuaren esanetan, proiektuak zumaiarrei “zuntz optikoko sare neutro, ireki, libre eta mankomunatua” eskaintzea ahalbidetuko du. Sarea gai izango etxebizitza, saltoki, erakunde eta enpresa guztietara heltzeko da gainera, herriko edozein lekutan egonda ere; kanpoaldean dauden Oikia, Artadi eta Narrondo auzoak barne.
Urri hasieran abiatu zituzten zuntz optikoaren azpiegitura ezartzeko lanak, guneka eta era eskalatuan eraikitzeko aurreikuspenarekin. Prozesuak eta zortzi hilabete iraungo ditu guztira. Norabide horretan, itsasargirako bidea –zumaiarrentzat Paolbide izenez ezagunagoa– eta Alde Zaharra izan dira berrikuntza jasotzen lehenak, bertan erabilgarri baitago jada. Azaroaren amaieran burutu ziren lehen kokaguneetako lanak, eta gaur-gaurkoz aurrera darrai hurrengo gunean.
Zuntza herri osoan zabaltzen den heinean, informazio xeheagoa helaraziko diete bizilagunei: “Ekitaldi birtualetarako gonbidapenen eta sareko operatzaileen zerbitzu-eskaintzen bidez”, azaldu du Zumaiako Udalak. Hala, eremu bakoitzean instalazioak gauzatzen ari diren momentuan, lanen nondik norakoak azalduko dizkiete biztanleei, zuzenean zein bizilagunen komunitateen eskutik.
ZOZ sarearen proiektua 2018. urte amaieran hasi zen kontzeptualki garatzen, Herrialde Katalanetako Guifi·net fundazioaren telekomunikazio-azpiegitura berriak Urola bailaran zabaltzen hasi zirenean. Egitasmo horrek telekomunikazioen burujabetzan interesa zuten zenbait lagun bildu zituen Zumaian, eta horiek, berriz, udalarekin harremanetan jarri ziren 2019an, herrirako zituzten ideiak azaldu asmoz. “Zumaian zuntz optikoko sare bat sortzea interesgarria izango zela azaldu genien, operatzaile txikiek kalitatezko Interneta prezio onean eskain zezaten, baserri guztietara heltzeko aukerarekin”, dio proiektuaren sustatzaile eta Abaila Kooperatibako kide den Xabier Garmendiak. Helburu horri helduta, bidea Guifi·net-ekin batera egitea aholkatu zioten operatzaile txikiek udalari, fundazio katalanak sare askeen sustapenean duen esperientzia zabala kontuan hartuta.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen hitzetan, Udal Gobernuak “hasieratik” izan du gogoan zuntz optikoko sarea hedatzea, herriak ez baitu zerbitzu hori eskaintzen duen operatzailerik zein azpiegiturarik izan orain arte. Gauzak horrela, Guifi·net fundazioarekin hizketan hasi eta berehala jabetu ziren sare neutroen hedapenean aditua den erakundearekin elkarlana sustatzeak zabaltzen duen aukeren leihoaz. Ostolaza ziur dago proiektuaren etorkizunaz: “Gaur egun azpiegiturak garrantzitsuak dira, eta mugikortasun-azpiegiturek garrantzia gehien dute, baina etorkizunean garrantzia gehien izango dutenak informazioa mugitzen duten azpiegiturak izango dira”. Zuntz optikoko sareak horien artean egonik, Zumaiarako “aukera aparta” dela dio alkateak: “Zumaiar guztiek modu neutro eta irekian Interneteko abiadura handiko sarbidea izateko”.
Zuntz optikoa instalatzen den lekuetan ohikoa da sarea kudeatzeagatik etekin osoa ateratzen duten enpresa bakan batzuek gailentzea. Gainera, operatzaile horiek merkatu-kuota handiak dituzten multinazionalak izaten dira. Sare mankomunatuen logika, aldiz, kontrako norabidean doa: azpiegituraren jabetza partekatua baitute oinarri. Kudeaketa-eredu horrek saihestu egiten du eragile bakar batek sare osoaren gaineko erabateko eskumena izatea, eta bide batez, operatzaile txikiei euren zerbitzua prezio leihakorrean eskaintzeko aukera luzatzen die. Hori ez ezik, kanalizazioen erabilpen arrazionalagoa ere bermatzen dute sare mankomunatuek, izan ere, operatzaileek zuntzaren azpiegiturak partekatzen dituztenean, zerbitzu bera eskaintzen duten kable-instalazioak errepikatzea saihesten da.
Azpiegituraren neutraltasuna da proiektuaren beste oinarri garrantzitsuenetako bat, hots, zerbitzua eskaini nahi duten operatzaile guztiek aukera eta baldintza berdinak izatea. Zumaiako kasuan, Guifi·net arduratzen da arau horiek errespetatzen direla bermatzeaz. Merkaturatzearen arloko jarduerak modu egokian egiten direla ere behatzen du, operadoreen arteko bitartekaritza-lanak eginez eta euren artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko baliabideak luzatuz.
Guifi·net fundazioaren Operazioen Zuzendaritzako kide den Miguel Ángel Irigoyenen arabera, “ezein operadoreren sare esklusiboak ez izatean datza neutraltasuna”, hau da, operadore guztientzat irekiak izatea eta sareen bikoiztasuna saihesteko partekatzea. Fundazioak azpiegitura bera ere kudeatzen du gainera, “dena neutraltasun hori bermatu ahal izateko, eta operadore bakar batek ere ez dezan sarea gehiegikeriaz erabili”, dio Irigoyenek.
Alderdi teknikoaz gain, sare neutralek badute euren dimentsio soziala ere, “konpentsazio-mahaia” izeneko antolakuntza-organoen bidez. Mahai horietan kezkak eta premiak partekatzen dira, bai eta sarearen erabilpenari edo balizko agorpenari buruzko ikuspegiak ezbaian jarri ere. Bertan hartutako erabakiek “guztion onurarako izango diren hedapenak” bideratzen dituztela aipatu du Guifi·net-eko kideak.
Zumaiako etxeetara 1.000 mega simetriko arteko konexioa helarazteko gaitasuna izango du sareak, operatzaile handiek herrian eskaini dezaketena baino askoz bizkorragoa. Gainera, abiadura hori “etorkizunean handitzeko aukera” dagoela ziurtatzen du Guifi·netek. Konexioari jarraiki, proiektuaren eraikuntzan parte hartu duten operatzaile guztiek kalitate berdina eskaini ahal izango dute. Hortik aurrera, zumaiar bakoitzak erabaki dezake zein operatzailerekin kontratatu zerbitzua.
Proiektu komunitario askoren gabezia prezio altua, leihakortasun eskasa eta bideragarritasun ekonomiko urria izan ohi da, eta enpresa handiena, berriz, muturreko leihakortasuna eta zintzotasun falta. ZOZ sareak Guifi·neten eskutik zenbait pauso eman ditu biak gainditzeko, eta horretarako gakoa negozio-eredua dela azaldu du Irigoyenek: “Irabazi asmorik gabeko erakundea gara, beraz, inbertsioak eta proiektuak iraunkortasun ekonomikoaren ikuspegitik diseinatzen ditugu, ez etekina maximizatzearen ikuspegitik. Hori ez da enpresa pribatuekin gertatzen”. Zentzu horretan, kostu finkoak murriztea bilatzen dute erabiltzaileak gehitzearen poderioz, erabiltzaileei ohiko telekomunikazio-enpresenak baino interesgarriagoak diren prezioak eskaintzea ahalbidetuz. Kostu finkoak zaintzeak “bestelako sare-eredu jasangarriak edukitzeko aukera” zabaltzen duela ohartarazi du Guifi·netek; “bestela, mantentze-lan desegokiak eta utzikeriak sareak hondatu egiten ditu”. Hori gerta ez dadin, proiektu lokalekin gertutik egiten du lan fundazio katalanak. Bestalde, operadoreekiko transferentzia-kostuak ere sortzen ditu, eta horiek dira azken erabiltzaileari eragiten diotenak; “betiere, merkatuan operadore handiek eskaintzen dutenaren azpitik”, argitu du Irigoyenek.
Zuntz optikoa herrian zabaltzeko hasierako inbertsioa amortizatzeko, erabiltzaileek instalazioaren zati bat finantzatzeko aukera eskaintzen dute sustatzaileek
Zuntz optikoa herrian zabaltzeko hasierako inbertsioa amortizatzeko, erabiltzaileek instalazioaren zati bat finantzatzeko aukera eskaintzen dute sustatzaileek. Horrela, hilero ordaindu behrreko tarifan gutxiago ordainduz jarritako diru hori berreskuratuz joango dira. Zumaiako kasuan, 17€ izango lirateke hilean, eta lineako kouotaren kopuru hori hilero aurreztuta, inbertsioa lau urteren buruan amortizatzeko aukera emango lieke bezeroei. Hortik aurrera, ekarpena egin duten bezeroek prezio merke eta finkoa izango lukete behin betiko. “Borondate komunala kudeaketa egokia eta sarearen titulartasunean parte hartu dutenen artean banaketa justua egotea bermatzen dugu, besteak beste, erabiltzaileen artean”, ondorioztatu du Irigoyenek.
Herriko ekonomiari lotuta, Zumaiako enpresentzat ere onuragarria izango delakoan dago alkatea: “Bai telekomunikazioen arloan aritzen direnak, baita gainontzekoak ere. Azpiegitura hori eskura izatea etorkizuneko ekonomiarentzat oso garrantzitsua da”, uste du. Garmendiak ere, telekomunikazio kooperatiba txiki bateko kide den heinean, argi ditu ZOZen abantailak: “Sarearen dokumentazioa zuzenean eskura du operatzaile orok eta azpiegitura kostuak denentzat berdinak dira, minimo edo sarrera kuotarik eskatzen ez delarik”.
Gainera, Zumaiakoa inguruko herrientzat eredu izango delakoan dago. “Zuntz optikoko beste era bateko telekomunikazio sareak eraikitzea dagoela argi utzi duelako”, azaldu du. Behin ZOZ sarea guztiz martxan jarrita, “metodologia eta sistema berri batekin inguruko herrietara zabaltzea” espero du Garmendiak.
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]
EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko ikastetxeetako ordenagailuetan software libreko sistema eragileen (GNU/Linux) ezarpena ere bermatzea eskatuz. Aurrera atera den EAJ-ren eta PSE-EE-ren osoko zuzenketan ez da jasotzen... [+]
X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]
Gero eta ohikoagoa da Mastodon edo Pixelfed bezalako sare sozial libre eta federatuetan kontuak izatea. Horretarako, euskaldun gehienek mastodon.jalgi.eus, mastodon.eus edo pixelfed.eus instantziak erabiltzen dituzte. Baionako Etxepare Lizeoak pauso bat harago eman du, ikasle... [+]
X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea, ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]
Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]
2025 urteko egutegia argitaratuko du Abaraska taldeak, argazkiak partekatzeko Pixelfed.eus sare sozial euskaldun, libre eta federatua sustatzeko asmoarekin. Parte hartzeko nahikoa da azaroaren 15a baino lehen bertan argazkiak partekatzea #FediEgutegia2025 traola erabiliz.
Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]
Elkarteneteko, Arizmendi ikastolako eta Etxepare lizeoko kideekin bildu ondoren, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du material informatikoa Berrerabiltzeko Prestatzeko Zentro (BPZ) baten proiektu pilotua aztertzeko. Elkartenetek urteak daramatza software librearen erabilera... [+]
Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da