59 eta 85 urteko adin tartean dauden lau gizon batu ditugu mahaiaren bueltan, gorputzaren zahartzeaz eta horrek sexualitatea eta maskulinitatea ulertu zein praktikatzeko moduetan duen eraginaz kalakan. “Apenas pentsatu edo hitz egin dudan horretaz, ez dakit inongo ekarpenik egin dezakedan”, izan da lauen hasierako erantzuna solasaldirako proposamena jasotzean. Hortik lehen egiaztapena: ez dugu gai horietaz hitz egiten; hitz egite soila bada ekarpena, hortaz. Gorputzaren gainbehera bizitzeko moduak, gizontasunaren mandatuekin ezin konplitzeak dakartzan kalteak eta onurak, zakilaren bilakaera fisikoa eta zakilzentrismoan dituen ondorioak... Luze bezain laburregi joan zaigu solasaldia.
Zenbat gorputz, buru, aburu eta adin, hainbat bizipen zahartzeaz, sexualitateaz eta maskulinitateaz. Ez murgildu orriotan beraz inoren ez ezeren eredurik aurkitzeko asmoz, irakurle; izatekotan, eredu hegemonikoak auzitan jartzeko izan daitezke hurrengo lerroak baliagarri. Jokinek 71 urte beteko ditu aurten (erreportajeko izen guztiak asmatuak dira). Zahartzearen kontzientzia hartzea gorputzarekin eta enpleguarekin lotu du nagusiki: “Irakaslea nintzen, beti zutik egoten nintzen, mugitzen, eta azken urteetan nabaritzen nuen, esaterako, gehiago eseri beharra nuela”. Baina “buruarekin” ere lotu du zahartzaroa, fisikoaz bestelako neke batekin, ilusio batzuk itzaltzearekin: “Garai batean pentsatzen nuen dena irauliko genuela, gero konturatzen zara zure ekarpena txikia izan dela... ez bada lortu nahi nuenaren aurkakoa elikatu dudala”, dio irribarre ironikoa marraztuz.
Xabierrek 85ak egin ditu urtea hastearekin. “Ilea jausi zait, betaurrekoak behar ditut ikusteko, bilera batera joan eta, Kristo, aparatua behar entzuteko, usaimena galdu dut neurri batean”. Bere zahartzea gaitasun intelektual eta fisikoen galera prozesu bezala deskribatu du. “Sentitzen dut iraganean nahi nuena egiteko mugarik ez nuela”, dio, zerrendatuz bidaia luzeak, mendi tontor altuak, irakurketa edo idatzi mamitsuak, aldizkako bakardade une bilatuak. “Gaur ez naiz kapaz”. Xabierrek “nahi zuena” egiten zuen garai hura ez dago gaztetasunari lotua, Kepak eta Luisek duten adinaren bueltan egindakoak dira eman dituen adibideetako batzuk.
Kepak 61 urte ditu, bere hitzek gogoratzen digute gorputz guztien bilakaerak ez duela zertan berdina izan: “Zaila egiten zait zahartzearen esperientziaz hitz egitea, azken 20 urteetan fisikoki hobeto sentitu naizelako aurreko garaietan baino”. Gaztetan oso bizitza “desordenatua” eraman zuen, droga kontsumo handiak tarteko, buru-gorputza nabarmen kaltetzeraino, baina lortu zuen egoerari gaina hartzea 30 urteren inguruan. “Ilea urdintzen doakit, bai, zimurrak agertzen, erresistentzia gutxiago dut... presente dut nagusia naizela, baina fisikoki ez dut nabaritzen hainbeste”.
Luisek 59 urte ditu, fisikoki ez da 10 urte lehenago baina okerrago sentitzen. “Egia bada ere frontoia orduan utzi nuela”. Sexu kontuetan salbu –aurrerago jorratuko duguna–, aldaketa handiena militantziaren esparruan ari da bizitzen. Protagonismo handiagoa izatera ohituta, azken urteetan “bigarren lerrora” pasatzea erabaki du gazteekin konpartitzen dituen espazio eta borroketan. Erabaki politikoa da, ez muga fisikoei loturikoa. Adinak emandako esperientziari esker azterketa politikoak egiteko inoiz baino gaitasun handiagoa duela uste du, baina baita ere talde batzuetan hartzen duen rola kaltegarria dela aldi berean.
"Zahartzearekin gainetik zama bat kendu dudala sentitzen dut, ez dut inorekin lehiatu behar”
Zahartzearen abenturak eta desbenturak
Gazte mantentzea da oro har agindu garaikide garrantzitsuenetakoa gure jendartean; gorputz indartsu eta aktiboak eskatzen ditu maskulinitate eredu hegemonikoak Jokinek barneratuak izan ditu mandatuok garai batean. “Gaztetasunari gorazarre egiten zaio, eta kristoren beldurra izan nion hori galtzeari. ‘Ni ez naiz hain zaharra’ zioen buruaren eta gorputzaren arteko gatazka bizi nuen”. Bazterketaren mehatxua ere sentitu zuen: “Zahartzen zarenean jendartetik baztertzen zaituzte, baita arlo politikoan ere. Militantzia, enplegua... zer toki dugu hemen zahartxoek?”. Etorri zitekeenaren beldur horrekin kontrastean, heldu ahala normaltasunez ari da “mugak ikusten eta egokitzen”. Lehenago egiten zituen gauza berak egiten jarraitzen du, “baina beste erritmo batean”.
Antzekotasunik badu Luisen bizipenak. Distantziatik 60ei bestela begiratzen ziela dio, baina hurbildu ahala normaltasun osoz bizi dituela. “10 urte nituenean ‘Bua, 20 urte izateak izugarria izan behar du!’ pentsatzen nuenean bezala da. Gero 20ak heldu eta, tira, ez ziren hainbesterako ere”. Buru mugimenduarekin baika entzuten diote Kepak eta Jokinek, bizipenarekin konektatuz. Zahartzea, salbuespenak salbuespen, ez baita egoera batetik bestera istant batean ematen den saltoa, egunerokoan garatzen den prozesu mantsoa baizik. Ospatu ere egiten du Luisek: “Hau al da 60 urte izatea? Txollo bat da! Egia da ere gaur egungo 60ak ez direla iraganekoak”.
Presioa bere barnean ez, baina kuadrillan sentitu izan du Luisek, tarteka ateratzen duen hizketagaia bazter dezan: “Esaten didate zahartzeaz ez hitz egiteko, ‘hori zaharra zarela onartzea da’. Nik uste beldurra dela. Malda behera hasi dugu, ez da ezer gertatzen, baina kontziente izan behar dugu”.
Autopertzepzio desitxuratuen arriskua seinalatu du Luisek, solaskideen algarak piztuz: “Pertsona bat nire adinekoa dela jakin eta askotan pentsatu dut, ostia, ni horrelakoa naiz? Agian nire buruari gezurretan ari natzaio...”. Pertzepzio hori doitzeko kanpoko begirada lagungarria dela dio. Banitatearekin lotu du Xabierrek autopertzepzioaren deformatzea, Luisek botatako hariari helduz. Askotan jasotzen du nolabaiteko miresmena 85 urte izateko “oso ondo” dagoelako, eta, horrelakoetan, dio, “ahaztu egiten dut nor naizen, naizena baino gehiago naizela pentsatzen dut. Ondoren ohartarazten diot nire buruari txapa-pintura kontua dela”. Barre orokortuak berriz ere.
Segurtasuna galdu du Xabierrek zahartu ahala. Etxean geratzeko joera handiagoa du, edo lehen bilatzen zuen tartekako bakardadeari ihes egitekoa, egoneza eta asperdura nagusitzen zaizkiolako. Ezbeharrek arrasto sakonagoa uzten diote. Badira urte batzuk konortea galdu zuela bizpahiru alditan, hilabetetan medikuek ez zuten zergatia aurkitu, eta argitu bitartean etxean geratu edo “irtetera arriskatu” erabaki behar izan zuen. Arriskatzea erabaki zuen, onerako izan zen, “baina bizipenak markatu egin ninduen”.
Heriotza du kezka handien Kepak. “Gero eta gehiago pentsatzen dut heriotzean”. Baina ez larritasunetik, azken urteetan lagun minak hil bazaizkio ere bat-batean; alderantziz: “Edozein egunetan bagoaz, aprobetxatu behar da”. Heriotzaren aukera presente du Luisek ere, eta ez dio beldurrik pizten: “Bost axola”. Xabierri garai batean hiltzeak sortzen zion ardura; egun hiltzeak ez, baina hiltzeko moduak bai. Bizi testamentua egiteko aukera egoteak edo Espainiako Kongresuan onartu berri duten eutanasiaren legeak mamuetako batzuk uxatzen lagundu diote.
Biguntzearen onurak
Maskulinitate hegemonikoa lehiakorra da, bereziki gizonen artean. Lehiakortasun horren anai dira fisikoki eta mentalki “gai” izatearen mandatu orokorra eta, batez ere, hori etengabe demostratu beharra. Zer egin horrekin guztiarekin gaitasunak galdu edo apaldu ahala? Maskulinitatearen piramidean norbere kokapena mantentzen ahalegindu norbere burua behartuz, paparra gehiago ateraz edo ezina eta frustrazioa ondokoei ordainaraziz? Isilean eta bakardadean sufritu? Edo galera askabide bihurtu, lehiatzearen zamak eta zauriak astintzeko baliatuz?
“Nik sentitu dut lehia hori, batez ere gazte garaian konpetentzia handia genuen”, dio Jokinek. Ez da arantzarik gabeko prozesua izan, baina lehiakortasuna galtzeak lasaitasuna ekarri dio: “Zahartzearekin gainetik zama bat kendu dudala sentitzen dut, ez dut inorekin lehiatu behar”. Xabierrek bide beretik jarraitu du: “Handi plantak utzi eta askatasuna duzu ez teoria politikoaren arabera azaltzeko, baizik eta barrutik, sentitzen duzunetik. Bentaja da, baina seinale da gure gizontasuna hautsi dela”. Jendearekin egoteko eta entzuteko gaitasuna irabazi duelakoan dago Xabier, bereziki emakumeekin. “Eta negar egitekoa [begiak urtu zaizkio hunkituta, eta pausa egin du jarraitu aurretik], ulertua edo onartua sentitzen naizenean”.
Kepak eta Luisek diote maskulinitate eredu hegemonikoaren eta lehiakortasunaren presiorik ez dutela sentitzen: oso gaztetatik emakume feministen ondoan bizitzeko zorteari egotzi dio Luisek, bere ingurune marikari Kepak. Bai sumatzen dutela hunkitzeko joera handiagoa zahartu ahala: “Hunkitu behar ez ninduketen gauzekin ere, film tonto batekin esaterako”, dio Luisek; “Nik ere bai”, Kepak barrez. Luisek adinarekin haserrekoiago bihurtzeko beldurra zuen, eta kontrakoa gertatzen ari zaiola dio. “Lagunek ere esaten didate lasaiago nagoela, ez dakit testosterona kontua den”.
“Orduan, esango zenukete adinak modu batera edo bestera bigundu egiten duela?”, galdera mahaikideei. Baiezko orokortuak galdera berriak iradokitzen ditu: Eta adinarekin bigundu ordez aurretik gogortuko ez bagina? Zenbat onura lekarzkiguke gizonoi? Eta, batez ere, zenbat onura emakumeei* eta munduari? Astirik ez, ordea, hari horretatik tiraka jarraitzeko. Matazaren hari-mutur berri bati heldu behar diogu.
"Sexualitatea nire buruarekin dut orain gehiago, masturbaziora jo dut, eta pornografiara"
Sexualitatea
“Horretan bai ekarri didala adinak aldaketa izugarria”, dio Luisek, azken bospasei urtetan bizitzen ari dena azalduz: “Heldu da momentu bat non gustuko ditudan gorputzak ez diren nire adinari dagozkionak. Ni baino 10, 15, 20 urte gutxiagokoentzat ez naiz erakargarria, eta alderantziz, gustuko nautenak ez zaizkit erakargarri egiten. 20 urterekin 40koak nituen gustuko, baita orain ere”. Harreman heterosexual irekiak izan ditu beti, garai askotan hainbat batera eta urtetan luzatu direnak. Aurretik ezagutu dituen pertsonekin izan ohi ditu sexu harremanak, gutxitan “gau bateko txortaldiak”. Gazteago den emakume bati berarekiko interesa sumatzen badio, bestelako kezka bat datorkio: “Zer espero dezake nigandik ‘gazte’ batek? Pentsatzen hasi eta beldurtzen naiz. Ziurtasuna... buf, nik ez dut hori nahi”. Harremanak bilatzeko orduan naturaltasunez portatzea eragozten dion harresi bat altxatu du Luisek. Sexu harreman berririk ez du sortu aspaldian, eta arrazoi ezberdinak tarteko aspaldiko batzuk galdu ditu. “Gutxitzen-gutxitzen, azken boladan desagertu arte. Sexualitatea nire buruarekin dut orain gehiago, masturbaziora jo dut, eta pornografiara”.
Armairutik 30 urterekin irten zen Kepa. Ordura arte “emakumeak gustuko izan beharraren presioa” sufritu bazuen, 40 eta 60 urteen artean gozatu du gehien sexualitateaz. Hogei urte baino gehiago dira bikotearekin bizi dela, baina harreman sexual ugari izan du hortik kanpo, askotan interneteko aplikazioak erabilita hitzorduak egiteko. “Egun bateko harremanak niretzako bikainak dira, tipoa nor den ezagutu gabe ere”. Gaztetan gizon helduak zituen gustuko soilik. “Orain ez dut adina ezberdintzen gustatzeko orduan. 20 urte gazteagoak gustatu ahal zaizkit, baita ni baino nagusiagoak ere”. Azken bizpahiru urtetan desio gutxiago izan du oro har, nagiago sumatzen du bere burua, baina adinarekin baino gehiago bestelako bizitza aldaketekin lotu du. “Nik uste dut soltatzen banaiz berriz ere golfismora bueltatuko nintzatekeela”. Luisek eten dio hitza: “Edo ez. Nik berdina pentsatzen nuen nitaz, baina zu entzunda, igual adinak badu zerikusirik”. Eta Kepak hartu du berriz ere: “Baina nire bikotea ni baino nagusiagoa da, eta nik baino desio handiagoa du”.
Urduri egon da azken egunetan Xabier, erreportaje honetarako sexualitateaz hitz egin behar zuela-eta. Heterosexual monogamo bezala definitu du bere burua, “nahiz eta garai batean ez hain monogamo izan, eta une haiek apreziatzen ditut”. Milaka gizonen antzera munduan eta Euskal Herrian, seminarioan urteak eman zituen, eta eunuko batenarekin parekatu du bere burua garai hartan: “Gogoratzen dut nire baitara pentsatzea, ‘bekatu egin baino lehenago hil!’, eta bekatu nagusia emakumeekin harremanak izatea zen”. Seminariotik irten eta urteetara izan zuen sexua lehenbizikoz pertsona batekin, baina Elizaren eta apaizen arrastoa fresko zegon oraindik ere. “Gozatzea galarazten zidan, sei hilabetez egon nintzen orgasmorik ezin eduki, apurtu nuen arte”.
Hamarkadetako bikote harremana mantentzen du Xabierrek egun ere. 64rekin erretiroa hartu eta urte gutxira prostata arazoekin hasi zen, zakilean eragiten ziona fisikoki. “Ez nuen berdina lortzen. Noizbehinka bai, posturak aldatuta, lasaiago arituta...”. Prostata medio medikuak Viagra errezetatu zion azkenerako, hori gabe zakila tentetzea ezinezko egingo zitzaiola eta. “Etxera eraman, eta bikoteak, ‘Zertarako hori? Utzi ezazu’. Joder, ba, orduan...”. Beti izan duen sentsazioa berretsi zion pasarteak; alegia, berak gozatzen zuela bikoteak baino gehiago bion arteko sexuan. Hausnarketa ondoren etorri zaio: “Arrakala soldatan, arrakala erretiroan... eta ohean ere, batzuk asko gozatu eta beste batzuek gutxi”. Ez zuen uste arrakala hain handia zenik halere, dio Orgasmo Arrakala liburuxkaren egile Paola Damonti aipatuz. Emakumeen %80k koitoarekin orgasmorik ez duela jakiteak harrituta, Argiak egileari egin zion elkarrizketa gazteleraratu eta gizonezko lagun adinkideei bidali zien.
"60 urteak arte egunero-egunero egin zuten txortan, egin zuten koitoa, Luisen gurasoek. Bere amak ez daki zer den orgasmo bat"
“Ni aspaldi hasi nintzen larritasun txiki bat bizitzen, ez konplitzeko beldurra, mamu bat: beteko dut niregandik espero dena?”, dio Jokinek. Gizonongandik “espero” den hori konplitzea da, bere esanetan, eta “konplitzea”, aldiz, oso gauza zehatza: “Koitoa egitea, zakila tente mantentzea eta zure bikotekidea gozaraztea”. Gizonen arteko lehiakortasunarekin nola, sexualki ‘konplitzearekin’ ere zahartzeak zama arindu dio. “Pixkana bazoaz praktikak aldatzen, ikasten duzu posible dela beste harreman mota batzuk izatea, zakilzentrismotik aparte, ferekak, beste gorputz hizkuntza bat, eta posible dela horrekin ere satisfazioa lortzea. Zahartzaroak lasaitasun puntu hori eman dit, ez dut exijentziarekin bete behar”. Xabierrek esandakora bueltatuz, seminariotik pasatu ez diren bere adineko gizonek ere errepresio handia sufritu dutela argitu du. Esaterako, neskekin gela lehenbizikoz unibertsitatean konpartitu zuen. “Bat-batean neskekin batera, eta ez dakizu non sartu ere, beldurra...”.
Zakilzentrismotik harago
60 urteak arte egunero-egunero egin zuten txortan, egin zuten koitoa, Luisen gurasoek. Bere amak ez daki zer den orgasmo bat. Egunero-egunero egin behar horren zergatiaz galdetzean, erantzun zion amak semeari: “Horrela behar zuen”. Koitoa da sexu harreman heteropatriarkalen zentroa, eta zentroaren zentroa zakila –zakil tentea noski, gizontasunaren neurria ere badena–. Zer gertatzen da zakilaren tentetasunarekin eta bere zentralitatearekin zahartzean?
Erekziorik eta sexu irrikarik ez du egun Xabierrek. “Ez dut frustraziorik harreman sexualik ez izateagatik, eta lasaitasuna ematen dit pentsatzeak bikoteak ere ez duela behar”. Aldiz, Luisi, Jokini eta Kepari libidoak edo desioak ez die behera egin. Gero eta gehiago burutik abiatzen den desioa da, ordea, eta gorputzean bestelako intentsitate batekin gorpuzten doana.
Gutxi gorabehera 50 urtetatik aurrera hasi zen Luis aldaketa nabaritzen: erekzioak urriagoak eta ahulagoak ditu –“sexua izateko orduan, zein, demagun, kaletik ibiltzen”–; orgasmora heltzeko denbora gehiago behar du; “sutan jartzen ninduten posturak edo egoerak beste modu batean bizi ditut”. Umorez laburbiltzen du desioa piztu dion gorputz baten aurrean duen erreakzioa: “Erekzio mentala bai, baina ez fisikoa”.
Antzera hitz egiten du Jokinek. 55 urte ingururekin hasi zen erekzioen beherakada igartzen. “Oraindik baditut, goizean batez ere, baina gero eta gehiago kostatzen zait eta ez da berdina. Buruan desirak aktibo jarraitzen du, baina fisikoki ikusten dut ezin dudala”, dio egungo 71rekin.
"Noski ez zaidala tentetzen lehen bezala, baina ez dut kezkarik bizi izan, gorputzaren beste atal batzuekin gozamen handia lortzen dut"
Erekzioa indar gutxiagokoa izanagatik orgasmoa berdin lortzen du Kepak. Gaiari hausnarketa gutxi dedikatu dio, eta ez dirudi kasualitatea denik: “Noski ez zaidala tentetzen lehen bezala, baina ez dut kezkarik bizi izan, gorputzaren beste atal batzuekin gozamen handia lortzen dut”. Zakil tentearen eta maskulinitatearen presiorik ez du bizi. “Nire bikotearekin ez dugu lehiarik ea nor den gizonago, edo ezer erakutsi beharrik. Eta aparteko harreman sexualetan, aurrez oso zehaztua eta adostua dugu bakoitzak zer nahi duen”. Nahi eta adosten dituen praktiketatik, inor penetratzearena ez dago lehentasunen artean. Bada homosexualitate eredu oso maskulinizatu bat, gimnasioan landutako gorputzen gorazarre egiten duena, erabat sexualizatua eta zakila erdian duena. “Bai, noski, baina ez da nirea, ez nire ingurunearena”.
Zakilaren gainbeherak bestelako aldaketak ekarri dizkie gure solaskideei. Xabierrek dio zahartzearekin adiskidetasuna emakumeekin fisikoki ezberdina dela: “Urte hauetara helduta, afektibitate fisiko handiagoa baimentzen diogu elkarri. Lehenago ez bezala, nik uste”. Eskertzen duen konfiantza keinu bezala bizi du aldaketa. Lehenago irakurri diogu Jokini nola garatu duen zakilzentrismotik haragoko beste gorputz hizkuntza bat “konplitzeko” zailtasunak hastean.
Xabierrek ere badu sentipena sexu harremanak urritzean laztanak ugaritu zituela edo maitasuna adierazteko joera handiagoa garatu zuela. “Bestea falta delako? Hutsune hori bete nahi duzulako? Ez dakit”, bota du galdera. Eta Luisek airean harrapatu, galderari susmoa gehituz: “Uste dut nire buruari tranpa egingo niokeela esanez, ‘sexua bestelakoa izan daitekeela deskubritu dut’. Elkarrekin lortzen genuen gozamena ez dugu lortzen orain, ez gara horren erakargarriak elkarrentzako, gauzak aldatzen dira. Igual horregatik hartu dezakete pisu gehiago laztanek, maitasunak... Izan daiteke oreka hori aldatzea, baina ez ezer ikasi dugulako”.
Hobeto bizi, inoren kaltetan
Bada hizketan jarraitzeko girorik mahaian, baina etxeratze aginduak nor bere herrira bidean jartzera behartu gaitu. Hasierako hausnarketa berak ixten du saioa: ez dugu gauza hauetaz hitz egiten, eta egin beharko litzateke. Gehiago konpartitu beharko genituzke gizonok maskulinitateari, zahartzeari eta sexualitateari loturiko bizipenak, hirurak harremanetan zein bakoitza bere aldetik, gure buruak eta moduak auzitan jarriz. Konpartitu egoerak, beldurrak, zalantzak, pozak eta minak, harrotasunak eta lotsak, teoriak eta praktikak. Sufrimenduak gutxitu eta gozamenak areagotzeko; sexualitatea, maskulinitatea eta mundua bera zakilaren arabera ez neurtzeko; elkar bigunduz gure baitan hobeto bizitzeko, ongizate hori inoren bizkar gainean eraiki gabe.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]
Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?