800.000 langilerekin, AEBetako bigarren enplegatzaile handiena da Amazon multinazionala. Zuzendaritzaren joera antisindikalistak bidea oztopatzen diela, langileak ez dira ordea sindikatu baten baitan antolatuak. Baina COVID-19aren testuinguruak eragindako lan karga eta lan baldintza kaskarren eraginez, egoera irauli eta sindikatu bat sortzeko bidea ireki dute AEBetako hego ekialdeko Bessemergo lantokikoek. Sindikatuaren sorrerari buruzko bozketa abian da, eta baietzak irabaziz gero aurrekari garrantzitsua litzateke, Amazonen beste lantokietan ere antolaketa kolektiborako akuilu izan daitekeena.
Baliteke COVID-19 izurriteak ondorio pozgarri bat behintzat ekartzea: AEBetako hego ekialdeko Bessemer hiriko Amazonen biltegiko langileek sindikatzeko bidea irekirik dute, eta lortuz gero, multinazional honen baitako AEBetako lehen sindikatua litzateke. Hori horrela, Jeff Bezos Amazonen buruaren antisindikalismo amorratuaren baitan agerturiko arrakala berri bat litzateke.
Biltegi berria da Bessemerrekoa, iazko martxoan irekitakoa. Garai berean agerturiko koronabirusaren eraginez eskaerak azkarki emendaturik –2020ko urtarriletik apirilera 24 bilioi dolarrez emendatu zen Bezosen aberastasuna, negozio-zifra %40 emendatuz– laster sentitu zuten lan kargaren emendioa bertako langileek, baita oinarrizko eskubideen alde kolektiboki antolatzearen premia. Hain zuzen, komertzioaren sektoreari dagokionez, sindikatutako inguruko enpresetan errazagoa zitzaien oinarrizko eskubideen errespetua exijitzea: lanaldian maskara zein bestelako babes neurrien eskuratzea. “Orduz geroztik, geroz eta langile gehiagok dute ikusten ahots kolektiboaren garrantzia”, dio The New York Times-i eskualde hartan militatzen dabilen Stuart Appelbaum RWDSU sindikatuko presidenteak.
Amazonen bezeroentzat iazko urriaren 13 eta 14an finkaturiko Prime Day beherapen egunek eskaera ezin jasana bilakaturik, luzatu zioten sindikatu bat sortzeko eskaera National Labor Relations Board agentzia federalari. Abendu bukaeran, biltegiko 2.000 langilek egitura baten sorrerari buruzko bozketa eskaturik, antolatzeko “nahiko interes” bazegoela ondorioztatu zuen Lan Harremanen Batzar nazionalak. Bozketa abiaturik, martxoaren 29a arte iraunen du sindikatuaren sorrerari buruzko iritzia emateko aukerak.
Orotara, 5.800 langile batzen dira Bessemergo biltegian, eta hauez gain 800.000 dira AEBetan, Amazonentzat lanean ari; AEBetako bigarren enplegatzaile handiena denean –Walt-Mark supermerkatu erraldoia delarik lehena, hau ere bere antisindikalismoarentzat ezagutua–. Bistan da, sindikaturik ez izanki, hitzarmen kolektiborik ez dute enplegatzailearen eta enplegatuen artean. Nahiz eta banaturiko “soldata handiak” goraipatu zuzentzaritzak, horretaz aparte, ez dute hitzarmen kolektiboek dakarten langile eskubideen bermerik. “Ordua 25 dolar pagatuz gero ere, zer balio du horrek aldi berean ez banauzue ongi tratatzen?” oharra irakurri daiteke The New York Times-en artikuluan.
Bessemerren sindikatu bat osatzeak ez luke AEBetako beste biltegientzat balioko, baina sindikatzeko ideia errotzen lagundu dezakeela argi dute aldekoek. Horretarako dira AEBetako txoko guztietatik Alabamako lantoki horretara begira. Horren lekuko Bernie Sanders demokrata ezagunak sare sozialetan zabalduriko mezua: “Antisindikala den estatu batean daude, indar antisindikal gogorrei aurre egin beharra dute, baina argi geratu dadila: haien garaipena AEBetako langile guztien onerako izango da. Haien aldean izateaz harro”.
Horrela da: sindikatuaren sorrera saihesteko makineria antolatu bati aurre egin beharra daukate langile militanteek. “Izurrite egoeraz hitz egiteko bilerarik ez dugu; haatik, bilkura behartuak ditugu zeinetan entzun behar izaten dugun zer heinetaraino diren sindikatuak guretzat eta enpresarentzat txarrak”, dio Bessemergo biltegiko langile batek AFPko kazetariari.
Zuzendaritzak ere badaki baietzak irabaziz gero, ondoko biltegietara ere zabaltzen ahalko litzatekeela kolektiboki ekiditeko gogoa. Horrek dakar ezetzaren alde eramandako lana: posta bidezko bozketa ezeztatzeko auzibidea –azkenean, auzitegiak atzera botatakoa–; sindikatuen kontrako propaganda eta indibidualismoaren aldeko mezu argia bideratzen duen www.doitwithoutdues.com webgunearen sorrera; aldeko kanpaina eramaten dabiltzanen kontrako presioak, eta abar. Kotizazioen kontrako mezu sinplista plazaratzen dabil: kotizatuz dirua galduko duzu, hobe diru hau aurreztu eta liburuak zein opariak erosteko baliatzea. “Amazonek sms mezuak bidaltzen dizkit, langileon pausa geletan ere zabaldurik ditu ezetzaren aldeko mezuak, komunetaraino hedatzen dizkigu! Erabat neurriz kanpokoa da bideraturiko propaganda” dio anonimotasuna atxiki nahi duen langile batek pareko kazetariari.
Mundu mailan 1,2 milioi langile dira Amazonentzat ari –COVID-19ak inarrositako 2020 urtean %50 emendatu zen kopurua, bataz beste egunero 1.400 langile berri zituen kontratatu, developpez.com gunearen arabera–, eta AEBetan ez bezala, herri batzuetan sindikaturik daude langileak. “Amazonen politika antisindikalistari ez” zutabea plazaratu zuten iazko urrian Libération egunkarian hogei bat eurodiputatuk. “Pandemia hasi zenetik, Amazonek izan dituen irabazien hazkunde esponentzialak ez dizu (Jeff Bezosi mintzo dira) baimentzen legez babesturiko oinarrizko printzipioen zangopilatzea”, irakurri daiteke gutunean. Hain zuzen, orduan jakin zen Amazonek “informazio analistak” enplegatu nahi zituela, hainbat “mehatxu” saihesteko asmoz –tartean, “terroristak”, “Amazonekiko kritiko diren talde politikoak” baita “langile erakundeak” ere–.
Sindikatuak jomugan ditu aspaldian 187 bilioi dolarreko aberastasuna daukanak. XIX. mende bukaeraz geroztik langileen eskubideen aldeko borrokak zapuzteko lanetan berezitutako Pinkerton National Detective Agency espioi agentziari dei egin izan dio ere –inolako konplexurik gabe–. Espioi horiek genituen 1886ko Haymarket sarraskiaren oinarrian, orduz geroztik maiatzaren lehen guztiz oroiturikoa –Pinkertonen espioiek grebalarien mugimendua infiltratu eta liskar odoltsua probokatu izana salatu zuten ordungo sindikalistek–. Hainbat manifestari bertan hil edota atxilotu eta heriotz zigorrera bideratu zituzten Poliziak eta Justiziak.
Hainbat barne-dokumentu eskuraturik, eman zuen espioi kontratatze hauen berri Motherboard komunikabideak. Sindikatuen bileren segipena, protestei buruzko datu zehatzen bilketa –nor, non, noiz eta zertan dabilen–, zein Amazonen aurkako ekintzak bideratzen dituzten elkarteen jarraipena, legez kontra doazen hainbat ekinbide argira ekarri zituen komunikabideak.
Hori horrela, arrakala inportantea litzateke AEBetako Amazonen baitako lehen sindikatuaren sorrera. Zentzu berera, urtarrilean Google-ko langileek zuten lehen sindikatua sortu, Alphabet Workers Union izenekoa. Badirudi, langileriaren identitate kolektiboa desagerrarazteko zailtasun geroz eta gehiago ukanen dituztela GAFAMeko (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) oligarkek.
Sindikatuek agerraldi eta salaketa publikoak egin dituzte astelehenean, Nazioarteko Lan Osasunaren Egunean. Hego Euskal Herrian iaz zenbatu zituzten 64 hildakoen gorpuak irudikatu dituzte LABek, ESK-k, STEILASek, EHNEk, Etxaldek eta CGTk Iruñean eta Donostian.
Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]
Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.
%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.
Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko... [+]
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Mahai Orokorreko sindikatuek salatu dute Gobernuak utzikeriaz jokatu duela ordezkaritza sindikalarekin negoziatzerakoan, horren adibidea da Estatutu berriaren negoziazioan ezarri duen blokeoa. Gobernua Mahai Orokorrean gai horiek guztiak negoziatzera esertzeko ahalegin ugari eta... [+]
Tamara Yague Confebaskeko presidenteak iragarri du gehiengo sindikalak deitutako martxoaren 20ko bilerara ez dela joango, eta gehitu du gutxieneko soldataz eztabaidatzeko markoa Espainiako Mahaia dela. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek EAErako gutxieneko... [+]