Bilboko DDT Banaketak banatzaile eta argitaletxe alternatiboko kide da Andoni Fernández Azkarai (Bilbo, 1983), eta etxeko uztari ekarpena egin dio berriki. Urteetako lanaren ondotik, azaroan argitaratu du Izar Beltz Ateneoa. La historia del ateneo contada desde los locales de ensayo. 2006/2017 (Izar Beltz Ateneoa. Ateneoaren historia entsegu lokaletatik kontatua. 2006/2017) liburua. Bertan jazo du Bilboko Irala auzoan kokatutako Izar Beltz Ateneoaren historia, hastapenetatik hasi eta 2017an hustu zuten arte, eta espazio hartan gehien ezagutzen zuen tokitik egin du kontakizuna: entsegu lokaletatik.
Sona handia du 80ko hamarkadako Euskal Herriko punk mugimenduak. Alabaina, garai horien mitifikazioak gerizpe egin dio punkaren historiaren beste zenbait pasarteri. Zentzu horretan, liburuaren helburuetako bat zein den argi uzten duzu hitzaurrean: “Handiusteak izan gabe, gure momentua balioan jarri behar dugula uste dugu, edo behintzat hori egiten ausartuko gara. Nahikoa da garaiak mitifikatzeaz”.
Hau orainaldiko liburua da. Orriotan beste belaunaldi bat dago, gaur egungoa. Nahi nuen jendearen arreta hor jarri, orain berrogei urte egin zen horretan ordez. Agian liburuan agertzen direnak ere izan ahal dira erreferenteak gazte batzuentzat, zergatik ez. Guk hainbeste miresten genituen punk taldeak ere gazte batzuk ziren, alproja batzuk, gu bezala, beren ilusioekin eta bestelakoekin... inoiz ez zuten imajinatu zer eragin eta oihartzun izango zuten. Beharbada liburu honetakoak bezalaxe. Batek daki.
Zure aurreko liburuan, Mierda de Bizkaia y sus grupos punks maqueteros (Bizkaiko kaka eta bere punk talde maketeroak) [DDT Banaketak, Ediciones Sin Gluten, 2017], 80ko hamarkadako punk mugimenduaren parte izan arren ezkutuan geratu ziren taldeak berreskuratzea izen zenuen xede. Esan daiteke punkaren kontatu gabeko historia dokumentatzea dela zure motibazio nagusietakoa?
Bada motibazioa, sortzen dit zerbait egiteko grina. Nik 80ko hamarkadako punkarekin bizi izan nuen nire barne eztanda musikala, pasio hori. Alabaina, lagun artean komentatzen hasi ginen ez genituela hainbat talde ezagutzen, Cadizeko punk zale amorratu batek ezagutzen dituen Euskal Herriko talde berdinak ezagutzen ditugula. Eta hori ezin da izan. Hainbestekoa izan zen garai hartan punkaren eztanda... askoz talde gehiago egon behar ziren. Horiek bilatzeko arakatzen ibili nintzen. Oso jende gutxik idatzi du horren inguruan, eta fanzineetan aurkitu nuen informazioa. Fanzineak ziren garai haren isla hoberena edo potenteena. Mierda de Bizkaia bukatzen nengoenean hasi nintzen azken liburu hau egiten.
Eskutik doaz bi liburuak, beraz?
Badakizu, maketazioaren momentua oso luzea da. Materiala pasatu nion lagun bati, baina maketazio lanak hilabete pila iraungo zuen, eta nik jada ezin nuen ezer egin. Ezinegona, zerbait egin beharra sortu zitzaidan. Justu Izar Beltz huste arriskuan zegoen, eta esan nien hango zenbait kideri: “Aizue, hemen bizi izandako historia kontatu behar dugu”. Zeren pena asko ematen dit ikusteak espazio bat hustean, nola desagertzen diren bat-batean espazioa eta bere historia. Aste batzuen buruan, maniak-eta egin ostean, dena ahazten da. Eta amorrua ematen dit. Kukutzan zenbat gauza egiten ziren? Ez dakigu, ezta? Alegia, guk bai askotan egoten ginelako han, baina zelan azaldu ez dakien norbaiti Kukutzan egiten ziren gauza guztiak? Ez nuen nahi Izar Beltz moduko espazio bat ere hor geratzea, ezerezean. Hortik liburua.
Zerk bultzatu zintuen proiektuari ekitera?
Benetakoa dela orriotan agertzen den jendea, autentikoa. Nik Izar Beltzen bizi izan nuena, bertan topo egin nituen pertsonak, niretzat oso autentikoak ziren, egiazko punkiak ziren. Handik kanpo ere okupatzen zuten, filosofia horrekin bizi ziren, eta nik sinisten dut euren bizia eramateko era horretan. Alegia, plastikozkoak irudituko balitzaizkit ez nukeen hortaz idatziko. Nik arnastu nuen hori guztia; Izar Beltzeko lau pareta artean bizi izan dut, liskarretan egon naiz, gozatu egin dut, mozkortu naiz, zuzenekoak eman ditut, ikusi dut nolakoa zen jendea, nolakoak kontzertuak, zelakoa zen kanpoko taldeei egiten zitzaien harrera, urtero egiten zen urteurrenean parte hartu izan dut, ikusi dut zer nolako giroa sortzen zen, eta pentsatzen nuen “ikaragarria da!”. Horrek nonbait jasoa egon behar zuen. Liburu hau egin nuen euroi omenaldi bat egiteko.
Izenburuak iradoki dezake Izar Beltzeko entsegu lokalen historia jasotzen dela bertan, baina berez ateneoaren historia osoaz dihardu. Zergatik erabaki zenuen hortik kontatzea?
Bi arrazoirengatik. Batetik, uste nuelako espazioaren historia kontatzeko eroale polita zela. Izan ere, hainbat talde atera ziren lokal haietatik [41 talde espazioak iraun zuen denboran], gehienak punkaren ildotik, eta horregatik jende asko batuko zuen haria zela iruditu zitzaidan. Bestetik, ni ez nintzelako asanbladako kide, eta hargatik beste ikuspuntu bat daukat; asanblada batzuetan egon nintzen, baina ez nintzen asanbladakoa. Izar Beltzen hamaika urteetatik, zazpi igaro nituen nik han, entsegu lokaletan, eta bertatik kontatu dut historia.
Zentzu horretan, barne-liskarra izan dut: “Nor naiz ni hau egiteko?”. Azkenean, Izar Beltzeko parte izan ziren pertsonei planteatu nien ea zer iruditzen zitzaien entsegu lokalak abiapuntu gisa hartuta liburua egitea. Ongi iruditu zitzaien, eta lanari ekin nion.
2006-2017 urte arteko ibilbidea jasotzen da orriotan, eta hor islatzen dituzu Izar Beltzen emandako aldaketak, musikaren alorrean zein politikoan. Zein bilakaera egon dira?
Liburua bospasei kapitulutan banatu dut, eta horien bitartez ikusten da musikaren eboluzioa, eta paraleloki, asanbladarena. Izan ere, jende berria sartzen zen eta jende berri horrek musikan ere eragina zeukan. Hasieran kideak oso gazteak ziren, hogei urte inguru zituztela sartu ziren espazioan, eta urte horietan entzuten zena “punk iberikoa” deitu ohi dena zenez, horixe jotzen zuten. Jende helduagoa hurbildu ahala, hasierako tupa-tupa-tupa y a la mierda haren tokia joan ziren hartzen crust doinuak. Eta bat-batean denok crusta jotzen. Gero batzuk etorri ziren d-beat delakoarekin, eta azken urteetan modernoagoak ziren taldeak agertu ziren, asanbladara arte ederretako jende berria batu ostean; teklatuak, sintetizadoreak... aire berriak sartu zituzten. Rock n rolla ere beti egon da hor. Baina atmosfera punk hori atze-oihal gisa egon da momentuoro.
Kapitulu guztien hasieran kontatzen da, oso laburki, momentu jakin horretan asanbladaren edota ateneoaren egoera zein zen, testuinguratzeko. Politikoki, espazioan sartu zirenean bazekiten ateneo anarkista bat izan behar zela. Ildo politikoa, beraz, hasieratik zegoen oso markatuta. Hemen gaztetxe gehienak dira ildo abertzalekoak, eta bueno, behar zenez beste gauza bat, Bilboko lehen ateneo anarkista eraiki zuten. Ordutik asanbladak auto-kritika pila egin zituen. Azken urteetan, adibidez, erabaki zen drogarik gabeko espazio bilakatzea. Barra bota zuten. “Eta orain zelan kudeatu edo autogestionatuko dugu gure kolektiboa, baldin eta alkoholik ez badago?”. Gogoratzen dut zer nolako haserreak egon ziren hasieran, nahiz eta denborarekin batzuk ulertu genuen erabaki hori aurrerapausoa zela, izorratzen bagintuen ere. Beganismoa izan da Izar Beltzen pisua izan zuen beste kontu bat, animalien askapenerako kolektiboak biltzen ziren bertan, Bilboko Ekintza Antiespezista (BEA) eta beste. [Datu hau kuriosoa suerta daiteke kontuan hartuz gero espazioa, ateneo libertario izan aurretik, Carnes Lecanda SLren okela izozkailu handia zela].
"Pena asko ematen dit ikusteak espazio bat hustean, nola desagertzen diren bat-batean espazioa eta bere historia"
Liburuak punkaz dihardu, eta era berean punk izaera dario. Zuk Zeuk Egizu filosofiaz egindako lana da, autogestioa eta elkarlana oinarri. Nolakoa izan da prozesua?
Liburua punk mundutik abiatu zen, eta ildo hori segi du bukaeraraino. Nik talde hauei guztiei buruz banekien zerbait. Batzuei buruz pila bat, beste batzuei buruz gutxiago, zenbait taldetan ni egon naiz… Gehiago ala gutxiago, baina guztiekin izan dut harremana, zuzenean ikusi ditut denak, eta berengana jo nuenean egin asmo nuena azaltzeko eta galdetzeko nola ikusten zuten, jende guztia agertu zen parte hartzeko prest. Jendearen erantzunak erraztu egin du prozesua hasieratik. Gero, Izar Beltzeko asanbladatik pasa den jendea elkarrizketatu nuen, beren ikuspuntua eman ziezadaten. Behin elkarrizketak hasita, Iñigo egon da nire ondoan lanari forma emateko [liburuaren azalean ageri diren bi gangordunetako bat seinalatzen du], eta zuzenketekin ere eskua bota didate lagun batzuek. Maketazio lanak Cristina Irisarririk egin ditu. Behin lan hori burututa, lana lagun batzuen autogestionatutako Dortoka inprentara eraman genuen inprimatzera.
Argi neukan liburua DDTk atera behar zuela, baina oso estu genbiltzan diru aldetik. Hala ere nahi genuen mimoz egindako liburua izatea, azal eta maketazio polita izan zezala. Kolektibo batzuengana jo genuen laguntza eske. Liburua okupazioa bultzatzeko beste era bat ere badenez, laguntza ekonomikoa eman digute Komantxe Konpartsak [Bilboko Okupazio Mugimenduaren konpartsa] eta Anna Campbell Gune Askeak; espazio hori ere [jada hustua] Izar Beltzeko jendeak okupatu zuen... berdin jarraitzen duen jende horrek. AfterPost Kolektiboak ere lagundu gaitu ekonomikoki, baita Bilbo Vegan Edge-k ere. Eta laguntzaileen artean dago Ediciones Sin Gluten, nire zigilua. Nik ere jarri dudalako dirua, bestela ez ginen heltzen. Ez da liburuarekin dirurik poltsikoratzen ez dudala, baizik eta nik neuk jarri dudala dirua liburua argitaratzeko. Baina nik liburua atera behar nuen, esateko: “Begira, hau zuentzat da “.
Oparitik ere dezente du beraz.
Bai, zeharo. Are, nik ez nuen nahi dirurik trukean, lan honengatik kobratzea azal lodia edukitzea zela iruditzen zitzaidan. Egia da ordu piloa sartzen dituzula, baina gero ikusten duzu zeinen ondo geratzen ari den, eta hori oso motibagarria da. Gainera, zeozer egiten baduzu barrutik ateratzen zaizulako, gogo horrekin, diruari garrantzirik eman gabe… nik uste horrek positiboki eragiten duela emaitzan. Mierda de Bizkaia egiteko ia bost urte egon nintzen, baina denborak berdin dit, lana ondo eginda egotea da inporta zaidana; ikustea urte batzuk barru eta esatea: “Ze txukuna!”. Hau da nire ekarpena, Izar Beltzeko jendeari omenaldi bat.
Eskaintza hitzek irekitzen dute liburua, eta horien bidez diozu nahiko zenukeela esperantza hondarrak geratzea “inoiz molestatzeari utzi ez dioten gogo geldiezin eta desobeditzaile horietan”.
Bai. Eta liburua espazio hau ezagutu ez duen jendeak irakurtzen baldin badu, nahi nioke ondoko mezua helarazi: “Zuek ere egin beste Izar Beltz bat, behar dugu eta”. Garrantzitsua da ate bati ostikada ematea, eta ostean zer ateratzen den ikustea. Izar Beltzen hasiera hiru lagunen artean emandako ostiko inuzentea izan zen, eta bat-batean boom!, hamaika urteko bizitza ederra.
Babestu babesten zaituena. Autogestioa izan da prozesuaren motorra, eta era berean proiektu autogestionatuetara bideratu asmo dituzu liburuaren irabaziak, ezta?
Ateratzen den dirua DDTrentzat izango da, liburu gehiago ateratzeko. Horrez gain, irabaziak okupazio marroietara ere bideratuko dira.
Liburu hau momentu egokian kaleratu da: hedabideak okupazioaren kontrako sekulako kanpaina egiten ari diren momentu batean, gaztetxeak arriskuan dauden momentu batean; beldurgarria iruditzen zait, ordu jakin batetatik aurrera denok etxean gaudela probestuz, nola hustu dezaketen edozein espazio nahieran. Liburua bada, nolabait, modu bat ondokoa helarazteko: “Animo jende, jo beste ostiko bat, sortu beste espazio bat”. Okupazioak gehitu egiten baitu soilik, ez du deus kentzen. Okupek inoiz ez dute kaleratuko inor, gertaezina da hori. Okupak gaiztoak direla dioten horiek dira jendea etxe kaleratzen dutenak: EAJ, Polizia, banketxeak, hirian egiten dituzten makro-ekimenak…
Desalojoak ixten du liburuko historiaren kontakizuna, baina diozu historia ez dela hor bukatu.
Egia da min asko eragin zuela husteak, dolua oso handia izan zela, eta jende askok alde egin zuen edo beste gauza batzuetara jarri zen. Dena dela, ikusten dut Izar Beltzeko jendea hor zehar. Izar Beltzeko hazia tokiz mugitu da, ez da desagertu.
Egungo herri mugimenduaren ehunean Izar Beltzen eragina dago, alegia.
Bai, eta gainera ikusten dut jende asko politizatu zela bertan. Horrek isla dauka atzetik etorri diren proiektuetan. AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldea edo Langile Autodefentsa Sarea azkenaldian sortutako talde potenteenetarikoak direla iruditzen zait, eta hor ere ikusten dut Izar Beltz hein batean.
Izar Beltz hustu aurretik idazten hasitako lana da. Zer suposatu zuen desalojo hark?
Desalojoarekin agerian geratu zen Izar Beltzek zeukan babesa; Euskal Herritik bakarrik ez, Espainiako Estatutik eta Europatik ere heldu ziren oso indartsuak ziren mezuak. Bilboko kolektibo askok elkarri besotik heldu eta protesta burutu zuten, eta hori urteetan egindako lanaren eta harremanen emaitza polita izan zen. Indar asko zeukan Izar Beltzek. Bestalde han entseatzen genuen taldeen materiala lokalean gatibu geratu zen –ateneoko beste material guztia bezala– eta denboraldi batez lagunek uzten zizkiguten instrumentuekin aritu ginen entseatzen eta kontzertuak ematen.
Eta maila pertsonalean?
Pertsonalki, amorrua eragin zidan. Hustearekin ohartzen zara okupatzearen garrantziaz, halako proiektuen bueltan sortzen den kulturaren balioaz. Niri –eta ziurrenik gehienoi–, han izandako hizketaldiek, entzundako hitzaldiek, eragin didate klik moduko bat nire baitan; eman digute beste ikuspuntu bat, ahalbidetu diguna agian kritikoagoak izatea, inguratzen gaituenarekin eta geure buruekin. Pertsonalki, pila bat eskertzen dut hori, nire burua askoz gehiago ireki izana. Oso eskertuta nago eraikitako harremanak eman digunaz, elkarrengandik asko ikasi baitugu. Nola ez diet liburu hau oparituko, niretzako ikaragarria izan bada!
Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.
PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024
--------------------------------------------------
Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]
Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.
------------------------------------------------------
Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]
Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023
-------------------------------------------------
Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]
Lanartea elkarteak Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta argitaratu berri du. Inkesta bete dutenen %40k du jarduera artistikoa lanbide. Batez beste, hilean, 1.027,5 euro irabazi zituzten 2023an. Inkestatuen %33,8k erantzun du azken urtebetean jarduera uztea pentsatu... [+]
Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.
-------------------------------------------------
Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]
TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an
-----------------------------------------
Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]
Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]
Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]
Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024
----------------------------------------------
Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]
Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.
-----------------------------------------------
Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]
2025eko martxoaren 10etik 30era Loraldia Festibalaren 11. edizioa ospatuko du Loraldiak, Trikua esnatu da lemapean. Programazio artistikoak proposamen anitzak eskainiko ditu Bilbon, diziplina ezberdinak uztartuko dira eta 100 sortzailetik gora bilduko ditu. Loraldiak jada... [+]
Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]