“Ahots bakoitza norberarena da soilik, eta oso egiazkoa da”

  • Uhartetik (Nafarroa) Usurbilera etorri da Peru Galbete (1987, Usurbil), gabonetako baimen bereziak probestuta. Bere txikitako etxean elkartu gara, han bizi ez den arren, bertan grabatu baitu Nor zara zu? disko-liburuaren zati bat. Artista bisuala eta esperimentala, zarata asko egin gabe asko esateko gai dena. Ez da irrati eta sare sozialetako trending-a izan Mukuru Kolektiboarekin 2020an kaleratutako lan zoragarri hau. Autogestioak ez du oihartzun gehiegi lortzen, badakigu. Edozein kasutan, pandemia-urteko euskal disko hoberenetarikoa kaleratu du usurbildarrak: melodia suabe, jostari, argitsu eta bareekin osatuz letra sarkor eta gogoetaz betetakoak. Isolamenduaren eta menpekotasunaren urteari aurre egiteko edertasun dosia. Nor garen gogoetatzen lagunduko diguna.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Konfinamenduari aurre egiteko moduko diskoa kaleratu zenuen iaz. Nolatan?

Boliviatik itzultzean, duela hiru urte luze, hasi nintzen diskoan pentsatzen. Beti nabil kantuetarako ideiak grabatzen eta gordetzen, denbora ematea gustatzen zait jakiteko ea zenbat aldatzen diren. Konfinamendu aurretik jada banituen kantu batzuk grabatuak nire gurasoen bajera honetan, eta konfinamendua amaitutakoan kaleratzea erabaki nuen. Gogo handiz harrapatu ninduen, eta horri esker zentzua eman nion [Diskoko seigarren kanturako pandemiari buruzko asper-solasa “lapurtu” zien Galbetek bizilagun batzuei, 2020 madarikatuan kokatzeko baliatuz lana].

Disko-liburua da, eta hor dituzu marrazki mordoa hainbat Peru posible erakusten-edo. Galdera ikurretik harridura ikurrera igarotzen da une batean: nor zara zu! Aldarrikapen beharra al da?

Egia da nahiz eta metaforak erabili eta denontzat baliagarriak diren gogoetak egin, kantuek beti dutela autobiografikotik, nire esperientziaz ari naiz eta. Kasu honetan izenburua ondoren etorri da, denboran zehar garatutako kantuei bateratasuna ematean. Edozein kasutan, denok egiten dugun edo egin beharko genukeen galdera transzendentala da “nor zara?”, eta erantzuna aldatuz doa.

Gai sakonak ohikotasunekin nahasten dituzu hitzetan, “noizean behin solariumera” joaten den jendearen kontuekin adibidez.

Badut alde ilun moduko bat, eta horra jotzeko ohitura daukat. Oraingoan musikarekin bereziki saiatu naiz aldentzen hortik, beste bizi bat ematen.

Disko alaia da nire ustez.

Nire iritziz ere bai, baina uste dut saiatu naizelako izan dela hala. Esfortzua egin dut alaia izan dadin.

Alaitasuna dantzalekuen musikarekin lotu ohi dugu. Bonboak, baxu erritmikoak eta abar. Baina kasu honetan instrumentazio oso sotila erabili duzu, txarangoaren gisakoak adibidez. Alaitasun lasai moduko bat.

Bai, oreka hori aurkitzen saiatu naiz argia emateko. Izan ere hitzak bakarrik hartuz gero beste tonu bat dauka lanak. Instrumentuen aukeraketarekin lasaitasun eta dizdira hori bilatzen saiatu naiz.

Musikaz gain, liburuan marrazki eta poema laburrak gehitu dituzu.

Niretzat disko bat egitea daukadan guztiari bide emateko aitzakia da, eta horrela otu zitzaidan. Duela pare bat urte hasi nintzen marrazkitxoak egiten eta hortik nituen. Gaur egun asko entzuten da digitalki, eta erosteko orduan nik behintzat eskertzen dut zerbait gehiago egotea, ez plastikozko CD bat eta listo. Horri garrantzia eman nahi izan diot, eta nik neuk diseinatu dut liburua bera.

Marrazkiak eta letrak irekiak dira hala ere, norberak eman nahi dien zentzua dute, eta hori da garrantzitsuena.

Edozein kasutan osotasuna duen obra da.

Bai, egia da pieza solteak ziren arren gero josten ibili naizela; lan handiegia hartu dudala uste dut. Errazagoa litzake single bidez egitea, baina asko gustatu zait lan hau.

Osotasun horrek zein zentzu du zuretzat?

Egiten dudan lanarekin gustura geratzea da nire asmoa. Osotasun horrek konfiantza ematen dit. Ez dut pentsatzen zenbat iraungo duen edo zenbatengana iritsiko den, behin kaleratuta ni beste zerbaitetan jartzen naizelako. Artistari gustatu behar zaio egiten duena.

"Oso garrantzitsua da niretzat musikaren barruan aldatzen joatea. Hori merkatuaren kontrako zerbait da, gustukoa errepikatzeko joera baitago".

Baina artistak bilatzen du beste zerbait ere.

Bai, baina lehenik norberarekiko. Nik musika bizi dut gizarte honetatik gustatzen ez zaizkidan gauza askotatik alde egiteko bide gisa. Alde egiteko edo beste gauza batzuk sortzeko. Eta hortik abiatuta badago kritika asko, auto-kritika asko. Nik neuk behar pertsonal batetik bizi eta egiten dut musika; hor uzten dituzu zure melodiak, zure metaforak, eta beste norbaitentzat baliagarriak badira primeran. Ez nuke esango musikak mundua aldatu dezakeenik, baina norbera bai, eta hortik hasten da.
Bakarrik egin duzu lan hau, baina ez zaude bakarrik. Mukuruko lagunekin kaleratu duzu.
Musika batzuetan oso bakartia izan daiteke, baina ez du zertan hala izan behar. Nahiko bakarrik bizi gara eta horregatik laguntasunezko harreman batzuetatik tiraka sortu da. Lagunekin musika egitea geroz eta garrantzitsuagoa da. Zentzu gehiago ematen diozu egiten duzunari, norbait ondoan beste zerbait egiten ari bada.

Hatxerekin kantuan zabiltzanean “ahotsa bakarrik ateratzen” zaizula zenioen. Ahots inprobisazioa da jorratzen ari zaren beste bide bat.

Oso garrantzitsua da niretzat musikaren barruan aldatzen joatea. Hori merkatuaren kontrako zerbait da, gustukoa errepikatzeko joera baitago. Esperimentazioaren alorrak asko ematen dit niri, eta behar dut. Ahots esperimentazioekin Idoia Hatxe ezagutzean hasi nintzen, instrumentua albo batera uztean. Ahotsa oso primitiboa da, txikitatik duguna eta ez duguna asko lantzen, hitz egiteko ez bada. Galdera asko sortzen zaizkit hor, eta sakontzeko gogoa ematen didate. Hizkuntza baten fonetika, hitz zehatz batzuk gabe kantatzea, musikaren eta soinuaren abaniko zabal hori –garrasi batetik nota leun batetara–... hori lantzen gabiltza Uharten lagun batzuen artean.

Ahotsak eskala baten barruan infinitu nota eman ditzake, unibertso berriak zabaltzeko.

Musika da bukaerarik gabeko ate batzuk zabaltzea. Konturatzerako beste gela batean zaude, eta gero bestean... nik uste kantutik hasi nintzela hurbiltzen. Denok bezala, txikitan kantatzen nuen, eta gero, denok bezala, utzi nion kantatzeari edo marrazteari. Ondoren berrartu behar izan dut. Eta oso lagungarria da kantatzea pertsonentzat. Kantu terapiak eta gauza asko daude...

Geroz eta gehiago ari naiz ahotsean zentratzen, eta uste dut denontzat dela onuragarria. Ohituta gaude kontzertu guztiak berdin egitera, eta horrek nekatzen nau: denak kantu berdinak, iraupen berdina... publiko bezala ere asko eskertzen dut arriskatzea, gustatu edo ez. Azken finean arteak planteatzen duena ez da gustatu edo ez –nik horrela bizi dut behintzat–, baizik eta mugiaraztea.

Musika eta abestea baliabide aberatsegiak dira kantu batera mugatzeko... Zure kantuak nahiko biluzik daudenez, ahotsaren ñabardurak gehiago antzematen dira.

Azken finean ahots bakoitza norberarena da soilik, eta oso egiazkoa da. Instrumentuekin zailagoa da esan nahi duzuna esan ahal izatea... Baina asko daukat hausnartzeko gai honen gainean oraindik. Uharten, esperimentazio taldean, eremu ezberdinetako jendea batzen aritu gara, teknika eta artista ezberdinak esploratzeko, baina ez gara konkretuki inora iritsi.

Argazkia: Dani Blanco

Liburura itzuliz, Artzeren eragina nabaria da zure lanean.

Bai, egon behar du. Bere liburuak irakurtzeak txoratu egiten ninduen. Pentsatzen nuen “hementxe ondoan bizi da eta, Kalexarren”, eta han joan nintzen egun batean bere etxera, ezagutzera. Aitzakia bilatu nuen, eta berari buruzko dokumentala egin nahi nuela esan. Hiru edo lau aldiz proposatuko nion gerora, baina berak argi eta garbi ezetz. Ulertu nuen berak ez zuela ezaguna izan nahi, bere obra ezagutaraztea baizik. Esan daiteke edaten dudala entzun eta irakurtzen dudanetik, eta Artze asko irakurri dut, hortik ibiliko da.

Txakur Gorria taldearen Loraldirako proposamenaren harira, H-Artzetik ikuskizuna egin genuen [hilaren 24an egingo dute emanaldia Gasteizeko Oihanederren], eta hor ere gogotik heldu genion.

Zinemagilea ere bazara. Urak hondatutako diapositibekin egin zenuen lan bat ezta?

Uholde bat egon zen auzoan ni haurra nintzela, eta dena hondatu zuen. Gurasoen diapositiba kutxa ere izorratu egin zen. Urteak pasata kutxa hori aurkitu nuenean kuriositatea piztu zitzaidan. Oso eraldatuak zeuden eta banan-banan eskaneatzen hasi nintzen, 2.000 argazki inguru. Hori eginda bi proiektu posible ikusi nituen: diapositiba abstraktuena eta irudiak oraindik gordetzen zuten horri buruzkoa. Abstraktuenekin dokumentala egin nuen, eta Punto de Vista jaialdian aurkeztu zen. Auzokoekin egindako elkarrizketak eta irudi bitxi horiek nahasten zituen. Besteekin Uraren Oldea izena duen lana egin nuen, koloretako diapositibak eta musika uztartuz.

Emakume musikariei, emakume musikari izateagatik, beti galdetzen diete eszenaren parekidetasunaren inguruan. Eta gizonei ez, guk erantzukizunik ez bagenu bezala. Zure lanak egiterako orduan ikusi zaitugu beste rol batzuetan, emakumeekin elkarlanean.

Bai, oso garrantzitsua iruditzen zait gaiaren gainean hausnartzea, baina baita ikusaraztea egiten ari garena ere. Hor ikusten dira elkarbizitzan ateratzen diren arazoak, egunerokotasunean. Emakumeen artean kristoren lanketa egiten ari dira horren inguruan [“Elkarrekin egon ginen” jardunaldiak, adibidez], ari dira ateratzen musikari interesgarri asko hor.

Baina ea, ni elkarrizketa batean hori buruz ari naiz, eta oholtza batera igotzen naiz abestera. Botere posizio batetik ari naiz dagoeneko. Batzuetan planteatzen dut ea zer aportatzen dudan nik, ea leku hori nik bete beharko nukeen. Edozein kasutan, gaiari heltzerako orduan emakumeen ondoan egon behar gara, euren proiektuak sostengatzen eta behar denean laguntzen.

Plaza betetzeko modu ezberdinak ere badaude.

Kontziente izan behar gara oholtza batera igotzen garenean, ari garela eredu bat ematen. Izan lau katu edo ehun pertsona aurrean dituzunak, zuri begira daude. Kontzientzia hartu behar dugu gizonok, taula gainean ditugun portaerez. Esaten da estiloaren araberakoa dela, baina nire ustez pertsonalitateari lotuta dago eta landu egin behar du norberak, beste eredu batzuk garatu.

Taula gainean eta azpian.

Bai noski. Azken finean jakin behar dugu atzean egoten, batzuetan kostatzen den arren. Eta emakumeek proiektuen gidaritza hartzen dutenean albo batera jartzen, eta bultzatzen, eta laguntzen.

Zuzenean arituko dira taula gainean hiruko formatuan, Idoia Arizaleta gitarran, Santi Etxeberria kontrabaxuan eta Galbete ukelelean eta txarangoan. Gehiago ikusteko eta entzuteko: http://perugalbete.com/

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarren sendian. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin erraldoia izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Kaskezur disko berriarekin dator, bost urteren ondoren

Rock alternatiboa egiten duen laukote baztandarrak 2019an kaleratu zuen Ihesi doaz animaliak, eta pandemia heldu zenez geroztik isilik egon da. Orain arte. Seigarren lana izango du Deus (Usopop, 2024). Lehen singlea kaleratu dute, Egia, begira deiturikoa, eta azaroaren 11n... [+]


2024-10-24 | Xalba Ramirez
Zorroztu ezpatak!

Ezpatei Disdira!
Tatxers
Humo Internacional, 2024

-----------------------------------------

Pop melodia itsaskorren gerrillariak. Vietcong txikiak nola, bata bestearen atzetik, tranpekin edo tranparik gabe berriz harrapatzen gaituzte Tatxersekoek. Himnogintzaren maisuak,... [+]


Eguneraketa berriak daude