97 urte ditu. Espainiako gerra zibila baino lehen, Agirre lehendakariaren mitina Bermeon. Gero, gerra. Suzko bonbak eta mortero eta metraileta hotsa. Erbesteratzea. Donibane Garaziko gotorlekuko gerrako haurren egonaldia. Itzulera. Propaganda garraioa Donibane Lohizunetik Bilbora. Jende garraioa Beratik Larrunera. Durangotik Galdakaora bitarteko margotzea. Abertzale gogorra Elezkano.
Herriko Ariz auzoan ezagutu zituen gerra eta erbesteratzea. Gerrako haur nagusietakoa izan zen, eta, gero, erresistentziako kide. Gazterik ekin zion hormak margotzeari, eta laster ehizatu zuten EAJren erresistentzia ekintzen buru Mikel Isasi eta Joseba Rezolak. 1964an, inoizko margotzerik handiena egin zuen, hiru kiderekin batera, Durangon hasi eta Galdakaoraino. Harrapatu zituzten, baina ez zuten haien sua apaldu. Abertzale gogor jardun du beti Elezkanok.
“Lehengo aldean, orain gara gu / abertzale txit epelak”, dio Joxe Austin Arrietaren koplak…
Bada, lehengo horietakoa nauzu ni! Kar, kar… Eta ni baino lehenagoko abertzale gogorretakoa, gure aita zena, Mateo Elezkano Bilbao. Euzko Langileen Alkartasuneko presidente izan zen Basaurin. Okina zen lanbidez, Ariz auzoan. Ama Bengoetxen jaio zen, Galdakaon. Dionisia Ibarretxe Etxebarria zuen izena. Gure gurasoek euskaraz egiten zioten batak besteari, eta guk ere ikasi genuen. Bateko eta besteko, nik bidean galdu nuen euskara, baina nire arrebek ez, haiek euskaraz egin izan zuten hazi eta gero ere. Mutikotan, aitak Jose Antonio Agirreren mitin batera eraman ninduen Bermeora, eta akordatzen naiz hartan txalo zarta ikaragarriak jo zizkiotela Agirreri.
13 urte zenituen gerra sartu zenean.
Kaos hutsa izan zen hura! Jendearen gosea eta! Gu dotore, hala ere, ortu handi bat geneukan-eta, eta nahiko aza, letxuga, tomate, piper eta leka eduki genuen. Oiloak ere bageneuzkan, eta, hortaz, arrautzak ere bai. Behar izanez gero, oiloren bat akabatzen zuen amak, eta lapikora! Eta oiloa ez zenean, untxia! Bestalde, aita okina zenez, ogirik eta irinik ez zen gurean sekula falta izan. Tira, batzuetan falta izaten zen, amari ogi eske etortzen zitzaizkiolako auzoak, eta, Dionisia defuntua ezin eskuzabalagoa zenez, dena banatzen zuelako. Behin baino gehiagotan batere ogirik gabe etsi behar izan genuen etxean. Orduan, dena den, amak, hartu irina eta taloa egiten zuen, guk gosea hiltzeko.
1936, Espainiako gerra Basaurin.
Akordatzen naiz babesleku bat egin zutela Arizko zubipean, baina ez aita ez ni sartu ginen inoiz hara: gu ortuan beti, lanean. Suzko bonbak ere bota izan zituzten inoiz, ondoko ortuetan erortzen ziren bonbak, baina gu geure ortuan! Egun batean, aita eta biok Arizko okindegian geundela, irin zakuen artean lanean orduan ere, gudarietako kapitain bat azaldu zen, esanez Arizko zubia lehertzera zihoazela, nazionalak Urbira heltzen ari zirela. Eta Urbi eta hurrena, Ariz zegoen. Handik lekutu behar ginela, gudarietako kapitainak. Orduan, okindegian lan egiten zuen Ojenbarrena izeneko batek, orroka: “Baina nik Urbin daukat familia dena!”. Eta kapitainak: “Bada, oraintxe da garaia. Hemendik irten nahi dena, irten dadila oraintxe bertan”. Izututa geunden denok, hegazkinen eta metraileten zarata ikagarria zen, arratsaldeko seiak-edo izango ziren, eguzkitan gal-gal ginen. Ojenbarrena ez zen zirristi-zarrasta ibili, familiaren ondora joango zela erabakita zegoen. Harekin batera irten ginen gu, gurasoak eta bost anai-arrebok! Hura zen tiro eta mortero zaparrada! Eta hango hegazkinen zarata, lur arrasean!
Nora ihes egin zenuten?
Ahal zen urrunena, nazionalak ez zeuden alderdira. Lehenengo, Arrigorriagara, handik Bilbora, Portugaleteko zubi esekiaren geltokira hurrena… Bi gau egin genituen Portugaleteko zubian, batere irten gabe, ahal zena janez. Aitak esan zuen arte: “Hau ez da atarramendua! Irten hemendik, eta segi Santander aldera. Albait lehen joango naiz zuen atzetik”. Abiatu ginen eta, kaminoan, kamioi bat gelditu zitzaigun. Eibarko sozialistak ziren, Arizen okindegi ondoan kanpatuta egondakoak, eta ezagutu egin gintuzten. Laredoraino eraman gintuzten, komentu batera-edo. Euskaldunez beteta zegoen! Hamabost edo hogei egun egon ginen han, aitaren berririk batere gabe.
Ebakuatu zintuzteten arte.
Euzko Jaurlaritzaren ordezkariak etorri ziren eta horixe esan ziguten, ebakuatu egingo gintuztela. Baina gu sei ginen, ama eta bost anai-arrebak, eta ezin gintuztela denok batera eraman esan ziguten. Horrela, hiru anaiok alde batetik, eta ama gure bi arrebekin, bestetik. Gu Santanderreko portura eraman gintuzten, Molton ingeles ikatzontzian sartu eta Bordelera! Erbestera gindoazen! Familiak, emakumeak, haurrak zihoazen han. Itsaso zabalean Cervera espainiar gerraontziak geldiarazi gintuen. Hura izua! Cerverako batzuk gure ontzira etorri, barkua arakatu, eta libre joaten utzi ziguten. Akordatzen naiz Bordelen jaitsi ginenean gazta, txokolatea… eman zizkigutela jaten. Hura gosea! Handik, Donibane Garaziko gotorlekura eraman gintuzten.
Gerrako haurrak izan zineten...
Bai. Gauez heldu ginen Garazira. Jaurlaritzak prest zeukan dena. Biluzarazi gintuzten, garbitu, eta bestelako janzteko batzuk eman zizkiguten. Eta adinaren arabera banatu gintuzten. Ni, handienekin jarri ninduten. Pelaio Bernedo izan nuen han irakasle, edo arduradun. Ondarrutarra zen, Sabino [Arana Goiri] bera baino abertzaleagoa. Nire anaiak, han, Karmen Zunzunegik begiratu zituen. Bizente Amezaga zen zuzendari. Haren anaia Modesto ere hantxe zegoen, irakasle. Eta Diego Eraso, nafarra, oso irakasle ona. Eta Fortunato Goizueta abadea ere bai, Begoñako parroko izandakoa. Oso ondo zaindu gintuzten. Lekeitioko eta Bermeoko etxekoandre eta sukaldariak bikainak ziren. Goxo jaten genuen, eta halaxe gizendu ginen denok! Kar, kar… Beste zera bat ere bai: alde batera, euskaldunak jarri gintuzten; bestera, erdaldunak.
Noiz arte izan zineten Donibane Garaziko gotorlekuan?
Nik ez nituen bi urte ere egin han. Nire anaiek, bi eta koska. Amak zortziren bat hilabete egin zituen Akizen, gure arrebekin. Zera ere jakin genuen, alegia, gure aita Karrantzara heldu eta gero, Basaurira itzuli zela, eta, han, harrapatu eta kartzelara sartu zutela, Euzko Langileetakoa izan zelako. “Ardura politikoak” leporatu zioten. Ez zuen zuloan luze jo, zenbait herritarrek gure aitaren alde fede eman zutelako; herriko parroko Zesareo Urgoitik, besteak beste. Hala ere, 10.000 pezetako isuna jaso zuen. Okina zen Arizen, ez zuten garai bateko okindegian hartu nahi izan, baina bai beste batean Galdakaon, Rikardo Goiarrolarenean, eta, gero, Basauriko Pozokoetxe kaleko La Basconian, Fernández eta Goikuriaren okindegian.
1939an, gerra amaitzean, Francoren gobernua gerrako haurrak itzularazten saiatu zen.
Gure aita gu erreklamatzera behartu zuten, eta gure ama eta gure arrebak Basaurira itzuli ziren. Guk, hiru anaiok Garazin, ezetz, ez ginela itzuliko erabaki genuen. Hala ere, ikasketa handiagoak egiteko aukeratu ninduten beste zenbait kiderekin batera, eta Ziburura joanarazi zidaten, Anchochuri ostatura. Ikastetxe bihurtua zuten eta hantxe izan ginen, Basaurira itzuli ginen arte. 15 urte nituen, ez nuen gehiago ikasteko asmorik, eta lanean hasi nintzen, Firestonen, soldadutzara joan arte. Itzuli nintzenean, garai bateko lagunekin bat egin, eta saltsan sartu ginen.
Zein saltsatan? Zer esan nahi duzu?
Euzko Gaztetxukoak izanak ginela gerra aurrean, abertzale peto-peto ziren jendea ere ezagutzen genuela, mendira joaten hasi ginela eta, horrela, inork agindu gabe, hormak margotzeari lotu gintzaizkiola. Batean, Gora Euzkadi Azkatuta ipiniko genuen. Bestean, JEL. Hamaika horrelako! Eta, badiotsut, inork agindu gabe, geure gogo, ilusio eta amorruz. Hurrena, lagun egin ginen alderdiko jendearekin. Esate baterako, Andoni Sopelanaren lagun egin ginen. Basauriko Artagan mendizale klubaren presidente zen Andoni, eta abertzale gogorra! Ikusi gintuen, batzuk hobetsi zituen, eta Ezpeletara eraman gintuen, txangoan. Han, Bilbao izeneko, edo ezizeneko batek, aberriaz hitz egin zigun, Euskadiren alde borrokatu behar genuela esanez.
Hautatuetakoa izan zinen, hortaz.
Bai, nonbait. Luis Mari Alvarez, Juan Astigarraga, Jose Luis Perez Iriarte… Zenbaitzuk. Hala ere, itzuli ginenean, Andonik esan zidana: “Ez dago alderdia zeuk beste sentitzen duenik. Beste lagun bat aurkeztuko dizut, eta hark isilpean egitekorik aginduko dizu”. Luki Artetxe zen, EAJren burukideetakoa. “Oraingoz, ezta zirkinik ere. Jakinaraziko dizugu garaia heltzen denean”, esan zidan Lukik. Esan eta egin. Handik hilabetera, Ziburura joanarazi zidan, Mikel Isasirengana. Beste burukide bat! Mikelek [Isasi] Donibane Lohizunera eraman ninduen, Joseba Rezolaren etxera. Alderdiaren presidenteordea! “Zure egitekoa guztiz da isilpekoa, sekretua. Inork ez du jakin behar, ezta zure familiak ere”. Zer izango nire egiteko hura, eta ‘paperak’ Bilbora ekartzea.
Propaganda.
Dokumentuak, nonbait ere. Isilpeko agiriak. Baina nik ez nekien. Jaso behar zena jaso, Bilbora ekarri, eta beste batek jasotzen zizkidan, nire tailerrera etorrita. Goizean goizago irteten nintzen Bilbotik Donibanera [Lohizune], eta atzera Bilbon nintzen eguerdia orduko. Karpeta batzuk ematen zizkidaten, bizkarrean jartzen nituen, eta etortzen nintzen. Inoiz ez nuen pentsatu ere egin material hura autoan ezkutatzea. Bazitekeen niri autoa zelatatzea eta material sekretu hura harrapatzea. Karpetak ekartzen hasi nintzen eta, hurrena, jendea beste aldera igarotzen ibili nintzen.
Jendea Ipar Euskal Herrira eramaten ere jardun zenuen?
Bai, bada! Bilboko Artagan mendizale klubekoa nintzen, etxeko ezkaratza bezain ondo ezagutzen nuen mendialde hura! Berara joaten nintzen, eta handik, batera eta bestera laguntzen nion jendeari. Jende asko ibili nuen. Etxean inork ez zuen ezer jakin behar, eta ez zekiten, baina susmo galanta zuten! Inoiz, esan izan nien: “Txango txiki bat egin behar dugu domekan Donibane Lohizunera”. Eta joaten ginen, eta, han: “Zera, adiskide bat agurtzera noa, baina laster naiz zuekin berriz ere”. Hartu behar nuen materiala hartu, familiarekin beste pixka batean ibili han, eta etxera. Hala ere, kontu handiz ibiltzen nintzen. Inork ez zuen ezer jakin behar.
Kontu handiz ibiliagatik ere, noizbait harrapatu zintuzteten.
Bai. Egun batean, Mikel Isasik: “Egiteko bat dugu zuretzat. Joseba Rezolak eta biok gauza aztertu dugu, eta ez dakigu egiteko modurik izango duzun”. Propaganda ekintza handi bat egin nahi zuten, Durangotik Galdakaoraino. Gu zenbait margotze eginda geunden, baina egin nahi zutena lan handia zen. Gu lau lagun ginen, Jose Antonio Isasi, Juan Astigarraga, Sagardui eta laurok. Haiei galdetu, eta baietz, egingo genuela. Jakinarazi ziguten poliziak goizeko ordu bietatik hiruretara egiten zuela zaintza erronda, eta haiek igaro baino lehen egingo genuela erabaki genuen. Hala ere, Isasik eta Rezolak agindu zidaten margotzeko eguna: irailak 20 [1964].
Nola gauzatu zenuten ekintza hura? Durangotik Galdakaora bada hormarik asko.
Nik baino hobeto ezin jakin zuk! Kar, kar... Gauerdian, Iurretan genuen hitzordua. Elkartu orduko hasi ginen han eta hemen margotzen. Hura lixiba! Nik ez nuen ezer margotu, ni beti autoan: lagunak jaisten ziren, margotzen zuten, sartzen ziren berriz ere autoan, eta aire! Nire anaia txikiak tailer bat zuen Zornotzan, fatxada margotu berria. Erruki gabe margotu genuen hura ere, baina geure erara! Kar, kar... Anaiak ez zekien ni saltsan sartuta nengoela. Arrakasta itzela! Gudari aldizkarian ere atera zuten. Handik hamar egunera, ordea, bila etorri zitzaidan guardia zibila. Eta La Salveko kuartelera. Nik, lehenengo, ezer ez nekiela. Gero, Juan Astigarraga atxilotuta zeukatela jakin nuenean, egia aitortu nien, neu nintzela arduraduna, eta uzteko nire kideak bakean. Alferrik, jakina. Gaitz erdi, ez zuten [Jose Antonio] Isasi harrapatu.
Nola jakin zuten zuek izan zinetela?
Txorakeria bat, txorakeria handi bat! Jendeak ez zuen margotzeaz baizik hitz egiten Basaurin eta denean. Hasteko, Basauriko tabernetan huraxe izan zen berriketa gaia: guk egindako margotze handi hura. Eta, itxura dagoenez, Bizkargi tabernan, gure kuadrilaren taberna kuttunetakoan, behar baino gehiago hitz egin zuen gure lagunetako batek. Eta hortik etorri zen okerra. Erraz hitz egiten da tabernan, errazegi, eta zulora sartu gintuzten. Larrinagako kartzelan eduki ninduten! Hura txerrikorta! Gero, Basaurikoan, baina ez luzaro, abokatuak lan handia egin zuen eta. Dena dela, jira eta buelta, 1969 arte ez zuten nire kasua itxi. Bitartean, jira eta buelta ibili ninduen poliziak...
* * * * *
KARTZELA ZIGORRA
“1965ean, Ordena Publikoko Auzitegira eraman gintuzten hiru atxilotuok, margotzeengatik. Nire abokatu Jaime Miralles harrigarri mintzatu zen: gure borrokaz, antifrankismoaz, gure eskubide historikoez. Nire absoluzioa eskatu zuen, ekintza hura haurkeria hutsa izan zela argudiatuz, epaiketa hura fartsa hutsa zela esanez… Ni, harri eta zur, asto beltzarenak eta bi esan zizkion-eta auzitegiari, eta besteak isilik! Azkenean, urtebeteko kartzela zigorra eta hamabost mila pezetako isuna ezarri zidaten. Lagunak, libre”.
G.E.A.
“1967ko Aberri Eguna Iruñean izan zen. Igandea baino lehen, ostiralean goizean goizago Bilbotik irten eta Herniora joan ginen. Tontorrera umore onean igo, “Gora Euskadi!”-ka eta beste, mendizale txartela buzoian sartu eta beherantz. Eta han non azaltzen zaizkigun guardia zibil batzuk, ea zertan genbiltzan, orroka. Gu, Hernio tontorretik gentozela. Galdera eta galdera, hantxe eduki gintuzten, haietako bi tontorrera igo, buzoian begiratu eta gure txartelak hartu artean. Guk txartelean G.E.A. jartzeko ohitura genuen, Gora Euskadi Askatuta”, alegia, baina guardia zibilek galdetu zigutenean, “Grupo Espeleólogo Alpino” esan nahi zuela esan genien. Eta haiek sinetsi!”.
ETA-KOAK
”1969an, kaleko borroka bor-bor zegoen, lehergaiak, molotov koktelak... ETAko gazte bizargabe asko harrapatu zituen poliziak. Fragak salbuespen egoera ezarri zuen Euskadin. Ni, berriz, kartzelara, margotzeen zigorra betetzera. Basaurira sartu eta Txomin Ziluagak hartu ninduen. Laster, ETAko buruzagiak aurkeztu zizkidan: Edu Uriarte, Mario Onaindia, Xabier Larena, Andoni Arrizabalaga… Diziplina handikoak ziren: gimnasia, euskara eskolak, ikasketak, politika eztabaidak...”.
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.
Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]
88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.
CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]
Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]
Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]