Arkaitz Zarraga UEUko Glotodidaktika sailburuak eta Ane Ortega Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasleak ondo ezagutzen dute Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntzaren berreskuratze prozesua, beraiek ere parte hartzen ari baitira bide horretan. Hizkuntza zertan den eta hizkuntza kooperazioari dagokion esperientziaz jardun zuten biek Hitz Adina Mintzo zikloan, abenduaren 14an, Gasteizen eskainitako hitzaldian.
Kolonbian, jatorrizko 65 hizkuntza dira bizirik. Nasa yuwe da horietarik bat. Herrialdearen hego-mendebaldeko Cauca departamenduan bizi dira, Andeetan. 400.000 ei dira, eta horietarik 140.000 dira nasa yuwe erabiltzaile, hots, %35. Zarraga eta Ortega irakasleek Tuunsiwxu-Toribio herrian gauzatu dute beren esperientzia, 32.000 laguneko herrian, non %30 nasa yuwe hiztun baita. Zarragak eta Ortegak diotenez, iragan mendearen amaieran atzerapen gorrian zen nasa yuwe: “Eskolak ez zuen ezagutza bermatzen, nasa yuwe ez zegoen bizitzaren arlo eta funtzio gehienetan. Hizkuntzaren prestigioa txikia zen, hiztunek ez zuten beren hizkuntzan hitz egiteko harrotasunik, transmisioa eteten hasita edo oso aurreratuta zegoen, herrietan ez zen entzuten, hizkuntza paisaian ez zen ageri –espainolez zegoen dena–, eta espainola zen nagusi indigenen gune eta ekitaldietan ere”. Eta, nonbait ere, hizkuntza berreskuratzeko nahia, duin bizitzeko gogotik sortu zen.
Caucako Lurralde Kontseilu Indigenak –Nasa herriarekin batera beste zenbait herri ere biltzen dituena– helburutzat hartu zuen lurrak berreskuratzea, indigenen bizi baldintzak duintzea. Horietarik barna heldu zen Iparreko Kabildo Indigenen Elkartea “Nasa Yuweren haria” sortzera, hau da, hezkuntza lantzera, eta hortik, hizkuntzari eta kulturari dagozkion helburuak gogoan hartzera, Haur eta Lehen Hezkuntzan nasa yuwez murgiltze eredua ezartzera, nasen mundu ikuskeran errotuta. “Eskola horiek ugaltzen ari dira, eta bestelako eskola ereduetan ere nasa yuwe hizkuntzak gero eta presentzia handiagoa izan dezan urratsak egiten ari dira”, Zarraga eta Ortegaren hitzetan. Horrek azalera ekarri ditu hutsune eta beharrizanak: ikas-materialak, irakasleen prestakuntza, kultur ekoizpenak… Eta hortixe etorri da, zuzen, euskaldunen eta nasen arteko kolaborazioa, Garabide erakundearen bitartez bideratua.
Hizkuntzaren biziberritze prozesuari bultzada sendoa ematea izan da bi herrien artean gauzatu den kooperazioaren ardatza. Erabakia, dena den, nasena izan zen. “Nasa Yuweren haria”-ren baitan, 2011. urtean 40 sustatzaile izendatu zituzten, hizkuntza eragile, alegia. Horietako batek Garabidek antolatu ohi duen Aditu ikastaroan parte hartu zuen eta harrezkero sortu zen elkarlana eta horrelaxe heldu ziren Nasa herriaren autoritate politiko eta espiritualak hizkuntza biziberritzeko plangintzaz hausnartzera eta zenbait urrats, tresna eta baliabide bideratzera.
Hasteko, zenbait lan-ildo identifikatu zituzten: plangintza, murgiltze eskolak, helduen irakaskuntza, kultur ekoizpena, hedabideak, corpusa, eta itzulpengintza. Berariazko taldeak osaturik landu zituzten ildook nasa sustatzaileek eta Euskal Herriko kideek. 2018an, beren ezagutza gainerako nasekin partekatzeko asmoz, 180 orduko ikastaroa antolatu zuten Tuunxiwxu-Toribion: Hizkuntza biziberritzeko estrategiak diplomatura, nasa komunitatean aplikatua. Arrakasta unibertsitateraino heldu zen, eta 2019an, Unibertsitate Autonomo Indigena Kulturartekoak ikastaroa eratu zuen, hizkuntza biziberritzeko prozesuak kudeatzeko prestakuntza eskainiz: ikasleek 23 irakasle nasa eta hamar euskaldun izan zituzten gidari. “Azken ikastaro horretan izugarri hazi zen nasa yuweren presentzia, hizkuntza paisaia nasa yuwez dago ia erabat, eta ia irakasle nasa guztiek beren hizkuntzan eman zuten ikastaroa”.
Bi irakasleok Caucan egiten duten lanak, dena den, helduen irakaskuntza eta alfabetatzea izan du xede nagusi, hizkuntzaren transmisioa bermatzeko ezinbestekotzat iritzirik, neska-mutikoen eskolekin batera, “hizkuntza erabiltzeko gai ez diren helduek ere gaitasun hori eskuratzea. Gainera, herritarrek bizi-bizi dute nasa yuwe ikasteko irrika”. Zenbait esperientzia gauzatuak zituzten, baina emaitza iaiorik gabekoak, inondik ere. Horretan, “helduen eskolen izaeraz eta helburuez hausnartzea izan zen gure lehen egitekoa”.
Helduen eskolak abiarazirik ere, ordea, nasek ez zuten nahi, bakarrik, hizkuntza irakasteko tokiak izan zitezen, ezpada nasa yuweren erabilera handitzeko eragileak izatea, oroz gain, haur eta gaztetxoen artean. Zarraga eta Ortegaren iritziz, bestalde, helduen eskolak oso aktiboak izan daitezke hizkuntzak arlo berrietan ere urratsak egin ditzan, dela corpusaren plangintzan, dela administrazioan, kiroletan, hedabideetan, merkataritzan eta beste. Gainera, “arlo horietan guztietan espainola izan da nagusi”, esan digute.
Helduen eskolak komunitatearen agente eta eragile gerta daitezen, hala ere, baitezpadakoa zitzaien egoeraren diagnostikoa zuzen egiten asmatzea eta horretarako hainbat faktore aztertzea. Zarragak eta Ortegak horietako lau aldagai izan zituzten langai: “Curriculum bateraturik ez zegoenez, curriculum egokia irudikatu eta garatzea helburutzat hartu genuen. Curriculumari buruzko hausnarketarekin batera, irakasleen prestakuntza eta material didaktikoak prestatzeko prozesua bateratu beharra ikusi genuen. Horretarako, funtsezkoa zen ikuspegi metodologiko egoki bat aukeratzea”. Komunikaziora bideratutako metodologiaren alde egin zuten. “Ikuspegi komunikatiboak proposatzen du ikasleak hizkuntza erabiltzera bultzatuz ikasiko dutela hizkuntza erabiltzen. Era berean, ikasketa-plana diseinatu behar da, eta irakasleak horretan trebatu, delako ikasketa-plana behar bezala garatzeko”.
2018-2019 ikasturtean burutuak zituzten unitate didaktiko guztiak. Urtea geroago, ikasleen eskuetan dago nasa yuwe ikasteko ikaslearen liburua: Kwe´sw yuwe´s piiywa´ Nyafx Fxidx. Liburuarekin batera irakaslearen liburua eta ikus-entzunezko materialak ere osatu eta argitaratu dituzte.
Zortzi bat urtez jardun dute Zarragak eta Ortegak Tuunxiwxu-Toribion. Urteotan, nasa yuweren irakaskuntza hobetu da, eta, hori ez ezik, hizkuntzarekiko harrotasuna eta hizkuntzaren ikusgarritasuna hazi dira. “Gaur egun, herriko edozein jai edo batzarretan nasa yuwez entzuten da. Hizkuntza paisaia ere izugarri emendatu da. Whatsapp bidez ere gero eta gehiago komunikatzen dira nasa yuwez, eta Facebooken ere ikaragarri handitu da presentzia. Ekitaldi garrantzitsu eta ospakizun askotan –trukearen merkatuan, besteak beste–, etengabe aritzen dira megafoniatik nasa yuwez, eta postuetako txarteletan ere hizkuntza horixe da nagusi. Eskola bakoitzak harrotasunez erakusten du nasa yuwez egindako lana...”. Prozesu luze baten emaitzak dira, inondik ere, eta bertatik bertara bizi izan dituzte Zarragak eta Ortegak: “Udako egonaldiez gain, hainbat mezu, taula, material eta bideo-bilera partekatu ditugu. Distantziaren eraginez, nasek aitzindaritza hartu behar izan dute, eta esperientzia eta trebetasunak metatu dituzte. Era berean, oso pozgarria izan da ikustea belaunaldi berriak egitasmo honetara batuz joan direla urte hauetan”. Eta, hala ere, lana ez da burutua: biziberritzen segitu behar, hizkuntza eskolan normalizatzen, esparru berrietan sartzen, hedabideetako leihoa zabaltzen, helduen eskola gehiago irekitzen...
Hizkuntzaren aldeko aktibistatzat aurkeztu dituzte bere buruak Casamachin Yulek eta Velasco Nuskwek, nasa herriko indigenak biak ere. Nasayuwea biziberritzeko taldean ari dira lanean, Kolonbian, Cauca eskualdeko Toribío udalerrian. 37.166 biztanle dira eta, horietan, %96... [+]
Urduri esnatu gara martxoaren 14ko goizean. Garabidetarrak Kolonbiako nasa lurraldeko Toribio herrian gara, nasekin batera. Ekuadorreko kichwa herriko 30 kidez osatutako komitiba bat Toribio bidean dago esnatu garenerako. Autobusean 18 orduko ibilbidea dute kichwek Toribioraino... [+]
Miller Correa ACIN-ÇWK elkarte indigenako kontseilaria zen. Asteartean identifikatu dute indigena nasek haren gorpua. Pertsona bat atxilotu dute hilketaren harira.
Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoak aztertuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunean Bolivian egingo dituzten topaketetan. Garabide elkartea eta Boliviako bost entitate dira antolatzaileak eta hamalau hizlari izango dira. Sarean zuzenean jarraitu ahal izango... [+]
“Hizkuntza indigenak. Ama Lurra zaintzen” du izenburu liburuak. Ipuinek, poemek, marrazkiek eta kontakizunek osatzen dute lana. Bi helburu ditu, batetik, kooperazio linguistikoak dituen balioak azaltzea, eta bestetik, herri indigenak gurera hurbiltzea.
Johana Acosta Kolonbiatik dator eta nasa indigena da. Cauca Iparraldeko emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen du, “baina, batez ere, Moises Acosta Zapata eta Ana Tulia Zapataren alaba naiz”, argitzen du Acostak. Egunotan, Mundubat Fundazioak luzatutako... [+]
Igandean beteko dira hiru urte Kolonbiako estatuak eta FARC gerrillak bake akordioa sinatu zutenetik. Mende erdi pasako gerra amaitzeko esperantzak goia jo zuen. Geroztik arrastaka egin du aurrera bake prozesuak, eta eskuin erradikala gobernura iritsi zenetik okerrera egin du... [+]