Tran To Nga: Vietnamen AEB-ek erabili arma kimikoei gerla deklaratua dien vietnamdarra

  • Urtarrilaren 25ean Paris ondoko Instantzia Handiko Auzitegira begira izanen dira milioika vietnamdar. Egun horretan hasiko da Vietnamgo gerlan AEBetako armadak erabilitako arma kimikoei buruzko auzia.  Hego Vietnamen agente laranja  izenez ezaguna den herbizida eta hosto-galtzaile pozoitsua hedatzen aritu ziren 1961 eta 1971 urteen artean, eta arma kimiko hau ekoizten aritutako multinazionalak dira auzipeturik. Hirurogei urte berantago, ekozidio honi buruzko egia, aitortza eta erreparazioa eskuratzeko esperantza dute kutsaturiko milioika vietnamdarrek. Tran To Nga vietnamdarrak jarri du salaketa.
     

Frantses nazionalitatea lorturik, nazioarteko entitateen kontra ere auzitegira jotzeko eskubidea du to ngak –kasu honetan AEB-etako multinazionalak–. Epaiketa historiko bat abiatuko da urtarrilaren 25ean, azkenean Vietnamgo gerlan burutu ekozidioari buruzko egia, aitortza eta erreparazioa lortzeko bidea irekiz

“80 urte ditut, eta argi da firma kimikoen abokatuek guztia egiten dutela prozeduraren abiadura moteltzeko; baina argi gelditu dadila azken hatsera arte borrokatuko naizela”. Tran To Nga vietnamdarraren hitzak dira, azkenean, urtarrilaren 25ean Parisen abiatuko den auzibideari buruzkoak. “Bizirik naizeno ez dut amore emanen” abisua emana zuen aspaldian, eta hortxe segitzen du 26 multinazionalei gerra deklaraturik. Leporatzen diena? 1955etik 1975ra iraun zuen Vietnamgo gerrarako arma kimikoak fabrikatu izana. AEBetako armada aritu zen dioxinaz osaturiko agente laranja izendaturiko erbizida eta hosto-galtzailea baso eta landa zabaletan hedatzen. Auzipetuen artean dira adibidez, Monsanto agroindustrial ezaguna eta Dow Chemical produktu kimiko ekoizle boteretsua. Milioika kutsatuen artean dugu To Nga bera.

2014an jarri zuen salaketa, baina multinazionalen jukutria eta botereari esker, behin eta berriz atzeratzen aritu da Paris inguruko Evryko Instantzia Handiko Auzitegia. Gertakizunetatik mende erdi pasa denez eta orduz geroztik gertaturiko multinazionalen arteko fusio zein eskuratzeei segi, pare bat gutxiago dira auziperatuen artean. William Bourdon du abokatuetako bat, defentsarako lana bideratzeko; besteak beste, Ruandako genozidioan eta Txileko Pinocheten diktaduran ardurak ukandakoen aurkako auzibideak defenditzen aritutakoa.

Ranch Hand izeneko operazioaren baitan, 1961etik 1971ra iraun zuen pozoitze masiboak eta sekulako kantitatea zabaltzen aritu ziren: 80 milioi litro herbizida eta hosto-galtzaile –NAS Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalaren zifra ofizialak dira–. Alta, André Bouny L’Agent Orange : Apocalypse Viêt Nam liburuaren egilearen arabera, askoz gehiagokoa litzateke: “Guztira 346,5 milioi litro agente kimiko isuri zituzten, kontutan hartzen bada behin baino gehiagotan pasa zirela gune beretatik eta 28 litro/hektareako dosia zela”. To Ngak argi du: “Historiako lehen ekozidioa da; desastre bat da”. Hego Vietnameko basoen %20 eta laborantzarako lurretako 400.000 hektarea zituzten kutsatu. Orotara, 3.851 herrixka eta bi eta bost milioi vietnamdar artean ziren zuzenean pozoituak izan (amerikar soldaduei, laostarrei eta kanbodiar biktimei buruzko daturik ez da).
AEBetako Armadaren bertsio ofizialaren arabera, Vietcong Hego Vietnamgo Askapenerako Nazio Fronteko kideak ezkutatzen ziren oihan eta landa eremuak garbitzeko erabili zituzten herbizida eta hosto-galtzaileak, baita amerikar armadaren kokalekuen inguruak garbi atxikitzeko ere, gisa horretan arerioen kokaguneak argiki ikusteko. Uztak suntsituz, gosetea zabaltzea ere zuten helburu, nahiz eta horrelakorik argiki ez aitortu.

To Nga bera baso horietan zen, 24 urterekin, Giai Phong prentsa-agentziarentzat kazetaritza lanetan ari. Kazetari eta militante, “herriaren askatasunaren alde”. Unibertsitateko diploma ukandako egunean bertan Hô Chi Minh deitu bideari lotu zen –iparretik hegora zihoan bidea, Vietcong-eko gudariek erabilia–. “Hego Vietnamgo Askapenerako Nazio Fronteko gudariak segitzen nituen; basoak zeharkatzen nituen, aintziretan ibilki nintzen, gune heze eta kutsatuetan bustiz”, Liberation komunikabideari kontatzen dionez.

Gogoratzen du nola gordelekutik hegazkin bat entzun zuen. Burua zulotik atera zuen zer pasatzen zen jakin asmoz: “Hegazkinak hodei zuri bat utzi zuen bere gibelean. Laster likido bisketsuz inguratua nintzen; eztulka ari nintzen, hatsa galdurik nintzen, ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan”. Gorputza garbitu eta bidea segituko zuen –landare, lur eta ur kutsatu pozoituetan–, barnetik ere zikinduta zela jakin gabe. Hortik bi urtera sortu zaitzaion Viêt Haï lehen umea, hamazazpi hilabetera zenduko zena, bihotzeko arazoengatik. Ondotik ukandako beste bi alabek ere dituzte bihotzeko eta hezurretako arazoak, baita hauen umeek ere. To Nga bezala, funtsean.

Gaur egun ere kutsaturik

Duela hirurogei urte buruturiko kutsadura oraindik presente dute Hego Vietnamen eta errealitate horrek egoera are gogorragoa eta jasanezinagoa bihurtzen du. Vietnamgo Gurutze Gorriaren arabera, 3-4 milioi dira oraindik kutsaturik eta Vietnam osoa da hunkia, viernamdarrek kontsumituriko jakietan (arraultze, haragi, barazki, arrain...) ere kausitzen delako dioxina.
“Dioxina horrek sistema immunologikoa erasotzen du, eta hainbat gaixotasun larri eta hainbat minbizi mota eragiten ditu. Horietako batzuek agente laranjaren eraginaren froga eztabaidaezinak ematen dituzte, hala nola, kloraknea (akne klorikoa) edo Hodgkinen gaixotasuna eta haren deklinazio ugariak”, L’Agent Orange: Apocalypse Viêt Nam liburuaren egilearen arabera. Funtsean, MOE Munduko Osasun Erakundeak berak “minbizi sortzaile” gisa identifikatzen du dioxina. Izan fauna ala flora, bertako bioaniztasunaren zati handi bat desagerturik dute ere. Horren adibide, banbuz eta “amerikar-belar” izena jarritako landarez estalitako lur pobreak. Egia, justizia eta erreparazioa nahi dute biktimek, ez gutxiago ez gehiago. Baina horrelakorik ez dute inoiz jaso. Nola ez, multinazionalek proposaturiko milioiak ez ditu onartu 80 urteko damak.

Gerla testuinguruko ekintzei dagokionez, AEBetako Estatu Federalak immunitate diplomatikoa ukanki, ezin honen kontra jo. Pozoia ekoizten arituriko multinazionalak dituzte beraz jomugan. 1984an, soldadu amerikar ohiek zuten salaketa jarri eta adostasun batera heldu ziren, Monsanto eta beste sei enpresekin, 180 milioi dolarren truke. 68.000 beteranoetatik 40.000k 246 eta 12.800 mila dolar artean jaso zituzten. “Agente laranjaren 4 milioi biktimen artean, soilik amerikar beteranoek jaso dute kalte-ordaina Monsantoren partetik. Zergatik ez dugu horrelakorik vietnamdarrok?” ohartarazten dabil To Nga. Hortik hogei urtera, 2004ko urtarrilaren 31n, kaltetu vietnamdarren elkarteak eraman zituen 11 multinazional AEBetako Justiziaren aitzinera, gizadiaren kontrako krimena eta eraso-krimenak leporaturik. Aldi oro segidarik gabe sailkatu zitzaien salaketa, azkenean, Auzitegi Gorenak behin betikoz baztertuz biktimen eskaera.

Pestizidioen arbasoa

Agentzia laranja gaur egungo pestizidioen arbasoa da. Nolazpait, arma kimiko honen ekoizten segitzen dugu, antzeko printzipioak segituz gure nekazaritzarako. Molekula berak erabiltzen ditugu, modu berean eta enpresa berek ekoiztuta”, dio Vietnam-Dioxine elkarteko bozeramaileak.

Hori horrela da, eta ederki dakite multinazional hauek. Are gehiago frogatua delarik, 1965ean jada bazekitela produktua “ikaragarri toxikoa” zela baina hori isilean atxikitzeko erabakia hartu zutela.  
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma kimikoak
Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Vietnamgo gerra ez da bukatu

1961etik 1971ra AEBek 67 milioi litro agente laranja bota zituzten Vietnamen 20.000 kilometro koadro baso eta 2.000 kilometro koadro labore lur suntsituz.


Poliziaren gas potoak, jendeak sakabanatzeko arma kimiko hutsak

Gerrarako debekatuak baina bake garaiko protestetan huskeria bezala erabiliak, gas negar-eragileek irudikatzen dituzte estatuen bortxa modernoaren kontraesanak. 1920ko hamarkadatik herritarren mobilizazioak zapuzteko prestatuak, gason erabilera fite ugaritu da azken urteotan... [+]


Monsantok eta AEBek Vietnam kiskalita mende erdira erosi egin dute

Vietnamgo ordezkaririk ez da izan Holandako Hagan nazioarteko herri auzitegian Monsanto epaitu duenean, urriaren 14tik 16ra. Gerra bukatu eta gero sortutako gurasoen haurrak gaixoarazten ditu korporazioak ekoiztutako Agente Laranja pozoiak, hegazkinek kutsatutako oihanak ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude