Gizonek dituzten pribilegioetakoak identifikatzen ikasi dugu ekimen feministei esker. Soldata arrakala badakigu zer den, orgasmo arrakala oraindik ezezaguna eta fribolo samarra egiten zaigu. Gogoeta hau zabaltzeko beharrari heldu dio Paola Damonti ikertzaile eta aktibistak.
Zientzia Politikoetan eta Nazioarteko Harremanetan lizentziatua da Milango Unibertsitatean. Norbanako, Familia eta Taldeekin Esku Hartze Sozialeko Masterreko ikasketak egin ditu NUPen, eta Generoan Aditu titulua du unibertsitate berean. Gizarte Esku-hartzean eta Ongizate Estatuan doktoretza lortu zuen Genero-indarkeria bikotean eta gizarte-bazterkeria. Desberdintasun-egituren arteko elkargunearen ondorioak izeneko tesiarekin.
Ikerketa lanak egin ditu hainbat erakundetarako, besteak beste NUPerako, eta orain EHUn hasi berria da beste ikerketa proiektu batean lanean.
Argitara eman berri du bere lehen liburua, La brecha orgásmica (Orgasmo arrakala), Katakrak Liburuak argitaletxearekin, abenduaren 29an aurkeztutakoa. Euskaldunberria eta hiztun bikaina.
Nolatan milandar bat Iruñean?
2007an Euskal Herrira etorri nintzen Erasmus beka batekin eta hemen gelditu nintzen. Nire asmoa zen Bartzelonara joatea, baina ez ninduten hartu. Iruñea nire bigarren aukera zen. Sanferminak zeudela eta zezenekin lotutako jai bat zela besterik ez nekien hiri honetaz, eta niri horrek ez zidan batere ilusiorik egiten, baina jendea ezagutu eta giroa gustatu zitzaidan. Hiri txiki, polit eta politizatua iruditu zitzaidan eta hori asko gustatzen zait.
Erasmusa bukatutakoan, lizentziatura urrutitik bukatu nuen Milango Unibertsitatean.
Genero ikasketetara nola iritsi zinen?
Euskara ikasten ari nintzela herri okupatu batean, Zazpen, barnetegi autogestionatu batean, lagun batek esan zidan doktoretza tesia egiteko bekak eskatzeko aukerak bazirela. Beka lortuta indarkeria matxista bikote barruan eta bazterketa soziala aztertu nituen. Geroztik ikerketak egiten ibili naiz talde eta proiektu desberdinetan eta baita nire kabuz ere, ikertzaile autonomo gisa. Hitzaldiak ematen ditut tarteka, niretzako jendearekin egoteko eta nire ikerketak zabaltzeko aukera bat delako.
Horietako bat, orgasmo arrakalari buruzkoa, zentsuratu zizun Iruñeko Udalak joan den urtarrilean. Honek mesederik egin dizu?
Bai. Justu Enrique Maya alkateak nahi ez zuena gertatu zen. Emakumeen Etxea zabaldu berrirako zerbait prestatzeko proposatu zidaten, baina hitzaldia eman baino bi egun lehenago berdintasun teknikariak deitu zidan esateko bertan behera gelditu behar zela, udalean ez zutelako egoki ikusten. Sinestezina iruditu zitzaidan. Badakit hemen zenbait gauza zentsuratzen direla, baina normalean ezker abertzalearekin lotutakoak. Gaia zabaldu zen eta horren ondorioz egun batzuk beranduago Katakraken egin genuen hitzaldira jende piloa hurbildu zen. Aretoa mukuru betea eta jende asko kanpoan, sartu ezinean. Horrela sortu zen ere liburua egiteko ideia. Jendearen erreakzioa oso positiboa izan zen eta, gainera, orain berriki Nafarroako Auzitegi Administratiboak arrazoia kendu dio Mayari. Esan dio Navarra Sumari erakundeak ez direla bereak agintean egon arren.
Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino. Zertaz hitz egiten duzu mintzaldi honetan?
Orgasmo arrakala paralelismo bat da soldata-arrakalaren kontzeptu askoz ezagunagoarekin.
Emakumeek, sistematikoki eta egitura-mailako arrazoiengatik, gizonek baino gutxiago kobratzen dugu lan-merkatuan, eta egitura-mailako arrazoi berberengatik, sexu-harremanetan orgasmo gutxiago, edo horiek izateko aukera gutxiago, izaten dugu gizonek baino.
Orgasmoen aldarrikapena ez da oso ohikoa…
Bai, hala da. Feminismoaz asko hitz egiten da, baina aldarrikapenen artean gehienetan gauza materialez aritzen gara: lan merkatuan dagoen desberdintasuna, soldata arrakala, emakumeen jardunaldi bikoitza… baina arlo sexuala guztiz baztertua gelditzen da. Bakarrik hitz egiten da sexuaz erasoei buruz ari garenean. Hauek, zalantzarik gabe, genero desberdintasun aferetan adierazpen bortitzenak dira, baina ez bakarrak.
Patriarkatuak eragin oso handia du sexu harremanetan eta emakumeen plazerera iristeko modua baldintzatzeraino iristen da sistematikoki. Milioika datuk erakusten dute orgasmo arrakala existitzen dela. Datuen arabera, sexua duten hamar emakumetik bik ia inoiz ez dute orgasmorik. Eta beste datu bat: lau emakumetik hiruk, %75ak, ez dute beti orgasmoa izaten haien sexu harremanetan. Gizonen kasuan %28koa da, 2017an Belgika eta Holandan egindako ikerketa zabal baten arabera. Esan genezake, egun emakumeek koito bitartez orgasmoak izateko probabilitateak eta Iruñean Bilduren boto-emaile izatekoak, berdinak direla.
Datuen aurrean orain arte nagusitu den ideia da orgasmoen falta emakumeen arazoa dela, baina nire tesia da arrazoiak baduela zerikusirik bizi garen egitura sozial eta patriarkalarekin eta ez kontu biologikoekin. Honen froga aurkitzen dugu, adibidez, AEBetan egin zuten ikerketa batean. Han galdetu zuten orgasmoez eta baita sexu orientazioaz ere, eta han garbi aski ikus zitekeen nola arrakala ikaragarria den heterosexualen artean, baina ia desagertu dela bereziki lesbianen artean. Zerbait gehiago dago hor. Ene ustez pertsonaren eraikuntzan bilatu behar da jatorria. Emakumeak beste batzuentzako izaki gisa eraikitzen dira, eta gizonak, aldiz, norberarentzako izaki gisa. Horrek azaltzen du emakumeek bestearen plazerari norberaren plazerari baino garrantzi handiagoa ematea. Eraikuntza arketipiko hori funtsezkoa da genero-sistema ulertzeko.
Egoera hori ulertzeko beste elementu garrantzitsua koitozentrismoa da. Ikerketa piloak esaten du gauza bera: emakume gehienek, %80k, ez dute orgasmorik koitoan eta, aldiz, sexuaz saltzen diguten irudia bada koitoarena eta koito horietan emakume guztiek badituztela orgasmoak. Saltzen ari garen mezua da praktika erregina koitoa dela eta beste guztiak “aurrekariak”. Beraz, emakume gehienek dituzten orgasmoak praktika periferikoak dira.
Hau soilik ulertzen ahal dugu hemen dugun androzentrismotik. Gizonen begirada erdigunean jartzea da hori, baina gizonek plazera eta orgasmoak sentitzeko duten modua ezin zaio gizarte osoari aplikatu.
Asaldagarria da batzuentzat orgasmoez hitz egitea?
Zalantzarik gabe. Eskuineko ideologia dutenen artean eta baita giro progresistetan ere. Giro progre hauetan orain askotan esaten da helburua ez dela koitoa lortzea, bidea baizik, eta orgasmoei hainbesteko garrantzirik ez zaiela eman behar. Diskurtso hau berez ez da okerra, baina ahaztu egiten du abiapuntuko errealitatea ez dela berdina. Ez diogu geure buruari galdetzen noren orgasmoak duen garrantzia eta argi dago baldintza berdinetan mundu guztiak nahiago duela orgasmoa izan. Plus bat da. Abiapuntuan berdintasuna dagoela itxurak egiten baditugu, aldaketa eragozten dugu. Kontuz, beraz: ez dezagun argumentario progre bat egin orgasmorik gabe gozatu ahal izateko.
Plazeraren kontuetan, beraz, ez gara gehiegi aurreratzen, ezta?
Ez gehiegi. Ziurrenik gure amonek eta birramonek baino plazer handiagoa dugun arren, egoera honek duela 80 edo 100 urte baino sufrimendu handiagoa eragiten du gaur egun, orduan, emakumeen plazera ez baitzegoen aurreikusita, besterik gabe. Gaur egun, gizarte konplexuago batean bizi gara, eta, oraindik ere, putaegia izateko estigmak badira, eta, aldi berean, “frigidoa” ez izan eta ohean sexu-bonba bat izan beharraren presioa. Arrakastaren gizartean bizi gara eta orgasmorik ez duzunean, porrot egin duzula sentitzen duzu nolabait. Sufrimendu emozionala lehen baino askoz handiagoa da egun.
25 urtetik beherako neskek astean bitan dute sexua, baina %33k soilik dituzte orgasmoak. Honen atzean dagoena patriarkatua da.
Horregatik eta justiziarengatik gai honi garrantzia eman behar zaio. Barneratuta daukagu, niri ere gertatzen zait, honetaz hitz egitea fribolo samarra dela. Genero-indarkeriaz ari gara, soldata-arrakalaz… baina nork aldarrikatzen ditu orgasmoak? Ideia honen atzean dago guztien barruan bizi den izaki patriarkal txiki batek esaten diguna, funtsean, sexua ez dela emakumeentzat gizonentzat bezain garrantzitsua.
Zein da pornografiaren eragina?
Ez naiz pornoaren aurkakoa definizioz, baina gaur egun dagoen pornoa kakazaharra da. Bortitza eta basatia da, eta mezu kosifikatzaile bat saltzen du. Gainera, gero eta eskuragarriago dago. Arazoa ez da saltzen duten sexua ez dela erreala edo edertasun-kanonak ez direla benetakoak, non-nahi dauden kanon berberak direlako. Arazoa da bortitza dela eta imitatu egiten dela. Denborarekin eredu hori errealitatearekin bat ez datorrela ikusten duzunean, zure jarrera aldatzen duzu, baina 10 urtetik aurrera ikusitako porno basatiaren eragina suntsitzailea da. Pornoak ez du orgasmo arrakalarekin amaitzen laguntzen, baina ez da fokua hor bakarrik jarri behar, pornoak ez baitu laguntzen, baina igandeko filmek ere ez.
Dauden telesail guztiak irensten ditut eta denak koitozentrikoak dira. Orgasmo ezari buruz ez dugu hitz egiten. Gure esperientziak termino positiboetan baino ez ditugu aipatzen. Esaten dugu zeinen ongi atzoko larru jotzea, baina ez orgasmorik ez dugula izan. Denok gauza onak besterik ez baditugu partekatzen, sare sozialetako efektu bera sortzen da. Erakusleiho politak baino ez dira erakusten. Pertsonak gero eta bakartiago sentitzen dira, eta, horregatik, funtsezkoa da diskurtso publiko bat egotea. Bikaina da Mayaren zentsuraren ondorioz hitzaldiak egitea, liburua argitaratzea, elkarrizketak egitea… Horretaz hitz egin daiteke norberaren esperientzia pertsonalez derrigor hitz egin behar izan gabe. Hori oso garrantzitsua da hau guztia desmitifikatzeko eta horregatik pozik nago.
Duela gutxi adineko emakumeek pairatzen duten genero indarkeriari buruzko ikerketa bat aurkeztu duzue. Zein zen asmoa?
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak bultzatuta NUPen egin dugun lana izan da. Oso interesgarria eta beharrezkoa. Hau egin genuen ikusi genuelako inkestek diotela adineko emakumeek indarkeria matxista sufritzen dutela gazteek bezainbeste, baina hori ez dela jendartean ikusten. Nafarroan, aurtengo urtarriletik ekainera bitarteko genero-indarkeriaren salaketa guztien soilik %11,7 ziren 50 urtetik gorako emakumeek jarritakoak. Modu berean, baliabideak ematerakoan emakume edadetu oso gutxi daudela ikusi genuen. Emakume gazteak eta ume txikiak dituztenak dira indarkeria matxistaren ikerketen eta zerbitzuen jo puntua normalean. Jakin nahi genuen zer ari den gertatzen inon agertzen ez diren emakume horiekin.
Zer ezaugarri ditu adinekoen indarkeriak?
Bi indarkeria mota aztertu genituen, biak lotuta daude: alde batetik indarkeria sinboliko-estrukturala, jendartean gertatzen dena eta emakume guztiok pairatzen duguna, eta bestetik indarkeria zuzena, bikotean gertatzen dena. Biak oso garrantzitsuak dira. Emakume guztiok jasaten dugun indarkeria sexista adineko emakumeengan areagotu egiten da, gutxiespena eta inbisibilizazioa gertatzen baita orokorrean. Telesailetan, eleberrietan, telebistan… adineko emakumeak ez dira protagonistak izaten. Emakumeok 30 urtetatik gora, gutxi gorabehera, desagertzen hasten gara. Bizitza gehiena ikusezintasunean ematen dugu eta hori eragin emozional eta psikologikoak dituen izugarrizko indarkeria da. Horrekin lotuta emakumeok indarkeria estetiko itzela sufritzen dugu. Gazte garaian edertasun eredu lortezin baten presioa jasaten dugu eta adin batetik aurrera estrukturak esaten digu ezin garela jada erakargarriak izan. Gaztetasuna da emakumeon baliorik handiena. Gizonen kasuan hori ez da gertatzen. AEBetako presidentziarako lehian bi gizon zahar ikusi ditugu, baina hori ez zegoen diskurtsoan, eta ez da egon behar, baina emakumeak izan balira bai egongo zen, zalantzarik gabe. Duela gutxi hil zen Sean Connery. Noiz arte izan zen sex-symbol bat? Jendarteak indarkeria sinbolikoari aurre egin behar dio.
Eta nolakoa da bikote barneko indarkeria?
Indarkeria psikologikoa da zabalduena. Eraso fisikoak ere badira, baina portzentaje baxuagoetan. Urteak pasa ahala indarkeria fisiko eta sexuala gutxitzen den heinean, bestea areagotu egiten da, gizarte osoan dagoen indarkeria bera.
Nola bizi dute indarkeria adineko emakumeek?
Adina eta egoera kultural edo sozialaren arabera, desberdintasun handiak daude. Orokorrean esan daiteke genero rol tradizionalak ikasi zituztela. Haien gazte garaian ez zen indarkeria sexista, domestikoa baizik. Tokatzen zitzaizun gizonarekin konformatu behar zenuen. Onarpenaren kontzeptu kristaua ere oso barneratua dute, hori delako emakumea izateko modua. Egoera horretan oso zaila da pentsatzea gizon hori pikutara bidaltzeko eskubidea duzula. Harreman horretatik ateratzeko beranduegi dela pentsatzen dute kasu gehienetan. 60 urterekin jada horrela pentsatzen dute eta ez horrenbeste arrazoi biologikoengatik, baizik eta jendarteak pentsatzen duelako adin horretako emakume batek jada ezin duela ezer espero bizitza honetatik. Batzuetan seme-alabek ere ez dute amak ateratzea nahi egoera horretatik, kasu askotan egoismoagatik. Seme-alabek badakite amak alde egiten badu aitaren zaintza haien kontua izango dela. Emakume hauek bakardade eta babesgabetasun handia sentitzen dute. Beren bizitza alferrik galdu izanaren sentsazioa.
Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?
Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]
XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]
Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]
Zamora, X. mendearen amaiera. Duero ibaiaren ertzean eta hiriko harresietatik kanpo Santiago de los Caballeros eliza eraiki zuten. Eliza barruko kapiteletan askotariko eszenak irudikatu zituzten, besteak beste, eduki sexualak zituztenak: orgia bat, emakume biluzi bat gizon baten... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.
Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]
Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]
Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.
Jose Ignacio Munilla gotzainak enegarren aldiz erakutsi du bere homofobia, homosexualitatea “sendatzeko” terapiak defendatuz. Valentzian irakasle bat harrapatu dute ikasleekin birmoldaketa homosexualeko terapiak egiten, eta Donostiako apezpiku ohia bere alde atera... [+]
1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.
Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]
Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.
Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak (Ehgam) urtero bezala kalera aterako dela adierazi du, “Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan. Gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure... [+]
'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]