Nazien negozioak Euskal Herrian

  • 1950eko hamarkadan  Markina-Xemein eta inguruko herrietan alemaniarrak ikustea ohikoa zen. Tartean zen Otto Skorzeny SS-etako komandante eta ingeniari ezaguna, Hitlerrentzat operazio bereziak egindakoa. Bere bizitzaz egindako film eta ikerketetan oharkabean igaro da Euskal Herriarekin zuen lotura. Zer egiten zuen hemen? Iheslari naziek beren eskarmentua erabili zuten Esperanza y Cía arma-lantegiaren eta beste enpresa batzuen bidez negozioak egiten jarraitzeko.

Hitlerren gertukoa izan zen Otto Skorzeny (goian). Nurenbergen desnazifikatzera behartu zutenean ihes egin eta Espainiako Estatuan babestu zen, armen trafikoan aritzeko. Euskal Herrian ere izan zen, “atsedena” hartzen eta Markina-Xemeingo Esperanza y Cía-
Hitlerren gertukoa izan zen Otto Skorzeny (goian). Nurenbergen desnazifikatzera behartu zutenean ihes egin eta Espainiako Estatuan babestu zen, armen trafikoan aritzeko. Euskal Herrian ere izan zen, “atsedena” hartzen eta Markina-Xemeingo Esperanza y Cía-rentzat morteroak diseinatzen.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zenbat ordu pasatzen genituen Markina-Xemeingo gure eskolan klasean jarrita, teilatuari edo hormei begira, arratsaldean lagunekin zer plan egin pentsatzen. Tamalez gure irudimen guztia erabilita ere, ez ginen sekula heldu eskola hartako lurretan zer gertatu zen imajinatzera. Bazen txunditzen gintuen istorio bat: behinola bertan bizi izan zen alemaniarraren mamuarena. Klasean geundenean, haize korronte edo kolperen baten ondorioz gortina mugitu edo ate bat ixten zenean, maisu historia zale batek zera esaten zigun:

-Alemana!

Guk barre egiten genuen. Nor ote zen gizon hura? Alemana? Belaunaldi askok izan genuen pertsonaia horren berri. Irakasleak esaten zigun lur haietan alemaniar batzuk bizi izan zirela eta hauek hil edo beste nonbaitera joan ostean, gobernuak orubea erosi, etxeak bota eta gaur egun ezagutzen dugun Bekobenta HH-LH-BHI eskola publikoa eraiki zutela. Oso arraroa zen. Urte batzuk igarota, alemanaren istorio horren atzean egiazki zer zegoen ikertzeko asmoz, inguruko baserrietako bizilagun helduen testigantzak jaso eta dokumentazioa biltzen hasi ginen maisu hura eta biok.

Galdetuz galdetuz, berehala atera zen beste izen bat, historia hau oraindik harago eramango zuena: Otto Skorzeny, SS Alemaniako alderdi naziaren milizia nagusiko komandante eta ingeniaria

Wilhelm Mallet eta Ruth Adams ziren etxe hartan bizi izan zen bikote alemaniarra. 1950 urte inguruan kokatu ziren Markina-Xemeinen; Madrildik “oporretara” etortzen zen bikote horietako bat zen. Etxe ikaragarria zuten: hamabi langile, sukaldariak, zerbitzua, gidaria, lorazaina... “Finca de El Retiro” deitzen zioten etxeari. Argi zegoen dirudunak zirela. Eta gure ikerketak aurrera egin ahala, garaia eta testuinguruaren ondorioz sumatzen genuena berretsi genuen: Alemaniatik Bigarren Mundu Gerraren ostean ihes egindako naziak ziren.

Mussoliniren salbatzailea

Egungo eskolako esparrua harrizko hesi garai batez inguratua zegoen, barruan txalet handi bat, eta ondoan, zerbitzarien etxea. Gainerako lursaila, zuhaitz eta lora dotorez estalia zegoen eta iturri dotore bat ere bazuten, oraindik Lea Artibai ikastetxeko lorategian dagoen iturria, hain zuzen ere. Etxearen behealdean, bodega bat zuten ardoz eta likorez beteta, baita kaxa gogor handi bat ere. Herritarrek emandako deskribapenen arabera, baliteke bodega hori gotorleku bezala erabiltzeko prestatua izatea. Horma lodi eta inklinatuak zituen, bunker baten antzera.

Galdetuz galdetuz, berehala atera zen beste izen bat, historia hau oraindik harago eramango zuena: Otto Skorzeny. SS Alemaniako alderdi naziaren milizia nagusiko komandante eta ingeniaria izan zen Skorzeny, eta Adolf Hitlerrek zuzenean aginduta hainbat operazio berezi egin zituen. Ezagunena Benito Mussoliniren askapena izan zen, 1943an, aliatuek bahituta eduki zutenean Gran Sasso mendian dagoen Campo Emperatore hotelean, Apeninoetan. Horren ostean, beste operazio ugari egin zituen Hitlerren konfiantzazko gizon bihurtuta.

Gerra amaitzean, Skorzeny Espainian errefuxiatu zen Francoren babesean, beste nazi asko bezala. Nurenbergen gerra krimenengatik epaitu ostean kartzelatik libratzea lortu zuen, baina desnazifikazio prozesura behartu zuten. Orduan, bere kontaktuak aprobetxatuz, ihes egin zuen. Madrilen eta Mallorcan bizi izan zen, baina Euskal Herrian ere utzi zuen arrastorik.

Ohikoa zen Mercedes auto beltzak ikustea Wilhelm Malleten etxera sartzen.

Mugimendu arraroak udako txaletean

Markina-Xemeingo alemanen etxearekin eta bertan bizi zirenekin harremana zuen Skorzenyk, Wilhelm Malleten laguna baitzen –herrian Guillermo bezala ezagutzen zuten azken hau– eta 1952 inguruan bere bazkide ere egin zen. Bata zein bestearen izenak Office of Strategic Services (OSS) erakundearen zerrendetan ageri ziren, garai hartako AEBetako inteligentzia zerbitzua, CIAren aurrekaria kontsideratua. Amerikarrek eta israeldarrek egindako ikerketen arabera, Espainiako Estatuan errefuxiatutariko naziak ziren, hala azaltzen dute CIAk desklasifikatutako artxibo zaharrek.

Alemaniatik ihes egindako militarrek ez zuten harreman esturik izan nahi jendearekin, erdi klandestinitatean bizi ziren, eta Markina-Xemein bezalako herri txiki batean ez zuten atentzioa larregi deitzen, auzoko lasaitasuna aprobetxatuz. Herritik aparte eta bananduta zegoen etxe hartan, erraza zuten “kamarada” zaharrekin elkartzea.

Jakina da Otto Skorzenyk, Espainiako Estatuan eta Hego Amerikan errefuxiatutako beste hainbat SS-etako kide ohirekin ODESSA sare handia sortu zutela nazismoa berriz martxan jartzeko. Armiarma izenaz ere ezaguna zen erakunde horrek, gizateriaren aurkako krimenengatik epaituak izan behar ziren III. Reich-eko buruzagi askori lagundu zion bidaia eta babesleku seguruak bilatzen. Herriko jende nagusiak dioenez, ohikoa zen Mercedes auto beltzak ikustea Malleten etxera sartzen.  Festa ugari egiten omen zituzten barruan, batek jakin zertarako eta zeinekin...

Wilhelm Mallet

Markina-Xemeingo Vega hoteleko tabernan egoten zen ingeniari alemaniarra, traje zuriz jantzita, eguerdiko Martinia hartzen. Madrilen zuen etxea, baina gurean hilabete asko pasatzen zituen. Udaran, Lekeitioko hondartzako goialdean zegoen etxe bat ere alokatu ohi zuen. Gaur egun botata dagoen eraikin hori, Elizaren eta Isurtzako zubiaren artean zegoen. Hondartzan edo inguruko tabernetan ikus zitekeen, eta bere itxura nahiz tamainagatik atentzioa ematen zuen gizonak: 1,92 metroko altuera zuen eta orban luze bat zeukan masailean, begitik ahora arte.

Wilhelm Mallet, negozio gizona eta…

Wilhelm Malleten ibilbidea Euskal Herrian urte batzuk lehenago hasi zen, espioi lanetan aritu baitzen Iparraldean, baita Irun eta Behobia inguruan ere, 1934tik, Alemaniako Gobernuari frantziarren zein espainiar errepublikarren inguruko informazioa pasatuz. Negozio gizona ere bazen Mallet. Beste batzuen esanetan, aldiz, 1936ko Gerran Kondor Legioko pilotu aritu zen eta Markinako herritar bati  azaldu zionez, horregatik ezagutzen zuen hain ondo gure lurraldea. Aitzitik, ez da Luftwaffe aire armadako unitate horretako pilotuen zerrendetan agertzen. Bere emaztea, Ruth Adams, Markin-Xemeingo etxea erosi eta urte gutxira hil zen, manta elektriko batekin erreta. Oso arraroa hori ere.

Lasaitasunean eta erdi ezkutuan bizitzetik harago, badago beste arrazoi bat nazi hauek Markina-Xemeinera ekarri zituena. Otto Skorzeny Bigarren Mundu Gerran ingeniari bezala aritu zen lanean, arma berri eta modernoak sortzen, aliatuen aurreratzea oztopatu nahian. Hegazkin eta misil ugariren fabrikazioan parte hartu zuen, berak bere autobiografian azaldu bezala. Beste hainbat proiekturen artean aipagarriena, hegazkin-misil tripulatuak izan ziren: Hanna Reitsch emakume pilotuarekin batera, pilotu suizidak prestatzen aritu ziren, aliatuen hiri eta itsasontziei eraso egiteko.

Gerra ostean iheslari nazia Madrilera iritsi zenean, tamalez oso ezaguna den Markina-Xemeingo Esperanza y Cía arma fabrikaren zuzendariak, Castor Uriartek, arma berriak diseinatzeko kontratatu zuen.

Bonbardaketa eta bonben artean

Castor Uriarte arkitektoa zen eta Esperanza y Cía-ren Markina-Xemeingo eraikin estiloz arrazionalista berak diseinatu zuen 1933an, enpresa hartako jabearen alaba Josefa Esperanzarekin ezkonduta baitzegoen. Aldiz, ezagunagoa zaigu 1937an Gernikako suntsiketa eragotzi nahian izandako paperagatik: hiribilduko babeslekuak berak eraiki zituen eta bonbardaketaren inguruko lekukotasuna ere utzi zuen liburu batean idatzita.

Otto Skorzenyk bulego pribatua izan zuen Esperanza y Cía enpresan, morteroak diseinatzeko eta negozioak egiteko.

Urte batzuk geroago, Uriartek, aitaginarrebaren arma-enpresako gidaritza hartuta, negoziorako aukera ikusi zuen, antza, Alemaniako ingeniari naziaren eskarmentuaz baliatuta. Morteroentzat espoleta modelo berri baten bila aritu ziren denbora luzez, ez dakigu modelo berri hori aurkitu zuten ala ez, baina Skorzeny ia egunero joaten omen zen Lagako hondartzara prototipoak probatzera. Bere bulego pribatua eduki zuen Markina-Xemeingo mortero lantegian.

Esperanza y Cía-ren logo zaharra.

Gerra gizona zen Skorzeny, edo argiago esanda: arma trafikatzailea. Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Hego Amerikako gobernu askorekin zituen negozioak, eta bai, beste hainbat materialen artean, Markina-Xemeingo morteroak eta granadak esportatzen zituen Egiptora, Marokora.... Juan Domingo eta Eva Peronen laguna zen, baita beste hainbat diktadorerena ere, beraz oso posible da Euskal Herrian egiten ziren ECIA mortero ezagunak itsasoaren beste aldera eramatea. Bere kontaktuek ate asko ireki zizkioten. Esperanza y Cía, Oerlikon eta beste hainbat enpresen ordezkari bezala egiten zuen lan Wilhelm Malletekin batera, herrialde askotako enpresa eta agintariekin arma salmenta negozioak egiteko.

Skorzenyren bizitzaz dokumental eta liburu asko egin eta argitaratu dira azken aldian. Nork esango luke garai batean “Europako gizon arriskutsuena” bezala ezagutzen zen nazi konbentzitua ez zela hemendik oso urrun ibili, ezta bere lagun zaharrak ere. Baina gure herri-memorian ezabatua izan den historia bat da hau, edo agian inoiz ongi azaldu gabeko iraganeko pasarte korapilatsu eta ezezaguna baino ez da. Orain badakigu eskolako mamuek bazituztela izena eta abizena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Enpresa militar israeldarrei 1.000 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkie Espainiako Estatuak, Gazako genozidioa hasi zenetik

ElDiario.es hedabideak aurreratutako Centre Delas erakundearen txostenaren arabera, enpresa israeldarrekin kontratu berriak egin ditu Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan. Armak erosteaz gain, urritik hona Europar Batasunetik Israelera arma gehien bidali dituzten... [+]


Gerrak sortzen dituen euskal industria militar berria: Satlantis-en adibidea

Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Europako Banku Zentralak “erreforma estrukturalak” iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


2024-02-15 | Gedar
Armak modu masiboan ekoiztera deitu du Europa Alemaniako kantzilerak

"Errusiaren mehatxua" aitzakiatzat hartuta, arma ekoizpena areagotzea eta azkartzea jo du beharrezkotzat Scholz sozialdemokratak: "Ez da bake-garaia". NATOk berriki esan du Errusiaren kontrako "erabateko gerra" bat leher daitekeela hurrengo 20... [+]


Senerrek industria militarrari lotutako lantegi berria izango du Zamudion

Sendagorta anaien esanetan Senerrek “hazkunde nabarmena” izan du azken urteotan eta negozio aeroespaziala eta defentsakoa “fakturazio osoaren %25-30ekoa” da. Hurrengo bost urteetan, “%15eko hazkundea” espero dute.


Analisia
Palestina suntsitzearen negozioa

Euskal enpresek ia 200 milioi euroko produktuak saldu zizkioten Israeli 2022an, Australia edo Kanadaren mailan”. “2023an 300 milioi inguruko negozio-bolumena aurreikusi dute” (Eustat). "Ekialde Hurbilean, Israel lehentasunezko bazkidea da... [+]


AEBek uraniozko munizioa bidaliko dute Ukrainara

AEBetako idazkariaren arabera, uranio pobretua duten munizioak ohiko artilleria baino astunagoak dira, eta blindatuen aurka "oso eraginkorrak".


Eguneraketa berriak daude