Jendarte osoak nola, espetxeek astinaldi izugarria bizi dute COVID-19ak sortutako krisiaz geroztik. Piramidearen behealdean jotzen dute olatuek oldarkorren, ordea. Ilunean argi pixka bat egin nahian, ARGIAk lau euskal preso politikori proposatu die martxotik bizitzen ari direna gutun bidez era librean azaltzea. Asier Mardones, Olatz Lasagabaster, Alicia Sáez de la Cuesta eta Iñaki Garcésen eskutik ezagutuko dugu nola bilakatu dituzten Espainiako Estatuko espetxeak espetxeago, nola gehitu dioten isolamenduari isolamendua, eta oro har izurria nola eragiten ari zaien presoei. Ezagutuko ditugu hilabeteotako haien bizipen pertsonalak, batzuk zinez lazgarriak, eta haien etorkizuneko kezkak.
"Birusak egundoko sarraskia egiteko oso aproposa den ingurugiro honetan, azkenean, eta zorionez, espero genezakeena baino askoz kalte gutxiago utzi du”. Aitortza horrekin hasten du Iñaki Garcések bere gutun analitikoa. “Hemen barruan ez zuen inork espero hildakoen kopurua hain txikia izango zenik”. Zergatik?: “Leku oso itxiak dira; eremu mugatuak eta txikiak; espetxe gehienak masifikatuak; segurtasun distantzia eta bestelako prebentzio neurriak betearazteko zailtasun handiak batzuetan, borondate eza bestetan; eta, pastelaren ginga, egoiliarren osasun egoera: Hiesak edo giltzurrun, gibel naiz birikietako gaitzek jotako preso kopurua gainerako populazioarena baino askoz handiagoa da”.
“Uharte efektua”-ren alde iluna
COVID-19ari aurre egiteko kartzelak hustea eskatu dute presoen aldeko eragileek: baldintzapeko askatasunak eman, preso gaixoak askatu... Garcések azaldu digunez, ordea, Espainiako Gobernuak kontrako estrategia ezarri du: “Barne Ministerioak kartzelak hermetikoki ixtea erabaki zuen, Uharte efektua lortu asmoz: kartzelak uharte, itsaso zabalean. Kartzelaren eta kalearen arteko zirkulazioa ekidinez kutsatze arriskutik at mantendu nahi zituzten”. Datuei begiratuta, estrategia “eraginkor samarra” gertatu dela dio.
**Iñaki Garcés Beitia (Otxandio, Bizkaia): 1987 eta 1990 urteen artean egon zen preso lehenbiziko aldiz. Ondoren, 1998an atxilotu zuen Guardia Zibilak Gasteizen. Auzitegi Nazionalak 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion Arakako (Araba) base militarrean kalteak eragitea, leherkariak edukitzea eta ETAko kide izatea leporatuta. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. Espetxealdian urte beteko bigarren kondena bat ezarri zioten funtzionario batekin izandako liskar batengatik. 2024an beteko du zigorra osorik. Zuerako espetxean (Zaragoza, Espainia) dago, bigarren graduan baina baimenik gabe. Berriki Foro sozialak Zuerako espetxea seinalatu du bide legaletik aurrera egiteko traben “paradigma” bezala.
-----
Estatistiketatik kanpo utzi ohi den uharte efektuaren “alde ilunaz” ohartarazi gaitu Otxandioko presoak: “Egia da larrialdi egoera honetan lehentasuna COVID-19a kartzeletan ez sartzea izan beha litzatekeela, baina lehentasuna izatetik helburu bakar izatera igarotzen denean, zein izango da egun Espainiako kartzeletan bizi garen 50.000 gizasemeek pairatu beharreko ordaina? Zeintzuk izango dira sakrifikatu beharreko eskubide eta bizi-baldintzak?”. Zueran (Zaragoza, Espainia) bizitzen ari dena deskribatuz erantzun dio galderari.
Zuzendaritzak presoen eta senide eta lagunen arteko komunikazioak bertan behera utzi zituen, baita irakasle edo hezitzaileen ardurapeko jarduerak ere. Aurrez aurrekoen galera nabarmendu du otxandiarrak: “Zortzi hilabete baino gehiago daramazkigu gure seme-alabak, gurasoak, bikoteak eta lagunak besarkatu gabe”. Isolatze neurriak laxatu ditu zuzendaritzak lehen olatuaren ostean, baina bisean bisak berriz ere baimenduko dituztenaren aurreikuspenik ez dago, “epe laburrean behintzat”, Garcésen arabera. “Oso paradoxa bitxia ematen da: kanpotik barrurantz dagoen pertsonen mugimendu ia guztia berreskuratu egin da (irakasleak, hezitzaileak, tailerretako arduradunak...); baina gure senideek oraindik debekatuta dute sartzea”. Osasun irizpideen arabera behintzat azaldu ezin den paradoxa.
Iñaki Garcés: “Kanpotik barrurantz pertsonen mugimendu ia guztia berreskuratu egin da (hezitzaileak, tailerretako arduradunak...); baina gure senideek oraindik debekatuta dute sartzea”
Amatasunaren zigor erantsia
Olatz Lasagabasterri urtarrilaren 19an Xua alaba atera zioten Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxetik, hiru urte betetzeagatik. Banatu eta gutxira lekualdatu zituzten Lasagabaster eta Patxi Uranga preso oriotarra Picassentetik Aranjuezera (Madril, Espainia) –bikotekide dira bi presoak, eta bi alaben gurasoak–. Ordurako berriro ere haurdun zegoen usurbildarra: Maddi Madrilgo espetxean jaio zen uztailean, etxetik 510 kilometrora. Bizi-baldintzak Aranjuezen “askoz kaskarragoak” direla dio: “Espetxe honetan ukazioa da nagusi. Denetan, jakina, baina hemen bereziki. Edozein gauza lortzea odisea hutsa da. Bizpahiru hilabete egon zaitezke instantzia bat erantzuteko zain. Dena da ezetza edo, bestela, isiltasuna. Etsigarria da”.
**Olatz Lasagabaster Anza (Usurbil, Gipuzkoa): 2009an atxilotu zuen Espainiako Poliziak. 12 urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, leherkariak edukitzea eta ETAko kide izatea leporatuta. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. 2021eko ekainean beteko du kondena. Lasagabaster bi alabaren ama da, Xua eta Maddi, Patxi Uranga euskal preso politikoa da aita. 2020ko azaro hasieran hirugarren gradua onartu eta Martutenera lekualdatu zituzten biak, aste bitarteko egunak kalean eginez. Lasagabasterrek lo ere espetxetik kanpo egiten du, kontrolerako eskumuturreko elektronikoa erabilita, Martutenen ez baitago amentzako modulurik –Maddi 2020ko udan jaio da–.
-----
Martxoaren 7an berrogeialdia ezarri zuten Lasagabasterren moduluan, “haurtzaindegiko irakasleetako batek positibo eman zuelako”. Espetxe Zuzendariak pertsonalki agindu zien denbora tarte horretan galdutako komunikazioak berreskuratuko zituztela ondoren, baina ez du hitza bete, presoaren esanetan: “Ez dugu bat bera ere berreskuratu: ez intermodularrak (bikote presoekin egiten direnak), ez aurrez aurrekoak, ezta lokutorioetakoak ere. Are gehiago: udan aurrez aurreko intimoak berrezarri zituzten, baina ez familiarrak, ezta elkarbizitzakoak ere. Abuztuaren 28an eten zizkiguten berriro, eta ordutik lokutorioetako komunikazioak besterik ez ditugu. Zazpi hilabete baino gehiago daramagu aurrez aurrekorik gabe”.
Komunikazioen eteteen “ordezko” bezala bideo deiak sustatu ditu Espainiako Gobernuak, espetxe bakoitzean modu ezberdinean aplikatu den neurria: “Espetxe gehienetan maiztasun jakin bat ezarri dute. Hemen, hori ere ez. Etxekoekin (alabarekin egiten ditugu beti) tarteka-tarteka baten bat izan dugu (nik sei egin ditut guztira martxotik hona). Intermodularrak bi astetik behin izaten dira gutxi gorabehera, baina duela gutxi ia lau astez egon gara elkartu gabe. Ez dago ez maiztasun ez irizpide zehatzik”.
Olatz Lasagabaster:
“3 urtez alabarekin egunero 24 orduz egon ostean, bederatzi hilabetetan ordu eta erdiz ikustera pasa gara. Gogorra izaten ari da, oso”
Xua alabarekin bizitakoa lazgarria da, zinez: “Xua urtarrilean atera zen espetxetik eta gu 2021eko ekainean aterako gara kalera. Hamazazpi hilabete genituen aurretik bera gabe, bagenekien gogorra izango zela, baina hau guztia gure aurreikuspen okerrenetan ere ez zen sartzen. 3 urtez alabarekin egunero 24 orduz egon ostean, bederatzi hilabetetan ordu eta erdiz ikustera pasa gara. Gogorra izaten ari da, oso. Beretzat eta guretzat”. Otsailean aurrez aurreko familiarra izan zuten Lasagabasterrek, Urangak eta Xuak elkarrekin. “Patxi ordutik ez da berarekin egon”, idatzi du saminez Aranjuezetik urriaren 23an –azaroan familiaren egoera nabarmen aldatu da, ikusi aurkezpen koadroa–. Lasagabasterrek uztailean ikusi zuen berriro Xua, Maddiz erditzean, “ordu erdiz egun batean eta hamar minutuz hurrengoan”.
Hala eta guztiz ere, Lasagabaster “pribilegiatu” sentitzen da beste kide batzuen egoerarekin alderatuz: “Gu laster kalera aterako gara. Badira dozenaka haur eta gazte gurasoak noiz besarkatuko dituzten, beraiekin jolasteko, edota lasai hitz egiteko aukera noiz izango duten ez dakitenak. Eta ziurgabetasun hori kudeatzea benetan zaila da, bai preso dauden gurasoentzat, baita etxean diren txiki eta gaztetxoentzat ere”.
Garcések bezala, eskubide murrizketak salatu ditu Lasagabasterrek, horietako askok justifikazio sanitariorik ez dutela azpimarratuz, zuzenean osasunaren aurkakoak ez direnean. Abuztuaren 28an modulu arteko kontaktuak debekatu zituzten preso batzuen positiboengatik. Berrogeialdia pasa eta positiboak desagertuta, debekua mantendu egin zuen segurtasun zuzendariordeak: “Ez du zentzurik: espetxe barruan xomorroak ezin du sartu funtzionarioen bidez ez bada. Baina badira maskararik gabe dabiltzan funtzionarioak, apaiza birritan sartu da modulura meza ematera... Berdin zaie eta aitzakia ezin hobea dute orain dena murrizteko”. Beste adibide bat ere ematen du: “Modulu bakoitza burbuila bat izatea nahi dute, baina hemen gauden hiru kideak ondoko modulura joan behar dugu telefonoz deitzera, diotenez hemengo kabina ezin dutelako interbenitu”.
Kalteak sakondu, aukerak galtzen utzi
Gainontzeko espetxetan bezala, Fontcalenten (Alacant, Herrialde Katalanak) ere burbuilaren edo uhartearen logikari heldu zioten. Bertan zen Asier Mardones otsailean. Hasiera batean ez berak ez kideek ez zioten garrantzi handirik eman jardueren eta komunikazioen eteteari, “bizpahiru hilabeteko kontua” izango zelakoan. Egungo perspektibatik hausnartu du: “Iruditzen zait gure buruek horrela pentsatzea eskatzen zigutela nolabait, etor zitekeenaren inguruan gehiegi ez pentsatzeko-edo”.
**Asier Mardones Esteban (Ugao, Bizkaia): 2004an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Urkiolan (Bizkaia). 25 urteko espetxe zigorra ari da betetzen, ETAko kide izatea, lesioak, edo dokumentuen faltsutzea leporatuta. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. Arabako Herrerako mendatean zegoen 2003ko irailaren 14an ETAko militanteen eta ertzainen arteko tiroketa batean poliziek Arkaitz Otazua hil zutenean. 2029an beteko du zigorra. Bi alaba ditu bikotekide duen Iosune Oña Ispizua euskal preso politikoarekin batera, biak espetxean jaioak eta egun kalean bizi direnak.
-----
Komunikazioen ordezko bideo deietarako aukera aste gutxi batzuetara bazegoen indarrean, formalki behintzat: “Espetxetan edozein ‘onerako’ aldaketa bezala, kaotikoa izan zen hasieratik. Bizpahiru mugikor genituen ia 1.000 presorentzat, etengabeko liskarrak zeuden deitzeko zerrendetan apuntatzeko, elkarrizketa nekez ahalbidetzen zuen konexio txarrarekin...”.
Egoerak eta espetxe zuzendaritzaren kudeaketak haserrea eta ezinegona piztu zuten presoen artean, liskarrak eta ihesaldi saiakerak burutu zituzten, eta errepresioa etorri zitzaien ordainetan. Zuzendariak moduluak bisitatu zituen komunikazioen etenaren inguruan hitz egiteko. “Prestaturik zekarren diskurtsoa botatzen hasi zen. Bukatu aurretik, baina, dozenaka pertsona zituen inguruan bisitei buruzko galdera eta zalantzekin itotzen, haserre. Tentsioak gora egin zuen azkar, eta bere erantzun eskasek ez zuten lortu giroa baretzea”. Preso askori “matxinada” leporatu zieten, eta lekualdaketekin zein lehen graduekin zigortu zituzten, “horrek dakarren guztiarekin”. Mardonesek tentsio testuinguru horrengatik azaltzen du egun horietako ihesaldi saiakera: “Hiru preso murruak igotzen hasi ziren aldi berean puntu desberdinetatik. Bat Guardia Zibilak harrapatu zuen azken harresian. Beste biak, aldiz, txarrantxetan katigatuak geratu ziren (txarrantxa horiek gorputzean egiten dutena izugarria da, Melillako hesietan hainbatetan ikusi dugun bezala)”.
Uztailaren 1ean Fontcalenteko espetxetik Logroñokora (Errioxa, Espainia) lekualdatu zituzten Asier Mardones eta Iosune Oña Ispizua euskal presoak. Bikotekideak dira, eta jada kalean bizi diren bi alabaren gurasoak. Hurbilketak ondorio nagusi bat zuen, beraz: “Alabengandik 750 kilometrora egotetik 170era egongo ginela”. Baina Logroñon ere debekatuta zeuden –eta daude– aurrez aurrekoak, eta alabak bisita arruntetan ikustea dute aukera bakarra gurasoek. “Beti saihestu nahi izan dugun bisita mota da hori, kristalaren bestaldera etortzea, 40 minutuz egoteko eta bidaia luze baten ostean”. Besterik ezean, baina, eta bidaia dezentez laburragoa izanik alabentzat, bisiten aukera aztertzen ari dira. Bederatzi hilabete dira ez dutela elkar besarkatu.
Asier Mardones: “Bideo deientzako bizpahiru mugikor genituen ia 1.000 presorentzat, etengabeko liskarrak zeuden deitzeko zerrendetan apuntatzeko, konexio txarra...”
Erabaki bitartean, alaben aurrean “naturaltasuna” irudikatzen saiatzen direla dio. Urte osoan haien eta alaben arteko “lokarria lantzea eta zaintzea” izan dute helburu nagusia, baina ez zaie erraza: “Alaben ‘Noiz joango gara?’ bati, ‘Gero eta gutxiago falta da, laztantxu’, hauskor batekin erantzutea, higatuz doan gauza da”. Baina lortutakoaz pozik dago, halere: “Haien irri eta indarra ikusi, eta lokarri hori osasuntsu dagoela ziur gaude (emakume nahiz gizon; haur, gazte nahiz helduak akabatzea helburu duen espetxe sistema krudel, bihozgabe eta suntsitzaile honen gogoz kontra)”.
COVID-19aren aurretik ere, “gaixotzea, hemen, negozio txarra” ohiko esamoldea zela gogoratu du Mardonesek, martxotik artatzea are okerragoa dela salatuz: “Ezkutatzen diguten arren, badakigu positibo eman duten erizain, mediku eta kartzeleroak daudela. Ondorioetako bat bajen erruz utzikeria areagotzea izan da; haginlariarengana joateko instantzia eskaera sinple bati kasu ez egitetik, minbizia berragertu ote zaizun aztertzeko ospitalera TAC bat egiteko irteera luzatzera, guztian du eragina pandemiak. Hori bai, presoak otzantzeko pilulak barra-barra banatzen jarraitu dute. Are, egoerak presoengan eragiten duen antsietateak eta tentsioak pilulen ohiko banaketari garrantzi gehigarria eman diote”.
Aldiz, ikasketak errazteko bide egingarri bat erakutsi du krisiak, Mardonesen ustez: “Horrenbeste aipatzen den “birgizarteratze” logika hori espetxetako gida-liburuetan txertaturik balego, online ikasteko aukerari bide emango liokete. Tutoreekin harremanak areagotu ahalko lirateke eta, bide batez, espetxera sartzeko jartzen dizkieten ohiko oztopoak neurri handi batean bideratuko lirateke”. Ez du uste, ordea, aukera baliatuko dutenik, “espetxe sisteman beti baitago norbait prest eboluzio minimo bat izateko edozein aukera oztopatzeko. Urrunegi dira zulotzar hauek XXI. mendetik, azken finean”, dio itzalpeko hamasei urtetako esperientziaren talaiatik.
Kaleko arazo eta ezinegonen zerrenda luzearen jakitun, agendan espetxeena eta presoena ere sartzeko eskatu du Mardonesek, “dagokien erantzuna eman diezaiegun, denei”.
Heriotzari, bizitza
Pandemiegutegi mardula bidali digu Alicia Sáez de la Cuestak, martxotik hona egun solteetan idatzitako oharrekin osatua, askotariko gertaeren pintzelkadez hilabete hauen koadroa margotuz. Egutegiaren izenburua argigarria da oso: “COVID-19 garaian espetxean bizi, ahaleginean bizitza bera galdu gabe”. Martxoaren 2an hasten da Pandemiegutegia. Hilabetearen erdialderako, gainontzeko espetxeetan ikusi ditugun debeku, murrizketa eta neurri berberak ezartzen dituzte Castellókoan (Herrialde Katalanak).
**Alicia Sáez de la Cuesta Martínez de San Vicente (Gasteiz, Araba): 2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Galizan. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion epaitegiak, Gasteizen Guardia Zibil bat hiltzea eta ETAko kide izatea egotzita. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. 2013an Zura alabarekin kondena Logroñoko (Espainia) espetxean betetzen ari zela, Castellóko (Herrialde Katalanak) espetxera urrundu zuten ziega beste preso batekin partekatzeari uko egiteagatik. 2020ko azaroan bueltatu berri da espetxe berera, bigarren graduarekin. 2031n amaituko du kondena.
-----
Martxoaren 23an kolpe latza hartu du preso gasteiztarrak etxera deitzean. “Aita oso gaizki dago, ez dakit honetatik irtengo den”, diotso ahizpak: “Ez nekien zer esan ere, negarrez errepikatzen nion aitari esateko eta gogorarazteko asko maite dudala. Amarekin ere hitz egin dut, eta gauza bera esan diot. Gainera, ni animatzen saiatu behar berria eman ondoren. Ezin dute ospitalera eraman –eta ez dute nahi– ez baita COVID-19a, baina ez du erreakzionatzen botikekin. Deia amaituta patiora noa, negar egiteari utzi gabe, agian ez dudala viejilloa [aita] berriro ikusiko pentsatuz”. Ia bost urte dira ez duela aita ikusten, duen buruko gaixotasunarekin José Ángelek ez du 1.150 kilometroko joan-etorria egiterik. Hainbat eskaera egin ditu Lantziegora (Araba) ekar dezaten bisita bat egiteko, baina ezezkoak pilatu ditu orain arte. “Gaur inoiz baino urrunago nago nireengandik, ezintasunak eta tristurak gainditzen naute”.
Apirilaren 18an Zura alabak 10 urte bete ditu. Saéz de la Cuesta penatuta dago ordura arte hilabetero biek egiten zuten aurrez aurrekoa galtzea dakarrelako, baina pozik aldi berean, alabak aste bitarteko bidaia neketsu hori aurreztuko duelako. Antzeko sentipena du COVID-19ak ekarri duen komunikazioen etetearekin: batetik, senide eta lagunek ez dute bidaiatuko –“istripuak gertatzearen kezkarik ez dago”; bestetik, bizitza dira komunikazioak –“Denbora eta espazio burbuila txiki horiek, hori da hemen ‘gure’ deitu dezakedan bakarra, gure aurrez aurrekoa”–.
Maiatzaren 6ak badu tragikomikotik. Funtzionario bat hurbildu zaio haserre, zuzendaritzak ez dituelako kutsadurak ekiditeko neurri egokiak hartzen, eskaerak egiteaz “nekatuta” dagoela diotso (maskarak, PCR probak...), baina ez diotela kasurik egiten. Irakurri duela beste espetxe batean euskal presoak borrokan ari direla neurri egokiak exijituz eta gauza bera egin beharko lukeela berak ere. “Grazia egiten dit funtzionario batek protesta egitera animatzeak”.
Alicia Sáez de la Cuesta: “Deia amaituta patiora noa, negar egiteari utzi gabe, agian ez dudala viejilloa (aita) berriro ikusiko pentsatuz”
Maiatzaren 13an tragedia, herio forman. “Gaur gauean Carolina hil da. Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiaren txostenetan heriotza bat gehiago izango da, beste zifra bat. Baina guretzat, zortzigarren moduluko neskentzat, ez da zenbaki bat”. Carolinaren heriotzaren kolpeak José Ángel Otxoa de Eribe kide eta lagunarena dakarkio akordura, saminez. “Asko hitz egiten da COVID-19a duten gaixoak hiltzen diren bakardadeaz, eta senideek ezin dituztela lagundu. Bada, hemen hiltzen bazara, bakardadean izaten da beti”. Ez erabat: hurrengo egunean preso guztiak patioan elkartu dira Carolinari agur hunkigarria egiteko.
Jasotzen dituen gutunek eusten dute zutik Sáez de la Cuesta: “Konfinamendu aste hauetan, eguneko unerik onenetakoa postara joaten naizenekoa da. Ia egunero izaten dut sorpresaren bat. Jendeak orain badu denbora horren analogikoa den zerbait egiteko”. Pena du ezin dituela denak erantzun, asteko bi gutun idatzi baititzake soilik. Aurrez aurrekoaren faltan, bideo dei urriek ere ematen diote arnasa. Baita ezusteko albo-onura eder bat ere: maiatzaren 18an, bigarren bideo deian, aita ikusi du bost urteren ondoren: “Zirraragarria izan da”.
Maiatzaren 22an, ezustean, azkenik baiezko bat ezetzen itsasoan. Aita ikustera joateko baimena onartu diote. “Hainbeste urte eskatzen, hainbeste errekurtso aurkeztuta, eta pandemia betean eta mundu erdia konfinatuta dagoenean baimendu didate”. Kunda edo garraiatzea atzeratu egingo da, baina azkenik ekainaren 6an Castellóko espetxetik Zaballakora (Araba) eraman du Guardia Zibilak. “Behin ziegan, egin dudan lehenbiziko gauza irratian Hala Bedi-ren sintonia bilatzea da”. Hiru egun beranduago garraiatu dute Lantziegora urduritasunez kabitu ezinik dagoen Sáez de la Cuesta: “Ez dut hitzik gaur sentitu dudan guztia adierazteko”.
Ekainaren 23an Zaballako konfinamendu prebentiboa amaitu eta modulura daramate gasteiztar presoa. “Hamazortzi egun eman ditut ziega batean ezertarako irten gabe”. 26an lehenbiziko komunikazioa du martxoaz geroztik, familiarekin, lokutorioan, eta ezin ukitzea eta kristala erdian izatea desatsegina bazaio ere, hunkituta idatzi du: “Gaur jabetu naiz zenbateraino bota ditudan faltan”. Abuztuaren 25ean komunikazioak debekatu dituzte berriz ere Zaballan, eta irailaren 16an Castellóra urrundu dute beste behin Sáez de la Cuesta.
Azaroan hurbilduko dute Logroñora, baina ez da horren jakitun urriaren 26an atzera begiratzeko pausa hartu eta Pandemiegutegi-ari amaiera ematen dionean. Gogoratu du bi alabekin Zaballako lokutorioan bizitako “une ederra, ohiko bidaia luzea egin gabe freskura guztiaz gozatua”; gogoratu du bikotearekin egindako aurrez aurre intimoa, “bizitzak erregalatzen dizun opari eder bat bezala”; gogoratu ditu Aranjuezen kide izan zituen Axier Aginako eta Igor González, “dena emanda joan diren lagunak biak ala biak”, eta haien senideak; gogoan hartu ditu bere 16 urteko Ortzadar alabaren moduko gazteak: “Duten haserrea modu eredugarrian bideratzeko gaitasuna erakusten ari diren bitartean, bizitzaren garai garrantzitsu bat lapurtzen ari zaien bitartean, kriminalizatuak dira. Alaitasunez eta indarrez betetako besarkada”. Eta ziega gordinera bueltatuz idatzi du, amaitzeko: “Hau ez da amaitu, eta ez dakigu noiz amaituko den. Azken albistea da alarma egoera ezarri dela. Ez dakit bihar dudan aurrez aurrekoa egin ahal izango dudan. Ziurgabetasuna da sentimendu nagusia”.
"Galdera askok berdin balio dute ‘kartzela txikian’ bezala ‘kartzela handian’: “Krisiaren izenean galdutako zenbat eskubide berreskuratuko ditugu?”
Eskutik helduta
Kordobako (Andaluzia) espetxetik Ana Belén Eguesen eskutitza jaso du Sáez de la Cuestak urriaren 23an. Eguesek idatzi dio funtzionarioen sindikatuko bozeramaile bat entzun zuela irratian, presoei aurrez aurrekoak kentzea eskatuz, presoak “ados” daudela horrekin. Kidearen esanak jaso ditu Sáez de la Cuestak: “Arrazoi osoz dio Anak: ‘Galde diezagutela, eta azter ditzatela horrek guztiak gugan izango dituen ondorioak’. Denetara egokitzeko gaitasuna dugula eta egiten dugula, baina presoon antsietate maila neurtuko balute, flipatu egingo luketela. Irailaren 25etik, aurrez aurrekoak etenda dituzte. Kartzeletako krisiaren kudeaketan gure eskubideak are gehiago gehiago murriztu dira. Zergatik ez dute murriztu preso kopurua? Zergatik ez dituzte kalera atera gaixoak eta arrisku taldeetakoak? Zergatik ez dituzte erizaindegiak indartu, prebentzioan inbertitu, probak egin, maskarak banatu? Anak egiten dituen galderak, nireak ere badira”. Baita Garcésenak ere: “Krisialdia gainditu ondoren, bidean galdutako eskubide eta bizi baldintzen artean zeintzuk berreskuratuko ditugu eta zeintzuk eman beharko ditugu betiko galdutzat?”. Eta kalean ‘aske’ bizi den herritar askorena ere, espetxea jendartearen isla baita, ez besterik: jendarte bat nolakoa, horrelakoak bere kartzelak. Agian horregatik, galdera askok berdin balio dute ‘kartzela txikian’ bezala ‘kartzela handian’: “Krisiaren izenean galdutako zenbat eskubide berreskuratuko ditugu?” Horregatik bien arteko zubi emozional eta politikoak sendo mantentzeko beharra. Galdera komunei, eskutik helduta erantzuteko.
* Lau presoen eskutitzak osorik irakurri ahal izango dituzue ARGIAko webgunean. Urriaren 23a eta azaroaren 1a artean daude datatuak.
The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.
2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).
Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]
2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]
Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.