Esperientzia sentsorialtzat dauka zinema Yulene Olaizola zuzendari mexikarrak: espazio bat deskubritu eta hura arakatzera jotzen du eta gidoiaz haragoko edozein aldaketa jasotzeko zentzumenak adi izaten ditu. Aurtengo Zinemaldian aurkeztu zuen Selva trágica (Oihan tragikoa), bere ibilbideko bosgarren film luzea. Ez zen Donostian izan pandemia zela-eta. Eta ez daki zinema aretoetan aurkeztu ahal izango duen.
Estreinako filma, Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo (Shakespeareren eta Victor Hugoren intimitateak), Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen, 2008an. Donostian izan zen Yulene Olaizola (Mexiko DF, 1983) eta oroitzapen ezin hobeak datozkio burura. “Oso harrera ona izan zuen filmak, eta nire sustraiak gehixeago ezagutu ahal izan nituen”. Aitona Azkoitikoa zuen eta amona Donostiakoa. “Gerra garaian Mexikora atzerriratu behar izan ziren”. Sariak eskuratu zituen han-hemen bere beste amonaren historia kontatzen zuen film dokumental ezohiko harekin. Bere ondorengo hiru filmek ez zuten hainbeste oihartzun izan: Paraísos artificiales (Paradisu artifizialak, 2011), Fogo (2012) eta Epitafio (Epitafioa, 2015). Aurten ilusio berezia zuen berriro Donostiara etortzeko: “Ezinezkoa izan dut pandemia zela-eta, eta haurdun nagoelako”. Bera Donostian izan gabe ere, Horizontes Latinos sailean eman zuten Selva trágica, bere ibilbideko bosgarrena. Mexiko eta Belizeren arteko mugako oihanean kokaturiko istorioa da, maia komunitateak belaunaldiz belaunaldi transmitituriko kondaira batean oinarritua, bizitza basaren ederra eta gordina biltzen dituena, sentsualtasuna eta heriotza aurrez aurre jartzen dituena.
Skype bidez jarri gara harremanetan Olaizolarekin. Klaseak ematen ditu Mexiko DFko Escine Escuela Superior de Cine eskolan. Zinema zuzendaritza irakasten du. “Asko gustatzen zait klaseak ematea. Gainera, eskola hau oso modu alternatiboan sortu zen. Irakaskuntza plan zurrunei jarraitu gabe. Irakasleok proposatzen ditugu gaiak, dinamikak eta abar. Oso eskola librea da, eta ikasleek nahi duten guztia esperimenta dezakete. Irakasle gehienok zinemagileak gara, eta horrek dinamismo handia ematen du”. Selva trágica zinema aretoen zirkuituan estreinatzea eta Euskal Herrira film bat egiteko asmoz etortzea ditu egitekoen zerrendan.
Selva trágica filmaren hasieran narratzaileak dio oihanak eman bezainbat kentzen duela. Zinemak ere eman eta kendu egiten du?
Bai, zinemak eman eta kendu egiten dizu, baina niri ziurrenik eman egin dit gehiago. Zinemak eskatzen du inplikazio handia eta egunaren zati handi bat eskaintzea; bizitza hari eskaintzea. Ni behintzat etengabe ari naiz pentsatzen nire proiektu eta filmetan, nire filmetarako edukietan, eta etxera iristean ez da eteten pentsamendu uholde hori. Gainera, filmaketa modu independente samarra badaukazu –nire kasuan bezala, filmaketaren eta produkzioaren esparru guztiak neure gain hartzen baititut–, prozesu oso pertsonal eta lotuak bilakatzen dira. Eta horrek nire bizimodua ere eraldatu eta moldatu egiten du.
Esaterako, bizpahiru hilabetez oihanean filmatzea erabakitzen duzuenean.
Bai, hilabete horietan nire dinamika guztiak eraldatu ziren; pertsonalak, familiakoak eta abar. Filmatzen hasi aurretik beste lauzpabost hilabete igaro nituen, gainera. Oihana nire bizitzan sartu zen, sartu da, eta hori ezin da eragotzi, eta hori da hain justu ere zineman aritzearen alderdi ona; bestela nekez biziko nituzkeen abenturak bizi ditzaket. Lurralde oso ezezaguna nuen; ezezagunak bertoko jendeak eta haien istorioak, Mexiko eta Belizeren arteko muga lauso horretan dagoen oihana. Proiektuan buru-belarri sartu aurretik, oso ezezaguna nuen mexikarrok Belizerekin dugun harremana ere. Ez nekien ibai oso estu batek egiten duela muga, eta kanoaz edo, are, igerian gurutza daitekeela, nahi izanez gero. Ez nekien Belizen ingelesa hitz egiten dutenik modu ofizialean, ez nekien kultura maia oso presente dagoela oraindik ere, han duten kultur nahasketa guztia... afrikarra, ingelesa, maia... komertzioan zein harreman izan zituzten Mexikorekin, eta oraindik ere zein harreman duten. Esaterako, txiklearena. Oso industria garrantzitsua izan zen, diru asko mugitu zuen, besteak beste Bigarren Mundu Gerraren garaian, txikle asko ateratzen zen oihan horretatik. Nik ez nuen batere ezagutzen errealitate hori, ezta lurralde hori ere.
Oihana berez da esperientzia bat. Baita filmeko pertsonaia bat ere, nagusiena, akaso. Hura ez idealizatzea eta ez deabrutzea izan da erronka?
Dudarik gabe. Ikerketa egiten hasi nintzenean batez ere literatur liburuak irakurri nituen, eta idazle mexikarrek Quintana-Roo lurraldeko hegoaldea entitate bizidun modura irudikatzen zuten, oihana pertsonaia bat balitz bezala, eta erabakiak hartzeko gaitasuna zukeen elementu bat bezala. Maien kulturak eta mitoek eragindako kontakizunak ziren. Horrek guztiak oso iruditeria erromantiko, nostalgiko, mistiko eta magikoa dakar berarekin... baina behin leku horretara joan, oihanean barneratu, oinezko ibilbide luzeak egin, bertako jendearekin solastatu eta orduan ulertzen duzu hori guztia. Oihanean zaudela gauza oso arraroak gertatzen dira eta ez duzu beti azalpen arrazionalik aurkitzen. Han zaudela, kokapenaren zentzua galtzen duzu, milaka animaliaz eta kreaturaz inguratuta zaudela dakizu, baina ez dituzu ikusten eta... istorioak, mitoak, legendak sortzen dira, eta transmititzen dira belaunaldiz belaunaldi.
“Oihanean zaudenean gauza oso arraroak gertatzen dira eta ez duzu beti azalpen arrazionalik aurkitzen”
Oihana gogorra eta gordina da, baina ez akaso gizakiaren esku-hartzea bezainbat.
Hori da filma zeharkatzen duen ideietako bat. Zinema ez da mezu zehatzak edo tesiak lantzeko erreminta. Baina nire buruan ideia batzuk banituen, irakurri eta entzundakotik, eta film batean egon zitezkeen geruza guztien bidez islatzen saiatu naiz, istorioarekin, paisaiarekin, pertsonaiekin... Ulertu dut oihanak beldur handia eman diezagukeela gizakioi, hiritik gatozenoi batez ere, baina era berean, ezin dela berdindu gizakion alde ilunenarekin. Gogoeta horrek inoiz baino gaurkotasun eta indar handiagoa dauka: gu gara munduko izurri arriskutsuena, eta ez basapizti bat edo landare pozoitsu bat. Gizakia beti saiatuko da heriotzari aurre egiten, hura saihesten, hura atzentzen, baina gainerako bizidunek harreman hori modu organikoagoan bizi dute, oreka arruntagoan, ziklo natural batean. Gu gara ziklo hori hondatzen dugunak.
Filmean hitz egiten da oihan horretako kondaira batez, emakume irudia duen figura baten gaitasun seduzitzaileaz.
Filmatu genuen lurraldean oso kondaira ezaguna da, Xtabay leienda deitzen diote, bai Quintana Roo-n, baita Belizen ere. Harritu ninduen Belizen, ingelesa hitz egiten den arren, oraindik ere zein indar duen kondaira maia honek. Irakurketa eta interpretazio asko izan ditzake. Lurralde honetako herrixkako gizon gehienek ziurtatzen dute emakumezko figura hori ikusi izana. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da istorioa, eta bizitzaren eta heriotzaren, sexualitatearen eta arriskuaren arteko jolasa islatzen du nolabait. Latinoamerikako kultura ia guztiek dute antzeko figura bat, nahiz eta bakoitzak dituen bere ezaugarriak. Ia unibertsala izan da feminitatea eta heriotzaren arteko lotura hori sinbolizatzen duen irudi bat izatea, sentsualitatea eta arriskua batzea.
Feminismoaren aldarrikapen garaiotan ere irakurketa bat baino gehiago izango du filmak.
Bai, intuitzen nuen piztuko zituela gogoetak eta galderak, kuestionamenduak. Eta horretaz kontziente naiz. Filmean modu abstraktu eta poetikoagoan azaltzen da kontu hori, metaforikoki. Beste zenbait filmetan zuzenago azalduko litzateke; nirean berriz, fantasiaren bidez agertzen da. Baina gaia latente dago, eta latente dago errealitate bat delako, eta ni ere nire egoera pertsonalean inspiratu nintzen, giro erabat maskulinoetan bizi izan naizenetan izan ditudan sentsazio eta sentimenduetan. Batzuetan izan daiteke erabateko zaurgarritasuna sentitzea, eta besteetan, kontrara, sedukzio ahalmenaren bidez ahalduntze eta kontrol gaitasuna izatea ere bai. Paradoxa hori oso interesgarria da, eta filmean horrelako momentu asko dago. Ez da ageri akaso elkarrizketetan edo hitzezko informazioan, baina bai begiradetan, atmosferan. Eta gerora konturatu nintzen ez zela gertatzen soilik nire buruan. Hor du indarra zinemak, harrapatu baitzuen atmosfera sentsual eta arriskuzko hori. Emakumezko aktorea, Indira Rubie Andrewin, Belizekoa da, ingelesez soilik hitz egiten du, gaztea da, misteriotsua, oso erakargarria. Eta inguruan 40 gizonez osaturiko lan-taldea. Filmean nabaritzen diren energiak, dinamikak, benetan pasatakoak dira asko. Neuk aukeratu nuen testuinguru horretan filmatzea. Aktorea ezin zen hitzez komunikatu besteekin, eta une askotan begira zituen gizonezkoak. Zaurgarritasun egoera batean zegoen. Tentsioak sortzen ziren, nik paperean idatzitakoaz haraindi.
Interpretazio desberdinetarako bideak irekitzen dituzu. Patriarkatuak belaunaldiz belaunaldi transmitituriko balio matxistak, batetik; emakumearen sentsualitate ahaldundua, bestetik.
Bai, zinema ez dut ulertzen doktore tesietarako tresna modura, baizik eta beste geruza batzuetan sartzen den lengoaia bezala. Zinemak informazio mota asko biltzen du, maila eta geruza desberdinetan, tesiak eta mezu garbiak erakusteko ez da lengoaia egokiena.
“Gustatzen zait filmaketan transformatu egiten den eta transformatu egiten gaituen zinema”
Zure lehen filma, Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo, Zinemaldian aurkeztu zenuen. Oso harrera ona izan zuen. Oso erregistro desberdinekoa zen, baina han ere espazio batek, ingurune batek markatzen zuen filma. Zure zinema moldea ezaugarritzen duen zerbait da?
Bai, bidean aurkitzen joan naizen zerbait da, gerora konturatu izan naizen zerbait. Nire filmen ideiak lehenik espazio bat hautatzetik sortu izan dira. Filmak erabat desberdinak dira, baina lehenengo horretan helburu nagusia nire amonaren istorioa kontatzea zenez, bere etxea espazio ezinbesteko bilakatu zen, etxe horretan argia eta denbora nola igarotzen ziren eta abar. Nire amonaren etxea deskubritzea izan zen, gelaz gela, berarekin izandako elkarrizketez eta istorioez harago. Etxea bera bihurtu zen pertsonaia. Oraingoan, aldiz, oihana. Konstante bat bihurtu da nire lanean. Istorioa eta pertsonaia izan aurretik erabaki nuen oihan horretan filmatu nahi nuela.
Horrez gain, fikzioaren eta dokumentalaren arteko nahasketa hori...
Bai, Intimidades dokumental formatuaren esparruan sartzen da formalki erabat, eta Selva trágica, aldiz, fikzioa da, baina interesatzen zait bereizketa horiek ez egitea, eta bietan aurki liteke dokumentalaren lengoaiatik eta fikziotik zerbait. Horra [Werner] Herzogen beste irakaspen bat. Generoen mugekin jolasten du eta oso interesgarria da. Gustatzen zait filmaketan transformatu egiten den eta transformatu egiten gaituen zinema. Kameraren aurrean elementu biziak daude eta horien eraldaketak harrapatzea gustatzen zait, gidoiak dioenaz haragoko zinema. Unean-unean erabakiak hartzea, eta gertatzen diren aldaketa naturalek elika dezatela filma. Aktore naturalekin lan egiteko erabakiak zerikusi zuzena du horrekin, nahiz eta aktore profesionalak ere badauden filmean. Horrek guztiak areagotzen du arriskuaren, ziurgabetasunaren aukera. Espazio irekietan filmatzeak ere hori dauka, ezin duzu eguraldia kontrolatu. Horra beste aldagai bizi bat, eta naturak berak agintzen du. Sorkuntza prozesuari abentura eransten dio horrek.
Behin filma amaituta, itzuliko zara oihanera?
Baietz espero dut, baina ez beste film bat egitera. Orain gorputzak atmosfera eta giro erabat desberdina esploratzea eskatzen dit. Baina zor handia daukat oihanarekin eta bertako jendearekin. Pandemiaren kontuengatik ezin izan dut itzuli, eta hara joan eta erakutsi nahi nieke filma, beraiekin partekatu nahi nuke esperientzia. Komunitate txiki horietara joan eta zikloa itxi nahi nuke. Espero dut azkar joan ahal izatea.
Orain bestelako esperientziak, espazioak eta atmosferak behar dituzula diozu. Izan liteke Euskal Herria, bertako sustraiak izanik?
Askotan egin diot galdera hori neure buruari. Eta nire aitak oraindik eta gehiagotan galdetzen dit noiz datorren Euskal Herrian egindako filma. Ez dakit. Asko gustatuko litzaidake. Euskal Herrian egon naizenetan oso une bereziak bizi izan ditut. Akaso behar dudana denbora da. Bertara joan eta lekuetan egoteko denbora. Istorioak sortzen zaizkit tokian egonik. Oihanaren filma bururatu zitzaidan bertan bost hilabete pasa ondotik... Distantziatik lan egiten ez dakit. Ezin dut idatzi Euskal Herrian gertatuko den zerbaitez Mexiko DFtik. Ez dut lan egiten irudimenarekin, baizik eta errealitatetik eratorritako ideiekin. Pena handia izan dut aurten Donostiara joan ezin izan dudalako, baina...
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]
Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]
Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]