Mugimendu feminista antiarrazismotik gorpuzteko bidea jorratu dute

  • Euskal Herriko mugimendu feminista antiarrazista eta euskalduna helburu gisa jarririk, horretara heltzeko bideari begira jarri ziren kasik 600 emakume, Euskal Herriko VIII. Topaketa Feministen kari. “Bazter zabaletako errealitateak erdigunean” kokatzeko marko, formula, diskurtso eta imajinarioei buruz hausnartzeko unea eskaini zuen Bilgune Feministak. Emakume zuri, etorkin eta arrazializatuen arteko aliantzak baita agenda feminista eta antiarrazisten artikulazioa ere oinarrizkotzat jo dituzte.

Pastora Filigrana, Ana Murcia, Iratxe Retolaza eta Amaia Zufiak partekatu zituzten haien gogoetak, Udane Migeltorenak gidatu hitzaldian.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aliantzak oinarri hartuta; –behetik gora eraiki beharreko aliantzak–, gatazketatik ikasiz, elkar aitortuz, aniztasuna kontzienteki landuz eta gure arteko desorekak ezkutatu gabe”. Bilgune Feministak helburutzat jarritako Euskal Herriko mugimendu feminista antiarrazista eta euskaldunera heltzeko bideari buruzkoa da esaldi hau, Euskal Herriko Emakume Abertzaleen VIII. Topaketen bukaerako hitzartzean Naia Torrealdai eta Alazne Beltran de Lubianok plazaraturikoa.

Bide horri begiratu zioten abenduaren 12an burutu zortzigarren topaketetan. Hemezortzi urte Bilgune Feminista dabilela “mugituz egindako bidean”, “apurka eta pauso sendoekin egindakoan”. Kritika dekolonialei irekita, marko eta formula berrien bila jarriak dira ere. Joxean Artzeren Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean letra ezagunak berenganaturik irudikatu zuten indibidualki eta kolektiboki eraman beharreko ariketa: zapaldu izaera errazki identifikagarria baldin bazaigu, zapaltzailearena usu lanbro artean ezkutaturik/ezkutatzen dugulako. Gordetakoa arakatu eta miatu, mugimendu feministaren parte diren emakume etorkin eta arrazializatuen partetik jaso interpelazioei parez-pare begiratuz: zurion baitan, jendartean eta erakundeetan dagoen arrazakeria; zuri izateagatik diren pribilegioak eta tutoretzarik gabeko aliantza feministen premia.

Ariketa ez da erraza, eta gaia kokatzerako orduan gutasuna osatzerakoan arreta handiz ibiltzeko premiaz ohartarazi zuen hizlarien arteko Iratxe Retolaza Emagin elkarteko kideak: “Birpentsatu behar ditugu pentsamendu mendebaldarrak gutasunak eraikitzeko erabili dituen moduak, tartean bitasunak. Mendebaldartasunak sortu duen subjektu moderno hori homogeneotasunean oinarritzen da –zuritasuna, gizontasuna, klase ertain-altua, heterosexuala, estatu-hizkuntza–. Aldagai hauei askotan erreparatu diegu, baina  badago ere hiritartasun europarraren aldagaia; gu hor kokaturik gaude eta gutiagotan heldu diogu horri eta oso lotuta dago hori ere arrazakeriarekin”. Euskaldun zuria versus etorkin arrazializatua bitasunarekin bukatzeko beharra ere azpimarratu zuen, “askoz konplexuagoa” delako kokapenarena: “Badaude euskaldun arrazializatuak, euskal hiritar arrazializatuak, migrante arrazializatuak eta migrante zuriak ere”. Hots, mendebaldartasunak xede duen bitasun eta homogeneizazio hori gailendu eta gutasuna osatzeko orduan kokapenak xehekiago arakatzeko beharra ikusten du Retolazak –hizlari ezberdinek luzatu zuten ohar hau–.

Retolaza egon zen “Hizkuntza, arraza eta nazio zapalkuntzen arteko elkarguneetan arakatu” mahai inguruan, ondoan zituela Ana Murcia Euskal Herrian bizi den salvadortarra, Andaluziatik etorritako Pastora Filigrana abokatu eta ijitoen diskriminazioaren aurkako sareko kidea eta Amaia Zufia Bilgune Feministako kidea –lauak militante feministak–. Gogoetari lotu ziren kasik 600 emakume, streaming bidez taldean edota etxetik begiratuz Donostiako Zuatzuko Iratzar Fundazioko aretoan egindako mahai-ingurua. “Sindemia, muga eta murrizketen erdian, militantzia konfinatu nahi den garaian, eztabaida kolektiboaren aldeko apostua egin dugu”, Zufiaren hitzetan. Hain zuzen, koronabirusaren pandemiaren erdian garela, ez zen izan hastapenean irudikaturiko Oreretako topaketa jendetsua, baina ez zen izan ere ez agintariek bideraturiko etxeratze eta bakartzerik: osasun-neurriak bermatuz, tokian-toki kolektiboki eraman zuten hausnarketa. Hori eskertu zuten hizlari zein entzuleek. “Argi geratu da gure arteko konexioak apurtzea ez dela batere erraza eta egoskorrak ere bagarela; eta horrela segituko dugu” Zufiak argitu zuenez.

"Euskararen eta herri honen historia kontatuz euskara maitatzen lagundu behar diguzue, euskarari diogun beldurra galtzen laguntzeko" Ana Murcia

Feministen arteko elkarrizketak eta aliantzak ezinbestekotzat dauzkate guztiek. “Kolpatzen gaituen munstroa komuna dugu, gutxienez elkarrizketa behar dugu gure artean. Ez dut sinesten praktika eta minen homogeneizazioan, baina elkarrizketa ukatea beharrezkoa zaigu”, Filigranaren erranetan. Hau posible izateko espazioak sortu behar direla zion Murciak. Ikuspegi dekolonialaz anitz hitz egiten den garai honetan, hitzetatik praktiketara saltoa eman beharra dago: “Diskurtso honen gauzapenean dugu benetako estrategia, norberarenetik hasita, barneraturik eta produzitzen ditugun joera horietan arreta jarriz”. Hots, bakoitzak ditugun pribilegioak eta zapaltzaile posturak aitorturik, urrats bat gibelera egin eta espazioa partekatu. Horrela lortuko dira aliantza gune eraikitzaile eta adeitsuak. Murciak argi du: “Besteen borrokak gutxiesten ala menderatzen baldin badituzu, borroka bera ahultzen duzu”.

Bat egin zuen ideia horrekin Zufiak: “Pribilegio handiagoko posizioetan gaudenoi dagokigu lehen pausoa ematea, elkarrizketarako espazio seguruak ahalbidetzea, lekua uztea eta ez erortzea tutoretzaren logiketan”. Borroka ezberdinen intersekzioan sare sendoak garatu beharra ikusten du Bilgune Feministak ere. Zufiaren hitzetan, komunitate feministaren baitan bi aldeetara doan elkarrizketa lortu ahal izateko ezinbestekoa zaigu boterearen inguruko analisi kritikoa egitea, “gutarik, hasita” –baina– “gu/besteak banaketa indartu gabe, eta homogeneizazio faltsurik egin gabe”. Aldaketa hau egikaritzeko, elkarren arteko konfiantza ezinbestekotzat du, baita argi ukatea ere elkarrizketak “digestio prozesu bat” eskatzen duela. Nahiz eta barrenak inarrosi, boterearen berrikuspen kritikoa eraman beharra dugulako: “Zapaldu-zapaltzaile muga horretan gaudela onartu behar dugu”.

Parean, munstro komuna

“Etsai komuna, hamaika aurpegiko munstro komuna daukagu; ez gaitu indarkeria eta ukaldi berarekin joko –ez du modu berean joko papergabe beltza edo langile euskalduna–, baina munstro-gorputz bera daukagu parean”. Ijitoek eta euskaldunek historian zehar –“baita gaur egun ere”– pairaturiko jazarpen eta diskriminazio estrukturalen adibideak plazaratu zituen Filigranak baieztapen hau ilustratzeko. Espainiako Estatuaren baitan “gizon, zuri, katoliko” identitatetik urruntzen den oro zapaldua izanen da, “modu batean edo bestean, arinago edo bortitzago” identitate horretatik urruntze-heinaren arabera. Ijito zein euskaldun gisa pairaturiko pertsekuzio etniko-kulturalak banaketa horren baitan kokatu zituen.

Baina argi utzi zuenez, banaketa hau ez da gurera mugatzen: mundu mailakoa da, ekonomia global kapitalista eta neoliberalaren oinarrian dugu. “Batzuen lan-indarra ustiatuz, etengabean aberastasunak metatzen dabiltza besteak; eta gainera, guztion lan-indarrak eta biziak ez daukate balio bera: bizi duzun gorputzaren ala lurraldearen araberakoa izanen da balioa”. Gizon zuri, mendebaldar katoliko, heterosexual, desgaitasunik gabeak du “kokapen ideala”, munstroak banatu ukaldietatik urrun, eta gorputz eta lurralde horretatik urrundu arau, kolpeak biderkatzen dira. Horregatik zaio ezinbesteko ikuspegi intersekzionala: “Ez da soilik lanaren eta aberastasunaren banaketa eredua, eredu honek ezinbestekoak ditu arraza irizpideak eta patriarkatuak bideraturiko zapalkuntzak”. Are gehiago, mikrotik makrora, egiturazko zapalkuntza hauek eguneroko diskurtso eta imajinarioei esker bizirauten dutela zioen.

Diskurtsoez, jarduteko moduez eta imajinarioari buruz aritu zen Retolaza ere, “aitaren etxea arrakalatzeko” hiru esfera horiek “higatzeko” garrantzia azalduz. Batetik, diskurtsoen higatzea –“asmoen bilduma bat baitira diskurtsoak eta teoriak”–, bestetik, jarduteko moduen higatzea –“praktikak birpentsatzeak harreman-erak eta prozedurak birpentsatzea dakarrelako”, eta azkenik, imajinarioaren higatzea –“sinbolo eta mundu-ikuskeren bitartez erreproduzitzen direlako balio horiek guztiak”–. Azken horri eman zion garrantzia, funtsean zailena delako eta “bazter aztoratzaile” ere delako usu. Alta, ezinbestekotzat du ikuspegi dekolonialetik kultura ere galdekatzea, kritikatzea, hots, inarrostea eta aldaraztea: “Euskaldunaren imajinarioak sortzean bestetasunak ere eraikitzen ari garelako, eta imajinario zuriak eta gainera, arrazistak sortzen baditugu, eta hori naturaltasunez eta aztoramendurik gabe igarotzen bada, ulertzekoa da euskaldunaren imajinario horretan batzuek euren burua islaturik ez ikustea”. Premiazko “higatze” hau burutzeko euskaldunok dauzkagun zailtasunak ilustratzeko orduan, imajinario “zeharo sexista eta arrazista” duen Black is Beltza komikiak kritika biziki guti jaso izana ohartarazi zuen. “Mundu sinbolikoak auzitan jartzen ez baditugu, erreprodukzio-kate hori ez dugu higatuko”, Retolazaren hitzetan.

Agendak artikulatu beharra

Aliantza horien bidean, agenda feminista eta agenda antiarrazista artikulatu behar direla zioen Zufiak; eta Bilgune Feministaren baitan eramandako gogoetatik hainbat esparru zerrendatu zituen: Zaintzarena; euskararena; migrazio politikena, mugena eta botere korporatiboena; espetxe politikarena eta herritartasun ereduarena. Murciak ere bere bizipenetatik aipatu zuen bi agenden batzearena, “dekolonialitaterik ezin da egon patriarkatuaren bukaerarik gabe” ideiari segi, aurkeztuz Salvadorren guneka borroka feminista emakume indigenek eramandakoa dela. Ideia hau interesgarria zaio mugimendu antiarrazistak ere borroka feministari lotzeko bidean.

Dena dela, krisi eta kolapso testuinguruak horretara bultzatuko gaituela argi gelditu zen: “Bortiztuz joanen den olatu neoliberalaren aitzinean antolatu behar gara, munstroak jipoituriko askotariko jendea topatuko gara borroka horretan eta elkarrizketaren bidez batuko gara frente horretan, –zapalkuntzen olinpiada alde batera utziz eta bestearen zapalkuntzak ere aitortuz–” Filigranaren hitzetan.

Euskalduntze doakoa

Euskararen gaia mahai gaineratu zuten hizlariek. “Euskararen eta herri honen historia kontatuz euskara maitatzen lagundu behar diguzue, euskarari diogun beldurra galtzen laguntzeko”, Murciaren hitzetan. Ildo beretik egin zuen Retolazak ere, euskaldunon artean ahulduz doan hizkuntza-zapalkuntzaren kontzientzia berraktibatu eta euskal hiztunak ez direnei hizkuntza-errealitate horren berri emateko garrantzia ikusten duelako: “Komunikazio-bideak eta zubiak eraiki behar dira”. Retolazaren begietatik, 1980. hamarkadaz geroztik martxan jarritako hizkuntza-politiken emaitza ere bada euskara pribilegio bat izatea hizkuntza-imajinarioan –euskalduntzea ez delako doakoa, eta enplegutzeari loturikoa delako–.

Espainiako Estatuaren Atzerritarren Legearen aurka borrokatzeaz gain, euskaldunok etorkinen euskalduntzearen aldeko borrokan ere inplikatu beharko genukeela zioen Murciak. Zufiak zein Retolazak ere exijitu zituzten erakunde publikoen partetik euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak.

Hizkuntzen alorrari dagokionez, eztabaida sutsuak egon dira azken garaiotan feministen artean ere: “Egia da kostatu zaigula gure kideei ulertaraztea euskara badela munstro kolonial kapitalista horren aurrean erresistentzia praktika bat”, Zufiaren hitzetan. Baina, euskara erdigunean ezartzearena “joan-etorriko bidea” dela erranik, ondokoa gehitu zuen: “Bestea parte sentiarazteko gure jarrera klasistak eta arrazistak zein estereotipoak landu behar ditugu, eta euskarara iritsi ez diren kideek ulertu behar dute euskara auzi politikoa dela, mendeetako zapalkuntza duena atzean”. Hots, “enpatia” bi aldeetatik.

Hamaika gogoetaz elikaturik, bakoitza berera itzuli zen, guztia digeritzeko grinaz. Gogoeta ez zelako topaketa horretan hasi ez eta ere bukatu, Bilgune Feministak azpimarratu zuen gisara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


“Menopausia patologizatu beharrean, etapa baten parte gisa bizi behar dugu”

Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


Gorputz hotsak
“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


2024-11-05 | Euskal Irratiak
Debrien Figurak, feminismoaren eta transfeminismoaren inguruko egun arrakastatsua Oztibarren

Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.


2024-11-04 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Zer irabazi dugu Errejónekin?

Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


2024-10-28 | ARGIA
Maixan Arbelbide militante feminista heletarra hil da

91 urte zituela, urriaren 27an hil da Heletan jaio eta Baionan bizi zen militante feminista, abertzalea eta ekologista. Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan.


Oraindik ere nabarmen gutxiago dira seme-alabei lehenengo abizena amarena jartzen dietenak

Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Eguneraketa berriak daude