Black Friday-rik ez litzateke bezperan ez balitz amerikarrek ospatzen duten Thanksgiving edo Esker Emate Egunik. Kapitalismoak bizirauteko ezinbestekoa duen muturreko kontsumoaren egun horri begiratzeaz gain, bezperakoari ere so egitea inportantea da. Ofizialki kolonoen eta amerindiarren arteko senidetasuna markatzeko unea baldin bada, errealitatean, bertako autoktonoen genozidioaren adibide historikoa dugu. Historia horren berri ematen dabiltza autoktonoak, Esker Emate Eguna 1970az geroztik Doluaren Eguna izendaturik. Europar zuri gisa ezagutu beharreko historia.
Zehazki zergatik eta noiztik Black Friday ala Ostiral Beltza AEBetan finkaturik duten ez dago argi. Hori bai, Thanksgiving edo Esker Emate Eguna deitu besta handiari lotua da, eta urtero azaroko azken ostegunaren biharamunean dute. 1951an agertzen da Black Friday izendapena, justuki Thanksgiving-aren biharamunean langile anitzek hartu pausa-egunek nagusiei eragindakoa irudikatzeko. 1961ean haatik beste fenomeno bat izendatzeko baliatu zuten: familia-apairuaren biharamunean bakoitza berera itzultzeak zein pausa eguna Eguberriko opariak erosteko baliatu izanak eragin auto eta jende metaketak aipatzeko baliatu zuten Ostiral Beltza izendapena. Dendak 1970eko hamarkadan hasi ziren beherapenak proposatzen, urtez urte fenomenoa areagotuz gaur egungo muturreko heineraino.
Azken urteetan gurean ere errotuz doa, milaka eta milaka euskaldunek baliatzen dituztela interneten edota saltegietan proposaturiko beherapen erakargarriak. Noski eta eskerrak, AEBetan bezala, Ostiral Beltzak akuilaturiko kontsumo-jendarte kapitalista jo mugan dute hemengo anitzek ere, boikoterako arrazoi sozial, ekonomiko zein ekologikoetan oinarriturik.
Baina ostiral horren bezperakoari begiratuz gero, are salagarriagoa bilakatzen dira Thanksgiving eta honen biharamuna. “Familia amerindiar anitzentzat egun biziki konplikatua da Esker Emate Eguna; bestelakoa ezin daiteke izan benetako historia eta kolonoen eta autoktonoon arteko lehen topatzeei buruzko kontakizun faltsuak ezagutzen direnean”. Lyla June autoktonoaren hitzak dira, Massachusettseko Plimotheko Landa Lekua deitu museoan plazaratutakoak.
Museo honek kontatzen du Plymoutheko koloniaren heltzea –Amerika deitu lurraldean kokaturiko bigarren kolonia, lehena Jamestown izan zelarik–. 400 urtez atzera egin behar dugu Esker Emate Egunarena ulertzeko: 1621ean egindako bazkari erraldoi bat du oinarrian, Historia ofizial hegemoniko eta zuriaren arabera, autoktono eta kolonoen arteko apairu alai bat, senidetasunaren eta elkartasunaren sinbolo. Ederra da kontaturikoa: 1620an lurreraturiko kolonoak ez ziren ez ihiztari abilak, ez laborari jakintsuak ez eta ere arrantzale onak. Hori horrela, goseteak eraman zituen anitz, zifra ofizialei segi bertaraturiko erdiak. Ondoko urtean, Wampanoag herrikoak gurutzatu eta hauen partetik jasotako jakintza eta kontseiluei esker biziraun eta egokitu ziren bertakoari. Guztiaz eskertzeko unea izan omen zen Thanksgiving.
Mezu hori pasarazi dute urtez urte, hamarkadaz hamarkada eta azkenean, mendez mende, eta gaur egun oraindik elkarbizitza eder baten sinbolo da gehiengoarentzat. Tradizioaren barne da, etxe guztietan erroturikoa da Esker Emate Eguna. Menua ere kontakizun horren araberakoa dute: garaian bezala indioilo fartzitua –izan Etxe Zurian zein auzo pobreko etxebizitza hertsian, guztietan indioilo fartzitua–.
Daily Geek Show komunikabidearen Derrière la fête de famille de Thanksgiving se cache l’un des pires génocides de l’Histoire (“Historiako genozidio odoltsuenetariko bat gordetzen da Thanksgiving familia-bestaren baitan”) erreportajeak xeheki berridazten du alta 400 urteko gertakizuna.
“Mito federatzaile” bat Matthieu Garcia erreportajearen egilearen hitzetan. “Partekatzearen eta nazio batasunaren sinbolo, oroitzarre hau amerindiarren ondorengoen iraintze bat da; eskoletako liburuek aipatzen ez duten Pequoteko sarraskiaren neurriz kanpoko laudatze batean gara”. Hain zuzen, hiru eguneko besta hau egon, egon bazen ere, ez zen errepikatu. Eguna markatu eta urtero errepikatzeko erabaki ofiziala ordea, 1637an hartu zuten kolonoek.
Zer gertatu ote zen 1637ko maiatzaren 26 hartako Pequoteko sarraskian? John Mason kapitainak herria inguratzeko manua emanik, kolono eta haien aliatuek herria erre eta bertatik bizirik ateratakoak hil zituzten. Orotara, 600-700 bat hil historialarien arabera. Sarraski odoltsua bihurtu zitzaien arto berdearen dantza ospatzeko autoktonoen egun sakratu hura. 1636ko udazkenaz geroztik gerra giroa zen nagusi kolono ingeles eta bertako Pequoten artean, gorputzen eta lurren kolonizazioari erresistentzia bideratzen zietelako. Sarraskiaren biharamunean Massachusettseko badiako koloniaren gobernadoreak Thanskgiving edo Esker Emate Eguna finkatu zuen: “Gaurtik aitzina Esker Emate Eguna ospatuko dugu, 700 gizon, emakume eta haur eliminatu izanaz eskertzeko Jainkoa”.
“Gogoetatu Thanksgiving apairua kari eskertza zeri bideratzen zabiltzaten” gomedioa luzatzen du republicoflakotah.com webgunean argitaratu Cooking the History Books: The Thanksgiving Massacre (“Sukaldatu Historiako liburuak: Thanksgiving sarraskia” erreportajeak. 8.000 inguru ziren Pequotak kolonoen etorrera aitzin, eta hortik hamabost urtera 1.500 ziren, europarrek ekarritako eritasunek gehiengo handia hilik. Gelditzen ziren ia guztiak hil zituzten 1637ko sarraski horretan. “Egia honen berri ematea biziki inportantea da, amerikarren bizian garrantzia handia duen Esker Emate Eguna gezur anitzetan oinarritzen delako”, Lyla Junen hitzetan.
1970ean Dolu Eguna izendatu zuen eguna autoktono aktibisten United American Indians of New England egiturak eta orduz geroztik, jasandako genozidioa oroitzeko eguna dute –sendatze eta osatze prozesuan garrantzia handiko unea–. Haiek ez badute egiten, inork ez duelako eginen. Horren adibide justuki, Dolu Eguna orain duela 50 urte finkatu izana. Urte horretan ospaturiko kolonoen lehorreratzearen 350. urtebetetzea kari Wamsutta Frank James autoktonoak plazaraturiko diskurtsoa zentsuratu zioten. Erantzun gisa, Dolu Eguna izena jarri zioten azaroko azken ostegunari. Egia, aitortza eta erreparazioan zentratzeko eguna izatea nahi lukete.
Baina, hain da errotua familia-bazkari alimale honen ohitura, non eta autoktonoen artean ere ospatzen dabiltzan. Hori horrela, boikota baino gehiago, Thanksgiving modu dekolonialean ospatzeko bide bat proposatzen dabil Nephi Craig sukaldari autoktono ospetsua: bertako mozkin indigenekin sukaldatzea. Beste bi gomendio ere ematen ditu: arbasoei esker ditugun paisaiak eta lur emankorrak eskertzea eta oroitzea “bakerantz daraman bidea eraiki daitekeela sukaldatuz eta janez”. Minari begietara begiratu eta osatze dekolonialean urrats bat gehiago egiteko bidea hor ere. Eta zuri europarrontzat arrazoi bat gehiago eskuz-esku duen Ostiral Beltzari bizkarra erakusteko.
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
Nobel Akademiak iragarri ditu Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen... [+]
Ez da kasualitatea Hispanitatearen eguna, Guardia Zibilarena eta Pilarreko amabirjinarena data berean izatea. Hirurek egitura zapaltzaileak irudikatzen dituzte (estatua, armada eta eliza). Bestalde, indigenen erresistentzia eta Espainiako Estatuak bere armada militar eta... [+]
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]
Kanadako Elkarte Medikoak (CMA) barkamena eskatu die herri indigenei, praktika medikoentagik edo haien gabeziagatik historikoki eragin dizkieten kalte fisiko eta psikologikoengatik. Barkamen-eskea egin duen ekitaldi berean txosten bat aurkeztu du, medikuen jarduera antietikoak... [+]