“Turkiarentzat krimena da pelikula hau existitze hutsa”

  • Ersin Çelic eta Diyar Hesso dira Askatasunaren alde filmaren zuzendaria eta ekoizlea, hurrenez hurren. Valentziako Mostran Bronze saria jaso ostean, Euskal Herrian proiektatu dute azaroaren hasieran eta politika, gerra eta erresistentzia uztartzen dituen proiektuaren mamia azaldu dute.

Askatasunaren alde proiektatzen ari zarete munduko hainbat tokitan. Zer da pelikulak kontatzen duena?
Ersin Çelic: HDP-k, Herrien Alderdi Demokratikoak –kurduek sortutako koalizioak– 2015eko ekaineko hauteskundeetan arrakasta handia lortu zuen Turkian. Recep Tayip Erdoganen AKP alderdiak bozak galdu zituen eta ezin izan zion bakarkako gobernuari eutsi lehenengo aldiz alderdiaren historian. Orduan, bere ideologia turkiar-islamikoa praktika ultranazionalista bilakatu zuen, Erdoganek ez zituelako emaitzak onartu. Gobernurik ez zen osatu eta berriro hauteskundeak egin ziren.

Tarte horretan Estatu Islamikoak HDPko eta AKPko ehunka disidente hil zituen bonba erasoetan Diyarbakirren, Adanan, Suruçen eta Ankaran. Dakizuenez, Turkiak babestu zuen Daesh hasieratik.

Uztailean PKK eta Turkiako Gobernuaren arteko su-etena amaitu zen eta Turkiak berriro ekin zion kanpaina militarrari. Hain handia izan da erasoa, ezen herri kurduak gutxitan ezagutu baitu horrelako bortizkeria, agian birritan bere historian: hilerriak txikitu zituzten, eta eraildako jendearen gorpuak ibilgailu militarretan lotu eta arrastaka eraman zituzten hirietan zehar.

Gatazkak, borrokak eta erresistentziak piztu ziren dozenaka herri kurdutan, gehienetan poliziek gazteak ehizatzen zituztelako. Horren ondorioz, jende gaztea hasi zen antolatzen euren auzo eta barrutietan. YPS –autodefentsa zibilerako unitateak– boluntario armatuen taldeak agertu ziren, gehienetan gazteek osatuta.

Orduan Turkiak hiriak setiatu zituen, atzerriko armada baten kontra borrokan jardungo balitz bezala, artilleria eta tankeak baliatuta herriguneen aurka. Cziren, esaterako, ehunka lagun bizirik erre zituzten soto batean, aurretik gosez hiltzen eduki eta gero.

Garai horretan Diyarbakirreko Sur barrutian gertatutakoa kontatzen duzue.
E. Çelic: Bai, Surreko erresistentzia, hain zuzen. Munduaren lotsarako, Surren historia ezabatua izan da, nazioarteko komunitatea begira egon arren. Gure lurraldean herriak, kulturak eta sinesmenak birrindu ditu bortizkeriak, inork ezer egin gabe. Isiltasun horren kontrako aldarria da filma.

Gidoia oinarrituta dago erresistenteek eurek idatzitako testuetan. Egunkari horiek adore eman ziguten. Çiyager, taldeko komandantea, tematu zen eta agindu zuen bertan gertatzen zena publiko egiteko. Horrez gain, biziraun zuten YPSko lau kiderekin elkarrizketa luzeak izan genituen.

Diyar Hesso Bilboko emanaldian.

Askatasunaren alde modu bat al da zuen burkideak bizirik mantentzeko?
E. Çelic: Ahozko kontakizuna ohitura sendoa da Ekialde Hurbilean eta Mila gau eta bat gehiago ipuinean bezala, herri kurduak sentitzen du bere historia kontatzeari utziz gero, hilko dela.

Surreko erresistentzia ere ezabatzeko asmoa zuen Turkiak eta borrokalariek erabaki zuten ezetz, historia hori azaleratuko zela. Azkenean, kontakizunaren inguruko borroka bilakatu zen, batzuek desagerrarazi nahi zuten eta besteek setiotik atera.

Diyar Hesso: Borroka hori ez da amaitu, Turkiak debekatu zuen gure Twitter kontua filma amaitu baino lehen. Turkiarentzat pelikularen existentzia hutsa krimena da.

Filmean agertzen diren aktore batzuek setioaren erresistentzian parte hartu zuten, ezta?
E. Çelic: Bai, Haki eta Rubar Shervan Pirata egon ziren Surreko erresistentzian eta euren pertsonaiak antzeztea euren esku geratu zen. Horrez gain, aktore talde gehiena aritu da Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, edo gerran hazi da. Jakina, ez dira profesionalak, baina benetako bizipenak eta sentimenduak izan dituzte, hortaz, horretan zentratu ginen. Hain zuzen, eurek hitz egiten eta jokatzen duten moduan aritzea kamera aurrean, egunerokoan egiten duten moduan.

D. Hesso: Film osoak benetako jendea eta errealitatea du oinarri. Berez, Kobanen grabatu genuen, Estatu Islamikoak inoiz konkistatu ez zuen zonaldean, alegia. Horrek eragina izan zuen pelikularen taldean, Surreko bizipenak berpizteko. Estra asko auzo horretakoa zen gainera, eta pelikulan aritu zen boluntario askok bazekien historia hori zela eurek bizitakoaren oso antzekoa.

Azaldu duzu filmean agertzen diren aktore asko borrokalaria dela, zer gertatu da eurekin pelikularen ostean?
D. Hesso: Borrokan jarraitzen dute. Tamalez, kontatzen dugun historia gertatu da duela gutxi eta errealitatea ez da aldatu. Gerrak jarraitzen du, baita gure herriaren aurkako genozidioak ere. Ez dugu amore eman, hortaz, grabaketaren ostean, borrokalariek aurre egin izan behar diete Turkiako Estatuaren inbasioei eta batzuk hil dira.

Dyar Hesso:
“Genozidio saiakerak iraun bitartean, erresistentzia ekintza izango da edozein film edo abesti kurdu”

Rubar Shervan, esaterako, Kurdistango mendietan, Haftanin-en, zendu zen borrokan. Grabaketa taldeko beste kide batzuek ere galdu dute bizitza mendietan borrokatzen, adibidez, efektu bereziak eta eztandak prestatu zituen lagunak.

Rojavako Zinema Komunaren sortzaileetako bat, Mazdek Ararat, auto istripu baten ondorioz hil zen. Ezbehar hori gertatu zen Turkiak Siriako Iparraldeko errepideak okupatu dituelako eta, hori dela medio, bidezidor arriskutsuak erabili behar ditu jendeak.

Bilboko proiekzioaren ostean pasadizo bitxia bezain beldurgarria kontatu zenuen filmean agertzen diren tankeei buruz, azalduko duzu, mesedez?
D. Hesso:
Pelikulan agertzen diren tanke eta ibilgailu armatu guztiak YPG-k eta YPJ-k kendu zizkieten Estatu Islamikoko indarrei Kobaneko borrokan eta horren ostean. Daesh-ek arma ugari zuen, Mosul inbaditu zuenean han zeudelako. Herri kurduak ez zuen horrelakorik.

Hortaz, batailetan eskuratutakoak frontean erabiltzen ziren. Aldiz, bazeuden matxuratutako ibilgailu militarrak lehen lerroan baliatu ezin zirenak. Horiek margotu eta aprobetxatu genituen pelikulan agertzeko.

Egun batean, tankea mugitzen ari ginen leku batetik bestera eta bat-batean gelditu zen. Gainera, tankearen kanoia Turkiara begira geratu zen –Kobane Turkiako mugan dago–. Handik gutxira droneak agertu ziren eta ihes egin behar izan genuen. Bi egunez bertan behera utzi genuen grabaketa, uste baikenuen bonbardatuko gintuztela.

Bestalde, filmean ikusten den polizien ekipamendua –babesak, kaskoak, borrak...– Siriako Erregimenarena da. Gobernuak Kobane utzi zuenean han geratu zen material guztia eta guk ez dugunez horrelakorik erabiltzen herriaren kontra, beltzez margotu genuen, Turkiako Poliziak erabiltzen duenaren itxura izan zezan. Erraza izan da itxura bera izatea, erregimen autoritarioen logika bera da, hortaz, euren tresnak berdinak dira.

Ez duzue diru askorik izan, baina publikoak aipatu du oso ekoizpen profesionala dela Askatasunaren alde. Zer nolako bitarteko ekonomikoak izan dituzue?
D. Hesso: Pelikula bat egitea garestia da eta Rojavan ez dugu dirurik horretarako. Egia da Ipar eta Ekialdeko Administrazioaren diru-laguntza izan dugula, zehazki, arte eta kulturako batzordearena. Hala ere, zoritxarrez, gure lurraldeko gerra egoeragatik, erraza izan da horrelako filma egitea. Hiri txikituak baditugu, baita armak eta ibilgailu militarrak ere. Gainera, estra moduan agertu direnek, aktoreek eta ia talde gehienek ezagutu dute gerra zer den eta lan egin dute sinesten dutelako proiektuan, soilik janariaren truke.

Aipatu duzuen horrekin guztiarekin, argi dago pelikula ez dela arte ariketa hutsa, tresna politikoa ere badela.
E. Çelic: Arrazoia oso erraza da. Ezin dugu jokatu faxismoa edo gerra egongo ez balira bezala. Faxismoa eta genozidioa dauden tokietan arteak esaten badu “neutrala naiz”, absurdua eta zentzugabea izango da.

D. Hesso: Kurduen aurkako genozidio fisiko eta kulturalaren saiakerak irauten duen bitartean, edozein film edo abesti kurdu bilakatuko da erresistentzia ekintza.

Edonola ere, hau ez da bakarrik mugimendu kurduak babestutako ariketa politikoa, artea ere bada, gizarte kurduaren kontzientzia sustatzen duena. Egoera soziopolitikoak eragiten digu, baina gu ere eragile aktiboak gara.

Filmak akzio mordoa du, baina hori azalekoa bakarrik da, ezta?
D. Hesso: Hala da. Herbehereetako emakume bat ezagutu genuen Rotterdamen, medikua zen, baita zinemazale amorratua ere. Hitz egin genuen apur bat eta berak interesa zuen filma ikusteko. Hurrengo egunean etorri zen proiekziora. Amaitu zenean, negar egin zuen eta aipatu zigun: “Nire iloba ekartzeko asmoa nuen, baina uste nuen gerra filma ez zela egokia izango irudi bortitzen ondorioz, berak 13 urte besterik ez dituelako. Orain, ordea, damu naiz ekarri ez izanagatik, ikusi dudana ez baita gerrari buruzkoa, baizik eta adiskidetasuna eta giza harremanei buruzkoa”.

Borrokak grabatu nahi genituen, baina baita une txikiak ere. Momentu txiki horiek kontatzen dute dena: nortzuk ziren borrokalariak, zergatik egiten zuten hori eta zer zen garrantzitsua eurentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-11-27 | Julene Flamarique
Espetxe zigorra ezarri dio Turkiak Beritan Canözer kazetari kurdu feministari

Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


2024-10-31 | Justus Johannsen
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean

Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]


2024-10-21 | Justus Johannsen
Beste bi kazetari kurduren hilketa
Turkiaren zapatako harri koxkorra

Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]


Sebahat Tuncel
“Ohikoa bihurtu da politikari kurduak espetxeratzea”

Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]


2024-07-22 | Justus Johannsen
ANALISIA
Turkia Irakeko Kurdistan konkistatzen ari da, PKKren aurkako borrokan

Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]


2024-03-20 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
“Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du”

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
“Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori”

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
“Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen”

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-22 | Aitor Aspuru Saez
“Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako”

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean

Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.


Turkiako ezkerrak bat egin du Erdogan boteretik botatzeko

Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.


2023-03-20 | ARGIA
HerriBiltzak udaberriko festa ospatu du kurduekin batera eta iraultzaren haziak ereiteari ekin dio

Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]


Eguneraketa berriak daude