Xabier Leteren obraren aldarri ozena

  • Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa, horixe dugu Alexander Gurrutxaga (Zarautz, 1988) EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslearen doktore tesia. Aurten irakurria du, udaberriko konfinamenduaren bezpera egunetan, poetaren heriotzaren hamargarren urteurrenean.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Doktorego tesiak duen lehen arakaitzetakoa izan ohi da ikergaia bera hautatu eta mugatzea. Alex Gurrutxagak aski modu naturalean erabaki zuen Xabier Leteren poetika ikertzea. “2013ko egun batez, Lourdes Otaegirekin unibertsitateko bulegoan, euskal poesiaren historiari buruz hizketan hasi eta, laster, Leteri buruz ari ginen hizketan. Esan zidan: ‘Aizu, eta zergatik ez duzu Leteren lana ikertzen?’. Eta halaxe hasi ginen. Lourdesek lagundu dit, ez bakarrik Lete ikertzen, baita Leteren artxiboa ezagutzeko bidea egiten eta literatur esparrua ezagutzen ere. Gidari aparta izan da, eta da”. Xabier Leteren lana ikertzea erabakirik, corpusa mugatzea izan zen ondoko lana. “Obra poetiko bat bukaerarik ez duen sarea da, eta hainbat gauza nahasten dira bertan: idazlearen filosofia, psikologia, gizartearen aldakuntza... Horri mugak jartzea beti da konbentzio kontu bat, baina, ikerketa burutuko baduzu, egin egin behar da. Nik, edozein gazte txoro eta berdek bezala, dena lotu nahi izan nuen”. Tesian aurrera egin ahala, ordea, alderdi batzuk hobetsi behar izan zituen: Leteren pentsamenduaren oinarriak eta haren kantagintza, oroz gain. Bazen besterik, hala ere. “Exhaustiboa izan nahi nuen, Leteri buruz idatzia dagoen dena kontuan hartu, izan berak idatzia, izan berari buruz idatzia”. Eta argitaraturik ez dagoena ere jorratu ahal izan du, Xabier Leteren artxibo pertsonala aztertzeko aukera ere izan baitu Gurrutxagak, Koldo Mitxelena Kulturunean gordetzen baitituzte poetaren funtsak.

Poetika, aldaerak, bilakabidea

Gorago esan dugunez, Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa du izenburu Gurrutxagaren doktore tesiak, eta hiru giltza ere badira hor: poetika, aldaerak eta bilakabidea. “‘Poetika’, edo pentsamendu poetikoa, aztertu dut, obrari eusten dion pentsamenduaz aritzea interesatzen zitzaidalako. ‘Aldaera’, askotan pentsatzen dugulako testua, behin argitaratuta, gauza egina eta bukatua dela, betiko. Baina gertatzen da, askotan, idazleak liburu bat berriz editatzen duela, edo kanten bertsio berriak egiten dituela. Eta ‘aldaeren kritika’-ren ardura da testu baten bertsio argitaratu horiek aztertzea, artistaren sorkuntza prozesua hobeto ulertzeko”.

Euskalerri nerea kanta eman nahi izan digu adibide, Gurrutxagak, 1968ko bertsioa eta 1992ko aldaerak konparatuz: “Aldaketak aztertuz, Leteren pentsamendu poetikoari buruzko informazioa atera dezakegu. Nik, esaterako, zera egin dut, Leteren obrako aldaerak hartu, hau da, liburu eta diskoetan dauden bertsio guztiak, eta bata bestearekin konparatu. Niretzat zoramena izan da aldaerak lekukotu eta konparatzea”. Halarik ere, lan emankorra gertatu zaio, aldaerak argitara ekarri eta Leteren pentsamendu poetikoaren bilakabidea aztertu ahal izan baitu. Hortik segitzen da Gurrutxagaren tesiaren tituluko “Bilakabidearen irakurketa” hitz bikoa, aldaerak aztertuz, Leteren obra eta poetika nola mudatu ziren erakutsi ahal izan baitu.

Leteren obra sakon ikertu du Alex Gurrutxagak (argazkia: Zaldi Ero).

Aldaerak eta bilakabidea

Gurrutxagaren aburuz, Letek perfekzioa ez, baina enuntziazio zehatzena zuen helburu: “Esan nahi zuenaren eta de facto esaten ari zenaren arteko aldea ahal bezain txikiena izatea nahi zuen”, esan digu. “Horixe da poetaren borroka, azkenean; Leteren hitzetan, ‘esanezina esaten saiatzea’. Hortik, ordea, arazo bat sortzen da. Poetaren pentsamendua, esan nahi duena, aldatuz baitoa, eta, urteak pasa ahala, aspaldiko zenbait piezarekin ez baitago konforme”. Gurrutxagak adibide du Izarren hautsa ezaguna: “Poema konplexua da, Leteri barne-borrokak sorrarazi zizkiona. Urteak pasa eta gero, bi aukera ditu idazleak: edo pieza ez ukitu, edo letra moldatu, testuak esaten duena unean uneko pentsamendura ahal bezainbeste egokitzeko”. Eta Xabier Letek etengabe aldatu zituen poemak eta kantak: “Nahiago zuen poemaren originaltasuna traizionatu, bere pentsamendu poetikoaren garapena traizionatu baino”. Honenbestez, garaian garaiko pentsamenduari egokitzera jo zuen Xabier Letek: “90eko hamarkadako aldaeretan, adibidez, enuntziazio dotoreagoak, orekatuagoak bilatzen ditu, 70eko hamarkadako poemetan baino”.

Honenbestez, hortxe da gure poetaren bilakabidea, poetika zuzen baten bila urratutako bidea, hainbat irakurketa eta iturri tarteko, eta poetak berak zapaltzen zuen lurrean gauzatua. “Xabier Leteren ibilbidea Euskal Herriak bizi izan zuenaren paretsukoa da. Gauza bat zuen Letek bere alde: izugarrizko abilezia erakutsi zuen egoerak irakurtzen, giroaren norantzak sumatzen, eta horrek figura intelektual guztiz markatu bat zekarren euskaldunentzat”, Gurrutxagaren irudiko.

“Gure politikari gehienek ez bezala, gauza bat zuen ona: hitz egiten zuenean, beti esaten zuen zerbait”

Xabier Leteren obraren erraiak ikertuak ditu Gurrutxaga irakasleak, eta hiru fase bereizi ere ditu poetaren bilakabidean, hiru garai ezberdin “bakoitza bere liburu, bere enuntziazio, bere doinuekin”. Inondik ere, euskaldun askoren ibilbidea ere bada. “Ni Lete ikertzen hasi nintzenean, bi aro bereizten zituzten: 80ko hamarkadaren amaiera arte zihoana, lehena, eta haren ondorengoa, bigarrena. Paradigma horrekin hasi nintzen lanean, baina ikerketak aurrera egin ahala, arazoak sortu zitzaizkidan. Bereziki, klabeak izan ziren bi elementu: poesian, Urrats desbideratuak argitaratzea 1981ean; kantagintzan, 1978an Letek kantagintza uztea”. Gurrutxagak ez zuen ontzat eman, beraz, 1965etik 1988ra aro bakarra kontsideratzea eta, bai, aldiz, hiru aro markatzea: “Lehena, gaztarokoa-edo, Leteren figura eraikitzen den garaia, 60 eta 70etan. Gero, krisi garai bat, aipaturiko bi gertaera nagusi horiekin, poema liburu ilun hori, eta kantagintza uztea, alegia. Gutxi-asko, Espainiako Estatuko politikan, trantsizioaren garaian geundeke”. 1990az gero, berriz, “berreskurapen” fase bat ikusi uste du Gurrutxagak.

Kantagintza

“Lete kantagintzaren munstro erraldoia da”, hasi zaigu Gurrutxaga, poetaren kantagintzaz hasi nahi izan dugun orduko. Topikoak eta beste, haizatu ditu. “Topiko nahiko idiota bat, Lete kantari txarra zela dioena. Ez du kontra egiterik ere merezi. Baina gehiago da: ez dakit egon ote den euskal musikagintzan inor kantagintzaren funtzionaltasun kulturala Letek bezain ongi ulertu eta esplotatu duenik; euskaldunen fabore esplotatu, alegia. Letek gazte-gazterik ikusi zuen kantagintza berriak zer potentzialtasun zeukan. Batetik, poesia loratu zuen musikan. Bernardo Atxagak esana da 70etan erabat harrigarria gertatu zela Leteren esateko era: abestietako hizkera hura, formulazio poetiko haiek... Lizardi ere Leteri esker ezagutzen dute euskaldun askok”. Eta, Xabier Lizardiren obra ez ezik, gure bertsolari zaharren bertso zahar eta berriak. “Ezin ahaztu bertsolarien obra kantatuz egindako lan eskerga. Ikaragarria da”. Gurrutxagak besterik ere badio, ordea: “Letek ‘hezkuntza ez-formala’ eman zien euskaldunei bere kanten bidez. Pentsamenduaren poeta zen, batez ere, Lete, eta bere pieza musikal ezagun askotan mami etiko nahiz emozional handia dago”, hain handia ere, ezen “horien bidez, euskaldunen sentimendu kolektiboetara iristea lortu baitzuen”.

Askok gogoan edukiko ditu Xabier Letek, kantaldietan zela, kantei egin ohi zizkien sarrerak. Atariko mamitsuak, hinki-hankarik gabe. Gurrutxagak, berriz, sarrera haiek ere aztertzera jo du, haiek erakusten dutena argitara ekartzeko asmoz. “Letek, gure politikari gehienek ez bezala, gauza bat zuen ona: hitz egiten zuenean, beti esaten zuen zerbait. Bere hitzaldiak, elkarrizketak... mamitsuak izan ohi ziren, zer pentsatua ematen zuten. Kanten aurkezpenetan ere, halatsu. Letek oso argi zeukan publikoarengana nola iritsi nahi zuen, eta zer egin behar zuen bere helburua lortzeko. Aztertu ditudan kanten sarrerek, berriz, haien ezaugarri edota sortze-prozesuei buruzko datuak ematen dituzte, eta aztarna oso onak ditugu Leteren mundu poetikoa ulertzeko”. Eta, hor, adibidez, Izarren hautsa poema dela eta ez dela, Letek saiatutako azalpenak ditu argudio Gurrutxagak.

Plagioa bai, birsortzea ere bai

Aipatu da Rilke, aipatu da Riba, aipatu da Cernuda… Batzuen plagio hitza, besteen berrinterpretazio eta berrelaborazio hitzekin nahasi da Leteren zenbait poematan. Gaiaz duen iritziaz galdeturik, bilorik gabe erantzun du Gurrutxagaren baitako irakurleak: “Ez da txantxetakoa halako ikono batek poema mordoxka bat plagiatu izana: horrek inplikazioak ditu poetaren obra balioesterakoan. Baina, behin hori esanda, argi daukat niri ez dagokidala inor epaitzea. Hortxe dago  morboa, eta egon da Lete epaitzen hasi denik, baina niri ez dagokit hori. Euskaldun bakoitzak erabaki behar du Lete non jarri nahi duen bere mapa mentalean”.

“Euskaldun bakoitzak erabaki behar du Lete non jarri nahi duen bere mapa mentalean”

Eta, erantzunen katean, Gurrutxaga irakasleak txanda hartu dio Gurrutxaga irakurleari: “Ikertzaile naizen aldetik, galdera da zergatik egin zituen Letek bertsio, plagio edo itzulpen horiek. Zaila da erantzuten. Eta puntu horretan gurutzatzen dira baldintzapen biografikoak –oso gaixo baitzegoen–, bere figuraren egoera soziala –baztertuxe zegoen garai hartan–, tonu berri baten bilaketa –horregatik Rilke–, eta abar. Nire ustez, hor dago mamia”, munduko morbosidade guztia gorabehera...

(Des)adostasunak

Orain artean ikertzaile, irakasle, kritiko eta gainerakoek esan-idatziak irakurri behar izan ditu Gurrutxagak tesia ontzeko, eta badu zenbait desadostasun. “Esango nuke desadostasun nagusia tesia egiteak berak erakusten duela. Historiagileek eta ikertzaile zenbaitek ez dio kasurik egin Leteren obrari. Beharbada, kantari etiketa jarri, eta konformatu egin gara. Baina Bob Dylanen Literatura Nobel Sariak zer pentsatua eman behar liguke, ala? Dylanek Nobel Saria, eta guk Leteri kasurik ez? Nire ustez, motz ibili gara horretan. Izarren hautsa milaka euskal herritarrek ezagutzen du. Eta ez al da poema bat? Nire ustez, hor plus bat dago, poeta da eta, gainera, kantari! Plus bat da, ez minus bat! Tesia, zentzu horretan, aldarrikapen bat da, bai maila literario intrintsekoan, bai maila estratestualean, Leteren obraren itzala aldarrikatzeko”. Ikerketaren bide asmaezinak ere hortxe dira beti. Interpretazioak, besteak beste. “Eta interpretazioaren bideak asko dira, eta, jakina, baditut desadostasun puntualak aurretik eginak diren zenbait interpretaziorekiko”. Adibidez? “Leteren fedearen inguruan egin diren azterketak irakurri, esate baterako eta haietan Leteren obra kristau fedearen argitan irakurtzen da. Ez nago konforme. Uste dut ikerketa horiek ez dituztela alderdi literario eta estetikoak behar bezala aztertu”. Horra, beraz, mahai gainean eztabaida. Xabier Leteren obra beti aztergai, Alex Gurrutxagaren doktorego tesiak poetaren baitako ate, leiho eta zirrikituak, orain arte ez bezala ireki ditu.

Are hobeto uler dezagun Lete, are gehiago gozatuz haren obra.

Gure Xabier Lete

Eusko Ikaskuntza Gazte Saria irabazi dute aurten berean Joana Otxoa de Alaiza musika irakasleak eta Alex Gurrutxagak. Bestalde, Gurrutxagak berak ez du saiakera argitaratu zaharra: Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria (Alberdania, 2020). “Dibulgazioarena asko interesatzen zaidan arloa da. Hezkuntzan bezala, eremu horretan asko jokatzen dugu, gizaki bezala, eta komunitate kultural bezala. Joanak [Otxoa de Alaiza] eta biok proposatzen dugun Txori kantazale errezitaldi musikatuak eta nire liburuak asmo bera dute funtsean: euskaldunari Leteren munduan murgiltzeko aukera ematea. Oso eskaintza diferenteak dira, jakina. Liburua, dibulgaziozkoa izanik ere, saiakera bat da, eta elementu asko ditu. Lan handia eskatu dit. Joanak eta biok proposatzen duguna, berriz, Txori kantazale, zuzeneko bat da, kontaketa musikatu bat, Leteren munduan tarte batez murgiltzeko”.

Lete, Gurrutxagaren doktorego tesian, Otxoa de Alaizarekin elkarlanean egindako errezitaldian, nahiz saiakera liburuan. Alex Gurrutxagaren Lete. “Nire Lete beti da gure Lete: Leteren obran eta figuran, nire ustez, mundua euskaldun gisa habitatzeko aztarnak daude. Leteren obrak konjuratu egiten gaitu, kokagune bat gogorarazten digu, krisi uneetan lurraldera itzularazten gaitu… Hori da nire Lete, ‘etsipenaren mugetan, zuekin nago bizitzen’ esaten duena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xabier Lete
2021-07-19 | Pilar Iparragirre
Xabier Lete: «Euskal Herri berri posible baten ahots mezulari zen Lurdes»
Cesare Pavesek poema batean idatzitakoarekin ematen diozu Hastapenak atalari amaia...
Bai. Izan zen gizon bat/ saiatu zena,/ baina ez zuena asmatu. Horrela da nirea.

Gogor samarra epaia... Dena den, zerk eraman zintuen zu kantagintzara?
Iraganeko denboretan eta, batez ere,... [+]


Xabier Lete: non hago, zer larretan

Fermin Erbiti kazetariak Xabier Leteri buruzko irratsaio monografikoa egin du Euskalerria irratian. Olerkigile eta kantaria hil zela hamar urte beteko dira ostiralean.

 


2013-05-02 | Jon Torner Zabala
Xabier Letek irabazi du Euskadi Literatur Saria
Xabier Letek irabazi du Euskadi Literatur Saria Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela) poema liburuagatik. Itzulpen onenaren saria Antton Olanori eman diote Wilkie Collinsen The Moonstone liburuaren euskaratzeagatik. Ilargi-Harria izenburupean plazaratu dute Elkar eta Alberdania... [+]

2011-11-23
Xabier Leteren azken kontzertua CDan aterako dute. Entzun aurrerapen kantua

Xabier Letek 1999ko irailean Errenterian (Gipuzkoa) eskaini zuen azken kontzertua CD bikoitzean jarriko du abenduaren 4an salgai A&M Kultur Promotorak: Xabier Lete zuzenean. Hogeita bat kantu bildu dituzte orotara, horietatik hamaika sekula grabatu eta diskoan jaso gabeak... [+]


2011-09-28
Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren omenezko kantaldia urriaren 11n Urnietan

Urnietan (Gipuzkoa) jaio zen Lurdes Iriondo, eta bertan bizi izan zen urte askoan Xabier Leterekin. Urriaren 11n haien omenezko kantaldia egingo dute hango kiroldegian, Xabier Lete gogoan biraren baitan. Eñaut Elorrietak (Ken Zazpi), Pier Paul Berzaitzek, Arantza... [+]


2011-09-13
Xabier Lete omenduko dute Xalbador Egunean

Urriaren 8an eta 9an egingo da Xalbador Eguna Urepelen (Nafarroa Beherea), Deiadarra elkarteak antolatuta. Aurten, Xalbador hil zela 35 urte beteko direnean (azaroan), hari kantatu zion (Urepeleko artzaia) Xabier Lete musikaria gogoan izango dute. Jaialdiaren aurreneko egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude