Bigarren hezkuntza eta Batxilergoko ikasleen behar eta eskubideak defendatzeko urratsa da Ikas plataforma, Ikasle Autodefentsa Sareen elkargunea. Infantilizatzen dituztela diote, pandemia baliatzen ari direla ikasleen gaineko kontrola areagotzeko eta ikasle militanteen jarduna oztopatzeko. “Esaten digute ikasle kritikoak hezi nahi dituztela, baina ideia hori praktikara eramaten dugunean dena dira arazoak eta aitzakiak”, kontatu digute Batxilergoko ikasle diren Maider Indart (Iruñea) eta Mikel Gonzalezek (Durango).
Adin txikiko izateak konplikatuago egiten du serio hartzea? Konplikatuago bilakatzen du ikasleen borroka?
Mikel Gonzalez: Ikastetxeko zuzendaritzarekin ditugun hartu-emanetan, egia da botere korrelazio edo konfrontazio horretan adin txikiko izateak ez digula mesederik egiten, baina ondo egindako lanaz gainditu daitekeen arazoa da eta lan horren fruitua litzateke egunen batean zuzendaritzarekin parez pareko harremana izatea.
Maider Indart: Ukatzen zaigu gure ikasketa prozesuaren gainean erabakitzeko gaitasuna, ez zaigulako subjektu politiko gisa aitortzen eta helduak ez bagina bezala tratatzen gaituztelako.
Infantilizatzen zaituztete…
M. Indart: Hori da, baina hain juxtu bizi ditugun problematikei aurre egiteko antolatzen garenean, frogatzen dugu ez direla egia jartzen dizkiguten etiketa faltsuak: arduragabeak garela, ez garela helduak… Militatzeak konpromisoa eta ardurak hartzea dakarrelako. Baina zailtasun erantsia dugu: gure aldarrikapenak askotan desitxuratu egiten dira irakasle autoritarioen jarreren ondorioz; aldarrikapen konkretuen aurrean, arazo errealak ezkutatu eta modu autoritarioan jokatzen dute.
M. Gonzalez: Militatzeko askotariko ereduak daude eta heldutasuna erakusten duen militantzia da ekintzen atzean arrazoiketa eta planteamendu zehatzak dituena. Hori da guk defendatzen dugun militantzia.
Maider Indart: "Antolatzen garenean frogatzen dugu ez direla egia jartzen dizkiguten etiketak: arduragabeak garela, ez garela helduak... Militatzeak konpromisoa eta ardurak hartzea dakarrelako"
Hain zuzen, positiboa dirudi gazte aldarrikatzaile eta iraultzaileak asanbladatan bilduta ikusteak, eztabaidatzen, gogoetatzen… baina errealitatean ez ditugu nahi gazteak hain aldarrikatzaile eta hain iraultzaile, hobe obediente eta diziplinatu?
M. Gonzalez: Denetarik dago. Gure ikastetxean badira bai irakasleak bai langileak (garbitzaileak adibidez) babestu egiten gaituztenak (“hobe kartela hemen jartzen baduzue, gehiago ikusiko da” gomendatzen digutenak, esaterako) eta badira noski irakasleak eta zuzendaritzako kideak otzan eta euren agintepean nahi gaituztenak, protestarik onartzen ez dutenak.
M. Indart: Esaten digute ikasle kritikoak hezi nahi dituztela, baina ideia hori praktikara eramaten dugunean eta kritika arduratsua egiten dugunean, dena dira arazoak eta aitzakiak. Azken finean hezkuntzak funtzio diziplinatzailea betetzen du, etorkizuneko norabidea markatzen diguna: zazpi orduz izaten gara klasean egunero eta gero etxerako lanak egin behar ditugu, lan mundura begirako bizi-ohitura batzuk barneratzen goaz.
M. Gonzalez: Galdera da: zertara dago bideratuta hezkuntza? Bide horri uko egiten diozunean, antolatuz edota borrokatuz, gaizki begiratuko zaituzte. Sistema bera nola dagoen egituratua, dena onartzera garamatza; ikastetxeetan ez da jarrera kritikoa pizten ez erakusten, eta horregatik ikasle asko ez da antolatzen.
Ikasketa prozesuaren gainean erabakiak hartu ahal izatea eskatzen duzue, erabakimena duten organo guztietan parte hartzea. Pedagogikoki hori da askotan entzuten dugun mezua: ikasleak kontuan hartuko dituen hezkuntza. Errealitatean ez da hala gertatzen?
M. Gonzalez: Batetik daude ikastetxeen jarduna erabakitzeko organoak eta bestetik hezkuntza sistema erabakitzen dutenak. Ikastetxeei dagokienez, ikasleok oro har badugu esku hartzeko aukera, baina hezkuntza sistema erabakitzen duten goi karguekin dator arazoa, lan merkatuari beren lan indarra salduko dioten langileak hezitzea dutelako helburu; interesatzen zaizkien ikasketa prozesuak baino ez dituzte bultzatzen. Zornotzan adibidez, Lanbide Heziketan hainbat ziklotako ikasleek bertan behera utzi behar izan dituzte ikasketak, dirua bideratu delako arlo industrial eta informatikoko zikloetara, arlo sozial eta artistikoak alboratuz.
M. Indart: Ikastetxeetan ere, gure ikasketa prozesuaren gainean erabakiak hartzeko aukera errealik ez dugu, hainbat organotan ikasleak egon badaudelako ordezkatuta, baina oso modu mugatuan, eta gure iritzia plazaratu ahalko dugu agian, baina iritzi horrek ez du zertan eragin, azkenean irakasle eta zuzendarien erabakien menpe gaude. Hezkuntzaren protagonistak ikasleak gara, logikoa litzateke erabakitzeko ahalmena aitortzea, baina instituzio bezala hezkuntza irrazionala da, ikasleak ez dituelako kontuan hartzen, are gehiago, isilarazi egiten ditu. Horregatik uste dugu gure ikasketen gaineko kontrola eskuratzeko eta hobekuntzak lortzeko ikasleak antolatzea dela benetako bidea.
Erabaki nahi dituzuen gauzen artean dago ikasturtean jorratuko diren edukiak ikasleek erabakitzea. Zaila dirudi, curriculum itxiak datoz goitik. Bada zirrikiturik horretarako?
M. Indart: Aurreko erantzunaren ildotik, uste dugu batasunean eta elkartasunean oinarrituta joango garela gaitasunak eskuratzen, baldintza errealak borrokatzeko. Alegia, Ikas sortu berri da eta badakigu gure programaren puntu guztiak ez ditugula egun batetik bestera lortuko, baina asmoa da epe luzera, borrokatuz, esperientzia hartuz eta taldearen indarraz, edukien gainean ere erabakiak hartzeko ahalmena izatea.
M. Gonzalez: Eta behin ikasle langileen batasunak oinarri sendoa lortzen duenean, urrats bat gehiago eman ahalko genuke: kontuan hartu behar dugu bigarren hezkuntzan ematen den edukia selektibitatera bideratuta dagoela, batez ere Batxilergoan, eta beraz selektibitatea ezabatzea da azken helburua, unibertsitaterako sarrera beste nolabait planteatzea.
Mikel Gonzalez: "Hartzen ari diren neurriak geratzeko datoz eta pandemia aprobetxatzen ari dira ikasleak are kontrolatuago eta otzanago izateko"
Taldearen indarra azpimarratu duzue. Ikasleen batasuna lortzea da Ikasen funtsetako bat.
M. Indart: Adibide bat: duela pare bat ikasturte, Iruñeko ikastetxe bateko kamerak kentzeko borroka abiatu genuen. Iragarri gabe eta ezkutuan jarri zituzten, uda garaian, eta ez da kasualitatea, Txantrea auzoko ikastetxean jarri zituzten, langile auzo batean. Zuzendaritzarekin hitz egiteko eta elkartzeko arazoak zeuden, beraiek ari ziren norabidea finkatzen, eta erabaki zen indarrak zentralizatzea: manifestazio nazionalera deitu zen Iruñean, Euskal Herriko ikasle asko etorri zen, eta mobilizazio horren ondorioz lortu genuen kamerak kentzea.
M. Gonzalez: Ikas sare moduan dago antolatuta, eta horretarako aukera ematen du: afera konkretuei ikastetxeko edo eskualdeko borrokaz egin ahal zaie aurre, eta erantzun potenteagoa behar denean nazio mailako babesa ahalbidetzen du Ikasek.
Kamerak aipatu dituzu. Ikasetik salatu duzue pandemia aprobetxatzen ari direla kontrol sozialerako tresnak ugaritzeko batetik, eta erantzuteko dituzuen baliabideak neutralizatzeko bestetik.
M. Indart: Biltzeko, kontzentratzeko, hitzaldi eta tailerrak egiteko… oztopo asko jartzen digute, argudiatuz ez direla aforoak eta distantziak betetzen, eta biltzeko espaziorik ere ez zaigu uzten, baina gero ikasgelan 30 lagun elkartzen gara tarteak errespetatu gabe eta osasun-berme urriekin. Nabari da pandemia baliatu dutela lan sindikala eta politikoa mugatzeko eta aitzakia ederra aurkitu dutela gure eskubideak urratzeko.
M. Gonzalez: Gizartean orokorrean gertatzen ari den zerbait da, hartu dituzten hainbat neurri ez direlako osasun-neurriak, euren interesen aldeko neurriak baizik, goi karguak aberasten jarraitzeko. Langileen kontrol soziala latza izaten ari da, berdin ikasleena. Bolada baterako gauza balitz, hein batean ulertuko genuke, baina hartzen ari diren neurriak geratzeko datoz eta pandemia aprobetxatzen ari dira ikasleak are kontrolatuago eta otzanago izateko.
M. Indart: Plataforma birtualek esaterako indarra hartu dute pandemian (Alexia, Educa, E-Inika) eta etxerako lanen, asistentziaren… gaineko kontrola zorrotzagoa izaten ari da horietan.
M. Gonzalez: Bai, dena erregistratuta geratzen delako eta irakasleek dioten arren helburua dela paper gutxiago erabiltzea, plataforma horien funtzioa da ikasleek egiten duten edozer gurasoengana heltzea. Batxilergoa dagoeneko derrigorrezko hezkuntza ez dela kontuan hartuta eta 17-18 urte ditugula, lekuz kanpo daude halakoak, eskubidea izan beharko genuke ikastordu jakin batera ez joateko, beharrezkoa ez dela ikusten badugu.
Pandemiak hezkuntzaren kalitatea okertu duela ere badiozue, sarri ikastetxeetako baldintzak ez direla egokiak osasun krisi honi aurre egiteko.
M. Gonzalez: Egunerokoan ikusten ari gara, adibidez ikasgelan pilatuta nola gauden, maskararen erabilera dutelako denerako soluzio, espazio zabal eta irekiak planteatu ordez. Ikasetik inkestak jarri ditugu martxan eskualde ugaritan, ikasleen testigantzak jasotzeko eta behin arazo larrienak identifikatuta horiei aurre egiteko.
M. Indart: Testigantza horietan ikusi dugu arazo orokortua dela ikasle konfinatuek dituzten zailtasunak etxetik klaseak jarraitzeko. Jakina zen gutxi-gehiago konfinatuta egongo ginela ikasleak ikasturte honetan, baliabideak beharko zirela, baina horrela gaude. Gainera, desinformazio handia dago.
Erasorik gabeko ikastetxeak aldarrikatzen dituzue. Sarri ikasleengandik dator beste ikasle batzuen zapalkuntza eta jazarpena, nola kudeatu gaia?
M. Indart: Bi motako erasoak ikusten ditugu: irakasle eta zuzendariengandik jasotakoak (aipaturiko infantilizazioa, komentario matxistak edo umiliagarriak…) eta ikasleen artekoak. Gure harremanak dira gizartearen isla eta horregatik bestelako gizarte eredua da eraiki behar duguna; erasorik gabeko ikastetxea ezin da sistema honen barruan eraiki, gizartea bera bortitza eta ez-osasuntsua delako, harreman eredu kapitalistan oinarritua (adibidez, etengabeko lehia sustatzen da gure artean). Hori esanda, gure arteko harremanen nolakotasuna landu behar dugu eta jazarpen kasuetan zapalduak babestu behar ditugu, jakina, ikasle langileon elkartasuna saretu.
M. Gonzalez: Ideala hori izanda, sistema kapitalista apurtzea, epe laburrean jazarpen kasuei aurre egiteko esku hartu beharra dago, eta ez da erraza. Formakuntza, hitzaldi eta tailerretan lantzen saiatzen gara, Herri Eskolen bidez adibidez edota egun jakinen bueltan (azaroaren 25a, esaterako).
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.
Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.
Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka... [+]
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.
“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]