Ezin zenbatu sorginen inguruan egindako liburu, film, erakusketa, hitzaldi eta souvenirrak Euskal Herrian. Baina gehienetan ohiko galderak baino ez dira iradokitzen, ea emakume horiek zer egiten zuten, ea benetan elkartzen ote ziren akelarrean, ea zer droga hartzen zuten, ea landarez eta ukenduz ba ote zekiten... Ipuin bat. Misterioz eta mandragoraz mozorrotuta. Baina zer dakigu ehunka eta ehunka euskal herritarren kontra bi inperiok abiatu zuten makineriaz eta bulkada politikoaz? Inkisizioaren tortura-geletako orruen gainean eraikitako kondaira baino biktimen memoria lantzeari ekin diote.
Kaskora heldu, kalexketan barna abiatu eta nekez egingo diozu iskin sorginen munduari lotutako erreferentziei. “Akelarreak egiten zituzten” Sorginen Lezera edo Sorginen Museora heltzeko seinaleak direla edo amu turistiko usaina duten bestelako deiak, frantsesez eta gaztelaniaz ez gutxi. Pentsa, herri honetako alkatetza “Akelarre” taldearena da. Milaka lagun hurbiltzen da urtero "sorginen herria" ezagutzera. Baita gu ere. Graxiana Sorginen Aterpeko tabernan lotu gara kafe bat hartzeko. Menu sorgindua, erratz eta akerburu artean. Eta galdetu diogu hutsik den tabernako langileari herriko paisaia lasaiaz. Iaz arte zazpi taberna zirela herrian diosku. Alegia, taberna bat 35 pertsonako. “Sorginen turismoak jende asko ekartzen du zonalde honetara, bai, eta hala jarrai dezala, bestela…”.
Eta segituan datorkigu galdera. 46 etxe zituen herrian 32 lagun, egun batetik bestera, ehizatu, bahitu, leku arrotz batera eraman eta hizkuntza arrotz batean galdekatu, torturatu zituzten Inkisizioak zekien maneran, 220 biztanleen %15. Batzuk bizirik erre zituzten, gehienak presondegian hil ziren, beste batzuk deserriratu zituzten betiko eta denei ondasunak konfiskatu zituzten. Herri oso bat erditik hausteko baliatutako gezurretik sortutako mitoak eta askotariko aldaerak gaur egunera arte heldu dira. Nola ote da posible? 400 urte barru Altsasuko gazteei terrorista deitu eta haien karikaturekin oroigarri turistikoak salduko al dituzte Sakanan? Tira, turismoaren gurpil eroari zentzua bilatzea lan nekeza izan daiteke. Bada, goazen harira. Zugarramurdin gaude. 2020. urtean.
Ipuinetik kontzientziara
“Txikitan banekien gure herrian sorginak zirela, erre zituztela, baina ohiko azaleko kontuez aparte ezer ez. Etxean galdetu adinekoei eta inork ez zekien deus. Ez zen horretaz mintzo. Sorginen herrian bizi ginen. Kito. Hazi ahala, galderak sortzen zaizkizu”. Baina Helena Xurio Arburua zugarramurdiarrari –hainbat urtez Sorginen Museoko langile izandakoa– duela 30 bat urte
Helena Xurio: "Sorginen ipuinak sinesten ez baditugu, erre zituzten herrikideak gerra biktimak izan ziren”
Koro Irazoki historialariak egin zuen liburuxka batek pista berriak eman zizkion. “Gibeleko aldean, 1610ean kondenatuak izan ziren herritarren zerrenda zekarren eta gaur egunera arte etxeak eta haren jabeak ez direnez aldatu, oraingo biztanleekin ordeztu nuen zigorturiko bakoitza. Telletxeko alaba, Barretxeko andrea eta bi alabak, Beheretxeko jauna… Nola biziko genuen egun herrian horrelako sarraskia gertatuko balitz? Eta nola ez zaigu deus ere ailegatu? Autoestima suntsitu digute, eta gainera geure egin ditugu Inkisizioaren kontakizuna eta mitoak. Ez da kasualitatea. Ezin izan dugu gure historia kontatu”.
Esan eta egin. Xurio eta beste kide batzuk duela bi urte hasi ziren dokumentazio bilketarekin eta horren lehen emaitza da Sugarren Mende liburu grafikoa, Asisko Urmenetak ondu duena. Sorgin ehizaren aitzakipean Euskal Herrian egindako masakrearen bulkada politikoaz eztabaida piztu nahi dute. Nafarroako konkista osteko mendea hartu dute aztergai eta Zugarramurdiko kasuak eramaten du lanaren haria 100 urtez izan ziren sarekada guztien adibiderako. Epea 1513-1616: Inkisizioa Nafarroan ezarri zutenetik eta Zugarramurdiko hainbat herritarrek Logroñon epaitutakoen alde Urdazubin justizia eskatu zuten arte.
Erronkaritik Ameskoaraino eta Lapurdiko txoko askotan klase eta adin guztietako euskal herritarren aurkako ehiza burutu zuten Frantziako eta Espainiako inperioek. Tragedia baten historia da. Ez da polita, sarri, akerraz eta orgiaz edertuta heldu bazaigu ere. Baina sorginen ipuinak sinesten ez baditugu, “erre zituzten herrikideak gerra biktimak izan ziren”, dio Xuriok.
Euskal Herria, bi munstro inperialisten erdi-erdian
Monarkia absolutuak sortzearekin batera, estatuen arteko mugak finkatzen hasi ziren. Baita Espainian eta Frantzian ere. Hala, Nafarroa erresuma independente eta neutrala bi marrazoren arteko muga bilakatu zen. Ordurako, Nafarroako Erresumatik zati subirano bakarra geratzen zen: Nafarroa Beherea. Gainerakoak okupatuta zeuden.
Batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aspaldi konkistatuak izan ziren. Bestetik, hiru mendez Ingalaterrako parte izan ostean, Frantziak gerraren bidez okupatu zituen Lapurdi eta Zuberoa. Handik gutxira Bordeleko Parlamentua ezarri zuten, handik kontrolatzen zituzten lapurtarrak eta zuberotarrak. Eta azkenik, 1512an Nafarroa Garaia inbaditu, okupatu eta soberaniarik gabeko erregeorderri bilakarazi zuten.
Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu eta gero Inkisizioa ekarri zuen 1513an, baina nafarrak independentziaren alde altxatu ziren bakoitzean eraso egin zioten tribunalari. Tuterako kasua esanguratsua da. 1521ean erresuma tarte batez askatzen denean, Inkisizioaren jauregiaren kontra jo zuten matxinoek, paper guztiak Ebrora bota, preso guztiak askatu eta inkisidoreak harrikatu zituzten. Beraz, Iruñetik Lizarrara, gero Tuterara, handik Calahorrara eta azkenik Logroñora mugitu zuten Inkisizioa. Hor epaitu zituzten Gaztelaren menpeko euskaldun guztiak.
Logroñotik orduko ZEN plana bideratu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiarentzat. Lapurdiko razziak Bordeletik bideratu zituzten, Pierre De Lancre famatua buru.
“Dena da sorgina” Inkisizioaren izaera politikoa
Inkisizioari lotutako ohiko klitxetik –fedearen purutasunaren defentsa– baino, haren izaera politikoaz gutxi ikertu dela diote Xuriok eta Urmenetak. “Espainiako Inkisizioak 22 tribunal diferente zituen, Siziliatik Mexikoraino. Espainiako Inperioaren kolonia izandako herrietan egun bestelako irakurketak egiten ari dira. Oso interesgarriak. Adibidez, nola Inkisizioa baliatu zuten mugimendu independentisten kontra egiteko, edo mulatoen iraultzak han-hemenka abiatzean. Nola Inkisizioa errepresioaren lehen lerroan izan zen edota portugaldarrak hasi zirelarik errebelatzen Espainiako Monarkiaren kontra, nola Inkisizioa izan zen lehenbiziko agentea”.
Espainiako Koroak herria militarki konkistatu ostean, bere agindu politiko eta erlijiosoa ezartzeko Inkisizioak zuen ezinbesteko rola aztertzen dutela dio Urmenetak. “Prozesu hori bera Euskal Herrian gertatu bazen ere, hemen ez da ikuspegi hori landu. Nekez aurkituko duzu, esaterako, Mexikon inor aldarrikatuko duena haren arbasoak sorginak zirela”.
Ikerketa horietako bat da Natalia Silva Prada historialari mexikarraren Inkisizioaren aurkako jarrera, heresiaren adierazpen gisa. Inkisizioaren izate politikoa eta poliziakoa ez dela behar bezainbeste ikertu dio lan horretan, eta hala, “Inkisizioaren eginkizuna azpibaloratzen da, baldin eta soilik Elizako auzitegi gisa aztertzen bada, bere iturburu politikoa alde batera utzita”.
Orazio Cancilak 2001ean Palermon egindako lan batean hala zioen: “Inkisizioa izan zen arras tresna eraginkorra kontrol politikorako, siziliar herriaren eta irlako instituzioen kontra”. Eta ildo beretik mintzo da Portugalen Ana Isabel López-Salazar Codes irakaslea: “Ez da dudarik Inkisizioak kolaboratu zuela Espainiako Koroarekin disidentzia politiko oro akabatzeko”. Portugaletik mugitu gabe, Carlos Fontesen Espainiako Inkisizioren biktima portugaldarrak lanean ondorengoa jaso du: "Espainiako Inkisizioak portugaldarren sarraskia eragin zuen. Benetako genozidio baten aurrean gaude, Portugalgo herriaren erresistentzia- eta biziraupen-ahalmena suntsitu nahi zuena".
"Hemen sorginik ez da! Baina bospasei orduko torturaldiaren ondotik, epaileak aitorrarazten die hala direla”. Faltzesko markesa, 1525
Euskal Herrira etorrita, sorgin ehizaren gaia gure testuinguruan landu duenetako bat Mikel Azurmendi antropologo donostiarra da. Monarka absolutistek boterea pilatu ahala, herriarekin esku gogorra erabiltzeko koartada berriak bilatzera bultzatu zituela dio, Bidasoakoa bezalako mugen gainean kontrol zorrotza ezartzeko. “Muga hori eraikitzeko, lehenago herritarren irudimenean txertatu behar izan zuten: frantsesez eta espainolez hitz egiten ez zuen eta mugarik ikusten ez zuen biztanleria kikilduz. Ideia hori herritarren buruan txertatzeko zementua izan zen sorginkeriaren izenean egindako jazarpena", dio Azurmendik.
Ehundaka biktimen ezaugarriei erreparatuz gero, Wall Dysneyren tankerako sorginen karikatura, delako emazte zaharra maltzurretik oso bestelakoa zen inkisidoreek salatu zituzten pertsonen prototipoa. “Armadore aberatsak, apezak, nobleak, abokatuak, epaileak, arrantzaleak, ikazkinak... Euskal Herrian denetariko jendea zigortu zuten sorgin izatearen aitzakipean. Klase sozial guztietakoak, zahar, ume eta heldu, emakume eta gizon. Herri bat behar zuten disziplinatu Bordeleko Parlamentuak Frantzian eta Inkisizioa Espainian”, dio Helena Xuriok. Eta, “hara zer kasualitatea!”, gaineratu du Urmenetak, “nornahi izan zitekeen akusaturik, baina konkistatzaileen bandoan sorgin gutxi edo bakar bat ere ez”.
Erronkaritik Ameskoara, Lapurditik pasaz
Zugarramurdikoa da prozesurik modernoena eta aztarna handiena utzi duena, baina Nafarroan 1513an abiatu ziren Inkisizioaren lehenbiziko ehizak Erronkarin, Zaraitzun eta abarretan.
"Inkisizioaren zorroztasuna balia liteke beste hainbat
delitu zigortzeko, bide arruntetik ez baitziratekeen epaitzen ahalko”. Leonardo Donato Veneziako Dux-a, 1573
Sekta satanikoaren kontua lehen aldiz 1525ean agertu zela dio Urmenetak. Petri Balantza jaun beaumondar batek espedizioa antolatu zuen, Espainiako Erregeak aginduta, Aezkoa, Luzaide, Erronkari, Zaraitzu eskualde horretara Joan Albretekoa erregearen kontseilukide batzuen kontra. Orduan hasi zen masiboki epaitzen eta garbitzen. Sei bat hilabete eman zituen Nafarroako lur horietan Balantzak eta gero segidan jo zuen Garazi eta Oztibarrera, Nafarroa Beherera militarki beretzera. Balantzak herritar gehiago hil zituen sorgintzat akusaturik, Logroñoko autofedeak –jendaurreko epaiak– baino. Hortik tiraka, Julio Caro Barojaren galdera ekarri dute gogora liburuan: “Erlijioko gisa aurkezten zaigun [sorgin ehizaren] afera honek ez ote du funts politikoa? Prozesaturiko gehienak Nafarroa independenteko errege-erreginen aldeko izaki?”.
Orduz geroztik sorginkeria prozesuak bata bestearen ondotik etorri dira mende batez Nafarroako muga berri eta geoestrategiko horretan barrena. Hasi Erronkarin eta finitu Ameskoan. “Badira beste kasu batzuk lurralde horretatik kanpo, baina prozesu kolektiboak muga eratu berri horretan gertatu dira”. Hori ezaugarri garrantzitsua dela azpimarratu du Urmenetak.
Urte luze horietan jende saldoa izan zen epaitua, jazarria, torturatua, zigortua, deserriratua, baita –oso kontzeptu modernotzat duguna ere– “bestaldera” ihes egina ere. Horren adibide da Elizaldeko emazte senpertarra –izen osoa ez da dokumentazioetan agertzen, De Lancrek hori besterik idatzi zuelako–. De Lancreren hatzaparretatik Mutrikura ihes egin eta han harrapatu zuten epaile frantsesek Inkisizio espainiarraren laguntzarekin. Emakume aberatsa ei zenari bere ondasun guztiak bahitu zizkioten. Elkarlanean.
Etsaiak adiskidetuta interes komunaren bueltan: herritarrak otzantzea
Xurio eta Urmenetaren iritziz, oso gutxi dago kontatuta Nafarroako eta Lapurdiko jazarpena momentu batetik aurrera koordinatua izan zela. Elkarri mokoka zirenak, adiskidetuta.
XVII. mende hasiera hartan, Frantziaren menpeko Lapurdin bi familia ziren elkarren etsai, gerra zibilak luzaz jasan ostean: urtubiatarrak eta amutarrak. Lehenak kontrolatzen zuen Hendaiatik Donibane Lohitzunerako eskualdea eta besteak Azkaine, Senpere eta inguruko herriak. Biak Frantziako Erregearen menpeko gizonak ziren eta biek problemak zituzten herritarrekin. Urmenetak azpimarratu duenez, “Urtubiako jaunari independizatu zitzaizkion Hendaia, Ziburu eta beste. Senpereko jaunari ere herritarrak oldartu zitzaizkion. Horregatik, une batez bi jauntxoak adiskidetu eta Frantziako erregeari eskatu zioten komisio bat abiatzea, Lapurdin “sorgin asko” zegoelako.
Nafarroa Garaia Espainiako Inperioaren erpin bilakatuta, muga osoak garrantzi geoestrategikoa bereganatu zuen. Kontrol horretan gakoa izan zen pertsona bat: Leon Aranibar, Urdazubiko abadiako burua eta Espainiako erregearen ordezkariaren espioi nagusia eskualdean. Bera izan zen Ainhoan zita berezia lotu zuena 1609ko abuztuaren 25ean. Solaskideak ondorengoak: Aranibar bera, Urtubia eta Senpereko jauntxoak, Bordeleko Parlamentuko buru Jean de Espagnet eta Logroñoko Inkisiziotik Juan del Valle Alvarado eta bere idazkaria, besteak beste. Mahai beraren bueltan elkar harturik, Lapurdin etsai zirenak eta elkarri mokoka ari ziren bi inperio. Zertarako? Koordinatzeko nola harrapatu bi suren artean herritarrak.
Zugarramurdi, 1580-1610
“Nik sorgin ehiza ez dut ikusten feminizidio gisa bakarrik, Euskal Herrian afera politiko handia izan zen”, azpimarratu du Helena Xuriok. “Bistan da, gaur bezala, orduko gizartea ere matxista eta patriarkala zenez, emakumezkoek ordaindu genuen preziorik handiena. Gizon asko itsasoan zirela, emakumeen esku zeuden ardura asko eta beraz nolabaiteko boterea ere bai, baina ehizak ez zituzten egin emakumeen aurka soilik egiteko, baizik eta herri oso baten kontra. Soberan ginen haien hedapen inperialaren erdian”. Zugarramurdiko kasua horren adibide argia dela dio Xuriok. Inkisizioak prozesatu zituen gizon eta emakume gehienak “lider sozialak izatea” ez du kasualitatetzat hartzen.
"Hobe da sorginen ekintza higuingarriak ezabatzea eta isilaraztea jendaurrean publiko egitea baino”. Pierre de Lancre, 1627
Urdazubiko monastegia boteregune nagusia zen eskualdean, Zugarramurdi zen haren parte eta menpeko. “Jendeak sekulako zergak ordaindu behar zizkion abadeari, Leon Aranibarri, lurra lantzeagatik, olak, errotak eta abarrak erabiltzeagatik. Zugarramurdiarrak gogaitu ziren, altxatu eta 1580ko otsailaren 18an Etxeberriko plazan batzarra antolatu zuten helburu argi batekin: Zugarramurdi independizatu eta herriko etxe bilakatzea”. Hala adostu zuten eta erabakiari sinbolismoa emateko sagarrondoa landatu zuten plaza hartan. Herri batzar eratzaile horretan zeinek parte hartu zuen oso ondo dokumentatuta dagoela dio Xurik. Horregatik, “niretzat sekulakoa izan zen jakitea, batzar horretan parte hartu zutenak 30 urte geroago, 1610ean, Inkisizioak prozesatutakoen artean zeudela. Agerikoa da zeren arabera osatu zuten biktimen zerrenda”.
Sekulako desmasia egin zuten herrian. 220 biztanle inguru, gaur egunen antzera. Horietarik 32 lagun Logroñora eramanak izan ziren, ez oraingo maneretan gainera, leku arrotz batera bahituak. Orduan ez zen atxilotze baimenik edo agindurik.
Mikel Azurmendik horrela deskribatu zuen talka hori Las Brujas de Zugarramurdi 2013ko liburuan: “Komunikazioaren ikuspegitik, tribunalaren eta akusatuen artean zegoen distantzia parekagarria da europar konkistatzailearen eta amerikar indioen arteko kontaktuari”.
Tortura saio luzeen ostean, “Akelarreko erregina” izatearen akusazioa ukatzen hil zen 85 urteko Graziana Barrenetxea Logroñoko presondegian. Haren alaba Maria eta Estebania bezalaxe. Mikael Goiburu “Akelarreko Erregeak” eta 84 urteko Martin Bizkar “Akelarreko Haurren Alkatetzak” izandako patu bera. Zugarramurdiko biktima hauek dira ehunka eta ehunka euskal herritarren izenez jositako zerrendaren parte, gaur egunean osatu gabe dagoena.
"Ez naiz menturatzen etxetik ateratzera, ez entzutearren herritar xeheen ahuenak eta kexak, eta etxean egonik ere, hastiaturik naukate”. Leon Aranibar, 1616
Zauriaren gainean, isiltasuna eta fedea
40 urte zituen Maria Etxelekuk eta 37 Estebania Petrisantzenak inkisizioaren borreroek ehizatu, torturatu eta haren ondasunak bahitu zizkietenean. Biak hil ziren Logroñoko presondegian. Baina, hilda egonda ere, Inkisizioaren zigorra betearazi zuten: haien hezurrak erre zituzten. Historian arrastorik ez geratzeko asmo irmoa zutela dirudi, hezurren memoria bera ere gera ez zedin. Isiltasuna.
"Hiruzpalau mila eta gehiago susmagarri sorginkeriagatik (Nafarroan hasteko) gelditu dira horren bare eta isil, ezen sinestezina ere baitirudi, pizturiko sua errotik iraungirik, sekula izan ez balitz bezala”. Alonso de Salazar Frias, 1617
Behin sorginkeria prozesu guztiak finituta, gaiaz gehiago ez mintzatzea izan zen agindua. “Horretarako Inkisizioak 1614an ediktua zabaldu zuen aginduz, gai hau ez zela aipatzen ahal”, dio Xuriok. 1616ko urtarrilaren 20an sugarretatik libratu ziren 26 zugarramurdiar, emakumezkoak gehienak, Urdazubiko monastegira joan ziren haien lagun eta senideengatik galdetzera eta haien errugabetasuna erreklamatzera, bortxa eta mehatxuen biktima izan zirelako. Gaur egun, memoriaren aldeko taldeek darabiltzaten egia, justizia eta erreparazioaren bidetik. Aranibar abade inkisidorearen erantzuna oso esanguratsua izan zen: isiltasuna. “Zuen amak, amatxiak, aitak, alabak, anaiak, nehor ez da historian izango. Ez da gaiaz hitz egiterik, zigorraren pean. Isiltasuna eta izua, gorputzari kolatua”, azpimarratu du Xuriok.
Agian horrela hobeto ulertzen da Pedro Agerre Axular modukoen isiltasuna. Garai hartako Urdazubiko semea, herrikideak bahitzen ikusi zituenak ez zuen deus ere idatzi horretaz, ezta aipu txiki bat ere ez euskal literaturaren aldarean den Gero liburuan, 1643an argitaratutakoa. Baina, aldiz, ondorengoa bai: “Etsaiek egiten derauzkiguten atsekabeak, Iainkoaren eskutik heldi direla, hark permititzen dituela, haren purgak direla. Etsaiak Iainkoaren iustiziaren muthilak eta borreroak dira. Beraz ezkara heken kontra haserretu behar”. Tormentu orokorraren ostean, izua gauza ulergarria da.
Inkisidoreen lana amaituta, beste tropa mota batzuk bidali zituzten herrietara: predikariak. Herri bat erditik hautsita, elkarbizitza birrindua, mesfidantza herritarren artean zabalduta zegoenean, fede eta dogma eramaileak bidali zituzten, gehien bat frantziskotarrak. Mikel Azurmendiren hitzetan, helburu argi batekin: “Baltsamoa ematera”.
Etendako transmisioari eutsi
De Lancrek dokumentazioa ezabatzen zorrotz aritu zen eta Logroñoko Inkisiziotik, aldiz, zenbait biktimaren testigantza hitzez hitz jasota heldu dira gaurdaino. Horietako bat Sugarren Mende liburuan jaso dute, Maria Johan Anozibarrenena. Nahiago zuela gorputza galdu eta ez salatu errugabea zioen behin eta berriz, tortura gogortu bitartean. “’Nik ez dut inozenterik salatuko’ errepikatzen zuen, hori ikaragarria da. Nola ez zaigu hori iritsi?”, dio Xuriok. “Nik orain argi dut, sufrimendu hori ez bazaigu hitzez transmititua izan, historian barrena sekulako jazarpena bizi izan dugulakotz da”.
“Lekukotasunetan behin eta berriz agertzen da ‘ni ez naiz sorgina’ edo ‘ez dakit zer den sorgina izatea’. Asko hil egin ziren leporatutakoa ukatzen”, gaineratu du Urmenetak. “Ez dezagun guk geure egin asmatutako ipuin hori, arbasoek behin eta berriz ukatzen zutena”.
Kasu askotan, ospakizunen eta kondairen zentro bilakatu dira sorgina edo akelarrea. Halere, sorgin hitza ez dutela hiztegitik ezabatu nahi dio Helena Xuriok: “Lotura du mitologia, emakume belar-biltzaileak, emaginekin… baina Inkisizioak emandako ikuspegia ezabarazi behar dugu. Ez zituzten horren arabera erre. Kontzientzia hartu behar dugu, asumitu gertatutakoaren gogorra, Disneyren ipuin bat nahi baduzu, ez etorri Zugarramurdirat”.
Sorginkeria, masoneria, komunismoa, terrorismoa, sezesionismoa… aldian aldiko botereak, txikle baten antzera luzatu eta nahieran erabilitako delituak dira munduan barrena. Herritarrak masiboki kriminalizatzeko eta zigortzeko oso eraginkorrak izan dira eta haien aplikazioa bereziki oldarkorra izan da erresistentzia erakutsi duten herrietan. Euskal Herria ez da horren salbu izan, ‘Tribunal de orden público’ eta Espainiako Auzitegi Nazionalak baldintzatutako historia hurbila lekuko. XXI. mende honetan ere ez dago zertan raperoa izan jakiteko epaitegi bereziek asmatutako diskurtsoen barruan ez dela egia osoa sartzen. Orain dela 400 urte bezalaxe.
Sorgin ehizari buruzko historia ezagunenak XVI. eta XVII. mendekoak dira Euskal Herrian: Erronkarin, Zugarramurdin eta Lapurdin, inkisidore eta torturatzaileen amorrua jasan zuten herritar ugarik. Hain justu 1525ean, duela ia 500 urte Pirinioetan lehen prozesu orokorra hasi... [+]
Lan kontu bat dela eta berrirakurri behar izan dut liburu zoragarri hau. Teoria, genealogia eta historia feminista batzen dituen liburu motz honek kritika ugari izango zituelakoan sarean begiratu eta, sorpresa! bakarra aurkitu dut, Irati Majuelok Berria-n idatzi zuena.
Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]
Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.
Ezkarbarte (Nafarroa), 1576. Ozkoidi eta Lizaso komisarioak Orikain auzo nagusira joan ziren ustezko sorginkeria kasu bat ikertzera. Martirikorena etxeko Mari Martin zen ustezko sorgina. Eta Juan Lizasok Juan San Martin lekukoaren testigantza jaso zuen idatzia auzi larriago bat... [+]
Milaka agiri arakatu ditu Paul Arzakek azken 53 urteetan. Nafarroan izan diren ehunka sorginkeria prozesuetako datuak bildu ditu 443 orrialdetako Sorginkeriarena gurean liburu mardulean eta ateratzen duen ondorio nagusia da XV-XVI. mendeetako sorginkeria akusazio masiboek... [+]
Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur... [+]
Sorgin ehiza feminizidioa izan zela azpimarratu nahi du Pablo Agueroren filmak, baina zuzendariaren begirada heteropatriarkalak asmo feminista zapuzten du. Inkisidoreak euskal Sherezade moduko batekin duen obsesio erotikoak ardazten du istorioa. Ikertzaile feministek aipatzen... [+]
Ipuin eta kondairak bazterrean utzi eta egia ezagutzeko beharra sentituta, herriko historia aztertzen hasi zen Helena Xurio (Zugarramurdi, 1970). Asisko Urmeneta komikilariarekin batera, Euskal Herriaz haraindi, inkisizioaz idatzi dutena irakurri eta hariak lotu ondotik, emaitza... [+]
Maleficium. Nafarroa eta sorgin ehiza (XIV-XVII mendeak) erakusketan, gaiari buruz Europan dagoen dokumentu multzo esanguratsuenetako bat izango da ikusgai urte amaierara arte.
“Koronabirusak mundua lurralde ezezagun batera eraman du” esan zuen Munduko Osasun Erakundearen zuzendari nagusiak Covid-19ak zuzenean eragindako heriotzek 3.000ko langa gainditu zutenean. Planetako agintariak alor bat baino gehiagotan aurkitu dira bide-orri garbirik... [+]