Pilotari ohia eta orain telebista eta irratietako kirol esataria da. Kantxan zuen lehia garbirako grina orain enpresa alorrera eraman eta beilatoki enpresa berri bat kudeatzen du, errespetua eta pertsonen emozioak eta sentipenak erdigunean jarrita.
Pilotari ohi txantrearra. Lau urtez profesional gisan aritu ondoren, jokatzeari utzi behar izan zion eskuan izandako lesio batengatik. ETBko Kantxa saioko esataria da duela urtebete, eta kolaboratzailea ere Euskalerria Irratia, Antena 3 eta SER irratiko kirol saioetan. Zuzenbidean graduatu zen eta pilota utziz geroztik Izarra beilatokiak enpresaren sorreran parte hartu zuen eta egun kudeatzailea da.
Motz gelditu zen zure pilotari karrera?
Oso motz eta intentsua. 2010ean debutatu nuen profesional gisa, 20 urterekin, eta urte horretan bertan nire lehen txapela irabazi nuen bigarren mailan Titinen aurka. Hurrengo urtean buruz buruko finalean sartu nintzen. Lau urte eman nituen bete-betean lesionatu arte. 2014an mina hartu nuen ezker eskuan eta 2016an utzi nion jokatzeari.
Gainera, nire ametsa egi bihurtzen zen egunean lesionatu nintzen. Beti nahi izan dut sanferminetako torneoan jokatu eta horretarako aukera eman behar zidan partiduan, zortzigarren tantoan, Retegik pilota bat moztu zidan, ezkerrarekin eman eta kristoren min arraroa sentitu nuen. Ezkerra naiz, gainera, eta dena hanpatu zitzaidan, baina profesional mailan ezin denez partida bat bertan behera utzi eskuko minarengatik, bukatu behar izan nuen sufrimendu izugarriarekin. Hortik aurrerako bidea oso gogorra izan zen. Eskua ez zen konpontzen. Handik hiru hilabetera operatu ninduten eta sendatzen ez zela ikusita, beste medikuekin hasi nintzen Santanderren eta gero Madrilen. Horrela bi urte ibili nintzen. Saiatu nintzen berriz jokatzen baina ezin zenez, 2016an erretiratzea erabaki nuen. San Fermin egunean egin zidaten Labrit frontoian omenaldi hunkigarria eta hori izan zen zirkulua ixtea, nonbait.
Enpresa, Asergarce zen orain Baiko dena, oso ongi portatu zen nirekin. Mediku guztiak ordaindu zizkidaten, laguntza izugarria eman zidaten eta gaizki pasa nuen erresoluzio kontratua sinatu nuenean, baina hurrengo egunean ongi nengoen, nire ametsa betea nuela sentitzen nuelako. Pilota ongi utzi nahi nuen eta, gainera, banekien bizitza pilota baino gehiago zela.
Txikitatik pilota afiziorik izan duzu?
Ikaragarria. Haurtzaindegira bi pala txiki eta pilota batekin joaten nintzen: bat niretzat eta bestea nor engainatzen nuen ikusteko. Ruben Beloki zen nire idoloa haur garaian. Osasuna futbol taldea bigarren mailan zegoen eta haur guztiak pilotan ibiltzen ginen.
Pilota profesionalaren oraingo egoeraz zer pentsatzen duzu?
Greban egon diren pilotariek arrazoiak zituzten horretarako. Oraingoan hitzarmen batera iritsi dira eta hori da garrantzitsuena pilota salbatuko bada. Pilota ez da futbola. Pilota kirol txikia da, bertakoa eta bere etorkizuna arrisku handian dago plan estrategiko bat egiten ez badugu.
Negoziaketa batean nik beti eskatzen dut bestearen tokian jartzea, ideia berrienetara irekita egotea eta enpatia handia izatea. Argi eduki behar da, bestalde, hitz egiten den guztia ez dela beti publiko egin behar.
Iruditzen zait egoera oso enkistatua egon dela eta zaila dela negoziatzea, horregatik Ezkurdia, Altuna, Olaizola eta Urrutikoetxeak laguntzeko egin duten elkartea oso garrantzitsua da. Ia pilotari guztiek eman diote babesa gainera. Okerra litzateke detailetan geldituko balira. Halakoetan beti hautsak harrotzen dira eta errazena da gauza txarrak ikustea, baina uste dut gauzarik onena egin dutela eta meritu itzela dutela, beren izena eta ibilbideak publikoaren aurrean arriskuan jarrita. Pilotak elkarte bat behar du eta intentzioa ona da. Aldagelan egon naiz haiekin guztiekin eta ezagutzen ditut.
Elkarte bat zertarako?
Kirol guztietan badira halakoak. Kirolean, eta pilotan, batez ere, kontu handia izan behar dugu hiztegiarekin. Soldata duinaz hitz egiten denean, adibidez. Pilotari debutatu berriek soldata txikiak dituzte, baina egia da gero hobetu egiten direla.
Elkartea beharrezkoa da pilotari gazteei etorkizun bat bermatzeko eta jokalari guztien eskubideak defenditzeko. Enpresei eta EPELi (Eskuzko Pilota Enpresen Liga) kontrapisua egin behar zaio. Gu elkarte bat egiten saiatu ginen 2012an baina ez genuen lortu. Beste saiakera batzuk ere izan dira eta ez dira aurrera atera. Beraz, hau une historikoa da, oso ona eta garrantzitsua pilotarentzat.
Hil ala biziko egoeran dago pilota?
Ez dut uste. Pilotan jokatzen jarraituko da, baina Juan Ignacio Zulaika zesta-punta jokalaria izandakoak duela gutxi elkarrizketa batean zioen bezala, pilotak bizitzen jarraituko du, baina bazterreko bihurtzeko arriskuan dago. Pilotariek motibo asko izan dute grebarako? Bai. Eta enpresek arrazoi parte bat izan dute? Seguru baietz. Pilotariak ez ziren ados baldintza batzuekin, entrenamendu tokiak, tratua… deseroso sentitzen ziren. Gero soldaten %20 jaistea iritsi zen eta lehertu zen, baina lehenagotik zetorren dena. Eta txarrena da guztia mediatiko bihurtzen denean. Ura bota beharrean, gasolina.
Errespetu osoz diot. Kanpotik jende askok morbo handiarekin ikusten du eta jakin gabe gauza asko esaten ditu, baina mundu hau ezagutzen dugunok badakigu zenbat sufrimendu pertsonal egon den alde guztietan: pilotariak, enpresariak, kazetariak… Jende hori triste ikustea oso gogorra da. Hitzarmena eta elkartearen sorrera oso berri onak izan dira.
Interes dema?
Egoak, interesak, eta dena aurkezten ari da garaile eta galtzaileen arteko lehia balitz bezala eta negoziaketa batean, azkenean eman behar den itxura bada denek zerbait irabazi dutela. Elkarren beharra dute eta horregatik konponbide globala behar da, bi parteentzat onuragarria.
Pilota-zaletasuna behera doa?
Ez. Konfinamendua baino lehenago pilota zegoen gori-gorian. Duela 20 urte baino ikusle gutxiago dago frontoietan, agian bai, baina aurtengo binakako eta lau t’erdiko txapelketen finalek inoizko audientziarik handienak izan dituzte. Ni urrian hasi nintzen ETBn eta bi-hiru larunbatetan ikusle kopuru marka guztiak gainditu ziren.
Eta harrobia nola dago?
Orain okerrago. Hori bai dela pilotaren egiturazko arazoa. Nire txikitako garaian jende piloak jokatzen genuen eta orain ez. Pilota federazioko lizentziak gutxiago dira, kirol eta entretenimendu gehiago dago eta pilota zaindu beharra dago. Talentua erakartzeko eta harrobia sustatzeko plan estrategiko orokor bat egin beharko litzateke. Klubek lan dezente egiten dute, baina pilota federazioak egin beharko luke gehiago, Nafarroan behintzat huts egin du azken urte hauetan. EPELek protagonismo gehiago hartu beharko luke pilota promozionatzeko, futbolean Ligak egin duen bezala. Hori da hemendik aurrera egin behar dena, hondoa jo nahi ez badugu.
Esatari lanetan gustura?
Oso gustura. 2016ko abenduan hasi nintzen gaztelaniaz, Juan Carlos Gonzalezekin. Joan den urrian ETBtik deitu zidaten, aldaketa bat egin nahi zutela Kantxa saioan eta Abel Barriolarekin aritzen naiz.
Euskaraz egitea niretzako erronka bat zen.Txikitatik hitz egiten dut euskaraz baina nire ama hizkuntza gaztelera da. Beraz, hasi nintzen berriro euskara ikasten, liburuak irakurtzen eta nire osaba Fernando Rey idazle eta itzultzailearekin, gauza batzuk zuzentzen. Niretzat pilotarekin harremanetan jarraitu ahal izatea opari bat da. Ni pozik nago. Euskalerria Irratian ere aritzen naiz kirol saio bat egiten, ez soilik kirolarengatik, baizik eta Iruñerriko euskaldunontzat irrati hau den guztiarengatik. Ni han kolaboratzeko beti prest.
Kantxatik beilatokirako aldaketa nolakoa izan zen?
Enpresa mundua betidanik gustatu izan zait eta Zuzenbidea ikasi nuen amak esan zidalako hori ikasteak denetarako balio duela eta. Mikel Legarra ezagutzen nuen eta berak Izarra zabaldu behar zuela jakin nuenean elkarrekin hasi ginen lanean. Bera da Nafarroan honetaz gehien dakien pertsona. Argi ikusten genuen heriotzaren munduan gauzak aldatu behar zirela.
Multinazionalak sartu dira hemengo lehenagoko enpresak erosiz eta guk, aldiz, hemen errotutako enpresa bat egin nahi genuen, gainera zerbitzu ezberdina emango zuena. Hurbilagoa eta humanoagoa. Pertsonalizatuta: jendeak bere senitartekoa edo laguna nahi duen bezala agurtu behar du eta guk horretan laguntza eman nahi diogu. Horretan garrantzia handia du hizkuntzak eta horregatik gure zerbitzu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen ditugu. Gure langile guztiak elebidunak dira. Hemengo kultura, ohiturak eta noski, hizkuntzak errespetatu nahi ditugu eta horregatik jartzen ditugu bi hizkuntzak parez pare.
"Ofizio honek lagundu dit heriotzarekin harreman hobea izaten. Egunerokoan tontakeriak alde batera uzten ikasten duzu”
Toki fisikoaz gain, zer eskaintzen duzue?
Tanatorio txikiagoak egiten ditugu herri edo hiriaren erdian, ez industriagune edo kanpoaldean, uste dugulako pertsonak bizi izan diren tokian agurtu behar direla. Eskaintzen duguna da tratua, hurbiltasuna. Eroso sentitzeko eta nahi duen moduan bere senitartekoa agurtzeko aukera. Batzuetan haiek ere ez dakite nola nahi duten egin eta horretan laguntzen diegu.
Sentimendu asko daude une horietan eta horiek partekatzea sustatu nahi dugu. “Ez egin negar”, entzuten da askotan, baina guk zera diogu, “negar egin nahi baduzu egin negar eta irri egin nahi baduzu egin irri”. Hori askotan gertatzen da, dolua halakoa delako. Une batean negarrez zaude hunkituta eta hurrengoan irriz ez dakit zer gogoratzen duzulako. Sentimenduak adieraztea ona da, agurraren parte garrantzitsua da eta guk hori defendatzen dugu. Fundazio bat dugu eta toki askotan gai hauen inguruko hitzaldiak ematen ditugu.
Ingurua eta giroa ere oso garrantzitsuak dira. Hemen dena argitsua da, txuria, ez dago marmolik ez errezel itsusirik eta jendeak espazioa dekoratu dezake nahi duen bezala. Batzuk apaindu dute hau hildakoaren etxeko egongela balitz bezala. Hori bai dela agur polita. Nolako agurra, halako dolua diote psikologoek. Kontzeptua aldatu dugu: zaindu beharrean, haren ondoan egotea eskaini nahi diogu jendeari.
Pandemian une larririk izan duzue?
Hau tragedia izan da. Estatu osorako erabakiak hartu zituzten Madrilgo egoeraren arabera. Beilatoki guztiak hilabete eta erdiz itxita egon ziren eta gu horren kontra azaldu ginen uste genuelako tokian tokiko kudeaketa egin behar zela. Jende askok ezin izan zuen bere senidea agurtu, COVID-19arengatik hil ala ez, eta hori oso gogorra da.
Gurea ofizioa da, ez lanbidea, eta egoera hori eramangarriagoa egiteko agurtzeko beste modu bat asmatu genuen: fisikoki ezin bada agurtu, behintzat familiak sentsazioa izan dezala hildakoarekin han egon dela. Familiei aukera eman genien argazkiak, eskutitzak, musika… nahi zutena bidaltzeko. Hori dena jartzen genuen zenduaren aldamenean eta bideo polit bat grabatu eta bidaltzen genien senideei. Horrela sentitzen zuten, nolabait, berarekin egonak zirela une horietan. Jendeak izugarri eskertu du.
Neurriz kanpoko lana izatera iritsi zineten?
Egon ziren hamar egun apirilean bereziki gogorrak, baina lan taldeak erantzukizun handiz jokatu zuen eta Nafarroan ditugun hamar beilatokietan arazorik ez genuen izan.
Tanatorioa eta beilatokia gauza bera da?
Ez. Tanatorioan baltsamatu daitezke gorpuak eta beilatokian ez. Baltsamazioa egiten da 72 ordu baino gehiago kontserbatu behar duzunean gorpu bat, lekualdaketa bat egiteko, adibidez. Herri txikietan beilatokia zabaltzea errazagoa da. Hala ere guk denei tanatorio deitzen diegu.
Zuen kotxeak zuriak dira, beilatokian dena oso argitsua da… honek guztiak tabua apurtzeko balio du?
Hori uste dugu. Detaile bat: tanatorioa toki atsegina da eta haurrak etortzen direnean ikusten duzu nola bizi duten heriotza oso modu normalean. Helduak gara buelta gehiago ematen diogunak. Naturaltasunez landu nahi ditugu, eta onartu emozio eta pentsamendu guztiak naturalak direla eta haiekin bizitzen ikasi behar dugula.
Ona da heriotzan pentsatzea?
Bai, jakina, eta denok pentsatzen dugu nahitaez. Garrantzitsua litzateke heriotzan eta doluan formatzea. Eskutik doaz biak eta harreman natural bat izan behar dugu haiekin.
Zer dago hil ondoren?
Nik ez dakit. Dakienak esan dezala. Ni horretan ez naiz sartuko. Errespetu osoz saiatzen naiz hitz egiten beti, pilotan bezala. Nire iritzia ez dut eman behar batzuk uste dutelako haiek bezala ez baduzu pentsatzen haien kontra zaudela, eta ez da horrela. Guk dena errespetatzen dugu: norberak nahi duen bezala bizi dadila eta agur dezala.
Izan ere hona sinesmen desberdinak dituzten pertsonak etortzen dira, Maroko aldeko edo Senegalgo musulmanak, errumaniarrak, ukrainiarrak… bakoitzak bere ohiturak eta erritoak ditu eta guk guztiei behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkiegu.
Ofizio honek lagundu dit heriotzarekin harreman hobea izaten. Zer den ulertzeko eta pertsona bezala hobetzeko balio izan dit. Egunerokoan tontakeriak alde batera uzten ikasten duzu hemen. Beste modu batez bizitzen. Orain gehiago errespetatzen ditut pertsona bakoitzaren pentsamoldea eta iritziak. Pilotan bezala, heriotzan ere beti errespetuz.
Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]
Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]
Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]
Maiatzaren 13an Larraul-Azpeitia partidak jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, eskuzko modalitatean. 18:00etan hasiko dira partidak Tolosaldeko herri txikian, eta urtetan pilota sustatzen egindako lanaren emaitza izango da: jai handi bat, lehen aldiz parte... [+]
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]
Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko lehiaketak batu egingo dira Jai Alai League sortuz.
Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.