Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria elkarrizketatu ditugu, Euskaraldiaren antolatzaile nagusiak. Bigarren edizioan arigune-ak dira protagonista. Dobaranek saltoki handiak eta finantza erakundeak euskararen estrategikotasunaz konbentzitzeko darabiltzaten diskurtsoak azaldu dizkigu. Amonarrizen ustez, herritarrek eta eragileek bezala, erakundeek aurrerapausorik ematen ez badute Euskaraldiak zentzua galduko luke.
Zuek zer izango zarete, belarriprest edo ahobizi?
Miren Dobaran: Nik ahobizi aukeratu dut, nahiz eta izena eman dutenen %80k ere ahobizi aukeratu duen eta belarriprest-ak behar ditugun. Normala da [antolatzaileen ustez belarriprest kopuruak handiagoa izan behar du ahobizi kopuruak baino], bigarren aldia da, ez da erraza rol bakoitzak zer esan nahi duen ulertzea eta jendeak rolak gaitasunarekin lotzen ditu, jokabidearekin baino. Orekarik ez dago [belarriprest eta ahobizi portzentajeetan], eta hor jarri behar dira indarrak. Masa kritiko handia daukagu agian hamabost egunerako ahobizi konpromisoa ezin duena hartu, baina bai belarriprest-arena. Ez dakigu jende horrek rolak ez dituen ulertu eta horregatik ez den animatu belarriprest izatera edo zer gertatu den. Lana egin behar dugu, jendeari ulertarazteko eta beldurrak kentzeko.
Kike Amonarriz: Ahobizi izango naiz. Mirenek esan duenaren haritik, orain arte iritsi ez garen sektoreetara iritsi nahi baldin badugu progresioaren ideia oso inportantea da. Bi rol egoteak hori adierazi nahi du. Hizkuntza praktiken aldaketan badago graduazio bat: lehen urrats batzuk emateko prest baldin bazaude, baina ikusten baduzu ahobizi-aren konpromisoak urrutiegi dauzkazula, tarteko etapa bat daukazu. Tarteko etapa hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago sortuko ditugu euskaraz egiteko, eta orduan eta jende gehiago hurbilduko dugu euskararen praktikara.
Euskal Herri osorako ariketa berdin planteatzeak ez dauka arriskua ingurune batzuetan, batik bat euskaldunetan, ariketa ahultzeko?
K. Amonarriz: Kontrakoa ikusten dut. Herri txiki euskaldun batean, beharbada, txapak ere ez dituzte beharko zeren denek badakite euskaraz egiten dutela, baina herri txiki horietan ere, badira euskararen erabilera ohikoa ez duten pertsonak eta horiek hurbiltzeko belarriprest-aren figura ezinbestekoa da. Bestalde, ingurune edo familia erdaldunean bizi denari esaten badiozu mundu guztiari lehen hitza euskaraz egin behar diola eta inguruko guztiekin euskaraz egin behar duela, kolapsatu liteke eta utzi. Belarriprest-aren figura abegikorra da, motibatzailea, eta harrera funtzioa betetzen du.
Ehuneko bosta galdu genezake ahobizi-ak izan zitezkeen horietan? Bada, agian, gal genitzake, baina irabazteko daukaguna galdu genezakeena baino mila bider gehiago da.
M. Dobaran: Ados nago. Entrenamendua behar dute eta ezin dute ariketa hasi estresatuta. Jendeak serio hartzen du hau eta ondo egin nahi du.
Arigune-ena kontzeptu berria da eta pandemiaren eraginez zailtasunak izan dituzue haiek zer diren azaltzeko eta sortzeko. Zenbaterainoko sendotasuna izango du entitateek arigune-ak sortzeko hartu duten konpromisoak?
M. Dobaran: Saiatuko gara ahalik eta pedagogia lan onena egiten. Hala ere, hau ez da bukatuko edizio honetan. Arigune-ak egiteko sortu den dinamikari ematen diot batez ere garrantzia. Lantoki batean lantalde batek adostea zein hizkuntzatan hitz egingo duten eta hori mantentzea ikaragarria da, sekula ez da gertatu. Batzuek ulertzen dutelako eta besteak hitz egiteko gai direlako bilerak euskaraz egitea adostea normalizatu eta sistematizatuko balitz, askoz ere aurrerapauso handiagoak emango genituzke erakundeetan eta lantoki pribatuetan.
K. Amonarriz: Egin kontu arigune bakoitza sortzeko barne azterketa egin dutela, erabaki bat hartu dutela, jendearen onarpen bat egon dela… Hemen sortzen den ereduak hemendik bi urtera arigune-en potentzia biderkatu dezake eta konbentzituta nago oso emaitza onak lortuko direla aurten ere. Arigune-ak sortzeko eraman duten prozedura eramanda eta baldintza hauetan [pandemia garaian], esan nahi du oso jende motibatua eta kontzientziatua dagoela.
Kike Amonarriz: "Hor dauka indargunea Euskaraldiak, aurten hasitako bideari bi urtean segida eman beharko zaio, batez ere entitateen ikuspegitik"
Bigarren edizioan entitateek garrantzi berezia hartuko zutela esan zenuten. Nolako lanketa egin duzue?
M. Dobaran: Finantza erakundeekin batzorde bat daukagu lanean. Esan genien Euskaraldia zetorrela eta arigune-ak sortzeko eskatu genien. Erantzuna oso ona izan zen. Hemengo kutxek-eta aspalditik dituzte erabilera planak, nahiko irabazita ditugu, baina nik nahi dut Euskaraldia BBVAn edo Banco Santanderren egitea. Eta ondoren abia ditzatela euskara planak eta abar.
Saltoki handien batzordean ere berdin egin dugu. Batez ere egoitza kanpoan dutenei beren beregi esan zitzaien zein garrantzitsua den ez bakarrik 0 kilometroko produktuak izatea, baizik eta hemengo hizkuntzaren aldeko apustua egitea. Adibidez, Mercadonari esan diogu: hemengo produktuak saltzea kalitatezko zerbitzua eskaintzea da, baina hemengo hizkuntza eskaintzea ere bai. Era naturalean hartzen dute. Orain beraien arazo handiena da euskaraz aritzeko nahikoa gaitasun ez duten pertsonak ari direla kontratatzen, lan merkatuan ez dagoelako.
Bai finantza erakundeetan bai saltoki handietan, lehia handia dago eta hori guretzako ona da, zeren hasiko dira: “Zuk hemengo produktuak? Nik ere bai. Zuk hizkuntza? Nik ere bai”.
Bidea hori da, sektoreka aritzea eta bati esatea gizarte erantzukizunagatik egin behar duela; beste bati “zuk jakingo duzu, baina ez duzu salduko”; besteari kontsumitzaileak eskubidea duela.
K. Amonarriz: Lehia aipatu duzu. Euskaraldiak erreferentzia eskaintzen die oraindik euskararen gurdira igo ez direnei edo makal dabiltzanei. Euskal Herri osoan egiten den ariketa sozial masiboa izanda, daukan ikusgarritasuna handia da. Bezeroek, erabiltzaileek, herritarrek, ikusten dugu zeinek eman duen horretara pausoa eta zeinek ez. Horrek lehia positiboa sortzen du hizkuntza erabilerari begira. Herrietan ere nabari da.
Diskurtsoari dagokionez, sektorearen arabera egokitzen ari gara. Kalitatearen diskurtsoa daukagu, bezeroaren hizkuntza eskubideak… baina herriko kirol elkartera goazenean ere diskurtsoa doitu egin behar dugu.
Erakunde publikoei dagokienez, pandemian bestelako aurpegia ikusi dugu. Gobernuaren komunikazio estrategia, asko, gaztelaniaz izan da. Herritarrak kexatu dira, baita kazetariak ere.
M. Dobaran: Argi dago arazoak egon direla, ez dute funtzionatu gure prozedura batzuek. Itzulpenak ez dira egin sasoiz, beranduago ateratzen ziren gazteleraz arineketan produzitu behar izan delako. Hausnarketa egin dugu. Gobernu berriarekin aldaketa ikaragarria dagoela uste dugu, jada prozedura batzuk martxan daude, saiatzen ari gara batzarrik urgenteenetan ere neurriak eta abar bi hizkuntzetan ateratzen, eta hori da gure helburu nagusia orain: erakundeei eta herritarrei informazioa euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean helaraztea. Gure sailburu berriak egiten ari diren ahalegina ikusi da gobernu berrian. Guk izan behar dugu eredugarri.
K. Amonarriz: Pandemiak agerian utzi ditu hainbat ahulgune. Horietako bat izan da nabarmen ikusi dela zein erakunde, establezimendu edo gizarte eragiletan ohituta zeuden erdaraz funtzionatzen, eta ondoren euskarazko itzulpena egiten. Harrigarria da, zeren nahiz eta erdaraz lan egin, komunikazio publikoak euskaraz egiteko baliabide guztiak ditugu, itzultzaile neuronalak hor daude, eta lana aldi berean eginez gero ez dago inolako arrazoirik euskarazko komunikazioak ez ateratzeko edo beranduago egiteko.
Euskaraldiak balio du disfuntzio horiek nabarmentzeko eta disfuntzio horiei aurre egiteko arrazoi gehiago edo presio gehiago izateko, bai erakundeetakoei, baita herri mailakoei ere. Euskaraldiak aterki bat eskaintzen du eskaera horiek babes zabalagoa izan dezaten.
Pandemia hasi zenean denok izan genuen zalantza: “Egin ahal izango dugu?”. Uste dut hartutakoa oso erabaki egokia izan zela. Euskaraldirik egin ez balitz orain, kontuan izanik gainera Korrika bera ere atzeratu dela, euskararen gaia erabat desagertuta egongo zen agenda soziopolitikotik. Euskaraldiak balio digu bai instituzioen barrutik, bai euskalgintzatik edo bestelako eragile sozialetatik euskararen gaiari beste zentralitate bat emateko, elkar babesteko, eta elkarren artean indar handiagoa egiteko.
Miren Dobaran: "Nik nahi dut Euskaraldia BBVA-n
edo Banco Santanderren egitea"
Hizkuntzaren erabileraren ardura herritarren bizkar uzteko arriskua dago Euskaraldiaren bidez? Gobernuaren ardura baztertzeko arriskua dago?
M. Dobaran: Guk badakigu zeintzuk diren gure ardurak, baina beste alde batetik, badakigu bakarrik ezin dugula. Esparru batzuetara gobernua ezin da heldu bere esku-hartze soilaren bidez. Gobernuak diru baliabideak jarri behar ditu, legeak egin behar ditu, eta gizartearen atxikimendua irabazi. Eredugarri izan behar dugu eta eduki behar dugu amets bat, sinetsi behar dugu kapaz izango garela eremu gehiago irabazteko. Gizartea lo ikusten dut. Batzuk protestaka ari dira esanez ez dugula ezer egiten eta beste batzuek diote euskararena lortuta dagoela. Ez, ez, borroka hau maratoia da. Gizarteak jakina daukala erantzukizuna, gizarteak erabaki behar du hizkuntza gutxitu batean bizi nahi duen ala ez. Eta erantzukizuna konpartitua da. Guk lau urtean behin azterketa daukagu.
K. Amonarriz: Euskaraldiak arrisku horren kontrakoa ekarri du. Ekarri du oso garbi ikusaraztea hizkuntza ohituren aldaketarako ariketa soziala egingo bada, eta neurri batean, hizkuntza ohituren aldaketa globala emango baldin bada, ezinbestekoa dela erakundeek eta administrazioek dagozkien erantzukizunak beren gain hartzea. Hasieratik esan genuen Euskaraldiak praktikak, aldaketak, eta konpromiso zehatzak eskatzen dituela. Zorionez, Euskaraldiak lortu du Euskal Herriko erakunde eta udalerri gehienen adostasuna, baina adostasuna praktikara eramateko konpromisoa ere hor dago. Ez baldin bada ikusten Euskaraldiaren eraginez erakundeetan aurrerapausoak ematen direla Euskaraldiak bere zentzua galduko du. Eragileek eta herritarrek ere aurrerapausoak ematen ez badituzte zentzua galduko du. Euskaraldiaren indarrik nagusienetakoa da eragile bakoitzari bere funtzioa bete dezan eskatzen diola.
Bigarren edizioa eta gero zer?
M. Dobaran: Pandemiaren testuinguruan kokatuta zelan joan den ikusi beharko da. Adituei eta herri batzordeei entzungo diegu. Horrela erabakiko dugu hirugarren edizioa, baina ez nuke arinegi joan nahiko. Kontua ez da gauza berriak asmatzea, ez bagara gai edizio hauetako oinarri-oinarrizko ariketak ulertzeko. Kontua da bi urtean behin egiten segitzea, eta hau ez bilakatzea jai bat. Pazientzia behar da, badakigu honen emaitzak ez direla bi edizioetan ikusiko, baina ea edizio batzuk egiten direnean aldaketa batzuk ikusten diren eta jendeak ahalduntze prozesu horretan esparru zailagoetan pausoak ematea erabakitzen duen.
K. Amonarriz: Iruditzen zait hirugarren Euskaraldia ez dela bigarrenarengandik hain diferentea izango, beti ere kontuan izanda bigarren hau zein baldintzatan egin behar izan dugun. Oraindik finkatu beharrean gaude. Hizkuntza ohituren aldaketa egitea asko kostatzen den prozesua da, arigune-ak martxan jarri besterik ez ditugu egin.
Euskaraldia palanka sendo bat da hurrengo urteetan erakundeetakoek, eragileek eta euskaltzaleek erabil dezaten beren erakundeetan euskararen biziberritze prozesuak indartzeko. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bezala, udalek hartu dute parte, eta denek aztertu beharko dute zertan hobetu dezaketen haien euskararekiko praktika. Hor dauka indargunea, aurten hasitako bideari bi urtean segida eman beharko zaio, batez ere entitateen ikuspegitik. Banketxeak aipatu ditugu. Haiek bezala, adibidez, euskal telebistak ikusi beharko du zein urrats berri emango dituen ikus-entzunezkoen euskarazko eskaintza gehiago indartzeko edo ETB2 bera hizkuntzaren normalizazio bidean jartzeko. Kirol elkarteek berdin egin beharko dute. Denok sekulako terrenoa daukagu lanerako.
Hizkuntza politikaren aurrean erantzun soziala neutraliza dezake euskalgintzaren eta instituzioen arteko lankidetza estuak?
K. Amonarriz: Topaguneak beti egin du elkarlanaren aldeko apustua eta horrek ez du esan nahi kritikak edo aldarrikapenak egin behar izan direnean egin ez dituenik. HPSren eta Topagunearen arteko errespetua eta konfiantza dago, baina bakoitzak badaki non dagoen eta zein funtzio bete behar dituen. Elkarlanak ekarri dituen onurak ikusi ditugu eta antzeman dugu zein potentzialitate duen horrek. Euskaraldia formatu berria da, ahula ere bai, oraindik gorpuztu eta sendotu behar du. Ez lioke batere onik egingo menpekotasunak, ezta ere konfrontazioak. Beste gauza bat da ordea, bakoitzak bere funtzioak izatea, autonomia bere iritziak plazaratzeko. Elkarlana ez da bide erraza eta horrek ere entrenamendua behar du.
M. Dobaran: Guk ez dakigu beste era batera lan egiten. XXI. mendeko gizartean gobernu batek gobernantza modu honekin lan egin behar du edo ezin du lanik egin. Ez dut imajinatzen euskalgintzari bizkarra emanda lan egin dezakedanik. Errespetua zor diogu elkarri. Nik badakit zein den nire erantzukizuna. Lehen esan dut, lau urtean behin azterketa daukat. Elkarlan honi esker lortu dugu Euskal Herri osoan lehenengo aldiz horrelako egitasmo bat martxan jartzea. Eta ez gara Topagunearekin bakarrik ari elkarlanean, euskalgintzako elkarte eta sektore guztiarekin ari gara.
K. Amonarriz: Badago beste puntu bat beste hausnarketa baterako balioko lukeena: gauza bat da HPSrekiko harremana eta beste kontu bat da, gobernu osoa kontuan hartuko bagenu, euskarari zentralitate gehiago eman beharko litzaiokeela uste dugula. Sail batzuk ari dira lanean eta beste batzuetan euskara nahiko periferikoa da.
Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago egiteko ariketa azaroaren 20tik abenduaren 4a bitartean egingo da. 2018an ariketa hamabi egunekoa izan zen eta aurten hamabostekoa izango da. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean egingo da bigarren edizioa.
Egitasmoan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: 16 urtetik gorakoa izatea eta gutxienez euskara ulertzeko gaitasuna izatea. Azaroaren 19ra arteko epea dago ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta ariketan izena emateko.
Edizio berezia izango da aurtengoa, COVID-19ak baldintzatutakoa. Antolatzaileek aitortu dute herri batzordeak martxan jartzea eta entitateetan arigune-ak sortzea zaila izan dela.
Lehenengo edizioan bezala, ahobizi-ek eta belarriprest-ek protagonismo handia izango dute, eta egiteko bera. Euskaraldiaren antolatzaileen nahia izan da aurten bi rolak hobeto azaltzeko ahalegin handiagoa egitea eta ariketa sakonago eta zorrotzago egiteko aukera izatea. 2018an hizkuntza gaitasunarekin lotu ziren bi rolak, eta horregatik, ahalegin berezia egin nahi izan dute rol bakoitzak zer esan nahi duen azaltzen. Aurrekoan bezala, identifikazio txapak eramango dira paparrean.
2020ko berrikuntza arigune-ak dira. Arigune-ak euskara ulertzen dutenak eta euskara dakitenak elkarrekin euskaraz arituko diren gune kolektiboak dira. Entitateek, dela denda txiki, saltoki handi, erakunde publiko, lantegi edo herriko elkarteek halako guneak sortzeko erraztasunak jarri dituzte eta gune horietako pertsonek ariketan parte hartzeko nahia adierazi dute. Arigune-ak barrura begirakoak edo kanpora begirakoak dira. Adibidez, barrura begira, enpresa bateko bilerak euskaraz egin daitezke parte hartzaile guztiek euskaraz ulertzeko gaitasuna dutelako eta enpresan zuzendaritzaren eta langileen artean bilera horiek arigune bihurtzea erabaki dutelako. Kanpora begira, saltoki handi batek saltzailez osatutako arigune bat sor dezake erosleei zerbitzua euskaraz eskaintzeko.
Euskaraldiaren antolatzaile nagusiak 2018ko berak dira: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea. Haiekin batera arituko dira Euskarabidea, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Elkargoa eta Euskal Konfederazioa.
- Ia 70.000 lagunek eman du izena. 2018an 225.000 herritarrek eman zuten izena. Izena eman dutenen artean %20ak lehen edizioan ez zuen parte hartu.
- %80ak ahobizi rola aukeratu du eta %20ak belarriprest.
- 423 udalerrik eman dute izena eta 375 herri batzorde eratu dira.
- 6.737 entitatetan 25.000tik gora arigune sortu dira. %52 barne arigune-ak dira eta %48 kanpo arigune-ak.
- Arigune gehien sortu dituztenak saltoki eta zerbitzu emaile txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira.
(Oharra: azaroa hasiera arteko datuak dira).
Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dute, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute une oro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.
Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.
Euskaraldia bukatzear da lerro hauek idazten ditudan orduan, oraindik bukaera argazkiak eskas dira. Ez da dudarik ederrak izanen direla, besta handi batean hartutakoen antzekoak.
Bizkitartean, artoski irakurri ditut, hemen edo beste zenbait agerkaritan, ni baino adituagoak... [+]
Hitzaldiak, prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak kontuan hartuta, egunean hiruzpalau hitzorduri erantzuten die egunotan Euskal Herriaren geografia luze-zabalean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Umoregilearen aldartearekin, komunikatzailearen argitasunaz, soziolinguistaren... [+]
Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]
Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.
“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]
Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren "egiturazko baldintzak" azaleratzeko.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]
Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.