“Kudeatzen zailena izaten ari da zentzurik aurkitzen ez diegun protokolo batzuk segitu behar izatea”

  • Ikastetxeetako zuzendaritzak protagonismo eta zama handia hartzen ari diren garaiotan, eurei galdetu diegu ikasturte hasierako martxaz: nola daude ikasleak? Eta familiak? Moldatzen al dira eskoletan administrazioak bideratutako baliabideekin? Pedagogikoki nola eragiten ari da hau guztia? Kezka eta erronka nagusiak zeintzuk dira?... Gako ugari eman digute Gurutz Sanzberro Donostiako Lauaizeta ikastola publikoko zuzendariak, Mirentxu Ibargarai Seaskako Hezkuntza zuzendariordeak eta Nekane Lasa Iruñeko Frantzisko Deuna eskola publikoko zuzendariak: “Errealitatea teoria baino azkarrago doa”.

Ezker-eskuin, goitik behera: Nekane Lasa, Mirentxu Ibargarai, Gurutz Sanzberro eta kazetaria.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ikasturte berriari begira aurrez lan handia egin behar izan zenuten udan? Horrek bere fruituak eman ditu gero ala frustratuta hasi duzue ikasturtea?
Gurutz Sanzberro: Ekaina bukaeran hasi ginen lanean, baina garatutako plangintzari ezezko borobila eman zion Hezkuntza Sailak, eta frustrazio sentsazioa eragin zigun, haien irizpideak direlako ikasturtea normal hastea, zer eta ikasturte hasiera atipikoena dugunean. Hala ere, eskola komunitatearen eta langileen inplikazioari esker bere fruituak eman ditu uztailean prestaturiko kontingentzia planak.
Nekane Lasa: Konfinamenduan ikusitako beharrak eta Hezkuntza Departamentutik bidalitako protokoloa kontuan hartuta egin genuen kontingentzia plana. Halako plan bat pentsatzeak eta egituratzeak ahalegin handia eskatzen du eta abuztu bukaeran ikusi genuen oraindik materiala eta baliabideak ez zirela iritsi, eta urduritasuna nagusitu zen, korrika eta presaka aritu behar izan genuen bukaeran.
Mirentxu Ibargarai: Frantziako Hezkunde Nazionalak abuztu erdialdean atera zuen protokoloa eta gure helburu nagusia beti izan da eta izaten jarraitzen du haur guztiei harrera egin ahal izatea; hori lortu dugu. Baina biziki azkar joan da dena hankaz gora eta  anabasa handia sortu da, bereziki kasuak agertu ahala kontaktuak izendatzearekin, emandako protokoloak ez zuelako funtzionatzen. Behar izan ditugu gelak eta ikastetxeak itxi, eta beste protokolo bat eman digute irailean.

Protagonismo eta zama handia jausi da ikastetxeetako zuzendaritzen gain. Pandemia zuek kudeatu behar duzuen sentsazioa geratu zaizue?
Ibargarai: Osasun zerbitzuaren eta Frantziako Hezkunde Nazionalaren aginduak koordinatu behar izan ditugu, eta batzuetan batak eta besteak irizpide kontrajarriak zituzten edo ez zieten gure galderei erantzuten. Erabaki batzuk gure kabuz hartu behar izan ditugu, mediku eta administrazioaren iritzirik gabe. Hori aski gogorra izan da.
Sanzberro: Logistika guztia, eremu pedagogikoen koordinazioa, familiekin harremana, kezkak, beldurrak, zalantzak… artatzea, hori guztia gure gain geratu da. Eta honi erantsi behar zaio burokrazia ikaragarria eskatzen digula administrazioak, langileen lan zama asko handituz eta baliabide gehigarririk gabe.
Lasa: Ikasturte hasierako ezjakintasuna izan da urduritasuna sortu duena: egoeraren araberako lau eszenatoki zeuden, azkenean eszenatokien halako nahasketa bat egin zuten, eta zehaztapena berandu iritsi zen, kasu positiboen aurrean uste genuena egiten genuen ikastetxeok eta aldaketak egiten joan behar izan dugu.

Zer da instituzioetatik espero eta nahiko zenuketena, eta jaso duzuena orain arte?
Lasa: Egoera oso konplexua da eta egia da zuzendarien elkarteak Hezkuntza Departamentuarekin biltzen direla, baina errealitatea doa teoria baino azkarrago, eta gertatzen ari zaizkigu gauzak Departamentuari eta Osasun arloari ihes egiten diotenak, Hezkuntza Departamentuak ez duelako urratsik ematen Osasun arloaren oniritzirik gabe. Kasu positiboak gero eta gehiago dira eta erabat kolapsatuta gaude, kasuen artatzea eta segimendua gehiago luzatzen ari da denboran. Guk eskatzen duguna da Osasun arlotik telefono zuzen bat, edozer gertatzen dela ikastetxetik deitu ahal izateko, baina aukera hori ez dago.
Sanzberro: Gurean badugu Osakidetzarekin zuzenean hitz egiteko aukera, baina Hezkuntza Sailari dagokionez faltan botatzen dut tokian tokiko diagnostikoa egitea. Erabakitzen diren irizpideak eta neurriak dira denontzat berdinak, aintzat hartu gabe ikastetxe bakoitzak bere ezaugarriak dituela. Ez da berdina sei lineako ikastetxea edo herri txiki bateko eskola, baina administrazioak banatu dituen baliabide apurrak banatu ditu denentzat irizpide berdinak erabiliz.
Ibargarai: Administrazioa gainditua izan dela eta gaia eskutik joan zaiela uste dut, bereziki lehenengo hilabetean, eta ondorioak guk jasan ditugu. Adibide bat: Hezkunde Nazionalak oihalezko maskarez hornitu zituen ikastetxeetako langileak, baina irakasle bat gaixotzen zenean osasun zerbitzuek ez zuten oihalezko maskara babesgarri gisa hartzen; alegia, ikasle guztiak konfinatzen zituzten, irakaslea gaixotuz gero. Horren inguruan izigarriko eztabaida sortu da bi erakundeen artean eta azkenean erabaki da orain baietz, oihalezko maskarek babesten dutela. Kudeatzeko zailena izaten ari da zentzurik aurkitzen ez diegun erabaki eta protokolo batzuk segitu behar izatea.

Nekane Lasa: "Kasu positiboak areagotu dira eta erabat kolapsatuta gaude. Eskatzen dugu Osasun arlotik telefono zuzen bat, edozer gertatzen dela ikastetxetik deitu ahal izateko, baina aukera hori ez dago"

Baliabideak dira gako garrantzitsuenetakoa.
Sanzberro: Batetik, ikastetxean lan egiteko moldea aldatu zaigu, zereginak ere bai, eta giza-baliabide gehiago beharko genituzke. Bestetik, hezkuntza telematikoak hartu duen garrantziari begira, familia batzuek ez dute behar bezalako konexiorik ez bitartekorik etxean, eta horri erantzuteko ere baliabide materialak behar dira. Bizi dugun egoeran aparteko inbertsioa egin behar luke administrazioak.
Lasa: Gure ikastetxearen kasuan, behar genuen material teknologikoa lortu genuen konfinamendu sasoian, baina bestelako materialak eskuratzeko (espazioak banatzeko bionboak, metakrilatozko panelak, gel hidroalkoholikoa…) partida bat bidali zitzaien ikastetxeei, bakoitzaren beharrak kontuan hartu gabe. Ondorioz, eskola batzuetan materiala soberan dute eta beste batzuetan faltan. Giza-baliabideei dagokienez, 20ko ratioak jarri dituzte eta 20 ikasle baino gutxiago dituzten ikasgelek ez dute baliabiderik lortu, baina talde-burbuila bakoitzak bere irakaslea behar du, eta horregatik uste dugu baliabide pertsonalak ikastetxe guztietara bideratu behar zirela, ratioak ratio.
Ibargarai: Hemen ez da erantsi baliabide pertsonalik ez material baliabiderik, nahiz eta gela batean 30 ikasle izan, bereziki DBHn. Nik uste administrazioaren apustua izan zela kutsadura ez zela hain handia izanen eskoletan.

Ratioak, espazioak, distantzia. Baliabideak banatzerakoan burua hiruko horretan jartzea falta izan zaio administrazioari?
Lasa: Bai, ikastetxe batzuk eta besteak ezberdinak direlako, espaziotan, ikasle kopuruan…
Sanzberro: Batetik dago osasun egoera eta bestetik ikasleei eman beharreko arreta pedagogiko, akademiko, emozionala. Horri guztiari erantzuna emateko asko lagunduko luke ikasleen ratioa jaisteak eta irakasleen ratioa igotzeak. Eta noski, tokian tokiko hausnarketa egitea: agian mesedegarriagoa zaigu horma bat bota eta espazioa handitzea, irakasle bat ekartzea baino, edo alderantziz.
Ibargarai: Gurean nabarmena da, distantzia ahalik eta gehien mantentzeko dio protokoloak, baina ratioak ez dira jaitsi eta 30 ere ematen dira gela berean, distantzia mantendu gabe.

Kanpora ateratzeko hautua egin dute ikastetxe batzuetan, baina ikuskari eta administrazioaren aldetik trabak jaso dituztela salatu dute.
Sanzberro: Guk ere ikastetxetik kanpo aritzea planteatu izan dugu, baina horretarako legez handitu egin behar da irakasle kopurua, ikasle talde bat kanpora ateratzeko irakasle gehiagorekin joan beharra dagoelako, eta berriz ere giza-baliabideen faltarekin egin dugu topo. Gurasoen laguntza ere izan genezakeen, baina ikuskariak esana digu bertako langileekin baino ezin direla atera ikasleak eskola-ordutan, eta beraz ez digute erraz jartzen.
Lasa: Kanpora ateratzeari baietz esan dio ikuskariak ikastetxe batzuetan eta ezetz beste batzuetan. Gure kasuan, jolas-ordurako ez dugu beste aukerarik, oso patio txikia dugulako, eta ratio txikiak ditugunez lortu dugu atsedenaldietan alde zaharreko plaza eta parkeetara ateratzea. Atsedenaldia luzatzen dugu gainera, bizikidetza, hezkuntza emozionala eta gisakoak lantzeko tarte baliagarria delako, baina ikastetxe guztiei ez zaie aukera hori eman.
Ibargarai: Hezkunde Nazionaleko protokoloek gomendatzen dute eskolak kanpoan ematea, eta batzuentzat parada izan da ikastetxetik ateratzeko, baina Gurutzek aipatu moduan laguntzaileak behar dira segurtasuna bermatzeko, eta horregatik ez da egiten nahi bezainbat.

Gurutz Sanzberro: "Zailtasunak dituzten ikasleentzat ikasturte arruntetan bideratzen diren baliabideak aurten jarri behar izan dira hutsuneak estaltzeko. Horiek dira ikasle kaltetuenak egoera honetan"

Nola ikusten dituzue ikasleak? Ikastetxera itzuli ahal izan dute azkenean.
Ibargarai: Dudarik gabe, ikasle guztiek nahi zuten ikastetxera itzuli. Pozik hasi dira eta guk ere argi izan dugu beti, ahal genuen guztia egingo genuela ikasle guztiak hor izateko. Guretzat aldaketa da 6 urtetik goiti maskara eraman behar dutela orain ikasleek (zuek Hegoaldean ikasturtea horrela hasi zenutela badakit), eta eztabaida handia sortu du gaiak, ez dakigu ikasleek nola hartuko duten eta zein ondorio izango dituen.
Sanzberro: Ikasleek behar zuten bizimodua normalizatzen hasi, elkarrekin egon. Salbuespenak salbuespen, oso ongi ari dira eta ikusten da gaia landuta dakartela etxetik.
Lasa: Erabat ados. Gogo handia zuten bueltatzeko, pozik datoz eta ezohiko egoera honetara ongi egokitzen ari dira.

Eta familien kasuan, kezkatuta al daude gurasoak? Presioa sentitzen duzue haiengandik ala elkarrekin ari zarete bidea egiten?
Lasa: Orokorrean elkarlana da nagusi, baina familia batzuek kezka dute, bai, ea neurriak betetzen ditugun. Egoera zaurgarrian dauden familia batzuk, aurretik jada absentismo maila handiagoa zutenak, ez dira oraindik hasi, erabaki dute egoera pasa arte ez direla etorriko. Horrek eragin latza izango du, kasu batzuetan.
Sanzberro: Kezka bai, baina familien presiorik ez dugu izan eta orokorrean elkarlanerako joera da nagusi. Gehiago kezkatzen gaitu familia batzuei egoera aldatu zaiela, egoera ekonomikoa adibidez, eta lehen ez zeuden premia batzuk agertuko direla, erantzuna beharko dutenak.
Ibargarai: Ikastoletan toki handia dute guraso elkarteek eta komunikazioa etengabea da. Elkarlana handia da, protokoloak bideratzeko. Eta gurasoen artean denetik dago: batzuk kezkatuta daude, beste batzuk haserre orain maskararen gaiarekin…

Gauza bat da antolamendu logistikoa, bestea planteamendu pedagogikoa. Azken urteetan hezkuntza kooperatiboaren eta proiektukako ikaskuntzaren bidea hartzetik, ikasleak banantzera egin behar izan duzue bat-batean.
Ibargarai: Ikasturtea hasi zenean jendeak zioen talde lana fini zela egoera berrian, baina irakasleok beti izan dugu irudimen anitz, beti izan gara ikerlariak, eta hurbil segitzeko bidea asmatzen ari garela uste dut, modu kooperatiboan aritzeko, protokoloa hein batean betez.
Sanzberro: Bai, sormenari eragin diogu, eta saiatu gara gure helburu pedagogikoak ez ahazten. Moodle eta antzeko teknologiekin eutsi diogu taldeka eta proiektuka aritzeko behar horri, nolabait. Egia da, dena den, ikasturte hasieran logistika eta antolaketa kontuek xurgatu digutela energia eta buru-belarri horretan aritu garela. Orain hasi gara gure arloa berreskuratzen, pedagogiari arreta jartzen.
Lasa: Ekintza eta proiektu batzuk hankamotz geratu dira, esaterako jolasgaraian zaharrenek txikiei jolasak antolatzea, baina kooperatiboki aritzeko helburua ez dugu baztertu eta formula berriak pentsatzen ari gara, telematikoki, eskutitz bitartez…

Mirentxu Ibargarai: "6 urtetik goiti maskara eraman behar dute orain ikasleek; eztabaida handia sortu du gaiak, ez dakigu ikasleek nola hartuko duten eta zein ondorio izango dituen"

Sarri entzun dugu ikasturte hasiera honetan gako inportantea izango zirela errefortzuak, konfinamenduan areagotutako arrakala sozio-ekonomikoari aurre egiteko, tartean premia bereziko ikasleei eragindakoa. Errefortzurik ba al da?
Lasa: Premia bereziko ikasleentzat, laguntzaile eta espezialistak funtsezko izan ziren konfinamendu garaian, eta orain bueltan ikusi dugu gehiago kostatzen zaien ikasleen arreta zailtzen duela egoerak, zentzumenak mugatzen dituelako, tartean maskara eramateak berak, eta kezkagarria da, bai.
Sanzberro: Egoera ez da ona, zailtasunak dituzten ikasleentzat ikasturte arruntetan bideratzen diren baliabideak aurten jarri behar izan direlako beste hainbat hutsune estaltzeko eta aurtengo logistika bereziari erantzun ahal izateko. Premia larrienak dituztenak badute laguntza, baina hain behar handia izan ez arren gertuko jarraipena eta arreta behar dutenak, horiek dira kaltetuenak egoera honetan.
Ibargarai: Gurean egin duguna da itzuleran ikasleak ebaluatu, non diren eta horren arabera nondik abiatu jakiteko. Bestalde, konfinamenduak ikasle batzuen euskarari eragin diola sentitu dugu irailean, nahiz eta ahal genuen guztia egin genuen euskara presente egon zedin etxeetan. Itzuleran, beraz, indarra jarri dugu gai honetan eta burbuila-taldeak osatzerakoan, adibidez, hizkuntza maila izan dugu kontuan, hizkuntza maila ezberdinak nahastuz. Horretarako ere nahi dugu aurrez aurreko eskola, euskarak ez dezan gal.

Konfinamenduan asko entzun genuen beste aldarrikapen bat: curriculuma, helburuak eta ebaluazioak birplanteatzeko beharra, indarra funtsezkoenean jartzeko. Horrela planteatu al da ikasturte berria?
Ibargarai: Edukia aparte utzita, gutxienez bi hilabete behar izan dira eskolako lan jarrera batzuk berreskuratzeko bakarrik, beraz esango nuke oraindik ez dugula nahikoa aurrera egin horri buruz aritzeko. Hori esanda, ez dut uste berriz konfinatzen bagara Lehen Hezkuntzan behintzat gai berririk landu litekeenik.
Lasa: Programazioak eta proiektuak egoera berrira egokitu ditugu, aintzat hartuta ikasturte berria ez dugula ekaineko errealitatearekin hasi, martxokoarekin baizik, eta Hezkuntza Sailari eskatu diogu curriculuma bete behar horretan malgutasuna izan dezagula, errealitateak hala eskatzen duelako.
Sanzberro: Gu ere egoerara egokitu eta moldatu gara, eta jorratu beharreko edukietan nahiz ebaluazio irizpideetan gutxieneko batzuk jarri ditugu arloz arlo, balizko konfinamendu baten aurrean. Eduki akademikoen gainetik gaitasunak lehenetsi ditugu.

Ikasgelaka edo ikastetxeka irakaskuntza telematikora itzultzen ari garen garaiotan, martxoan baino prestatuago eta bideratuago dago gaia?
Sanzberro: Aurreko konfinamendutik zerbait ikasi dugu, bai, eta funtzionatu zuena eta ez zuena funtzionatu partekatu dugu gure artean. Baliagarri jo ditugun tresnekin online plataforma sortu dugu eta simulakroak egiten ari gara orain.
Lasa: Kontingentzia planean aurreikusia dugu irakaskuntza telematikoa, eta talde bat konfinatzen denean automatikoki aktibatzen da plana, baina ez da batere erraza, martxoko esperientzian eskola osoa ari zelako etxetik, eta modu horretara zegoen antolatuta dena, baina orain eredua hibridoa da, batzuk aurrez aurre eta beste batzuk etxetik ari dira.
Ibargarai: Gu ez gaude hain aurreratuak. Gurasoei galdetegi bat pasa diegu, aurreko konfinamenduan eskaini zen jarraipen pedagogikoari buruz, eta familien oharrak jasota gogoetak partekatzea dagokigu orain, berriz konfinatuz gero nola ekin erabakitzeko.

Zein dira aurrera begirako kezka eta erronka nagusiak?
Ibargarai: Niretzat kezka handiena litzateke berriz konfinatzea. Irakaskuntza hibrido bat jasan dezakegula uste dut, baina ikasleen jarraipena eta denon arteko harremana aise zailduko lukeela konfinamenduak. Eta erronka da, ezegonkortasun egoera honetan, Seaskan ditugun hezkuntza ardatzak eta baloreak bistatik ez galtzea, protokoloak protokolo.
Lasa: Gurean ere kezka da konfinamendu orokorra, eta horri gehituko nioke zuzendaritza talde ugaritan sumatzen den nekea, lana oso intentsua izaten ari baita, eta kolokan daude hainbat eskolatan. Eta erronka, neke horren gainetik ilusioa eta motibazioa mantentzea, aurrez aurrekoari eusteko.
Sanzberro: Behar pedagogiko emozionalei erantzutea da erronka, orain arte saiatu garen moduan. Hau luzerako doala jakinda, pedagogiaz gu arduratzen garen gisan logistika, antolamendu eta baliabideei dagokionean administrazioarekin elkarlana sustatzea beharrezkoa da, gure beldurra delako ez ote diren berriz ere errepikatuko inprobisazioa, inkomunikazioa eta aldebakarreko erabakiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Garikoitz Torregrosa
“Eredu mistoak ez du elkarbizitza sustatzen eta azkenean haur eskola horietan gaztelera nagusitzen da”

Iruñeko haur eskoletako zuzendariek, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNren arteko akordioa kritikatu dute. “Murgiltze ereduaren alde egin dugu beti, baina inoiz ez da gure iritzia kontutan hartzen” salatu du Euskalerria Irratian, Garikoitz Torregrosa... [+]


Ongi etorri, Judimendi eskola

Zinez txalogarria, eskolako irakasle talde jakin baten borondatez, eta zenbait gurasoren inplikazioz, A ereduko ikastetxe estigmatizatu bat D ereduko eskola bilakatzeko abian jarri duten prozesua Gasteizko Judimendi auzoan. Honela, posible egiten ari dira Araba, Bizkaia eta... [+]


Hezkuntza Departamentuari ikasgelak ituntzeko plangintza bidezkoa eta legala eskatzen diogu

2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi baino bi aste lehenago, Hezkuntza Saileko arduradunengana jo genuen, itunpeko eskoletako gelen ituntze maila ez delako egokitzen demografiaren jaitsierara eta indarrean dagoen lege esparrura.

Hiri gehienetan arazo orokorra... [+]


Autobiografia linguistikoak eskolan euskara hauspotzeko

Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]


Ikusezinak

Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]


Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]


Bost greba egun berri iragarri dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan

LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]


Eskolako guraso taldean nola informatu euskara hutsean, erdaldunak haserretu gabe

"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.


Hezkuntzaren merkantilizazioa eta noraezaren aurrean, HezkuntzArtea sortu da!

Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]


Zilbor-hestea

Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.

Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


Eskolak ematen hasi da berriz mezu arrazista eta transfoboengatik ikertutako EHUko irakaslea

Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.


Ikasgeletako ratioak etapa guztietan mugatzeko legea eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]


2025-03-04 | Gedar
Bilbon eta Iruñean, hiru ikastetxetara sartu da Polizia

Ikasleen lan politikoa jazartzeko asmoz, Iruñeko Iturraman eta Biurdanan nahiz Bilboko Unamunon izan dira polizia-indarrak, IAk salatu duenez.


Eguneraketa berriak daude