1960ko eta1970eko hamarkadetatik hona, jende zaharrenek kexuz ohartarazten zuten arren “jada ez da lehengo elurterik”, ekonomiak, modak eta are pedagogiak ere aho batez erabaki zuten eskiatzea oinarrizko eskubide bihurtu behar zela, ia obligazio. Klimaren aldaketak ez du errukirik, ordea, eta mendietan ugaritu dira erabili ezinagatik porrot egindako eski-estazioak. Boluntarioak ari dira hilotz horien hondarrak eraisten eta berrerabiltzera ez bada birziklatzera eramaten.
Urri hasieran boluntario koadrila batek eraitsi zituen Frantziako Ardeche departamentuko Sainte-Eulalie herrian abandonatuta eski-estazio txiki batek utzitako txatarrak. Mendi eta oihanean pertsonentzako bezala animalientzako arriskugarri lagatako azpiegitura zaharkituak desmuntatzen dituen Mountain Wilderness (“Mendiak basati”, itzul genezake euskaraz) elkarteko kideak ziren. Bortutik eraman zuten herdoildutako zutoin, burdinazko hari, txirrika, koadro elektriko eta abarrez osatutako 12 tona kilo burdina zahar –eskiatzaileak erakarriz mendialdea aberastu behar omen zuen eta hondakinak baizik utzi barik desagertu den ustezko negozio handiaren oroigarri tristeak–.
Frantziako Estatuan 1.500 bazkide omen dituen Mountain Wildernesseko boluntarioek 2002tik 59 eraisketa lan egin dituzte mendiak lehengoratzeko ahaleginean, batzuk Sainte-Eulalieko eski-estazioa bezalakoak, baina baita bestelako azpiegitura militar edo industrialen arrastoak ezabatuz ere.
Ardècheko mendialdeko eski-estazio honek negu oro milaka eskiatzaile erakartzen omen zituen, harik eta 2005ean ateak itxi zituen arte. Geroztik geldirik eta herdoiltzen egon da hemengo tresneria mekaniko guztia. Hala daude oraindik beste eski-estazio txiki askotakoak ere –eta gehiago egongo dira etorkizunean, ziur, klimaren aldaketaren eta estazio handien konkurrentziak hondoratuta–. Reporterre kazetan ekintzaren berri eman duten Pauline De Deus et Cédric Crocillak bildu dute azpiegitura turistiko honen desagertzea penaz ikusi duten Sainte-Eulalieko herritarren lekukotasun nostalgiaz betea ere. Ordura arte nekazari eta abeltzainak ziren batzuek soldata finko bat edukitzeko aukera ikusi zuten 1964an eski-estazioa ireki zutenean: instalazioen mantenuan, oporretan zetozen turistentzako zerbitzu lanetan, eski ikastaroak ematen… 24 urte iraun zuen, 1998an itxi zituen ateak. 2002 eta 2005 artean Sainte-Eulalieko udalak instalazioak bere gain hartuta bigarren ahalegin bat egin zuen, baina alferrik: zorrek eta elur faltak eman zioten errematea hemengo eskiari.
Geografiako doktoretza eski-estazio txikien historiaz eta porrotaz egiten ari den Pierre-Alexandre Metral ikerlariak kontatu duenez, Frantziako Estatuan 1928tik gaur arte eski alpinoa egiteko eraiki eta martxan jarritako 584 estazioetatik jada 168 itxi dituzte, %28. 1970ean asko ugaritu ziren horien porrotak eta urterik okerrena 1992a izan omen zen. Azpiegitura txikiak ziren gehienak, asko erremonte bakarra edo bi baizik ez zituztenak; baina 2000ko hamarkadan hasi ziren erortzen estazio handi eta klasikoak ere.
Kirola, aisialdia eta turismoa sustatuz, XX. mendean zehar instituzio publikoek argudiatu zuten garapen aukera bat eskaini nahi zietela atzera geratutako mendialdeko zokoei, edo nekazaritza bezala industria krisian zeuzkaten eskualdeei. Metralen hitzetan, ordea, “neguko turismoan oinarritutako ekonomiak bere mugak erakutsi ditu jada, estazioek jendea bereganatzeko elkarri egindako konkurrentziak eta klimaren aldaketak eraginda. Eski-estazioen arteko gerrari etekina ateratzen diote turismo gune sendoenek baina, era berean, beste gune asko erortzen dira bidean”.
Elur artifiziala ez da doan
Azken hamarkadotan eskiaren negozioan gertatu den eraldaketaren gakoetako bat –teleski, erremonte eta gainerako azpiegiturak arauetan sartzeko berritu eta egokitu beharraz gain– elur artifizialean datza, frantsesez sektoreko profesionalek neige de culture eufemismoz izendatzen dutenean. Eta elur artifizialak sekulako xahuketa dakar, urarena eta… diruarena. Basta! aldizkariak gaiari eskainitako beste kronika batean titulatu duen moduan: “Ura eskiatzeko ala edateko? Hautatu egin beharko da”. Eskiaren industria guztia hunkitzen du dilemak, baita goi-mendietan kokatutako instalazioak ere. Basta!-n Barnabé Binctinek azaldu duenez, Alpeetako estazioetan 1950etik tenperaturak 1,6ºC eta 2,2ºC artean igo direnez, eskiatzeko eskualde mitikoa den horretako erdiak elurrik gabe geratzeko arriskuan daude.
Zerbaitengatik hasi ziren sasi-elurra fabrikatu eta zabaltzen kanoi bidez 1990eko hamarkadan. Gaur Frantziako Alpeek hiriko eskiatzaileari eskaintzen dizkioten 20.000 hektareetatik 7.000k dauzkate elur kanoiak. Haztegiko elurra derrigorrezkoa du neguko kiroletan berezitutako edozein estaziok eskiatzaileen eskariei erantzun ahal izateko.
Alabaina, kontutan hartuz ura metatu eta ekartzea, argindarra, aire konprimatua, makinak… elur bihurtutako metro kubo bakoitza 5-7 euro kostatzen da. Hektarea bat pista elur artifizialez hornitzeko urtean 4.000 metro kubo behar dira, piszina olinpiko bete. Ahaztu barik kanoietatik elur ekoiztu berria barreiatzeko bidean, uraren %30 galtzen dela airean. Frantziako Estatuan iaz elur artifizialetarako kontsumitu ziren 28 milioi metro kubiko ur, eta xahuketa izugarri hori handituz doa urterik urte.
Klima aldaketa, ordea, elurteez gain euriteak ere urritzen ari dira eta uraren kudeaketak mendialdeetan sortuko dituen gatazka berrien sarrerako aperitifak jadanik ezagutu dira. 2017ko neguan Alpeetan nozitutako lehorteagatik, Suitzan estazioak ixtera behartuak izan ziren, lekuko agintarien erabakiz. Frantzian ez zen horrelakorik gertatu, turismo eta aisialdiaren lobbyak eragotzi zuelako. Baina aurretik, 2006ko neguan Gets herriko estazioari kanoiak erabiltzea debekatu zion bertako auzapezak, herritarren iturrien hornidura arriskuan zegoelako.
Ez pentsa elur artifizialaren beharra altuera apalean kokaturiko instalazioen kontua bakarrik denik. Europako pistarik luzeena daukan Sarenneko estazioak bere 16 kilometroko pista hornitu ditu elur kanoiz, nahiz abiatzen den…3.300 metrotatik!
Sainte-Eulaliera estazioaren arrastoak eraistera joandako boluntarioak mendiaren maitaleak ziren. Rotaflexa eskuetan Nicolasek zioen: “Teleskien zutoinak suntsitzen ditut, baina eskiatzea izugarri maite dut. Eskiaren historian estazioak une jakin bateko kontua dira, nahiz eta lekuko administrazioen diruak horietan xahutu diren. Turismoa ekartzeko zela zioten, baina gezurra da. Estazioa itxitakoan ikusten da, bestelako turismoa erakartzen dute hemengo naturak eta gizarteak, nahiz eta negozioa ez den hain kontzentratua eta ikusgarria”. Pierre-Alexandre Metralen iritzian, teleskiak eraistera behartutako herriok “izan daitezke mendialdeak egin dezakeen trantsizioaren lehen ereduak. Agian bihur daitezke turismo gozoago baten adibide, natura gehiago zaindu eta lekuko jendeagandik hurbilago egongo den turismo batenak”.
Munduko populazioaren ia erdiak baino bi aldiz gehiago kutsatzen du aberastasun gehien pilatzen duen %1ak. Munduko aberatsenek hamar egunetan isuri duten kantitatera heltzeko, ia hiru urte beharko lituzke munduko aberastasunaren eskalan erditik behera dagoen herritar batek.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.