Silicon Valley-n gauzaturik dute jada, mundura zabaldu nahi luketen antolaketa

  • Telelana lan-antolaketa berri bihurturik da langile askorentzat. Koronabirusak hala beharturik, azken urteetan helburu zutena egunetik biharamunera errealitate bihurtu zaie numerikoaren sektoreko oligarkei. Jendea etxetik dabil lanean, internet bidez. AEBetako Silicon Valleyn kokaturiko enpresa horien errealitateari so egitea komeni da, irudikatzeko biharko orokortu nahi luketen antolaketa eta harremantzea. “Internet hil ala bizikoa bihurtu zaigu egunetik biharamunera” diote pozik. Bizirik bagaude ere, ezberdintasun sozialak eta prekaritatea areagotzen dituen antolaketa berri batean gaude, ordea. 

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

 

Berriz ere etxeratze aginduak eta konfinamenduak bideraturik zaizkigun honetan, Le Courrier International-en La Silicon Valley mise sur le télétravail assorti de réductions de salaire (Soldaten apaltzea dakarren telelanaren parioa egiten dabil Silicon Valley) artikuluak arreta piztu dio kazetariari.

AEBetako Kalifornia estatuaren iparraldean kokatzen den San Frantziskoren Badian Silicon Valley deitu gunean batzen dira numerikoaren sektoreko enpresa boteretsu guztiak –Apple, Google, PayPal, Ebay, Yahoo eta beste–. Hiru milioi biztanle, 6.000 enpresa potolo, muturreko aberastasuna eta aldi berean muturreko pobrezia biltzen dituena eta BPG Txileko Estatuaren heinekoa duena. Xavier de la Porte kazetariak jada 2013an horrela deskribatzen zuen bertako egoera sozioekonomikoa: “Ikaragarriki aberats diren oligarka bakar batzuk, gaizki ordainduriko langile klasea haien zerbitzurako, eta tarteko klaserik gabe, edo arras ttipia”. Iraganeko kontua dira 60ko eta 70ko hamarkadetan eskualde horretan loraturiko hipi-izpiritu eta kontra-kulturak. Muturreko liberalismoak estali zuen norbanakoaren autonomiaren ideala. 1976an Bill Gates gazteak –gaur egun mundu mailako bigarren pertsona aberatsena dena, bere 98 miliar dolarekin– inguruko gazteei bidalitako gutun batean kokatzen du bihurgunea Fabien Benoit The Valley, une histoire politique de la Silicon Valley (The Valley, Silicon Valleyen historia politiko bat) liburuaren idazleak. Programa informatikoek aberastasuna sor dezaketela ohartarazi zien, jabetza pribatuaren kontzeptua mahai gaineratuz. Orduz geroztik, ezagutzen dugu munduak harturiko norabidea.

Aisialdia, lana, hezkuntza, harremantzea, kontsumoa, guztia internet bidez bideratzea amesten duten enpresek telelanaren bihurgunea harturik dute beraz: Microsoft, Facebook zein Twitter egiturek “modu iraunkorrean telelanean aritzeko” aukera proposaturik dute, soldatak bizitokiaren arabera baldintzatuz –ulertu apalduz, soldaten %15ra arteko apaltzea Wall Street Journal-en arabera –. “Berrogeialdian pasatako hilabete horiei esker hamar urteko saltoa egin dugu”, Eric Schmidt Googlen zuzendari izandakoaren hitzetan: “Internet hil ala bizikoa bihurtu zaigu egunetik biharamunera”. Zorionekoak haiek, ametsaren gauzapena hurbilago dute koronabirusari esker. Silicon Valleyn pasatzen denaz jakinean izan behar gara, bertan planteaturiko logikak mundu guztira zabaltzea dutelako helburu.

Usbek&Rika komunikabidearen Pourquoi la Silicon Valley mise-t-elle sur le télétravail? (Zergatik Silicon Valleyk telelanaren apostua egiten du?) artikuluan agertzen denez, hemendik bost-hamar urtera sare sozialen kontrola duten enpresetako langileen erdia etxetik ariko da lanean, eta enplegatzeko orduan irizpide ere bilakatuko omen dute, ondotik soldatak bakoitzaren herriaren arabera banatuz.  Indiako geek jakintsuena Silicon Valleyra  ekarrarazterik ez dute izango beraz, buruhausterik gabe kontratatzen ahalko dute eta gainera, bertako soldata miserablea bideratuz –seguruenik bataz besteko soldata baino handiagoa, baina ogi pikor bat miliardunentzat–.

“2020an atomoak baino byteak higitzea errazago bihurtu zaigu, beraz nahiago dut gure langileak bideoz edo errealitate birtualez teleportatzea, auto metaketetan blokeaturik ingurumena kutsatzen aritzea baino”, Mark Zuckerberg Facebooken buruaren hitzetan. Berdez pintaturiko argudio horren gibelean gordetzen den errealitateari so egitea komeni da.

Langileentzako mehatxua

Batetik, enplegatze gastuak ttipitzeko bidea dute, aberatsak are aberatsago bihurtzeko bidea. Harturiko norabide hau kapitalismoaren logikan kokatzen du Fanny Lederlin filosofoak: “Mundializatuz mekanismo berak bideratu zituen industriak XX. mendean, hau da, deslokalizatu ziren eskulan merkeagoa atzemateko gisan. Gauza bera da, salbu orain lantegia eraikitzeko beharrik ere ez dutela. Erran dezagun argiki: langileentzako mehatxu bat da telelana”.

Kontutan hartu beharrekoa da ere langileriaren eskubideen aldeko eta nagusiaren erabakien kontrako protestak errepikatu direla azken urteetan indibidualismoaren erreinua den Silicon Valleyn –2018ko apirilean Googleko langileak ziren protestan, 2018ko ekainean Microsoftekoak...–. Telelanak elkartasuna arraildu dezakeela badakite arras ongi numerikoaren esferako nagusiek: “Fisikoki langileak elkarrengandik urrunduz, elkartasunen eta protesten oztopatzeko bide ona da telelana”, Lederlinen arabera.

Ekainean plazaraturiko How working from home works out (“Nola funtzionatzen du etxetik bideratu lanak”) artikuluan, Nicholas Bloom irakasleak ikertzen ditu hiru garai ezberdin: COVID-19 aitzinekoa, izurriteak bideratu konfinamendu garaia eta COVID-19 ondorengoa, aurreikuspenen bidez. Txostenaren ondorioa mentalizatzen has gaitezen: “COVID osteko gure ekonomiaren zati integrala izango da telelana”. COVIDa aurretik etxetik bideratu lana “bakana eta estigmatizatua” baldin bazen, orain, “estigmatizaziorik gabea, arrunta baina baldintza txarretan eramandakoa” dela dio: “Sekulan baino egoera txarragoetan lan egitera behartuak izan gara asko”. Zaintza eta lana batera kudeatu behar izan dutenak –gehiengo handian emakumezkoak–; baserri munduan dagoen internet sare ahula zein azpiegituren aldetik herritarren artean diren ezberdintasunak kontutan harturik, argi gelditu zaigu guztiena ez dela berdin telelanean ere.

Hori horrela, hiru kontseilu emanez bukatzen du ikerketa: telelana denbora partzialean egin beharko litzateke; hautuzkoa izan beharko luke eta azkenik, gogoan atxiki beharko genuke telelana ez dela eskubide bat, baizik eta pribilegio bat. Agintari zein enpresa-buruei eskatzen die benetako eta sakoneko gogoeta bat eramatea, “atzera bueltarik ez duen lan-antolaketa berri honek” klase arrakala oraindik gehiago sakondu ez dezan. Bistan da, horri gehitu behar zaizkio ondoko errealitate jasangaitzak: kutsadura numerikoa –hemendik 5 urtera %7,6koa izanen da internetek eragin CO2 isurketen zatia–, enpresa horiek bideratu zerga ihesa –Attac-ek egindako kalkuluei segi, Google, Apple, Facebook, Amazon, eta Microsoftek bataz bestean haien negozio zifraren %74 dute zergetatik saihesten– eta bizi pribatuaren zangopilatzearekin errimatzen duten datu pertsonalen kontrola eta ustiaketa.

Hala beharrez eta arduratsuki jarduteko ordua izanki, etxetik lanean ari garen honetan ez dezagun ahantz oligarka batzuen ametsaren gauzapenean garela.


ASTEKARIA
2020ko azaroaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


2025-03-07 | Aiaraldea
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


“Hitzarmen duin bat lortzeko” mobilizazioak iragarri dituzte ‘Diario de Noticias de Álava’ko langileek

Lan baldintzen "prekarietatea" salatzeko kontzentrazioa egin zuten asteartean egunkariaren egoitzaren aurrean. Abenduaren 2tik sindaura greban daude langileak eta mobizlizazioak "areagotzea" erabaki dute orain.
 

 


Banaketa hurbilagoa mantentzeko borroka

Gasteizko Eraman kooperatibak banaketa “era jasangarri eta etikoan” eginez bertako komertzioa bultzatzeko helburua du bere sorreratik, Arabako hiriburuan eta hango bizilagunengan pentsatuta. Hainbat ekimenetan parte hartzen du, horien artean ikasturte honetan egiten... [+]


2025-03-05 | ARGIA
Gaztea Sariak bertan behera geratu dira, langileen eta zuzendaritzaren arteko gatazkagatik

Langileek salatu dute zuzendaritzak ez diela lan baldintzen gaiari heldu nahi izan eta enpresak nahiago izan duela Gaztea Sariak ekitaldia bertan behera utzi, “horrek sortutako albo-kalte ekonomiko eta sozial guztiekin”, arazoari irtenbidea eman baino.


2025-03-05 | Sustatu
Euskaltelek ere men egiten dio LaLigari, bere bezeroei euskal zerbitzuetara bidea moztuz

Sustatun agertutako salaketa, LaLiga futbol erakunde espainiarraren eta Movistar/Telefonicaren arteko tratuek euskarazko zerbitzuak kaltetzen dituztela Interneten (kasu hartan Egunean Behin jokoan irudiak desagertzea zen kontua), hedatu egin da. Tokikom-eko euskarazko tokiko... [+]


Europak armagintzara 800.000 milioi euro bideratzea proposatu du Von der Leyenek

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatu plana aurkeztu du, kontinentea "erresilientea eta segurua" bihurtzea xede duena. Bost zati ditu planak, eta estatu kideek 150.000 milioi euro jasoko dituzte mailegutan. Arau fiskalak moldatuko... [+]


Autogintza industriari CO2 isuriengatik aurreikusitako isunak atzeratuko dizkio Europako Batzordeak

2021etik 2025era isuriak %15ean murriztu behar zituen industriak. Ursula Von Der Leyenek automobilgintzaren sektorearen eskutik ekintza plan bat aurkeztuko du martxoaren 5ean. Oraindik erabakia hartua ez badago ere, Europar Batasunak sektorearen eskaerak onartuko dituela diote... [+]


2025-03-04 | ARGIA
Langile bat hil da Elorrion, makina batek harrapatuta

Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


2025-02-27 | Hala Bedi
Inko (LAB):
“Gaixotasun profesionalek, errekonozimendu gutxien daukatenek, emakume aurpegia dute”

2024ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek aurtengo otsailean. Emaitza larriak bildu dituzte: geroz eta behargin gehiago hiltzen dira haien lanpostuetan.


Arma nuklearren industria finantzatzen jarraitzen dute banku espainiarrek

Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI. 


Eguneraketa berriak daude