Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa

  • Bost hamarkada baina gehiagoko ibilbidearekin, Oskarbi taldeak badaki zer den egoera zailetan musikaren eta kulturgintzaren haria elikatzea. Ez Dok Amairuren garaietatik gaurdaino, herri kantak eta sormen propioa izan ditu iturri. Hamabigarren diskoa grabatzen ari dira, dozena bat kantetatik lau Beasaingo Loinatz abesbatzarekin.

Oskarbi taldeko kideak lehen diskorako ateratako argazkian, 1969an.

Musika talde gutxi izango dira Euskal Herrian halako ibilbide luzea dutenak. Oskarbik 54 urte beteko ditu azaroan: zientoka kantaldi, hamaika disko eta jakintza oso bat. Hamabigarrena grabatzen ari dira, eta esperientzia hori ez zaie batere gaizki etorriko pandemiak hankaz gora jarritako kulturgintzaren munduko erronka berriei aurre egiteko, Frankismoaren iluntasunean hasitako katea ez dadin eten.

1967ko amaieratik 1971ko udara arte izan zen Oskarbi Ez Dok Amairuko partaide; garai oparo horretan 60 kantaldi eman zituzten elkarrekin

1966ko azaroan hasi zituen lehen entseguak Oskarbi taldeak. Bere kideetako batzuk, Iñaki Maritxalar, Carmelo Arren eta Joxelu Treku, Errenteriako Don Bosco zentroko haur eskolanian aritzen ziren kantuan, baina hura desegin zenean taldea osatzea pentsatu zuten, euskal kulturaren alde zerbait egiteko asmoz. 15-16 urte besterik ez zituzten. Berehala beste lau lagun batu zitzaizkien (Itziar Maritxalar, Mari Jose Fernandez, Maite Arizkorreta eta Kepa Garbizu), eta halaxe hasi zen zazpikotea Eurovisioneko modako kantak euskaratu eta beraiek sorturiko melodiekin abesten, panorama musikalean otxoteak eta koruak besterik ez zeudenean.

Segituan, ordea, beste bide bati ekin zioten: jazza, gospela eta antzeko erritmoekin sormen lan polifoniko berritzaileak egiten. “Adibidez, Azkueren kantutegitik hartzen genuen melodia bat eta beste erritmo batekin ahotsak egin genizkion –dio Joxelu Treku taldekideak–. Tesitura altuagoan kantatzen genuen, eta oso azkar, orain harrituta geratzen gara orduko grabazioekin. Gazteak ginen eta dinamika handikoak, zerbait egiteko gogoarekin”.

Treku da, Iñaki Maritxalarrekin batera, hasierako taldetik Oskarbin urte guztietan jarraitu duen bakarra; esan liteke bakoitzak bere arloan egindako lanari esker eutsi diola taldeak: “Eta batez ere funtsezkoa izan da entseatzea”, dio. Konstantzia, alegia.

Zazpikotea emanaldietako batean.

Oteizaren ukitua

Don Boscoko abesbatzako zuzendari izandako Luis Romero Eskamendi antxotarrak lagundu zien hasiera haietan konposizio eta zuzendaritza lanetan. Kanturako dohain eta afizio itzelekoa –besteak beste Aita Donostiaren abesbatzan aritua–, Romerok herri kantutegi tradizionalarekin ez ezik, abangoardiako korronte garaikideko erreferente zen Jorge Oteizarekin jarri zituen harremanetan Oskarbikoak, haren oso laguna baitzen. Trekuk oroitzen du 1969an Arantzazun apostoluak jartzen ari zela artista ezagunarekin egindako egun pasa: “Egun osoa aholkuak ematen pasa zuen, euskal kultura gora eta behera, ukituta etorri nintzen”.

Geroztik, Oteizaren Androkanto eta antzeko lanetan inspiratuta estetika kantuak osatu zituzten, eta, esaterako, berak diseinatu zituen taldearen logotipoa eta lehen diskoaren portada. Beste iturri garrantzitsu bat Bitoriano Gandiaga izan zen: hura ere han ezagutu zuten, Arantzazun, eta haren poemak sarritan erabili zituzten kantuen letrak osatzeko. Norabide horretan, ezinbestean egin zuten topo Ez Dok Amairurekin.

1967ko amaieratik 1971ko udara arte izan zen Oskarbi Ez Dok Amairuko partaide; garai oparo horretan 60 kantaldi eman zituzten elkarrekin. Frankismo betean, garrantzitsua zen kalean egotea, arnasbide bakarra zen askorentzat zentsura gainditu eta euskara hutsean kantatzeko. Jaialdietako hitzak, adibidez, Informazio eta Turismo ordezkaritzara bidali behar izaten zituzten aurrez: La Felicidad, Los dos tan felices… Jakina, zorioneko poliziarik ez zegoela ikusiz gero, egitarau ofiziala alboratu eta zentsura pasa gabeko euskal kantekin hasten ziren.

Ez Dok Amairuko kideak 'Baga, Biga, Higa'-ren entseguetako batean, tartean dira Iñaki Maritxalar, Itziar Maritxalar, Mari Jose Fernandez eta Joxelu Treku Oskarbiko kideak.

1968an ez zen giro Euskal Herrian, Oskarbiko kide batzuek Martuteneko espetxean pasa zuten denboralditxo bat eta Gipuzkoan salbuespen egoerak biziki zaildu zuen kantaldiak egitea. Horregatik, sarritan Nafarroara eta Lapurdira jotzen zuten kantatzera. 1969ko martxoan, Donostian egiten ziren bileretako batean ondu zen Ikuskaria egiteko asmoa –Ez Dok Amairuren emanaldi bateratu bat, artista bakoitzaren pasea izan beharrean–, hurrengo urteetako Baga, Biga, Higa izeneko Sentikari sonatuaren aurrekaria kontsideratu litekeena.

Iraultzatxoa Ez Dok Amairun

Oskarbik ez zuen soilik musikalki eragin Ez Dok Amairun, gazteagoak izanagatik, zazpi lagunek iraultzatxoa ere ekarri zuten: “Eman genion beste bizitasun bat, baina beraien ekarpenek ere guri sekulako jakinduria eman ziguten”, dio Trekuk. Talde izaera zuten mugimenduko partaide bakarrak ziren, eta horrek zailtasun batzuk ere ekarri zizkien, “adibidez, gu zazpi izanda, zenbat boto genituen eta zenbat kobratu behar genuen, bakarlariek bezala?”.

Testuinguru horretan, profesionaltasun eta militantziaren arteko eztabaida etorri zen: Oskarbikoek egunero entseatzen zuten euren kabuz, eta talde handian entsegu eta kantaldi gehiago egitea ezinezkoa zen eurentzat. “Bakarlari batzuek bazuten aukera eta normala den bezala beraien bidea jorratzen hasi ziren. Guk ez dugu sekula dirurik izan Oskarbitik bizitzeko, afizio bat izan da”, azaldu digu taldeko beteranoak. Hala, 1971n Baga, Biga, Higa-ko hainbat kantalditan aritu ostean talde handia utzi zuten, baina harremana hautsi gabe.

Jorge Oteizarekin lotura estua izan du taldeak.

Hortik gutxira desegin zen Ez Dok Amairu, profesionaltasunaren inguruan zeuden arazoengatik eta eztabaida praktikoengatik ez ezik, 1971ko urriaren 31n Larraitzen egindako gaueko jaialdiagatik eta orduko ELAn izandako zatiketagatik ere bai, dirudienez, denak abertzale izanik ere, euren artean diferentziak baitzeuden, Trekuren arabera.

Oskarbik jarraitu zuen 70eko hamarkada gorabeheratsua igarota ere oholtzetan eta estudioetan, aldian-aldian kide gehiago edo gutxiagorekin, baina beti afizioa erronka berriz elikatzen: hango bira bat, hemengo kantaldi bat, disko berria… “Etapa asko izan ditugu, baina beti izan dugu helburu bat buruan, motibazio hori beharrezkoa da”, dio Trekuk. Orain, larrialdi garaiotan, badute beste desafio itzel bat hamabigarren diskoarekin.

12. diskoa
Bi herri kanta, zazpi kanta berri eta Loinatz abesbatza
Oskarbik partaide berriak ere baditu gaur egun.

1969an Urnietako salesiarren ikastetxean grabatu zuen lehen disko txikia Oskarbik, Bartzelonatik Herri Gogoak ekarritako soinu ekipoarekin. Hamar urte geroago kaleratu zuten binilo formatuan azken aldiz, eta tarte luze baten ondoren, 2000. urte inguruan jauzi teknologiko digital ikaragarria eman zuten. Hamabigarren diskoarekin lanean ari dira orain, berritasun bat izango duena gainera: Beasaingo Loinatz abesbatzarekin lau kanta grabatuko dituzte.

Lehendik ere eman izan dituzte kantaldiak abesbatzaz lagunduta, baina grabatzea beste kontu bat da Jose Luis Trekuren esanetan. Are gehiago osasun larrialdiarekin baldintzak zaildu direlako, “oso konplexua da, batez ere abesbatzarentzat, denek batera kantatzeko”. Horrez gain, Artzeren poemekin eta eurek propio sortutako letrekin hainbat abesti izango ditu diskoak, baita Oskarbiren Trebiñun dantzan ere.

Hainbat kide batu zaizkie gainera, beste belaunaldi batekoak eta musika ikasketadunak. Horrek aukera ematen die batzuei zein besteei, nola teknikan hala sorkuntzan sakontzeko: “Partitura jakitea ondo dago, baina guk inprobisatu egiten dugu eta instrumentuekin ere hori da behar duguna. Baina bestetik, jende gazteak bizitza eman digu eta musikalki heldutasun bat”.

Diskoa datorren udaberrirako prest izatea espero dute eta horrek aitzakia paregabea emango die jarraitzeko, aurkezpen kontzertuen bidez, gustatzen zaiena egiten: areto eta plazak musikaz biziberritzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-02-21 | Iker Barandiaran
Bizi aske

Bidai on bat
Braulio
Autoekoizpena, 2024

-----------------------------------------------------

Nik ez nioke talde bati Braulio izena jarriko; eta seguruenik inork gutxik hasiko luke lan bat sei minutuko iraupena duen kanta batekin. Baina hauei parra die eta horri esker... [+]


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Euskal artista ugari izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo dieten omenaldian

Ostegunean prentsaurrekoa egin dute antolatzaileek Maiatzaren 3an Bizkaia Arena-BEC!en egingo den ekitaldiaren xehetasun gehiago aurkezteko. Ikuskizuna euskal herrian ezagunak diren hogei pertsona baino gehiagok parte hartuko dute eta 14.000 ikuslerentzat izango da. 


La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


2025-02-14 | Iker Barandiaran
Nire ama-hizkuntza feminismoa da

Ultra
La Furia
Baga Biga, 2024

---------------------------------------------------------

Cascanteko La Furia-k bosgarren diskoa plazara atera du. Mimoz eta erraietatik, berarentzat funtsezkoak diren osagai horiekin, prestatu du honako pozima, pozoitsua eta aldi berean... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Raimundo El Canastero taldearen aurkako epaiketa atzeratu dute, akusazio larriagoak egotzita

Asteazkenean izan behar zuen epaiketa dataz aldatu dute Lizarrako alkateak azken momentuan jarritako helegite baten ondorioz. Orain taldeari "gorrotoa sustatzea" ere egozten zaio eta lau urterainoko kartzela-zigor arriskua dute kideek. 


Arabako musika kolektiboak
Guk geuk, geure erara

Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


Eguneraketa berriak daude