“Musikari izateko erabaki politikoa hartzeak zartatu egiten zaitu”

  • Musika joan etorrian bizi izan du oraintsu arte: ikasi zuen akademikoki, utzi eta ia ahaztu zuen gero. Duela bospasei urte berreskuratu zuen piano zahar batekin. Heldu badio ondo heldu dio musikak, ordea, eta berak ere halatsu heldu dio. Koronabirusaren pandemia azaltzearekin bat plazaratu zuen, udaberrian, Panpin hautsien dantza bigarren lana, Mukuru zigiluarekin. Ez du nahi bestetan aurkezterik izan, eta lehenagotik zekarren kezkak hartaratuta, musikariaren prekarietate egoerari aurre egiteko baliatu du aldi “ilun eta arraro” hau, besteak beste Musikari Elkarteko zuzendaritza talde berrian sartuz.

Argazkia: Dani Blanco.

Bidegurutze moduko batean ikusten du bere burua Idoia Hernandezek (Errenteria, 1988). Musikatik bizitzea nahi luke izen artistikoz Hatxe bezala ezagun den sortzaileak, eta musikariek bizi duten prekarietatetik ateratzeko borroka egiteko prest dago. Musikarekin bezalaxe orain ari da berradiskidetzen Beraunekin, bere  haurtzaroko auzoarekin ere. “Sinbolismo handiko lekua da niretzat auzo hau. Herrigunearekin muga egiten du. Periferia da. Bidegurutzea. Hemen giro desberdinak ezagutu eta bizi nituen haurtzaroan, eta kultur eta musika aniztasuna islatzen dizkit. Oraintsu itzuli naiz”. Han elkartu gara Hatxerekin. Lau kantaz osaturiko Panpin hautsien dantza diskoaz solas egitea zen asmoa. Lau hanka ditu proiektu horrek. Hatxe da gidaria, baina haren abaroan aritu dira Peru Galbete (ahotsa eta gitarra), Jurdana Otxoa (biolina) eta Ilargi Agirre (bateria) ere. Alarma egoera berria eta etxeratze agindua indarrean jarri aurretik, eta Musikari Elkarteak bere zuzendaritza berriaren albistea zabaldu aurretik egin genuen elkarrizketa hau.

“Piano bat Mikelazulon”. Ez da, baina izan zitekeen kanta baten izenburua. Zer iradokitzen dizu?

Hor hasi zen dena: Mikelazulon [Errenteriako kultur-gune autogestionatua]. Nire sorkuntza ibilbidea, eta nire berradiskidetzea musikarekin. Musika ikasketak egin nituen gaztetxotan: solfeoa, korala, harmonia... 18 urterekin beste karrera bat hasi nuen (Ingeniaritza) eta musikarena amaitu egin zen. Musika ikasketa horien oso oroitzapen txarra daukat, dena baitzen oso teorikoa, oso exijentea, ordu asko, dena partiturekin, helburu bakarra teknika lortu eta partiturak irakurtzeko azkartasuna hartzea, eta zertarako? 20 urterekin ez nekien kanta bakar bat ere jotzen. Ez nintzen gogoratzen, irakurtzeko gaitasuna galdu egiten baita. 2014an beka bat eman zidaten Boliviara joateko, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, kooperante bezala. Hiru hilabetez izan nintzen han. Pentsatzen nuen ingeniari bezala hartuko nindutela, baina ez, musikari bezala hartu ninduten. Musika irakasle bezala joan nintzen, eta han harra berpiztu zitzaidan, baina batez ere handik bueltan Mikelazulon sartzean.

Besteak beste, piano zahar bat aurkitu zenuelako.

Bai, lanean hasi nintzen bertan, tabernan. Piano zahar-zahar bat zegoen han. Hasieran kosta egin zitzaidan piano hartan jartzea, baina pixkanaka elkarrizketa bat hasi zen gu bion artean. Mikelazulok badu zerbait berez, sorkuntzara bultzatzen zaituena: sarrerako toldoan badago lelo bat: Aitzakiarik ez. Ekosistema horretan badago energia eder bat. Eta beste lelo bat geure egiten dugu: Epaiketarik ez. Bizitza hau da epaiketa konstante bat: lehiakortasuna etengabe, eskolatik hasita, lan mundura arte. Hori haustea da kontua.

Zer soinu zuen piano hark?

Dekadentea, Tim Burtonen pelikuletako kantak egiteko perfektua. Desafinatua, baina ez gehiegi. Atzean entzun zenezakeen kantaren melodia nahiko argi. Imajinazio pixka batekin, noski. Teknikoki ere, Sustain pedal konstante bat zuen. Nota guztiak oso luze entzuten ziren eta nota asko sartuz gero elkarren segidan, kaotikoa izan zitekeen. Agian horregatik atera ziren kanta minimalistak?

Argazkia: Dani Blanco.

Beste kanta baterako izenburu posiblea: “Piano bat Ea-ko hondartzan”.

(Barreak) Bai. Eako Poesia Egunak jardunaldietan Zanbuia! ikuskizuna aurkeztu genuen duela pare bat urte, aire zabalean. Niretzako izan zen sekulako aukera miresten ditudan lagun batzuekin lan egiteko. Metrokoadroka kolektiboak izugarrizko ahalmena dauka jendea engainatzeko, zentzu onean esanik, bere lagunak gonbidatzeko proiektuetara eta ekosistema sendotzeko. Mikelazulora iritsi nintzenerako bazegoen jada ekosistema hori, ni gazteenetakoa izango naiz. Oierren [Guillan] deia jaso eta artista talde horretako beste kide bat sentitu izana izugarria izan zen niretzako. “Nola ez! Noski parte hartuko dudala”, erantzun nuen. Oso aberatsa izan zen aktoreekin, idazleekin, dantzariekin eta Muskulo taldeko musikariekin lan egitea.

Eszenografikoki ere oso indartsua izan zen Zanbuia!, eta lehen sekuentzian zeu agertzen zara hondartzan pianoarekin.

Metrokoadrokarentzat ere oso garrantzitsua izan zen lan hura. Niretzat ohorea izan zen lehen planoan izatea. Hasieran beldurra ere izan nuen baina... Herria bera zen eszenatokia. Joko handia ematen du horrek. Frontoia, erreka, etxeak, zubiak, eta hondartza noski. Irudi poetikoak sortzeko eszenatoki perfektua. Eta niretzat lan eder hura irekitzea ohore bat izan zen. Dramaturgoaren aukera izan zen eta, nahiz eta momentu horretan beldurtuta egon, eskertzen diot. Askok nire aurpegia bertan ezagutu zenuten eta.

"Kultura oso politizatua dago; diruaren kontua beti izan da tabua, eta prekarietatea beti izan da oso onartua. Dinamika batzuk daude aurrez ezarriak, eta zaila da horiek puskatzen"

Beste izenburu bat: Panpin hautsien dantza. Honakoa erreala da, ordea.  Kaleratu zenuen diskoa udaberrian eta pandemia agertu. Paradoxikoki, izenburuak ez al du hartu are zentzu handiagoa? Panpina hautsien dantza da zuona, musikariona?

Sentimendu hori lehen ere bagenuen, eta COVID-19aren kontuarekin areagotu da. Izugarria da aspektu artistikotik dugun zaurgarritasuna, ez da soilik ekonomikoa. Ez da ofizio bezala hartzen, eta sozialki onartua izateko ere modu jakin batekoa izan behar duzu. Musikari izateko erabaki politikoa hartzeak zartatu egiten zaitu, eta gainera emakumea baldin bazara, bikoiztu edo hirukoiztu egiten da zartaldia, nahiz eta batzuetan ez dugun ikusi ere egin nahi. Artisten munduan prekarietatea hain dago onartua ezen normaltzat hartzen den.

Prekarietateak zartatu egin zaitu?

COVID-19ak eragin dit emozionalki sentsibleago egotea, eta indar gutxiago izatea. Indar handia atera behar duzu barrenetik proiektuak martxan jartzeko. Une batean jaso zenezake albiste oso pozgarri eta motibagarriren bat, hango edo hemengo deiren bat, baina atzetik beste bi datoz txarrak, hondoratzaileak. Eta horrela gabiltza panpin hautsien dantzan. Batzuetan pentsatzen dut: “Bipolarra naiz, edo bipolarra izatera bultzatzen naute?”.

Hala ere, egoera honek balio izan du alarma gorria pizteko eta musikariok zuen artean batzen hasteko. Orain artean falta izan da?

Bai, Musikari Elkartearen zuzendaritza hartuko dugu zazpi emakume musikarik [Olatz Salvador, Miren Narbaiza, Eneritz Dueso, Izaro Andres, Lide Hernando, Garazi Esnaola eta Idoia Hernandez bera]. Eta hori pandemiarengatik izan da. Lehenago Gernikan elkartu ginen 100 bat emakume musikari eta hortik abiatuta zazpi emakumek zuzendaritza hartzea erabaki dugu. Hori positiboa da. Gaztetxoak gara gehienok, nire adin ingurukoak... Sumatzen ditugu talka txiki batzuk 10-15 urte gehiago duten belaunaldikoekin.

Zein talka?

Kultura oso politizatua dago; diruaren kontua beti izan da tabua, eta prekarietatea beti izan da oso onartua. Dinamika batzuk daude aurrez ezarriak, eta zaila da horiek puskatzen. Nik ulertzen dut gauzak nola egin ere garrantzitsua dela, eta aldarri politikoa ere bai nolabait, baina ez badugu prekarietatea gainditzen beste zerbaitetan hasi beharko dugu lanean.

Argazkia: Dani Blanco.

Hor bada gai interesgarri eta paradoxikoa. Alegia, batetik dago borroka egitea prekarietate horretatik irteteko; bestetik dago zu zabiltzan kultura ingurunea eta ikuspegia, dela Mikelazulo, dela Mukuru kolektiboa, zeinetan baduzuen musika eta kultura industria hegemonikoari aurre egiteko nahi bat ere. Bigarren hori sarri ulertzen da aspektu ekonomikoari hainbesteko garrantzia ez ematearekin. Nola bizi duzu dikotomia hori?

Nik hor asko sufritzen dut. Badut iratxo moduko bat sorbalda gainean, iratxo politiko-militantea edo, eta automatxakea eragiten dit. Mukurun biltzen garenean ez dugu ezer aurrez ezarria, ez daukagu bide garbi bat ere, eta hor gabiltza hausnarketan eta pixkanaka bidea egiten. Etengabe planteatu behar ditugu gauzak. Esaterako, nire buruari galdetzen diot orain ea egin behar dudan Hatxeren Facebook orrialdea. Batzuetan pentsatzen dut egon behar dudala eskaparatea den heinean; bestetik, galga ideologiko bat ere badago, eta baita ere, zergatik ez esan, pereza bat, joko horretan sartzeko. Horrek dinamika batzuk sortzen baititu: irudi bilakatzen zara. Baina...

Zein izango da zuen zuzendaritzaren norabidea? Eta lehen erabakiak?

Batetik, kontrataziorako praktiken gida bat osatzea, udalei eta enpresa kulturalei zuzenduta. Ez gara sindikatu bat, beraz ezin dugu konbenio bat hitzartu, baina bai artisten duintasuna bermatzen duten gomendioak eman. Eta bestetik, musikariak informatzea eta sarea trinkotzea, musikaren profesionalizazioa bultzatuz. Urtean kontzertu bat edo hamar egiten badituzu ere. Beti ere musika sortzaile zein interpreteei ahotsa emateko.

"Izugarria da aspektu artistikotik dugun zaurgarritasuna, ez da soilik ekonomikoa. Ez da ofizio bezala hartzen, eta sozialki onartua izateko ere modu jakin batekoa izan behar duzu"

Hau guztia entzunda, eta zure disko berriko kanten izenburuei erreparatuz, egungo musikaren egoera histeriarekin aldera liteke, eta musikaria hori guztia dramaz bizi duen ero bat da?

Ez du zertan drama izan, baina ero senti naiteke bai, batetik sozialki aitortzarik ez duzulako. Baina, bestetik, gauzak eskatzen dizkizute, edo eskaparate batean bazaude. Eta hori dena da gutxien inporta zaidana niri, nik musika egin nahi dut eta ofizioa izatea nahi dut. Sekulako inbidia ematen dit musikari frantziar hippy moduko bat ikusten dudanean hedabideren batean eta musikatik bizi dela kontatzen duenean. Gure egoera konpara nezake zaintzaren kontuarekin ere. Egun jende askok aldarrikatzen du, baina zaintza profesionalizatzeko edo monetizatzeko hitz egiten hasten garenean ezkerreko jende askok ere erresistentziak dauzka. Honekin zera lortzen dugu: berez jateko baduenak edota familiako etxe huts batean bizitzeko aukera duenak soilik egin dezakeela kultura. Eta hori ez da demokratikoa, norberaren egoera pertsonal zein familiarraren baitan uzten baita zein izan daitekeen artista eta zein ez. Eta maila sozial horretan dauden pertsonek soilik egin badezakete kultura, zein kultura ari gara bultzatzen? Herri mailako kultura ala maila sozial batekoa soilik? Zein letra entzungo ditugu? Zein mezu zabaldu nahi dugu?

Antzerkiak, performitibitateak zer eman dizu musikari bezala?

Eszenatokian egoteko modu bat. Beno, hori baino gehiago, eszenatokian egoteko modu bat kontzientzia batekin. Antzerkiak, gainera, diziplina asko hartzen ditu, plastikoa, soinuzkoa, narratiboa, gorputza... Gorputzak nola egon behar duen kontziente izatea bera asko da. Azken lan honekin, nik neuk gehiago erabili nahi nuen gorputza hasiera batean, baina beste musikari kideek begiratzen zidaten... arraro!

Antzerkia hainbeste bizi duzu, ezen zure pieza zenbaitetan badirudien instrumentuek elkarrizketak izaten dituztela euren artean. Antzerkiarekin ispilu-jolasak daude?

Bai, badaude. Ariketa horiek nahita landu izan ditugu geuk egindako egonaldi artistikoetan. Antzerkian asko jolasten da zure parte bat atera eta esajeratzera. Eta geuk ariketa hori egin dugu, nola probokatu gure barreneko hori beldur barik ateratzen, baita esajeratuz ere. Ideia hori izan dugu. Musikarekin, igual oso intuitiboki egin dut, baina gure arteko konplizitate hori bilatu eta atera da. Esaterako, Peruk eta Jurdanak sekulako konexioa transmititzen dute, sarri inprobisaziotik abiatuta. Biolina eta ahotsa oso lirikoak dira eta pianoa eta bateria oso perkutiboak, eta nabaritzen da.

Mukuru kolektiboko kide zara. Han balio ezinbestekotzat dituzue horizontaltasuna eta publikoarekiko gertutasuna. Non galdu da gertutasun hori?

Gauza bat aitortuko dizut, musika klasikoaren edo garaikidearen elitismo horrek inbidia ere ematen dit, alde batetik, zenbaiti ematen baitio aukera prekarietate hori ez sufritzeko. Agian ez da egia, eta hanka sartzen ari naiz, baina... Musika klasikoa ikustera joateko 20 euro merkea iruditzen zaigu; aldiz, Anari ikustera joateko oso garestia! Nola ordainduko dut 20 euro rock kontzertu baterako!

Lau izen

Kurt Weill

Ai, izugarri gustatzen zait. Musikaren analisia ikasten ari nintzenean eta Erdi Arotik XX. mendera iristean Asierrek [Asier LI] berak esan zidan asko gustatuko zitzaidala, eta halaxe da. Ordurako banituen disko honetako kantak poltsikoan, eta nahiz eta intuitiboki sortu dudan... Weillen kabaret-antzerki kutsu horrek asko erakartzen nau. Lantzen zituen atmosfera beltz horiek, teatroa... eta geroko musikari molde baten oinarria: Nick Cave, Tom Waits... Kabareta, opera, konponketak, maila izugarria dauka. Eta gainera, Bertolt Brechtekin egindako elkarlanak. Eta oraindik asko deskubritzeko.

Tom Waits

Hasieratik erreferente handi bat. Zenbat aldiz entzungo nuen Swordfishtrombones diskoa. Nire diskorako garbi nuen bateria jotzailea emakumezkoa nahi nuela. Miceren kontzertu bat ikustera joan eta garbi izan nuen Ilargi Agirre izatea nahi nuela. Aipatu nion zein onda nahi nuen, eta bidali nion Tom Waitsen disko hori. “Hau ez da batere erraza”, esan zidan. Badago tipo bat galiziarra, Avelino Saavedra izenekoa, egiten dituena soinuak bateriarekin, eta hura ere pasioz begiratzen dut Youtuben. Waits, gainera, oso teatrala da baita ere, irudiak, erritmoa...

Nina Simone

Ez dit ezer berezirik esan orain artean, entzun ere entzungo nuen irratian, filmetan, noizbait, eta abesti ezagunenak, ez gehiago.

Mursego

Erreferente bat. Ainara Legardonekin batera, akaso erreferente nagusiak oraintxe niretzat, bai emakume direlako, baita pertsonalki ere. Beraien fan handia nintzen lehendik, eta oraintsu jakin dut nire fan bihurtu direla, eta hori gauza handia da. Horrek subidoi handia ematen du. Ea zerbait egiten dugun elkarrekin... Musikalki zerbait berezia dute, musikaren lanketan bereziki. Nire burua bisualizatzen dudanean beraien irudia etortzen zait. Zinema eta dantzaren munduarekin ere lotura dute, eta neu ere hasi naiz pixka bat horretan. Labur batekin eta dantza konpainia batekin nabil lanean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Etorkizuneko izarrak

Euskal Herriko Gazte Orkestra. Neguko topaketa
Zuzendaria: Iker Sánchez.
Narratzailea: Kepa Errasti.
Egitaraua: Britten eta Beethovenen lanak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.
Eguna: urtarrilaren 2a.

[+]


Harrokeria gurea da, joder!

Chulería, joder!
NOIZ: urtarrilaren 5ean.
NON: Bilboko Kafe Antzokian.

----------------------------------------------------

Aretoa betetzen ari dela, antzokiko goiko barandaren atzetik beherantz begira, ni baino gazteagorik topatuko ote dudan jolasten eman ditut... [+]


Urte berri goiza

Urte berri goiza Joxe Ansorenak, gure aitona Isidroren anaiak, sortutako biribilketa baten izenburua da, urteberri goizean txistulariek kalez kale jo zezaten asmatua. Doinu horren airean, gaueko kondarrak bilduz joaten ginen, zabor kamioiak bezala. Behin, Sakito mozkor galanta... [+]


2025-01-15 | Aingeru Epaltza
Houstonetik Nafarroa Arenara

Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]


2025-01-14 | Xuban Zubiria
Odolaren Mintzoa musika taldea
Badator agurra, mintzoak jarraituko du

17 urteko musika ibilbideari itxiera emango dio Odolaren Mintzoak hilaren 25ean Usurbilen eskainiko duen kontzertuan. Amaiera kontzertuaren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute. Bidelagun izan dituzten herriko taldeek hartuko dute oholtza: Rukula, Ameba, Viafara edota... [+]


2025-01-10 | Iker Barandiaran
Bizitza erritua

Alosia
Perlata
Autoekoizpena, 2024

----------------------------------------------------

Arrasateko Perlata taldeak lan berria kaleratu du. Hainbat disko ditu bizkarrean, eta azkeneko lana bere jaioterriko punk, Oi! eta rockaren zubi-lana egindako Jesusi Etxeberria... [+]


2025-01-09 | Estitxu Eizagirre
Ekimen bat gehituta, hauek dira aurtengo euskara hutsezko liburu eta diskoen bederatzi plazak

Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


2024-12-30 | Ahotsa.info
Hatortxu Rocken azken aurreko edizio jendetsua Atarrabian euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde

Milaka lagun elkartu dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren azken aurreko edizioan. Euskal preso politikoen senideei babesa eta sostengua emateko sortutako jaialdiak agur esanen du 2025ko udan Lakuntzan eginen den azken edizioarekin. Sakabanaketarekin amaitzea lortu bada ere,... [+]


2024-12-30 | Jon Torner Zabala
‘Bagare’: euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserkiak 50 urte

1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


Eguneraketa berriak daude