“Egungo testuinguruan kokatu nahi izan dugu Guillem Agullóren kasua, memoria ariketa gisa”

  • Hogeita zazpi urte igaro dira 1993ko apirilean Montanejosko (Valentzia) eskuin muturreko talde batek Guillem Agulló hil zuenetik, hemezortzi urteko gazte antifaxista, independentista eta antiarrazista. Carlos Marqués-Macetek (Bartzelona, 1983) zuzendu duen La mort de Guillem (Guillemen heriotza) filmak Agullóren familiaren borroka nekaezina ekarri du pantailara; dolua tartean, zigorgabetasunaren eta manipulazio mediatikoaren aurrean semearen oroimena aldarrikatzeko grinaren erakusle. 

"Zentzu etikoan familiak irabazi du, gaur egun ezin daiteke zalantzan jarri krimen politikoa izan zela" (Argazkia: Jordi Borràs)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ia hiru hamarkada igaro dira Guillem Agullóren heriotzetik. Zergatik erabaki duzue filma orain produzitzea eta zer-nolako harrera izan du?

Inpunitatearen eta eskuin muturraren gorakadaren aurkako La lluita continua (borrokak darrai) kanpainaren barruan kokatzen da filma. Egungo testuinguruan kokatu nahi izan dugu Guillem Agullóren kasua, memoria ariketa gisa. Urri hasieran À Punt, TV3 eta IB3 telebista kateetan estreinatu aurretik, pase batzuk egin genituen zineman. Filma amaitzean aretoan egiten zen isiltasunak izugarri hunkitu ninduen. Barrenak mugitzen dituen gaia da, gauza gogorrak azaltzen dira. Baina ikusleek gogo handia zuten ikusteko, aspalditik zain zeuden eta oso harrera ona izan du.

Zer nabarmendu nahi izan duzue filmaren bitartez?

Historia kontatzeko ikuspuntu etikoa aurkitzea izan zen zailena. Azkenean, esparru intimotik politikora salto egitea erabaki genuen. Guillemen erailketaren ondoren familiak bizitako aldaketa du ardatz eszenaratzeak. Etxe hura beti zegoen jendez gainezka, mugimendua zegoen, bizitza zegoen, baina bat-batean isiltasuna etorri zen. Hutsune hura atzematea nahi nuen, seme bat galtzea zer izan daitekeen imajinatzeko garrantzitsua zen isiltasun astun hura. Eraildako pertsona baten dolua ezin daiteke erraz eta bakean egin. Horixe bera islatu nahi izan dugu filmaren bitartez.

Alfred Pérez-Fargas eta Roger Danès gidoilariek dokumentazio lan handia egin dute gurasoekin batera. Nola bizi izan du familiak prozesua?

Argazkia: Jordi Borràs

La mort de Guillem proiektu gogorra baina beharrezkoa izan da, ikerketa lan handia eta elkarrizketa asko egin behar izan dugu senideek lehen pertsonan bizitako sentimendua transmititzeko. Oso harreman estua izan dugu familiarekin, ateak ireki dizkigute, baita Guillemen lagunek ere. Gurasoei ideia gustatu zitzaien, eta nahiz eta hasieran kosta, geroz eta gehiago inplikatzen joan ziren. Belen, ahizpa, oso inplikatuta egon da prozesuan. Familiaren alde geundela argi uztea oso garrantzitsua zen guretzat; ez genuen ezkutatzeko intentziorik, ezta ustezko objektibotasuna agertzeko nahimenik ere.

Guillem Agulló, ni oblit ni perdó” (Guillem Agullo, ez barkamenik ez ahanzturarik) denboran irauten duen goiburu antifaxista da. Zergatik uste duzu izan duela horrelako oihartzuna kasuak?

Prozesu judizialak trantsizioan egin ziren akatsak agerian utzi zituen eta, horrenbestez, Guillem faxismoaren aurkako ikur bihurtu zen etorkizuneko belaunaldientzat. Goiburu antifaxista hura gorpuztu nahi izan dugu filmaren bitartez. Gurasoek gogor egin dute borrokan Guillemen memoria desitxuratu edo desager ez dadin. Haiek dioten bezala, prozesu judizialetik haratago zentzu etikoa dago, eta hori bai irabazi dutela; gaur egun ezin daiteke zalantzan jarri krimen politikoa izan zela, Pedro Cuevas hiltzaileak Fronte Antisistema (FAS) talde naziarekin duen lotura ikusita.

Valentziako telebistako 9. kateko artxiboko irudiak tartekatzen dituzue filmean. Zein rol izan zuen prentsak?

Guillemen aurkako kriminalizazio gerra zikina eraman zuen aurrera prentsak eta taldeen arteko borroka izan zela dioen diskurtsoa indartu zuen, gertakariak guztiz despolitizatuz. Garai hartan telebistak estatus sozial handia zuen, albisteak ikusteak “egiaren” jakitun bihurtzen zintuen. Baina albistegiak ikus-entzunezko beste genero bat besterik ez direla nabarmendu nahi izan dugu. La mort de Guillem bezalako fikziozko film bat gertatutakoarekiko zintzoago izan daiteke, garai horretako albistegia baino.

Aktore batek uko egin zion Guillemen paperari, berdina gertatuko ote zitzaion beldur zelako. Filma grabatzen ari zineten bitartean, ‘Guillem jódete’ (Guillem izorra zaitez) dioten pintadak ere berriro agertu dira gurasoak bizi diren auzoan. Zein irakurketa egin daiteke gertakari horiei buruz?

Horrek guztiak zer pentsatua ematen du, noski. Baina nire ustez, ezkerretik egin behar den gogoeta da zergatik langile klaseko mutil batzuk liluratu zituen diskurtso neonaziak. Marxalenes izaera herrikoia duen Valentziako auzoa da. Nola liteke langile klaseko pertsonek beraiekin zerikusirik ez duten ideia batzuk jarraitu eta defendatzea? Zergatik ematen diote botoa langile klaseko pertsonek Vox alderdiari? Zergatia aztertzea, hori da ezkerretik dugun erantzukizuna eskuin muturraren aurrean.

Une gogorrak bizi izan ditu familiak; semearen erailketa, eskuin muturreko taldeen mehatxuak… Hainbeste urteren ostean, film honek nolabait lagunduko diela uste duzu?

Horixe bera esan zigun aitak; filma ondo ateratzen baldin bazen, agian aurrera egiteko aukera izango zutela behingoz. Benetan, perspektiban ikusita, ez dakit hori posible ote den. Baina Belenek, arrebak, filmari esker gauza asko ulertzeko gai izan zela komentatu zigun, bera oso txikia baitzen guztia gertatu zenean. Nolabait, berarentzat behintzat bai, sendagaia izan da. 

Sentikortasuna agerian
“Zinema tresna zoragarria da mundua ikuspegi emozional batetik esploratu ahal izateko. Fikzioa formatu ederra da gogoetarako, gure historia berrirakurtzeko eta espiritu kritikoa lantzeko. La mort de Guillem proiektu gogorra bezain beharrezkoa izan da. Pertsonalki, faxismoaren aurkako leloa airatzetik haratago, kasuaren nondik norakoak ulertzen lagundu dit. Familiak justizia aurkitzeko egindako borrokaren erretratu intimista sortzea lortu dugu. Arazo bakarra da zinema militantea barne-kontsumorako zinema dela, identitarioa.”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Aurreskua, bertsoak eta musika emanaldiak German Rodrigezen omenez

Aurten ere, uztailaren 8an, astelehenean gogoratuko dute German Rodrigez haren omenezko oroitarriaren alboan. 13:00etan izanen da: aurreskua lehenbizi, Mikel Lasarteren bertsoak gero eta La Furia eta Fermin Balentziaren emanaldiak bukatzeko. Iluntzean, Peñak, isilik eta... [+]


Angel Berrueta eta bere senitartekoak indarkeria polizialaren biktima moduan aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Naiz.eus-ek aurreratutakoaren arabera, 2004ko martxoan Espainiako polizia batek eta bere semeak erail zuten Angel Berrueta eta bere alargun zein seme alabek, Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala jasoko dute, indar polizialen indarkeriaren biktima moduan.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azkona Garaicoechea Arabako Diputatu eta Saratxoko bizilagunaren gorpua identifikatu dute

Alesbesekoa jaiotzez, Saratxon bizi zen Unión Republicana alderdiko kidea, bere emaztea hango maistra baitzen. 1936ko irailean erail zuten frankistek eta ostiralean lortu zuten bere gorpuzkinak identifikatzea.


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


“Ezin da kontsulta baten emaitzetatik erabaki Iruñeko Erorien Monumentuaren etorkizuna”

Erorien Monumentua eraisteko eskatzen duten memoria elkarteen ustez ezin da eraikin frankista horren etorkizuna utzi herritarren esku: “Faxismoa omentzen duen eraikinarekin zer egin frankismoaren oinordekoek ere parte hartzen ahal duten galdeketa batek ezin du... [+]


2024-05-22 | Euskal Irratiak
Ezkabako presondegi frankistako ihesaldia oroitu dute Urepelen, ‘La Fuga’ lasterketarekin

86 urte bete dira asteazkenean Iruñean 795 preso errepublikarrek Europako ihesaldi handiena egin zutela. Aldiz, abantzu 800 iheslari horietarik bakarrik hiruk erdietsi zuten muga trabeskatzea.


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eneko Etxeberria
“Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama.


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude