Amerikar ametsa amesgaizto bilakatu eta Aldude goibeldu zen 1949ko urriaren 27an

  • Ordura arte milaka gaztek egin bezala eta gerora ere berdin-berdin eginen zuten beste milakaren gisara, Paris-New York hegazkina hartu zuten Aldudeko hiru gaztek 1949ko udazken egun hartan. Etxeko pobreziak beharturik, Ameriketan artzain izateko bidea hartua zuten. Hegazkinak istripua ukan eta hil ziren (beste bi baxenabartar ere baziren 37 bidaiarien artean). Drama horretatik abiaturik, Euskal Herritik Ameriketako Estatu Batuetara joan behar izan zutenen historia dugu erreportaje hau; XIX. mendean hasi eta 1950eko hamarkadara arte iraun zuen “odolustearena”.

 

1949ko urriaren 29a Alduden. Goizean goiz jeikia zen Leon Arambel 17 urteko mutikoa, sasoiko lanari lotzeko. Lephederreko lepora zihoan uso ihizira. Etxeratu zitzaion Kaskaineko Bernard, oraindik gogoan duen ron usainarekin: “Jean-Louisen aviona erori duk”. Hitzak mozkorraren bizkar ezarri zituen: “Puta, hau mozkorra duk... Ezin sinetsi... baina egia baitzen”. 1949ko urriaren 27an gertatu zen Aldude goibelduko zuen ezbeharra: Paristik New Yorkera zihoan Constellation izeneko hegazkinak istripua ukan zuen Azoreetan eta barnean zituen hiru aldudar gazte zendu ziren –23 urteko Jean-Pierre Aduritz, 25 urteko Jean-Pierre Suquilbide eta 19 urteko Jean-Louis Arambel, Leonen anaia zena–. Hegazkinean ziren beste bi baxenabartar ere, Buztintzeko 19 urteko Thérèse Etxepare neskame izateko xedez abiatua eta Donaixtiko 38 urteko Guillaume Chaurront, hau ere artzain izateko asmoz. Orotara, 37 bidaiari, hauetan bost euskaldun gazte. Laugarren aldudar bat ere joatekoa zen, baina azken momentuan paper administratibo bat eskas ukanik ezin izan zuen hegazkina hartu.

Besoak zabalik hartu gaituzte Leon eta Maite Arambel senar-emazteek, drama horren oroitzapenak partekatuz eta orain duela zazpi hamarkadako Alduden kokatuz begirada: “Denak joaten ziren, etxe guzietarik. Tropak ziren etxeetan, hemen berean gu baginen bederatzi, auzoan dozena bat, Elgartea etxean bertze dozena bat, gain hartan hamazazpi. Alimaleko haur tropa zen eskolarako bidean”. Bistan da, etxalde ttipiak izanki eta anitz zorpeturik, mutikoak Ameriketara artzain joatea zen erremedioa; neskentzat berriz neskato lana Baiona, Paris ala Bordele bezalako hirietan edota haurtzain herrian berean “oraindik haurrak zirela haurtzain” Maitek dion bezala. Pobre ziren –Leonek ederki irudikatzen duen gisara “ez ginen burran (gurina jaten) usatuak”– eta gaur egungo Hegoko migranteen gisara, garaian euskaldunak ziren migrante; familia, herria, lagunak eta hizkuntza utzirik, bakarrik erbesteratzen zirenak, diru kotsia biltzeko esperantzarekin. “Jenerazioz jenerazio etxe guzietatik bazen norbait joana, eta hark pagatzen zituen etxeko zorrak; berak familia hazi orduko berriz zorretan zen baina haren haurra bazen berriz Ameriketara joana. Hemen ez da etxerik hori gabe goititu ez denik. Hiru herri horiek –Banka, Aldude, Urepele– kontrabandak eta Amerikak salbatuak dira”, kondatzen du Maitek. Far West edo Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) mendebaldera joaten ziren, artzain lanetan aritzeko.

Ondoko egunetan, Parisen gorpuak identifikatu ondoan ekarri zituzten herrira –“osorik ziren, osorik baina erreak”–. Herriko etxean atxiki zituzten eta beilatzeko aldudar gazteak trukatu ziren gau eta egun. Ehorzketetan, alimaleko jendea bildu zela gogoan dute.

Aitatxi aldudarra eta hogei urtez Ameriketan artzain egondakoa duen kazetariak orduko giroaz eta emozioez gehiago jakin nahian luzatu galderei labur erantzuten diete Leon eta Maitek, drama drama delako eta hitzak jartzea zaila delako: “Ahal bezala bizitu genuen. Beharko”. “Ez baita kanbiatzen ahal, aisa ala neke, behar duzu jasan” gehituz ematen dio senarrak hasi esaldiari segida Maitek.

Giroa irudikatzen lagundu dezakete ordungo egunkariek. Frantzia mailako komunikabide handiak ere Aldudera begira jarri zirelako. Bertaratu ziren kazetari eta argazkilariak. Ez baitezpada migrante pobreei aipamena zor zaielako, baizik eta hegazkinaren istripuan bestelako jendea bazelako. Hain zuzen, istripuan bizia galdu zuten ere Marcel Cerdan nazioartean ospe handia zuen boxeolari ezagunak eta Ginette Neveu arrabitalari famatuak. “Jende handiak baitziren delako Cerdan eta Ginette, gu izan bagina bakarrik, ez gintuzten hainbeste aipatuko, isilago pasako zen”, Maitek ohartarazten duenez.
“Imajina ezazu, dirudunen artean artzain pobre batzuk! Horrek kuriositatea sortu zuen!” dio bere aldetik ere Mikel Erramuzpe aldudarrak, migrazio olatu horren ikertzen ibilitakoak. Kanalduderen webgunean kausitu daitekeen Sor lekua utziz geroz dokumentalaren egilea da. Garaian ez zelako gaur egun bezala hartzen hegazkina, dirudunek bakarrik har zezaketelako. Funtsean, joateko txartela nagusiak pagatzen zien eta urte batez kitorik aritu behar izaten zuten lanean, bidai-saria ordaintzeko. Urtean behin pagatuak ziren. Lekukotasunen arabera, paga ezberdinak ageri dira –hilabeteko 100 dolar, 250 dolar,...– baina egindako lanaren dorpetasuna kondutan harturik ez zen lansari duina.

Frantziatik jindako kazetariek beste mundu bat kausitu zuten mendien artean, seguruenik haien begietan “arkaikoa”: zendu baten ama, hantxe, supazter xokoan gaztainak erretzen ari, emazteak mantaleta beltz handiz estalirik ehorzketetan, haien begietatik Frantzian baina hizkuntza arrotz bat entzungai...

Hortik gutxira, dolua egiteko bidearen erdian gorpuak berriz hilerritik atera eta eraman behar izan zituzten Parisera, Ginette Neveu “handiaren” familia ez zelako segur bere gorpua zutenik. Leon igan zen Parisera gorputza ezagutzeko lanera. “Jende handiak han ziren beren abokatuekin, guk ez genuen sostengu bat. Zinturatik ezagutu nuen anaia zena”. Drama horrek markatu zituen xoko hartako guziak eta neurri batean, euskaldunen emigrazioaren errealitatea goiko klaseei ohartarazteko balio izan zuen ere. La loi du Pays Basque: s´expatrier (Euskal Herriko legea: erbesteratzea) gisako erreportajeak plazaratu zituzten komunikabide handiek. “Istripuaren berri banuen, beti kontatzen zen etxean”, oroitzen du Erramuzpek, bere aita AEBetan egona zuen hark ere, istripua aitzineko hilabeetan joanik.

Leonek ere hartu behar izan zuen hegazkina, istriputik urte batera. Beldur ote zen galdetu eta “dudarik gabe, baina zer nahi duzu...”. Ñabardura ttipi bat egin nahian, ondokoa gehitzen du irriz Maitek: “Ez baitu erraten... Erraten zuen gibeleratekoan, hamabi urteren buruan, Parisen jausterakoan efektu egin ziola, orduan harakoan ere, hamabi urte lehenago pentsatzen dut...”.
Hamabi urte pasatu zituen han, 5.000 ardi zaintzen, 15.000 zituzten hiruren artean. Bere ardiak ere bazituen, 400 bat eta horri esker lortu zuen sos pixka bat egiten. Lan dorpea eta baldintza gogorrak, baina “arrunt laketua”. Oroit du nola hozgailua ekarri zion hortik bospasei urtera nagusiak: “Bizia aldatu zidan! Biziaren erdia zen hori!”. Finitu zen astean behin hornituriko jatekoa beroagatik biharamuneko usteldurik bota beharra. “Biziaren erdia”, nola ez. Zakurra zuen konpainia bakarra: “Bakartasuna ez zitzaidan zaila, zaharrek erraten ziguten eleketa aritzeko zakurrekin. Oroit naiz behin Ganixek nahasi zituen bere ardiak beste auzoarekin eta goizik joan nintzen haren kanpora, errekara oinez, isil-isila eta zakur tzarrak ni ezagutu! Puf, ze besta! Hamar lagun atzeman banitu bezala izan zen!”.

Bizia ez zuten erraza han, alta. Udako hilabeteak mendi gainetan pasatzen zituzten, larre berdeetan, oihal etxean lo eginez, eta negu dorpe eta hotza berriz beheko lurretan, guneka desertuan. Urtero, 600 bat kilometroko transhumantzia egiten zuten, zaldiz leku batetik bestera. Karaban ttipi bat zuten etxe gisa; doi-doia ohe bat, azpian puskak montatzeko tirantak, mahai ttipi bat, furnegoa eta besterik ez. Treinta bat ere, pistola bat, aitzinekoak ala nagusiak utzia, eta hamabi urteetako momentu beldurgarrienean baliatu behar izan zuena: “Bost mutiko tzar” agertu zitzaizkion eta tiroa bota zuen, “jende bati tiratzea ere halako bat da... baina bakarrik zarelarik arma duzu defentsa bakarra”. Alde egin zuten bostek eta han segitu zuen, berriz etorriko ote zirenaren beldurrez. Ondoko gauean itzuli ziren eta poliziari aipaturik, inguruetan gordeturik, arrastatu ahal izan zituzten mendekatu aitzin. Hau izan zuen beldurrik handiena, beste beldurren artean –hartza hurbil-hurbil sentitzeak sortu ikarak, zaldia lohi lodian sarturik, handik ezin ateratzearekin azken orena heldua zitzaiola pentsatu izana, ala beste–. Bakardadeaz gain, eguraldi bortitza eta inguruko abere basen –hartzak, koioteak, crotalus sugeak, migalak...– mehatxua ere zutelako eguneroko ogi.

Hamabi urteren buruan itzuli zen Aldudera. Zaila izan zitzaion, ez zuelako nahi sartu. Gainera herrira heldu eta lagun guztiak joanak zitzaizkion Ameriketara: “Jitean ene lagun guziak faltan...”; “baina hau atzeman bainuen”, dio irriñoa bisaian, Maite erakutsiz. Herriko gazteei sos pixka bat eman zien –“Pierre Arretxek errana zigun Ameriketatik jitearekin gazteei eman behar zela”–, eta horgoari lotu zen, hor ere artzain.

“Odolustea”

XIX. mendearen lehen partean hasi eta XX. mendeko 50eko hamarkadara arte iraun zuen AEBetarako migrazioak. “1956an sortua naiz eta emigratu beharrik ukan ez zuen lehen belaunaldia ginen”, dio Erramuzpek. Bigarren Mundu Gerraren biharamunean Les Trentes Glorieuses edo Hogeita hamar Loriotsuak garaia zen, hazkunde ekonomikoa eta bizi baldintzen hobekuntza ekarri zuena. Gainera, “eskolatuak” ere zirela dio eta hori izan zen aldaketa handia, ordura arte ofiziorik ez ikasirik, gehienek migrazioa zutelako erremedio bakarra. Maitek argi du: “Hemengo burgesek ez zuten baitezpada nahi jende ttipia eskola zedin, zeren eta horrela apalago zeukaten jendea eta orduan gehiago baliatzen ahal zuten”.

Adrien Gachiteguy apezak lan handia egin zuen eskolatzearen inportantziaz ohartarazteko eta euskal herriek bizi zuten “odolusteaz” ohartarazteko. 1955ean argitaratutako Les basques dans l´Ouest Américain (Euskaldunak Mendebalde Amerikarrean) liburuan datu bilketa handia egin zuen. “Egia gordinki erran behar badut, euskalduna Kaliforniara joan da bere bizia arriskatzera, amerikar bakar batek ere nahi ez zuen lan bat egitera, justuki lan krudela zelako” ondorioztatu zuen. Gachiteguyren kalkuluei segi, artzain joandakoen %3 zen aberastu, beste %15 lan dorpea egiten segituz bizitzeko heina kausitu zuen eta beste gehiengoa justu-justu zorrak ordaintzeko heinarekin itzuli zen Euskal Herrira. Zifra inportante bat gehitzen du ere, gutti aipaturikoa: %20 desagertu zen –istripuz, suizidioz edota bazterketa sozialagatik–.

50eko hamarkadan sortu zituzten laborantza eskolak Ipar Euskal Herrian eta laborari izatetik “laborari eskolatuak” izatera pasa ziren herriko gazteak. Laborantzaz gain, bestelako ofizioak ere ikasteko bidea ireki zen. Nekazaritzaren modernizazioa ere burutu zuten. Gaur egungo begiradatik eta hartu zuen bideagatik kritikagarria baldin bada ere, ordungo errealitatean aldaketa baikorrak ekarri zituen modernizazioak –baikorrak eta beharrezkoak–.

Zenbatek herria utzi behar izan zuten jakitea neke zaigu, zifra zehatzak eskas izanki. Hala ere, horra datu batzuk Gachiteguy apezak deitu “odoluste” hori irudikatzeko: 1876an sei milioi ardi ziren Kalifornian eta 1900ean artzainen bi herenak euskaldunak ziren; 1.500 bat ziren Ameriketara joan 1945 eta 1952 urteen artean, gehienak baxenabartarrak izanki eta 1950etik goiti urtero 200ek zuten emigratzen Hego Euskal Herritik. Asun Garikanok idatzitako Far Westeko Euskal Herria obra mamitsuan ere baditugu datu zenbait: “Douglassen eta Bilbaoren datuen arabera, 1832tik 1907ra 100 mila pertsona inguruk utzi zuten Iparraldeko Euskal Herria, kopuru itzela kontuan hartzen bada garaiko populazioa ez zela 120.000 biztanletik gorakoa”. Adibidez, 1907 urte bakarrean 3.500 iparraldetarren eta biarnotarren izenak ageri dira bidaiari-zerrenda ofizialetan. Bistan da gehiago izan ziren, Garikanok zerrendatu arrazoinengatik: emigratzaile ilegalak ere bazirelako; abiatzerakoan erregistro zehatzik ez zelako egiten; helmugan atzerritarren izenak gaizki transkribatzen zirelako eta gainera, euskaldunen datuak frantsesen eta espainolen datuetan sartzen zirelako.

Aldude eta inguruko herriek zuten erbesteratzea gehien pairatu: Gachiteguyren datuei segi, 1862 eta 1865 urteen artean, Aldudeko 18 urteko gizonen %87k emigratu zuen Ameriketara. Alduden berean bazuten Ameriketan artzain izateko prozedura administratibo guztiaz arduratzen zen pertsona: Leopold Monlong. Pasaportea ukaiteko lan administratiboak, hegazkin txartelaren erostea, AEBetara heltzea eta nagusiaren atzemate lana, hango aroari egokituriko arropen erostea; hots, pagatuz gero dena bideratzen zuen Monlongek. Interprete lanak ere egiten zituen hegazkina hartzeko momentuan, gehienetan frantsesa ez zutelako mintzo aldudar gazteek. Laguntza handia zuten hori joatekoa zutenek, baina Monlongentzako ere dirua egiteko bide emankorra izan zen.

“Gure historiaren parte da”

“Gure historiaren parte handia da Ameriketan egondako artzainena, izugarri inportantea da belaunaldi hauek bizi izan dutena ezagutzea” Erramuzperen ustetan. Abisua luzatzen du aski fite: “Kasu egin behar da, klixeetan erortzea biziki erreza delako”. Gehitzen duenaz, “artzain bezain bat bizipen bada”. Bistan denez, nekea eta bortitza zen hangoa, eta hori ez du ukatzen, baina argi utzi nahi du ez zela bakarrik errealitate hau: “Batzuk partitu ziren hemen ez zirelako ontsa, hemengoa ez zutelako soportatzen” eta harat heldu eta “libertatea atzeman zuten”, gogorra izanikan ere, libertate bat.

“Emakumeak ere joan ziren Ameriketara” kapitulua kausitu dezakegu Garikanoren liburuan, isilean atxikitako errealitate horren berri emanez. “Ameriketako emigrazioaren hastapenetan, Mundu Berrirako bidea hartzen zuen euskal emigrante ohikoa 15 urtetik 25era bitarteko gizon ezkongaia zen. Baina ondorengo urteetan emakumeak ere hasi ziren bide bera hartzen aurrez joandako ahaide batek edo herriko batek deituta edota, besterik gabe, iragarki batek animatuta. Gizonezkoen kasuan bezala, arrazoi ekonomikoak zirela-eta ausartzen ziren mundu ezezagun baterantz abiatzera. Baina beste bizimodu bat probatzeko gogoak ere bultzatzen zituen, emakumeentzat hain estua eta aukera gutxikoa zen garai hartako Euskal Herrian”.
Paroles de bergers, du Pays Basque au Far West (Artzainen hitzak, Euskal Herritik Far Westera) liburuan ere aipatzen ditu Gaby Etxebarne aldudarrak. Kondatzen du nola liburua idazteko elkarrizketa lanetan ari zela, artzain egondako baten emazteak ondokoa ohartarazi zion: “Zergatik bakarrik gizonekin juntatzen zara? Guk ere (emazteok) ezagutu dugu erbestea eta Far Westeko bizi gogorra. Gure istorioek ez zaituzte interesatzen? Bidai agentziek eta idazleek gizonei buruz idatzi dute, joaterakoan ala itzultzerakoan gizonak hartu dituzte argazkitan... Guti dira gurekin oroitu direnak!”. Oharra egin ziona Graciena Ospital baigorriarra da, Marie-Jeanne bere lagunarekin orenak pasatzen zituenak Ameriketaz mintzo; egun batez agentzia bat kontaktatu zuena, lan kontratu bat atzemateko gogoz jada Ameriketako Montana estatuan instalaturiko emazte euskaldun batekin harremanetan jarri zena. Azkenean, hegazkin txartela erosteko hautua eginik, Marie-Jeannekin batera 1951n Ameriketara abiatu zen. Neskame lanetan hasi zuten bizi amerikarra, paga ttipi baten truke. Gosea pasa zuten, baita gauak negarrez ere, herrimina eta bakardadeagatik. Baina poliki-poliki, lanez eta nagusiz aldaturik, bizi gogorra arindu zitzaion, autonomia eta alaitasuna irabaziz. 1959an itzuli zen Baigorrira lanean zebilen te-saloian ezaguturiko artzainarekin ezkontzeko. 1964an sartu ziren behin betikotz Euskal Herrira: “Hau da ene historia, AEBetara emigratu zuten emazte anitzen historiari eite duena”.

Historia egiten duten milaka istorio horiek Historia liburuetan ez badira idatziak ere, hor dira. Eta, Far Westeko zuhaitzak dira nonbait liburu. Hain zuzen, eremu zabal hauetan artzain zirela, barnekoa enborretan ganibetarekin zizelkatzeko ohitura zuten euskal artzainek, seguruenik istripuan hildako lau artzainek eginen zuten gisara. Milaka eta milaka hitz, euskaraz anitz, gehienak 30eko eta 70eko hamarkadaren artekoak eta zaharrenak 1890eko hamarkadakoak. Gehienik zizelkaturiko lau hitzak berriz hartzen dituen oroitarria ezarri zuten Alduden 2007an. Hauek dira lau hitzak: AMA, ETXEA, HERRIA eta MAITEA. Bai, irakurle, hitz bakar batez mundu bat deskriba daiteke.


Azkenak
Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Bilboko genero-indarkeriagatiko epaiketetan kolore bereizgarriak jartzeko neurria ezabatzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Bilboko bi Epaitegiek neurri hori onartu dute. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek neurria emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko helburuarekin hartu dela esan du, baina Bilboko Abokatuen Elkargoak salatu du kolokan jartzen dituela ikertuen... [+]


Menditik hirira: zer ezkutatzen digu Pirinioetako sendabelar saltzaileen lanak?

XIX. eta XX. mendeetan ohikoa zen hiri nagusietako kaleetan ikustea janzkera tradizional ikusgarria zuten emakume batzuk, sendabelarrak saltzen. Ansotarrak ziren, Aragoiko Ansó ibarrekoak. Erakusketa batek haien historia kontatu digu, eta bide batez azalerazi du atzean... [+]


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


Talgo erosteko eskaintza kenduko du Ganz MaVag talde hungariarrak

Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.


2024-08-30 | ARGIA
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan

Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.


Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute

30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.


2024-08-30 | Axier Lopez
Espainiar eta britainiar kolonialismoaren arrastoak ezabatzen hasi da Trinidad eta Tobago

Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.


2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra egingo da Iruñean

Iruñeak bat egiten du irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun iraunkorra eta espazio publiko partekatuari buruzko hausnarketa sustatzeko diseinatutako jardueraz betetako programa batekin. "Konbinatu eta mugitu"... [+]


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Eguneraketa berriak daude