Galizian madarikaziorik larrienetakoa omen da: “Que nunca saude tenhas e nunca poidas morrer” (Osasuna galduko al duk betiko eta sekula hiltzerik lortu ez!). Arimen egunera hurbildu ahala akordatzen gara bizirik jarraitu nahi arren hildako jendeez; gutxiago, hiltzeko desiratzen egonda bizirautera kondenatuez. Legeek eutanasia legeztatu eta bizi ezin denari suizidioan laguntzea despenalizatu arte itxaron? Eta bestela, nork bere biziaren amaiera bere esku nola hartu?
Bizi ezin eta ezin hil. Eutanasia eske ukatuaren azken adibideetakoa: Dijonen (Frantziako estatua) gose greba eginez heriotza lortu nahi zuen Alain Cocq 54 urteko herritarraren drama. Gaztetatik gaixotasun oso larri eta bitxi batek joa, hilabeteko epean bi bider saiatu da heriotza lortzen, jateari eta tratamenduei uko eginda hiltzen.
Aurretik Emmanuel Macron lehendakariari eskatua zion arren baimendu ziezaiela medikuei bera sedatzea. Erantzunik ez. Gose eta egarri greba egin eta medikazio guztiei –morfina barne– uko eginda, espero zuen doktoreak errukitu eta oinaze jasanezinen aringarritzat sedatuko zutela. Ez da horrelakorik gertatu. Minei eutsi ezinik berriro eskatu behar izan du klinikara eramatea, hidratatu eta aringarriak jartzera.
Alain Cocqen kasua berezia baldin bada, antzeko kasuak gero eta konplexu gutxiagoz kontatzen dituzte trantze horretan dabiltzan gaixoek edo beren senitartekoek. Irailean bertan Vilaweb hedabide katalanean Carme Barahonak kontatu du zein neketsu suertatu zaion bere seme Ivani heriotza lortzeko bidea.
43 urteko gizonak, jakinda Alboko Esklerosi Amiotrofikoak urte oso laburreko bizia eta heriotza txarra zekarzkiola, amaren laguntzarekin –eta legez kanpoko bideetatik arriskatzen diren bolondresenarekin– aurkitu zuen hori lortzeko botika. Baina azken orduan, pentabarbitola hartzeko unean amari ez zion utzi aldamenean egoten… suizidio batean laguntzeagatik espetxeratu ez zezaten.
Munduko herrialde gehienetan debekatuta dagoelarik ez bakarrik eutanasia aktiboa baizik eta baita laguntzea ere minak behingoz amaitzeko bere burua hiltzea erabaki duenari, eskubide hori lege eta araudietan sartzeko kanpaina luzean ari dira hainbat elkarte, Hego Euskal Herrian DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidea, Espainiako DMDren barne dena. Baina trantze larrian dagoen pertsonak zer egin dezake urtetik urtera atzeratzen doan lege berria erabaki bitartean, edo heriotza duina errazteko jadanik dauden aukera legalen muga zurrunetan baimenik ez duenak?
Aukera bat da medikuak zaindutako suizidio legala den herrialde batean saiatzea. Europan erreferentzia ezagunena Suitzako Dignitas elkartea da. Baina dirua eta harremanak behar dira harantza joateko… eta han legezko prozedura guztiak osatzeko denbora. Bestea da eutanasia autogestionatzea. Baina nola lortu modu garbi, erraz eta atseginean? Nondik eskuratu informazioa, botikak eta beste aldi berean saihestuz Internetez eskaintzen diren iruzurrak?
Philip Nitschke mediku australiarrak 1997an sortutako Exit elkarteak eskaintzen du itsaso nahasi horretan nabigatzeko informazio asko: “Exiten sinesten dugu pertsona heldu burutsu guztien giza eskubide oinarrizko bat dela gai izatea planifikatzeko bere biziaren amaiera modu ziur eta lasaian, norberak hautatako orduan”. Eskaintzen dituen material eta zerbitzuen artean famatua egin da The Peaceful Pill eHandbook, Pilula Lasaigarriaren Eskuliburu elektronikoa.
Eskuliburuan deskribatzen dira heriotza duina lortzeko herritarrak eskueran dauzkan hainbat baliabide tekniko, neke handiegirik gabe eskuratzeko osagaiekin moldatzekoak. Aukerak azaldu eta erkatzen ditu hainbat ezaugarriren arabera (helburua lortzeko eraginkortasuna, bizkortasuna, eskuratzeko erreztasuna, segurtasuna, prezioa…). Antza, gaiaren jakitun gehienek estimatuena daukate pentobarbitala, Nembutal izen komertzialez ezagunagoa. Barbituriko hori erabiltzen dute hemengo albaitariek txakurrak edo katuak eutanasiatzeko; gizakientzako debekatuta dago.
Abortatzeko pilularekin ikasitakoa
Exitek hileroko buletinean ematen ditu, beste informazio gehiagoren artean, eutanasiarako gehien estimatzen den drogaren komertzioaren eta iruzurren albisteak. 2005eko Net Hurbil batean kontatu zen –Ramon Sampedroren suizidio famatuaren eta Mar adentro filmaren garaiak ziren– nola Australian 20 jende zaharrek kanpaleku klandestino bat antolatu zuten pentabarbitola etxeko tresnekin brikolatzen ikasteko. Exiteko bazkideak ziren, bakan batzuk epe laburrean pilula hilgarria erabiltzeko asmoa zutenak baina gehienak biziaz gozatzen segitu eta badaezpada ere irteerako aterako giltza eduki nahi zutenak.
Exiten beste zerbitzu bat da NuTech simposiuma, ingelesezko sigletan esan nahi duena Nork bere burua Askatzeko Teknologia Berriak. 2020eko NuTech irailaren 26an burutu zuten munduko hainbat hiriburutatik batera Internetez streaming bidez hitz eginez. Gai nagusitzat, eutanasiaren aferan korapilatsuenetakoa: Dementziaren dilema. Marije Haas ikerlariak aurkezpenean esan zuenez, eutanasiari legeetan zirrikitua zabaldu dioten herrialdeetan ere “dementziarekiko ikarak daraman arren jendea eutanasia eskatzera, dementzietan gutxitan lortzen da eutanasia, horren sintomek talka egiten dutelako legeak ezarritako irizpideekin. (…) Dementzia endekatze maila batera iritsi denean, eutanasia eskatu duenak ezin du berretsi bere nahia eta horrek areagotzen du pertsonaren sufrikarioa”.
NuTech-en beste hitzaldi nabarmen bat eman du Kinga Jelinska militante feminista poloniarrak: Gurpila berriro asmatzen? Abortatzeko auto-laguntzak erakutsi diguna. Jelinskaren eta Women Help Women mugimenduaren ideia irakur daiteke DIY self-managed abortion with pills (Egizu Zuhaurrek, pilula bidezko abortu auto-kudeatua) agirian.
1980ko hamarkadan Brasilgo emakumeak ohartu zuten gastritisetarako medikuek emandako misoprostol botikak abortuak eragin zitzakeela eta erabilera hori –funtsean botika baten alboko kaltea– nahi gabeko haurdunaldiak eteteko tresnatzat zabaldu zen Latino Amerika osoan. Beranduago Europan molekula bera beste batzuekin elkartuta abortatzeko pilulatzat eskaintzen hasi ziren. Berehala lehertu ziren polemikak... eta legegileen debekuak.
Paradoxa mingarri batekin aurkitu ziren emakume asko, Jelinskak kontatu duenez: ukatzen zitzaien misoprostol bezalako botika bat –emakume asko kondenatuz tresna ikaragarriz abortatzen ahalegintzera– baina aldi berean klase guztietako droga ilegalak ekoiztu eta saltzen ziren karriketan. Zergatik ez antolatu gauza bera misoprostolarekin modu autokudeatu batean?
Hortik abiatuta iritsi da Women Help Women emakumeen autolaguntza mugimendua munduan zehar zabaltzera. Badu antza eutanasia autokudeatua errazten saiatzen diren Exit bezalako elkarte eta sareekin: legeak aldatzeko ahaleginarekin batera informazioa eguneratu eta zabaldu, legearen mugan (edo ilegalitatean) mugitu ahal izateko tresnak eskaini, eskuratutako botiken benetakotasuna testeatzen erakutsi...
2018an David Goodall, Australiako zientzialari ospetsuen eta zaharrena, bere 104 urterekin Suitzaraino joan zen jada bere bizitzaz aski zuela eta Dignitas elkartearen suizidio lagundua egitera. Erreportaje honetan kontatzen da bidai hura:
Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.
2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.
Osasunbideko arduradunek zehaztu dutenez, bermatu da eskubidea ahalik eta berme handienekin gauzatzea bai herritarrentzat, bai eskatzaileentzat, bai haien senitartekoentzat, eta baita osasun-profesionalentzat ere.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 34 eskaera jaso dituztela Eutanasiaren Legea ekainean indarrean sartu zenetik; hamahiru laguni hiltzeko laguntza medikoa eman diete, eutanasia egin aurretik hil dira zortzi, beste eskakizun bati uko egin diote eta gainerako hamabiak... [+]
Nafarroako Gobernuko Osasun sailak Erabakiak bizitzaren amaieran jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 23an Baluarten izango dira eta saio bat herritarrei irekia izango da (izen-ematea zabalik da) eta beste bat profesionalentzat izango da.
Ogibidez mediku epidemiologoa da Concha Castells Carrillo (Bilbo, 1960), eta Osasun publikoaren kudeaketan ere jardun du zenbait urtez, zuzendaritza karguetan. Orain dela bost urtetik hona, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen presidentea da Euskal Autonomia Erkidegoan... [+]
Espainiako Kongresuak martxoan onartu ostean, ekainaren 25ean sartu zen indarrean Eutanasia Legea. Lehen prozedura uztailaren 23an egin zitzaion 86 urteko emakume euskaldun bati. Legea aplikatzen hasi eta hilabete geroago, Osakidetzak beren bizitzarekin modu duinean amaitu nahi... [+]
Espainiako Kongresuak martxoan onartutako legearen arabera, eutanasia eskatzen ahalko dute "gaixotasun larri eta sendaezina" edo "pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat" dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta "sufrimendu fisiko... [+]
Eritasun larri sendaezin batek gaztetatik jotako Alain Cocq famatua egin zen 2020an bi gose-greba egin zituelako, duintasunez hiltzeko eskubidea aldarrikatuz. Bizimodu oso nekeza eduki arren berehala hiltzeko arriskurik ez zuela-eta ukatua zioten eutanasiatua izatea eta, aldiz,... [+]
Hiru hilabete barru argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean legea, eta, behin indarrean jarrita, osasun sistemaren barruan bideratzen ahalko da eutanasia.
Lerro hauek idazteko unean, hirurogei adineko hil dira dagoeneko Lleidako Fiella-Sant Hospital de Tremp Fundazioaren egoitzan, COVID-19aren agerraldi baten ondorioz. Horrek esan nahi du hilabete eskasean 143 egoiliarren %40 hil direla, Pallars Jussà hiriburuak dituen... [+]
Ohio (AEB), 1906ko urtarrilaren 23a. Estatuko Batzar Orokorretan eutanasiari buruzko lege proiektua aurkeztu zuten. Eutanasia legeztatzeko lehen ahalegina izan zen hura.
Madrilgo Diputatuen Kongresuak... [+]
Eutanasiaren lege proiektuaren aurrekaria onartu du ostegunean Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak, 36 kideetatik 22ren aldeko boto jaso ditu. PPko eta Voxeko ordezkariak izan dira kontra azaldu diren bakarrak.