AEB

Supremazia zuriaren gaitza azaleraturik dute AEB-etako hauteskundeek

  • Giroa berotuz eta polarizatuz doa azaroaren 3an eginen dituzten AEBetako presidentetzarako bozketak hurbildu arau. Plaza harturik dute supremazista zuriek: izan koronabirusaren kontrako neurrien aurka mobilizatzen direnen artean, Black Lives Matter mugimenduaren kontrako protestetan zein Donald Trumpi sostengua erakusteko elkarretaratzeetan. Zurien nagusitasunaren aldarria ez da fenomeno berria amerikarren artean. AEBen oinarrian dago jendartearen antolaketa arrazista hau eta beti egon da –batzuetan begi-bistan, besteetan diskretuago–. Kontua da Trumpek askatu eta hauspotu duela ikuspegia.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

"Eman pauso bat atzera eta egon zaitezte prest erantzuteko". Giro tentsioduna baretu beharrean, mezu hau luzatu berri die Proud Boys miliziako supremazista zuriei Donald Trump AEBetako presidenteak, Joe Biden presidentetzarako lehiakidearekin egindako eztabaidan. Azaroaren 3ko hauteskundeak aitzinatu arau, giroa berotuz doa eta armatuz doaz amerikarrak. Gerra zibilaren arriskua geroz eta gehiagok dute ikusten. Koronabirusaren izurriteak ekarri bazuen armen erosteen emendioa, hauteskundeek are gehiago azkartu dute fenomenoa. National Instant Criminal Background Check System egitura dabil arma erosle berrien aurrekarien aztertzen eta martxoan 3,8 milioi eskaera aztertu zituen. Ekainean berriz, Georges Floyd afroamerikarraren hilketa salatzeko manifestazioak alde guztietan zirela, 4 milioikoa izan zen kopurua.

AEBetako Konstituzioak dakarrelako armatua izateko eskubidea: "Milizia ongi antolatu bat ezinbestekoa denez Estatu libre baten segurtasunerako, arma bat ukateko herritarrak duen eskubidea ez da inoiz urratua izango". 1791n idatziriko testu horri buruzko eztabaidak egon arren –batzuk diote estatu federalari loturiko miliziek dutela eskubidea, besteek berriz, herritarren eskubideaz ari dela testua–, aipamenak hor darrai eta Konstituzioak babesturik, arma daramate, determinaturik. FBIko agente izandako Michael Germanen analisia interesgarria da supremazista zurien bilakaera aztertzeko. 1990eko hamarkadan talde hauek infiltratu zituen eta gaur egun Brennan Center for Justice institutuan dabil. Atxilotuak izateko beldurrez, hamarkada horretan supremazista zuri aktiboenak manifestazioez –eta beraz poliziaz– urrun gelditzen baziren, Trump boterean denez geroztik hori aldatu dela dio. Barack Obama presidente zela loraturiko taldeak plazaren erdian dira 2017az geroztik. "Mugimendu hau ez da gehiago gobernuaren kontrakoa, gobernu federala ez delako gehiago bere etsaia. Ikuspegia aldatu du Trumpek, miliziak orain Trumpen aldeko formazio politikoak dira". Ongi daki hori AEBetako presidenteak eta "eman pauso bat atzera eta egon zaitezte prest erantzuteko" zentzuduna izan daiteke logika horretan.

Urrunago doa kontua; alde berean kokatzeaz gain, arerio bera ere identifikaturik du: antifaxistak. Talde terroristen zerrendan gehituko zituela jakinarazi zuen maiatzaren 31n, Georges Floyden hilketaren testuinguruan. "Presidenteak Black Lives Matter manifestazioak eta delako antifak etsai gisa identifikatuz borrokatu beharrekoari buruzko mezu argia bideratzen die poliziari baita talde hauei ere", Germanen arabera. Funtsean, Hidden in Plain Sight: Racism, White Supremacy, and Far-Right Militancy in Law Enforcement ("Begi hutsez ezkutatua: arrazakeria, nagusitasun zuria eta eskuin muturreko militantzia polizian") txostena publikatu zuen Germanek agorrilaren 27an, zeinetan xeheki frogatzen duen supremazista zuriak poliziaren baitan sarturik direla AEBetako dozena bat estatutan. Dionaz, “arrazakeria esplizitu” hau hor dela badakite gobernuek zein FBI egiturak berak: “Poliziakide hauen ekintza arrazisten berri badaukate, baina kanporaketak ala diziplina neurriak bideratzen dira soilik eskandalu publikoak gertatzen direnean”. 2015 urteko "terrorismoaren kontrako direktiba eta txostenean" jada, FBIk ohartarazi zuen supremazista zuriak daudela poliziaren baitan. Are gehiago, ekintza terrorista gehienak talde hauek bideraturikoak direla ere dio. Hala eta guztiz ere, gobernu federalak "araberako neurririk hartu ez izana" deitoratzen du Germanek. 1954tik 1968ra iraun zuen afroamerikarren eskubideen aldeko mugimenduari esker poliziaren baitako “arrazakeria esplizito” hau mugatzeko neurriak bideratu baziren ere –polizia gehiegi zirelako KKK Ku Klux Klan talde supremazistaren baitan–, benetako aldaketarik ez zen bideratu. Vida B. Johnson unibertsitarioaren hitzak hartzen ditu txostenean: "Xede duen zuzentasunaren helburua ezingo du bete sistemak, supremazista zuriek poliziaren baitan gordetzen segitzen duteino".

"AEBen sorreraren oinarrian dago supremazia zuria, legeak eta praktikak santutua. Ipar Amerikaren kolonizazioaren, amerindiarren azpiratzearen eta afrikar bahituen eta hauen ondorengoen menperatzearen motorra izan da", Germanen hitzetan. Horregatik da gaitza hain errotua eta hedatua. Oroitarazten du nola esklaboen patruilak izan ziren amerikar kolonietako lehen polizia-egitura publikoak.

AEB-en oinarrian dago gaitza

Esklabotza bukatu arren, supremazia zuriak bere horretan segitu zuen, baina beste forma bat harturik: segregazio politiken bidez. Bat dator irakurketa horrekin Françoise Coste France Culture irratian emandako Le suprémacisme blanc, le mal persistant de la politique étatsunienne (“Supremazismo zuria, AEBtako politikaren gaitz iraunkorra”) elkarrizketan. Dioenez, goiz ala berant AEBetan gertatzen den orok du lotura esklabotzarekin: “Bada lau mende supremazismo zuria existitzen dela AEBetan. Leporaino sarturik dira arraza-problematika horretan”. 1861etik 1865era iraundako Gerra Zibilaren bidez esklabotza bukatu izana osagai gisa kokatzen du: "Trauma bat dago, 700.000 hil ondorioztatu zituen gerra horrena. Biztanleria zuriaren herra eta aiherkundea ere hor dira, mendeku gose bat dago. Oroz gainetik, porrot politiko bat izan zen, esklabotzaren abolizioa izan arren, segregazioarekin ordezkatua izan zelako". Zurien nagusitasuna indarkeriaren bidez segurtatu zela dio: indarkeria konkretua –1866an sorturiko eta oraindik hor diren KKK gisako talde bortitzen bidez–, segregazio politikoaren bidez, baita indarkeria ekonomikoaren bidez ere.

Germanen gisara, Obamaren presidentetzan kokatzen du aldaketa potentea Costek ere: "Biztanleriaren zati batek ezin izan zuen onartu Obamaren izendapena eta ezabatuz zihoan herra berpiztu zen, pentsaera arrazista askatu zen". Gehitzen duenez, Trumpismoaren oinarrian eta mamian dago aldaketa hau. "Trumpek ez du KKKen aurpegi-estalkirik, baina ederki dakizki erabiltzen oinarri horrek arras ongi ulertzen dituen termino kodetuak". Hori horrela, arerioak identifikaturik, herrari bidea irekiz, bi aldeak polarizatuz eta sua hauspotuz, geroz eta gehiagok dute gerra zibilaren mehatxua ikusten. "Galdurik, Trumpek Etxe Zuria utzi behar balu ere, bere diskurtsoa hedatzen segituko lukeela aurreikusi daiteke" dio Marc Simard historialariak. Trumpek luzaturiko deiari "prest gaude" erantzun dio Joe Biggs Proud Boyseko buruak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
2025-03-06 | Mara Altuna Díaz
Mary Kim Laragan-Uranga, AEB-etako euskalduna eta AEK-ko ikaslea
“Euskara ikasten dut AEBetara emigratu zuten nire aitona-amonen ahalegina eta sustraiak ohoratzeko”

“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]


Trumpek miresten badu...

AEB, 1900eko azaroaren 6a. William McKinley (1843-1901) bigarrenez aukeratu zuten AEBetako presidente. Berriki, Donald Trump ere bigarrenez presidente aukeratu ondoren, McKinleyrekiko miresmen garbia agertu du.

Horregatik, AEBetako mendirik altuenari ofizialki berriro... [+]


2025-03-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bagram, guraria eta arrandia nahikoa ez direnean

Trump/Vance eta Zelenskyren arteko sesio gogoangarriak, Europan behintzat, erabat isilarazi badu ere, bada beste mundu-parte batean bederen dezenteko harrabotsa harrotu duen burutazioa. Afganistango Bagrameko aire-basea berreskuratu nahiko luke Trumpek, bere lehen... [+]


Ukrainarentzako laguntza militarra geldiarazi du Trumpek, Zelenskik bakea “xede” duela erakutsi arte

Etxe Zurian edukitako liskarraren ostean, eskainitako laguntza "konponbide batera bideratuta" dagoela ziurtatu nahi du Trumpek. Zelenskiren arabera, Kievek bizirauteko aukera gutxi izango lituzke AEBen laguntza militarrik gabe.


Kapitalismoaren aurkako artikuluak debekatu ditu Bezosek ‘The Washington Post’-en

Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du. 


Lur arraroak nahi ditu orain Trumpek, baina ba al dago halakorik Ukrainan?

AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean,... [+]


2025-02-26 | Roser Espelt Alba
Trumpen ispilua

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]


Musker eta Tranpa

Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]


Hasi da AEBetako Greenpeace desagerrarazi dezakeen epaiketa

Greenpeaceko kideak Dakota Acces oliobidearen aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzte eta astelehenean aztertu du salaketa Dakotako auzitegiak. AEBko Greenpeacek gaiaren inguruan jasango duen bigarren epaiketa izango da, lehenengo kasua epaile federal batek bota zuen atzera... [+]


2025-02-25 | Gedar
Steve Bannonek nazien agurra egin du AEBetako eskuin muturraren ekitaldi nagusian

 Ekitaldian, Mileik motozerra bat oparitu dio Muski, murrizketa sozialen sinbolo eta aldarri gisa.


Trumpek Zelenskiri “diktadore” deitu ostean, guda amaiera aztergai Europar Batasunean ere

Azken egunetako giroa baretzeko asmoz eta Ukrainako Gerraren bukaeraz hitz egiteko elkartuko dira Trumpekin, ondoko astean, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko Lehen ministroa. Auzi bera aipagai, ostegun honetan elkartzekoak dira ere... [+]


Leonard Peltier: “Azkenean libre naiz, gaurkoa egun ederra da”

49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.


2025-02-19 | CTXT | Rafael Poch
Kontrainformazioak haizea alde du

Palestinan genozidioa, Europan gerra eta potentzia nuklearren artean tentsioa. Ez daukagu berri on askorik emateko, baina bada bat, hondamendi orokorretik eratorria, aipatzea merezi duena: aldeko baldintzak sortzen ari dira kontrainformaziorako, informazio independenterako,... [+]


2025-02-18 | Mara Altuna Díaz
Scott Zuñiga, Estatu Batuetako tiktoker euskaltzalea:
“Euskara ikasteko nire superboterea da etengabe hitz egitea, lotsa alde batera utzita”

44 urte ditu, ama mexikarra, eta eskoziarra aita. Mexiko Berrian jaio zen, Utah-n hazi, eta duela hogei urte izan zuen euskararen berri, Cadizen Zinemagintza ikasten ari zela, norbaitek abizen euskalduna zuela esan zionean. Duela bi urtetik Donostian bizi da eta euskara ikasten... [+]


Europak toki bat aldarrikatu nahi du Ukrainako bake negoziaketan, AEBen bazterketaren aurrean

Macronek egindako deiari erantzunez, NATOko eta Europako agintariak Parisen elkartuko dira astelehen honetan, AEBek eta Errusiak iragarri ostean Ukrainako gerra amaitzeko elkarrizketei heltzekotan direla. Europak diru asko xahutu du Ukraina laguntzen, eta gerra amai dezakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude