Lehertu da berriro Armenia eta Azerbaijanen arteko guda zaharra

  • Iraila amaieran berriz ere infernuko ateak ireki dira Karabakh Garaian. Azerbaijango eta Artsakh Errepublikako indar armatuen (Armeniaren laguntzarekin) arteko talka bi bandoetako hildako kopurua puzten ari da egunetik egunera. Gatazkaren iturburua ez da atzo goizekoa eta geopolitikaren xake taulak pisu handia du.

Armeniako Defentsa Ministerioa
Armeniako Defentsa Ministerioa

Armeniaren eta Azerbaijanen arteko liskar armatuak irailaren 27an hasi ziren Karabakh Garaiko kontaktu lerroan. Berehala, bando bakoitzak bere hildako militarren eta zibilen berri eman zuen. Lehen erasoen ondorioz, Armeniak eta Artsakh Errepublikak lege martziala eta mobilizazio osoa ezarri zituzten. Azerbaijanek, berriz, lege martziala eta etxeratze-agindua. Irailaren 28an, Azerbaijanen mobilizazio partzialera deitu zen.

Zein da, kasu honetan, erantzulea? Erantzun zaila du galderak, guda guztietan bezala informazio kontrajarriek eta propagandak estaltzen baitute guztia. Armeniaren esanetan, Azerbaijanek hasi zuen erasoa, hainbat hilabete lehenago planifikatutako operazio baten emaitza dela dio. Azerbaijanen arabera, Armenia da gatazka lehertzearen erantzulea. Haien esanetan, Armeniak aurretik ere askotan urratu baitu su etena.

Hainbat herrialdek eta Nazio Batuen Erakundeak hasieratik gaitzetsi dute gatazkaren areagotzea eta negoziazioetara itzultzeko deia egin dute. Beste herrialde batzuk, aldiz, argi agertu dira alde jakin baten alde. Afganistan, Pakistan eta Turkia, adibidez, Azerbaijanekin lerrokatu dira.

Aipagarria da Turkiaren rola, Azerbaijani babes politiko osoa adierazteaz gain laguntza militar handia eman dio eta. Gainera, zenbait iturriren arabera, Turkiak Sirian al-Assaden aurka erabili dituen mertzenarioak sartu ditu Azerbaijanen.

Interbentzioa Erdoganen menpeko Turkia oldarkorraren sintomatzat interpreta daiteke. Siriatik indartuta irten da Erdogan, Libian eta Mediterraneo Itsasoan eskua sartu du eta presio mekanismoak ezarri ditu. Azken batean, Turkiak nazioarteko politikan bere posizioa indartu nahi du.

Gatazka armatua lehertu bezain pronto, garbi ikusi zen bi aldeak beren helburuak betetzeko eginbeharreko guztia egiteko prest zirela. “Guk aurrera jarraituko dugu, iritsi behar dugun lekuraino iritsiko gara”, zioten gaztaka lehertu eta pare bat Azerbaijandik. Armeniarren kasuan ere, garbi geratu zen, kosta ahala kosta, lurraldea defendatzeko asmo irmoa zutela.

Ikuspuntu militarretik, Azerbaijan Armenia baino indartsuagoa da gaur egun. Armeniak, ordea, indar armatu profesionalak edukitzeaz gain, Karabakh Garaiko orografia eta borroka sentimendua (desagerpenarekin loturikoa) ditu aldeko. Edonola ere, horrelakoetan herritarrak izaten dira lehen biktima eta honezkero bi bandoetan ehunka zenbatzen dira hildakoak, iturri ofizialen arabera.

Zonaldeko egoera azken ofentsibaren aurretik
Artsakh Errepublika Kaukaso hegoaldean dago, Armenia eta Azerbaijanen artean. Ez du nazioarteko aitortzarik, baina Karabakh Garaia lurraldearen gehiengoa kontrolatzen du. Stepanakert da hiriburua.  

Historikoki, gehiengo armeniarra izan du (kristauak) zonalde honek, nahiz eta azerien (musulman xiitak) bizileku ere izan den. Nazioarteko harremanei dagokienez, Azerbaijanek harreman historiko eta politiko estuak ditu Turkiarekin. Bestalde, Armeniak lotura indartsuak ditu Errusiar Federazioarekin. Zehazki, Errusiak 102. base militarra du Erevanen, Armeniako hiriburutik 120 kilometro iparraldera, eta defentsa akordioa dute sinatua.
 

Berde argia:  Armeniako indar armatuek kontrolaturiko Azerbaijango lurraldeak. Berde iluna: Artsakh Errepublika.
Iturria: Wikipedia

Gatazkaren lehen lerroan kazetarien presentzia oso urria denez, zaila da zehaztea modu fidagarrian zer aurrerapen egin diren. Urriaren erdialdean, iturri batzuen esanetan, bi bandoak ez aurrera ez atzera geratu dira, nahiz eta Azerbaijanek lurralde zatiak eta zenbait herri txiki berreskuratzea lortu.

Zibilen aurkako erasoak bi aldeek abiatu dituzte, zenbait herri eta hiriri airez eraso eginez. Adibidez, Artsakh Errepublikako hiriburu Stepanakert irailaren 27tik aurrera etengabe bonbardatu dute. Kalteak geroz eta nabariagoak dira hirian. Bestetik, urriaren 11n, armeniarrek Ganja hiri azerbaijandarra bonbardatu zuten. Bi kasu hauek askoz ere zabalagoa den bonba bidezko erasoaldiaren adibideak baino ez dira.

Urriaren 14ra arte argitaratu diren datuen arabera, Karabakh Garaiko biztanleriaren erdiak, 70.000 eta 75.000 pertsonaren artean, etxebizitza atzean utzi behar izan du. Bi aldeetako datuak kontuan harturik, 80 bat zibil hil dituzte eta ehunka zauritu. Baina foku mediatikotik aparte geratzen diren gudetan, zifra altuagoa izan ohi da.

Gatazkaren erro historiko, politiko eta soziala
Gaur egungo gatazka militarrera zergatik heldu diren ulertzeko, gogora ekarriko dugu zeinbat une historiko, politiko eta sozial garrantzitsu. Hasteko, genozidio armeniarra eta Otomandar Inperioaren gainbehera.

Armeniaren eta Azerbaijanen arteko etsaitasuna azaltzen duen gertaera nagusienetako bat I. Mundu Gerraren testuinguruan eginiko "genozidio armeniarra" da, 1915 eta 1923 bitartean Otomandar Inperioaren parte zela. 800.000 armeniarrek baina gehiagok galdu zuten bizitza kultura armeniarra desagerrarazteko asmoz egindako sarraski horretan. Adituen arabera, lehen genozidio modernotzat har liteke.

Aritz Saidi Olaortua nazioarteko analistaren arabera, otomandarrek haiena ez zen fedearen zaleak eta etnikoki ezberdinak ziren pertsonak deuseztatu zituzten. “Horretarako turkiarrek, mertzenario gisa, beste batzuen artean, azeriak erabili zituzten”, dio Saidik.

Sarraskiak gaur egun ere indar handia duen trauma nazionala eragin zuen Armenian. Populazio armeniarra ia ezabatzea lortu zuten turkiarrek, eta ondorioz, gaur egun ere mesfidantza eta gorroto handia nagusi dira turkiarrekiko eta azeriekiko.

Sobietar Batasuna lurraldeen jabe
Otomandar Inperioaren gainbeherak (1923an desagertu zen) Sobietar Batasunaren indartze prozesuarekin egin zuen topo 1920. hamarkadan. Gizarte kapitalisten aurrean bestelako antolaketa eta iruditeria ekarri zituen Lenin buru zuen Errusiako Iraultzak 1917an, eta hortik aurrera, blokeen arteko talka gertatzen hasi zen. Armeniarrak eta azeriak alde sobietarraren barruan lotu ziren.

Gaur egun Artsakheko Errepublika gisa ezagutzen dena, sobietarrek Azerbaijan barnean sartu zuten eskualde autonomo gisa 1923an, gehiengoa historikoki armeniarra izan arren. Zergatik hartu zuen Moskuk erabaki hau? Saidiren arabera, “Otomandar Inperioari eginiko keinua izan zen. Turkia berria Sobietar Batasunaren inguruan geratzeko saiakera zen”.

Sobietar Batasunaren barruan elkarbizitza indartu eta bi komunitateen arteko elkarbizitza sustatzeko lan garrantzitsua egin zen. Saidiren iritziz, “nortasun sobietarra ezarri zen eta ezaugarri abertzale propioak, neurri batean, alde batera utzi ziren. Bakoitzaren berezitasunak mantendu ziren, baina nortasun goren hau indartzean tentsioak mugatu ziren”.

SESB-ren desegitea: tentsio etnikoen gorakada eta gerra
1980ko hamarkadaren amaieran, SESBren ahultze eta irekitze prozesuarekin loturik, armeniarren eta azerien arteko tentsio etnikoak nabarmen areagotu ziren. Karabakheko armeniarrek "gunea azerifikatzeko" saiakerak salatu zituzten, eta tentsio etnikoek bultzaturiko hilketen eraginez, independentziaren aldeko sentimendua indartu zen.

Zentzu honetan azpimarratzekoa da 1988ko otsailaren 27an Sumgait hiri azerbaijandarretik (Baku hiriburutik 25 kilometrora iparraldean) armeniarren aurka egin zuten erasoa. Sobietarren arabera, 32 armeniar hil ziren ehiza saio hartan, nahiz eta egiazko kopurua altuagoa izan daitekeen. Gertaera honek, eta bereziki bortizkeria mailak, armeniarren artean beldurra areagotu zuen.

Erantzun gisa, Karabakh Garaiko Gobernuak galdeketara deitu zuen 1991n. Baietzak irabazi zuen, eta erregioak 1992ko urtarrilaren 6an independentzia aldarrikatu zuen. Honek, jakina, gatazka areagotu zuen, eskala handiko gerra bihurtu arte. 1994an, Errusiaren bitartekotasunari esker, su-etena sinatu arte.

Turkian bizi diren azerbaijandarrak Istanbulen, Turkiako eta Azerbaijango banderak eskutan,
2020ko uztailaren 19an. Argazkia: Reuters
Abertzaletasuna: gatazka indartzen duen faktorea
Azerbaijanen bizi den azeri askok, gehienak ez esateagatik, Turkia anai gisa ikusten du. Bi estatutan banatutako nazio bakarraz hitz egiten dute. Bestetik, 1990eko hamarkadako gudan izandako porrotengatik, azeri asko minduta dago, Azerbaijanen tamainaren herena den herrialde batek garaitu zituen eta.

Armeniaren kasuan, abertzaletasuna genozidioarekin dago lotuta. Historikoki, edozein eraso, hil ala biziko gai gisa hartu izan dute. Judutarren antzeko kasua da. Bestetik, Eliza kristauak izugarrizko boterea du, eta sentimendu nazionalaren transmisio prozesuan berebiziko garrantzia du.

 

Aritz Saidiren esanetan, “gerra horretan, Artsakh, Azerbaijan barruko uharte gisa ulertu behar dugu. Hasiera batean, ez zegoen inongo komunikazio fisikorik lurralde horren eta Armeniaren artean. Baina garaipen militarren eraginez, armeniarrek zubi geografikoa eratu zuten Artsakh eta Armeniaren artean”.

Orain arteko guda modernoen artean 30.000 pertsona inguruk galdua dute bizitza gatazka honetan. Gainera, guztira milioi bat pertsonak utzi behar izan dute bizilekua. Armeniarrek Karabakh Garaia kontrolatzea eta lurraldea eta Armenia batzen dituen espazioa bereganatzea lortu zuten.

Artsakh inguruko zubi geografikoa eraikitzean, azerien nahitaezko lekualdatzeak agindu ziren. “Azerien aurkako garbiketa etnikoak izan ziren, zalantzarik gabe”, dio Saidik. Bestalde, Saidik ez du zalantzarik “genozidio txikiak” bi aldetan egin zituztela baieztatzeko.

Armeniaren garaipenaren ostean, ordea, munduko estatu gehienak Azerbaijanen alde lerrokatu ziren, haren lurraldearen osotasuna babesten zutela argudiatuta. Zentzu honetan, Abjasiak, Hego Osetiak eta Transnistriak bakarrik onartu dute Artsakh Errepublikaren estatusa, guztiak ere independentzia aldarrikatu eta babesik gabe geratu diren herriak.

Honez gain, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak, lau erresoluzioren bidez (822, 853, 874 eta 884), Azerbaijanen aldarrikapenei arrazoia eman die. Azpimarratzekoa da Errusiar Federazioak arrazoia Azerbaijani ematea. Horrek, izugarrizko eragina du gaur egungo egoeran. Errusiar Federazioak Artsakh Errepublika Azerbaijan dela onartzen duenez, interbentzio militarren bat gertatzeko aukerak nabarmen jaisten dira.

1994an su-etena sinatu arren, hurrengo urteetan hildakoak eragin zituzten hainbat guda txiki izan ziren, ordea. Zentzu honetan, Saidiren esanetan, ohikoa ziren hildako soldaduen gorpuak edo artilleria eraso txikiak ikustea.

2016ko gerra eta ondorengo egoera
2016ko apirilaren 1 eta 5 bitartean, Karabakh Garaiko eta Azerbaijango indar armatuen arteko talka izan zen; 1994tik okerrenak. AEBetako Estatu Departamentuaren arabera, guztira 350 pertsona hil ziren lau eguneko gudan. Iritzi batzuen arabera, kasu honetan ere, garaileak armeniarrak izan ziren.

Une honetatik aurrera, estrategia militarra aldatzeaz gain, gastu militarra handitu zuen Azerbaijanek. Herrialde hori izan zen drone israeldarrak erosten aurrenetarikoa, adibidez. Gaur egungo gerran eragin handia izaten ari diren gidaririk gabeko hegazkin hauek abantaila militar nabarmena ematen diote Azerbaijani zenbait kasutan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nagorno Karabakh
Genozidio ahaztuak

Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]


Nagorno Karabakheko kazetariak diosku: “Nora begira egon zarete?”

Harrituta begiratzen diogu Kaukasoko puzzle konplikatuan gertatzen ari den exodo berriari. Nagorno Karabakheko armeniar ia guztiek –120.000 lagun– ihes egin dute Azerbaijanen azken erasoaren ostean. Hustuketa etniko bat. Baina, duela bederatzi hilabete Armeniarekin... [+]


Nagorno Karabakheko errepublika “desegiteko” dekretua sinatu du bere presidenteak

Azerbaijanek Kaukasoko herrialde armeniar txikiaren kontra erasoa jo eta astebetera sinatu du estatuko erakunde guztien desegitea Samvel Shahramanyan presidenteak. 2024ko urtarriletik aurrera Nagorno Karabakh ez da existituko beraz. Jadanik hango populazioaren erdiak ihes egin... [+]


Milaka armeniar Nagorno Karabakheko aireportuan babestu dira, garbiketa etnikoaren beldur

Azerbaijanek erasoa jo eta hogeita lau orduren buruan hartu du Nagorno Karabakheko kontrola, hango agintariek "desegitea eta erabateko desarmatzea" onartu ondoren, bere esanetan. Armeniarrek herrialdetik ihes egiteko pasabide seguruak irekitzea eskatzen dute eta... [+]


Azerbaijanek Nagorno Karabakh bonbardatzeari ekin dio eta gutxienez 25 lagun hil dira

"Terrorismoaren aurkako" operazio militar bat dela esan du Azerbajaingo Defentsa Ministerioak, eta Armeniako arartekoaren arabera jadanik hogeitabost lagun hil dituzte azerbaijandar armadaren bonbek. Nagorno Karabakheko armeniarrek gutxienez bederatzi hilabete... [+]


Armenia, Nagorno Karabakhen konexioak berrezarri nahian

Armeniako Gobernuak bake akordiorako proposamenak egin dizkio Azerbaijangoari, Nagorno Karabakheko egoera hobetzea helburu. Proposamen horietan dago lurraldeko komunikazioa hobetzea, eta horixe bera eskatu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere Azerbaijani.


2021-11-23 | Lilit Shahverdyan
Sosh
Herri bat gerraren eta bakearen artean

Hona hemen Shosh, Karabakh Garaia (armenieraz, Artsakh) eskualdeko herria, gaur egun armeniarren eta azerbaijandarren arteko muga berrian kokatuta. Bertako herritarrek etsaiaren mugimenduak begi-bistan dauzkate balkoietara ateraz gero. Duela urtebete hasi zen gerran... [+]


2021-07-19 | Karlos Zurutuza
Azerbaijan: petrolio eta herdoil artean
Bakuko aireportu nagusiak Heydar Aliyev du izena, herrialdeko hainbat eskola, lantegi edota eraikin publikok bezala. KGBko lidergoan urte mordoa eman eta gero, Heydar Azerbaijan independentearen lehen presidentea izan zen, 2003an hil zen arte. "Kleptokrazia" deitu ohi zaio bere... [+]

2020-11-10 | ARGIA
Karabakh Garaiko gerraren amaiera sinatu dute Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak

Astearte gauerdian ezarriko da indarrean Armenia, Azerbaijan eta eta Errusiak bezperan adostutako bake ituna. Honen arabera, gerra diren bi herrialdeetako armaden arteko banaketa lerroa une honetan fronteak markatzen duen horretan finkatuko da, segurtasun korridore bat ezarriko... [+]


2020-10-15 | Euskal Irratiak
Aitor Txabarri kazetariaren kronika
“Jendea etxe azpitan bizitzen eta etxetatik ezin atera dago hemen, bonbardaketak dira egunero”

Duela bi aste berpiztu da gatazka, Armenia Azerbaijanen artean. Gerlaren erdigunean Karabakh Garaia, eta honen kontrola hartzeko helburua; bonbardaketen erdian direlarik herritarrak.


2016-04-14 | Ibai Trebiño
Karabaj Garaia: XXI. mendeko armeniar genozidioa

Sobietar Batasunaren desagerpenak ekarritako lehen gatazka nazionaltzat hartzen dena, konponbiderik gabe jarraitzen du 20 urteren bueltan. Karabaj Garaiko -armenieraz Artsaj- gatazkaz ari gara; Gehiengo armeniarra duen eskualdeak, Azerbaijango Errepublikatik independentzia... [+]


2008-08-12 | Karlos Zurutuza
Zilbor estea

Kaukasotik laugarren bidaia da honako hau eta milaka kilometro egin ditut hemengo errepideetatik honezkero. Karretera txarrena Georgian tokatu zitzaidan, Zugdiditik Svanetiko eskualdera igotzen den 100 kilometroko "tortura" hura. Onena, aldiz, honako hau duzue,... [+]


2007-07-06 | Karlos Zurutuza
Nagorno Karabakh
Europako gerraosterik gorriena

Konflikto batzuek berehalako arreta jasotzen dute. Beste batzuk, ordea, itzalpean gelditzen dira, itxurazko bakearen aitzakian. Azken hauei biolentzia berpiztean baino ez zaie erreparatzen, jada beranduegi denean. Zipre baino ezegonkorragoa eta Palestina baino askoz ere... [+]


Eguneraketa berriak daude