Aurten gutako askok egin dugun bidaiarik interesgarrienak ez gaitu atzerriko lurralde ezezagunen batera eraman, ezta Euskal Herrian bisitatu gabe geneukan parajeren batera ere: gure etxearen muinera joan gara 2020ko martxotik aurrera, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien eraginez. Ia denbora guztia gure bizilekuetatik atera gabe egon ondoren, zerbait aldatu ote da gure buruari aurkitu ahal izan diogun teilatupeaz daukagun ikuspegian? Galdera horren erantzunaren bila, Covid Study Houses proiektua martxan jarri duten bi arkitektoengana jo dugu: Jonander Agirre Mikelez eta Ekain Olaizola Lizarraldek eman dizkiguten azalpenei esker, zerbait gehiago jakin dezakegu herritar gehienontzat oharkabean, modu oso jakinean egituratzen diren gure etxebizitzei buruz.
Imajina dezagun munduak reset botoiari sakatzea erabaki duen momenturen bat. Demagun, 1945. urtea. II. Mundu Gerra bukatu da, Europa erdia suntsituta dago. Atlantikoaren beste aldean ordea, oso bestela daude gauzak: AEBak, orain bai, inolako zalantzarik gabe, munduko lehen potentzia bilakatu dira eta hurrengo urteetan planeta dominatuko duen ekonomiak poro guztietatik isurtzen du nagusitasuna. Baita etxebizitzen sektorean ere, ez baita alferrik boom bat gertatuko gerra osteko urteetan. Baikortasuna dario Arts & Architecture aldizkariak martxan jarri berri duen Case Study Houses proiektuari: XX. Mendearen erdialdeko arkitekto handienak elkartu ditu etxebizitza-eredu eraginkorrak diseinatzeko. Metala eta kristala nagusi diren modeloak proposatuko dituzte 1945etik 1966ra bitartean luzatuko den egitasmoan. “Ideia zen etxe horietako bat erostea eta nahi zenuen lekuan jartzea. Bezeroak eskura zeuzkan AEBetako lursailik ederrenak; prototipo ederrenak aukeratu eta hor jarriz, etxe idealaren irudia ematen zuen”, azaldu du Ekain Olaizola Lizarralde arkitektoak. “Emakume bat han behean dagoen Los Angeles hiriari begira, dena idilikoa”, gaineratu du. “Industria militarra etxegintzara bideratzeko modua izan zen. Metalarekin eta kristalarekin egindako etxeak ziren, logika estatubatuar tradizionala hausten zutenak eta estatus oso altuko pertsonentzat pentsatuak”, gaineratu du Jonander Agirre Mikelezek, Olaizolarekin batera Covid Study Houses proiektua abian jarri duen arkitektoak.
Konfinamenduan jendeari bizi diren etxeen plano ez-teknikoak marrazteko eskatuz jarri zen martxan Covid Study Houses proiektua
Donostiako Mundaiz bidean dagoen Azpi Kultur Elkartean elkartu gara aurtengo konfinamenduan martxan jarri zuten ekimenaz hitz egiteko eta, beste ezer baino lehen, izenburuaren atzean dagoen ironia esplikatu dute, alegia, Case Study Houses-ek ordezkatzen zuenaren justu kontrakoaz hitz egin nahi dutela: martxotik aurrera bizitzea egokitu zaiguna kontuan hartuta, gehienontzat ez baita egon aldizkarietan erakusteko moduko arkitekturarik, ezta nolako etxean bizi nahi dugun aukeratzerik ere, are gutxiago etxe hori non kokatu nahi dugun erabakitzerik. Zer esanik ez, etorkizuna garai itxaropentsu gisa aurreikusteko oinarriak tokitan geratu dira. Konfinamendua etorri zen momentuan etorri zen, eta une horretan bakoitzak zegoen lekuan geratu behar izan zuen. “Ez da zure ametsetako etxea, tokatu zaizuna baizik”, dio Olaizolak.
Baina nolakoa da tokatu zaigun hori? Galdera horri erantzuteko aukera eman du Covid Study Houses-ek, ariketa sinple bezain mamitsua proposatuz: norberak bere etxeko planoa marraztea. “Hasieran denoi gertatu zitzaigun: bat-bateko egoera aldaketa ikaragarria izan zen, oso egoera indefinituan sartu ginen; eta egoera horretan hasten zara pentsatzen zer egin dezakezun. Kanalizazioetako bat izan zen galdetzea: ‘Nola egongo ote dira ni baino okerrago daudenak edo hobeto daudenak?’”, esplikatu du Olaizolak. Inguruan arkitekto asko ditu eta haiekin hasi zen sare sozialen bitartez bere etxeko planoak partekatzen, lagunei “Ni hemen nago, zu non zaude?” galdetuz. Ingurukoen aldetik bueltan jaso zituen planoetan ez zituen bakarrik etxearen ezaugarriak ikusten. “Bakoitzak nola marrazten duen eta zeri garrantzia ematen dion ere ikusten duzu. Horrela jasotako lehenengo hiru edo lauen artean Jonanderren planoa zegoen, eta hasi ginen elkarrekin komentatzen historia hau; eta ikusten genuen arkitektoak ez ziren pertsonei ere interesatzen zitzaiela”. Proiektua gorputza hartzen hasi zen.
Jonander Agirre Mikelez: "Konfinamenduan etxean denbora pila pasatzen genuenez, jendea hasi zen kontzientzia hartzen non bizi zen eta zer nolako mugak eta zailtasunak zituen bere etxebizitzak"
Geroztik Euskal Herrian eta atzerrian bizi den jende askok egindako planoak jaso dituzte. Covid Study Houses-en Instagram kontuak horietatik 192 argitaratu ditu, gehiago jaso dituzten arren. Agirrek azaldu duenez, marrazkietako batzuk alde batera utzi dituzte, hain zuzen arkitektura ikasleek egindakoak zirelako, unibertsitateko irakasleren batek eskatuta. Marrazki horiek etxearen plano teknikoak ziren, eta proiektu honek berriz etxebizitzari ikuspegi subjektiboagotik begiratu nahi dio. “Konfinamenduan etxean denbora pila pasatzen genuenez, jendea hasi zen kontzientzia hartzen non bizi zen eta zer nolako mugak eta zailtasunak zituen bere etxebizitzak, gehien bat horrelako egoera batean bizitzeko. Jendea konturatu zen akaso bere etxea txikia zela lau pertsona bizitzeko; edo balkoiaren kontua, gai oso handia bihurtu dena martxotik aurrerako hilabeteetan; edo nola sartu norberaren esfera publikoko hainbat eta hainbat gauza ordura arte pribatua zen espazioan; eta espazio oso murritzean gainera”, azaldu du.
Zelda batean egotearekin konparatu du Olaizolak konfinamendua, parean ispilu bat daukazula, “zu hau zara” esanez. “Ez daukat beste erremediorik nire buruari begiratzea baino eta ez naiz konturatu orain arte nire etxearen ezaugarriak zein diren, ez ditut inoiz aztertu”, azaldu du. Hausnarketa horri laguntzeko ariketa gisa deskribatu du proiektua, izan ere, uste du norberak bere burua marrazten duenean desberdin ikusten duela, kanpotik bezala; eta gauza bera gertatzen dela norberaren etxea marraztean ere. Kontzientzia hartze horri dimentsio politikoa gaineratu dio Agirrek: “Espainiako Estatuan eduki dugu konfinamendu gogorrenetako bat, eta aldi berean daukagu etxebizitzaren logika bat, baita Hego Euskal Herrian ere, oso pieza txikietan bizitzea bultzatu duena, balkoi oso txikiekin, jardinik gabe... Etxebizitza minimoaren logika”.
Mona Cholet Le Monde Diplomatique-ko kazetariak 2016an argitaratu zuen Chez soi (Etxean) liburua, XXI. mendearen hasiera honetako etxebizitzari buruzko hainbat aspektu aztertuz. Liburuko une batean, jardunaldi osoko lanpostuak dituzten bi pertsonak partekatzen duten pisuaren desordenaz hitz egiten ari dela, honakoa galdetzen du: “Bizi gara benetan gure etxeetan?”. Pasa dugun guztiaren ondoren, 2020tik erantzun diezaiokegu galdera horri: ez. Askok aurten ikasi dugu etxean bizitzea benetan zer den, aurretik lotarako eta beste aktibitate minimo batzuetarako erabili izan dugun espazioa inoiz ez bezala ezagutzeko modua izan delako konfinamendua. Agirreren ustez, balio izan du baloratzeko etxebizitzak gure bizitzetan zer nolako pisua daukan. “Zenbat sinbolo eta gauza politiko dauden sartuta hor. Marrazki askotan horiek ere atera dira”.
Etxea izan daiteke abiapuntu on bat gizartea ulertzeko. Christopher Alexander arkitektoak zioenez, pertsona batek bere sentitzen duen eremu bat ez baldin badauka, bizimodu kolektiboan ekarpenen bat egingo duela espero izatea “itotzen ari den pertsona bati beste bat salba dezala eskatzea bezala da”. Bizitokiak egonkortasuna ematen du, unibertso propio bat sortzeko aukera. “Bigarren jantzi” gisa deskribatzen du Choletek: babesten du, disimulatzen du, gorputza ongi dagoela ziurtatzen du eta azalera sozial minimo bat eskaintzen dio bertan bizi denari, adierazteko modu eta leku izateaz gain. Memoria edukitzeko aukera ere bada: bizi garen lekuei esanahiak emateko joera dugu, etxe bat ez dira hormak, leihoak eta altzariak bakarrik, norberaren biografiako une garrantzitsuenak ere nonbait gertatu dira eta, ez gutxitan, norberaren etxea izaten da leku hori. Gainera, bizi garen lekuetan gure aurrekoez gordetzen diren arrastoek genealogia pertsonalerako ateak ere zabaltzen dizkigute.
Gure luzapentzat jotzen dugun espazio hori da etxea. Baina leku horren jabe egiteko posibilitatea geroz eta mehatxatuago dago bizi garen mendean. Jonathan Craryk 24/7: Late Capitalism and the End of Sleep (24/7: Kapitalismo berantiarra eta loaren amaiera) liburuan azaltzen zuen moduan, “XXI. Mendeko kapitalismoak bilatzen du giza bizitza osoa pausarik gabeko iraupen batean sartzea, etengabeko funtzionaltasunaren printzipioak definituta”. Ez baita lanean pasatzen dugun denbora bakarrik etxeko bizimodua eragozten diguna: lantokitik irten, etxera iritsi eta gure gelan sartzean ere, egoteko modua asko aldatu zaigu Interneteko sarbidea orokortu denetik. Norberaren bizitokiak lehen eman zezakeen mundutik babestuta egoteko lekuaren sentsazioa; orain berriz, bakoitzaren gela ere interbentzio publikoak egiteko eszenatokia izan daiteke –242. LARRUNen hitz egin genuen aldaketa horretaz eta bitartekaritza teknologikoak ezaugarritutako kapitalismoak pertsonen bizitzak azken muturreraino etekinaren logikarantz lerratzeko daukan joeraz–. Testuinguru horretan, konfinamendua esperimentu gisa erabili da etxebizitza partikularrak eremu produktibo bihurtzeko: orain arte, batzuek egiten zuten lan etxetik eta, hala egiten ez zutenek, aplikazio digitalen erabilerarekin denbora ez-produktiboan datuak ekoizten eta multinazional teknologikoentzat “lan” egiten zuten. Aurtengo martxotik aurrera, soldatapeko lanaren ekoizpen “gogorra”-ren zati esanguratsu bat ere etxetik egin daitekeela ikusi da.
Horrek bizi garen etxeen diseinuan nolako eragina izango duen ikusteko dago. “Gure etxeak ez dira gehiago espazio pertsonalak bakarrik izango, abiadura handiko konektibitate digitalaren bidez gure eskolak, mediku kontsultak, gimnasioak eta, estatuak hala erabakiz gero, gure kartzelak ere izango dira”, azaldu zuen aurtengo maiatzean Naomi Kleinek The Intercept aldizkari digitalean, zeresana eman zuen artikulu batean. “Noski, pandemia aurretik ere gutako askorentzat etxe horiek berak jada bihurtzen ari ziren inoiz itzaltzen ez diren lantoki, baita entretenimendurako leku nagusiak ere (…). Baina lasterka eraikitzen ari diren etorkizunean, joera horiek guztiak prest daude warp abiaduran –argindarra baino azkarrago mugitzeko modu teorikoa– azeleratzeko”.
Etxeen barruan nolako kolektiboak biziko diren aurretik pentsatzen du legeak, horregatik ezartzen du logela nagusiaren beharra, bikote eredu tradizionala bakarrik kontuan hartuz
Orain arte kanpoan egiten ziren jarduerak etorkizunean etxeko sukalderaino sartuko ote zaizkigun ikusiko dugu, baita horrek etxeen morfologia aldatuko ote duen ere; baina bitartean, ezagutzen ditugun etxeetara itzuliko gara. Izan ere, Covid Study Houses proiektuan erakutsi dituzten planoei erreparatuz, deigarria da nola oso modu diferentean marraztuta egon arren, etxeetako askok, funtsean, osagai eta banaketa berdin-berdinak dauzkaten. Jonander Agirrek baieztatu du inpresio hori: “Egia da dena berdina dela: pisu tipikoak, logika patriarkal batekin: logela nagusia, egongela, sukalde txikia eta bi gela, neskarentzat eta mutilarentzat”. Leku askotan errepikatzen den pisu mota da arkitekto donostiarraren arabera eta gaur egun egiten diren promozioak ere molde horretatik atereak dirudite. Zergatik jarraitzen du eredu horrek indarrean?
Olaizolak uste du promozio urbanistikoak egiten dituztenek “arazo gutxien emango dizkien ereduaren alde egiten dutela” eta aipatutakoa dela “kexa gutxien sortuko dituen etxe-tipologia”. Urriaren 8tik Donostiako Arteko galerian ikusgai daude Covid Study Houses proiektuko zenbait plano eta elkarrizketa egiten ari garen bitartean, erakusketa hori prestatzeko inprimatu dituzten irudiak daude mahai gainean. Horietako bi seinalatu ditu: marrazkiei begiratuta, elkarrekin zerikusirik ez dutela dirudi lehen kolpean. “Baina begiratzen hasten zarenean, planoa berdin-berdina da. Eta ez dirudi etxe bera, nahiz eta ezaugarri berdinak izan. Hor konturatzen zara zure osaba bat Eibarren eta zure izeba bat Hondarribian etxe berdinean bizi direla. Eta kuriosoa da, zeren tipologia hori, hain markatua –espazioak erabilera konkretuekin eta tamaina konkretuekin–, jendeak erosten duenean jabe guztiek gauza bera egiten dute: sukaldeko tabikea bota eta dena elkartu. Zergatik ez dute hasieratik eraikitzen gero mundu guztiak eskatzen duen era horretan?”.
Etxea erosi nahi duenak “eskatzen” duenaz eta promotoreen ikuspegiaz gain, beste aldagai bat azpimarratu du Agirrek: administrazioa. Izan ere, erakunde publikoek arautzen dute zer baldintza bete behar diren etxebizitzak eraikitzean. Eta hain justu une honetan, Hego Euskal Herriko bi administrazio autonomikoetan martxan daude etxeen bizigarritasun baldintzak eta diseinu arauak zehazten dituzten legeak berritzeko prozesuak. Konfinamenduak bete-betean harrapatu du lege-aldaketa fase hori eta, beraz, etxealdiak eragin dituen zenbait eztabaidak eragina izan dezakete lege berrietan. “Jende askok eskatzen zuen, eta nik ere bai, balkoiena kontuan hartzea. Araudiek espazio minimoak ezartzen dituzte eta guk eskatzen genuena zen kanpo-espazio minimo bat ere sartu behar dela. Zeren bestela, adibidez Loiolako Erriberetara joaten bazara, ikusten duzu zein etxe diren promozio librekoak, zeintzuk diren babes ofizialekoak eta zeintzuk tasatuak. Tasatuek badaukate balkoi txiki bat, babes ofizialekoek ez dute; eta promozio librekoek aldiz, kristoren balkoiak dituzte. Iraingarria da hori”.
Etxeen barruan nolako kolektiboak biziko diren ere aurretik pentsatzen du legeak, horregatik ezartzen du logela nagusiaren beharra, bikote eredu tradizionala bakarrik kontuan hartuz. “Araudiaren planteamendua da egongelak hamalau metro koadro izan behar dituela gutxienez, sukaldeak zazpi-zortzi, logela nagusiak hamar eta gero beste logelek sei-zortzi. Pandemia baino lehenagotik ere, hori aldatzeko planteamenduetako bat da gela neutroak sartzea”, esplikatu du Agirrek. Bere ustez, familiatik harago bestelako bizikidetza-unitateak existitzen direla onartzen den momentutik, gelek tamaina bera edukitzea logikoagoa izango litzateke orain arteko hierarkizazioari eustea baino. “Eta ez dute zertan izan lo egiteko bakarrik, erabilera hibrido bat ere har dezakete. Ikuspegi horretatik, egongela ere ez litzateke egongela izango, sukaldeak ez luke zertan egongela baino txikiagoa izan... Akaso sukaldea ere biltzeko lekua bihurtuko litzateke. Planteamendu nahiko esperimentalak dira, irakurketa feminista batetik datoz eta norabide horiek markatzen dituzte. Orain ari dira planteamendu horietatik asko eraikitzen Katalunian, baina hemen oraingoz ezinezkoa da, araudiak ez duelako onartzen”.
Konfinamendua bizi izan dugun lekuak eraikitzeko irizpideen zurruntasun horren jatorria non dagoen bilatzen hasi gara. Ezetz asmatu zein koloretako alkandorak zituzten oraindik indarrean dagoen ikuspegia bultzatu zutenek?
José Luis Arrese (Bilbo, 1905 - Corella, 1986) izena entzun, eta askok ez dute pertsonaia kokatuko. Historiaren isurbideak bere lana egin duela dirudi, baina arkitekto eta politikari faxista honek –hitza ez da debaldekoa, Falangeko kide eta Francoren ministro izan zen–, oraindik irauli ez den etxebizitza-ereduaren zimenduak jarri zituen Espainiako Estatuan eta, beraz, baita Hego Euskal Herrian ere. Gaztelaniaz, eta itzultzeko zaila den hitz-joko bat eginez formulatutako esaldi batean laburbil daiteke 1957tik 1960ra Espainiako Etxebizitza ministro izandakoaren hirigintza-plana: “Queremos un país de propietarios y no de proletarios” (“Jabeen herrialdea nahi dugu eta ez proletarioena”).
Arreseren eskutik, 180 graduko aldaketa egin zuen Francoren erregimenak etxebizitzari zegokionez: ordura arte estatuak eraikitako kostu baxuko etxeen alokairuan oinarritzen ziren politiken ordez, etxebizitzak jabetzan erostea bultzatu zuen, baita handik aurrera egingo ziren promozio berriak sektore pribatuaren esku uztea ere, eraikuntzari esker gutxi batzuen negozioa erraztuz. Etxebizitza Ministerioa bere gain hartu eta gutxira, Arresek ideia berri horien lehen aplikazio masiboa iragarri zuen, Madril kanpoaldeko txabola-auzoen arazoari aurre egiteko Larrialdi Sozialeko Plan batekin. Egitasmoak arrakasta izan zuenez, Katalunia eta Euskal Herriko hirigune nagusietara ere esportatu zuen, Bartzelona eta Bilboko periferietan eskua sartuz. Francoren erregimena fase desarrollistan sartuko zen handik gutxira eta garai hark arrasto sakona utzi du gaur egun arteko hirigintzan.
“Hemen hazkunde oso potentea egon da azkeneko hamarkadetan, joan den mendearen erdialdetik hona; eta modeloa bihurritu da eta optimizatu da hainbeste, ezin dela gainditu”, azaldu du Olaizolak. “Ideia bat egin dezazun: nire sozioetako batek badaramatza 35 urte etxebizitzak eraikitzen eta ikusten duenean lur sail bat eta programa bat, ateratzen du kalkulagailua, eta esaten dizu zenbat etxebizitza aterako diren nukleo bakoitzeko, zenbat plaza, zenbat leiho eta zuk egingo duzula lo burua harantz begira”, azaldu du erdi barrez.
Baina eredu hori “agortuta” dagoela uste du: “Ez da galtzen ezta zentimetro karratu bat ere eta ez dago problema bat bera ere, ez dagoelako espazio komunik. Jendeak ezin du elkarrekin interakziorik izan, bakarrik entzun dezakeelako aurrekoaren atea ixten etxera sartzen denean. Zu ere, etxetik irteten zara, igogailuan sartu, zure kotxea hartu eta bazoaz lanera. Behetik hasita, egitura egina dago kotxeak sar daitezen eta zu baldintzatzen zaituzte beste guztira. Hori ez du inork zalantzan jartzen. Eta zuk proposatzen baduzu soto bat izan beharrean beheko solairu guztia erabilera amankomunekoa izatea, jendearen esku utziz espazioa banatzeko erabakia… hori kristoren gatazka da. Promotoreek hori ez dute nahi ezertarako. Baina ereduak harago begiratu behar du, aurre egin behar zaio horri”.
Iritzi berekoa da Agirre, baina arduraren parte bat etxeetan bizi garenona ere badela iruditzen zaio. “Erraza da bezeroak sukalde eta egongelaren arteko horma botatzea, baina piezen arteko harreman desberdinak egitea ez hainbeste. Horretan ezin zara sartu. Eta pena da, zeren joaten zara beste leku batzuetara, etxebizitza desarrollismoak eta Frankismoak hemen markatu duena bezainbeste markatu gabe dagoen lekuetara, eta etxea erabiltzeko modua oso desberdina da”.
Konfinamenduan etxe askotan gertatutako zerbait ekarri du gogora Olaizolak. Umeak etxetik atera gabe egon beharrak sortutako egoera itogarriaren aurrean, askok etxebizitzen azpiko garajeetan aurkitu zuten irtenbidea. Autoen joan-etorririk ez zegoela baliatuz, eta alarma egoeran ezarritako baldintzak kontuan hartuta legezkoa ez izan arren, ordu batzuetako arnasa behintzat eskaini zuten normalean bestelako funtzioa izaten duten espazio horiek: lasterketak egiteko erabili ziren, futbol partiduak antolatzeko… Alegia, garajeak, konfinamenduan, espazio komun gisa erabili dira Olaizolak azaldu duenez. “Eta konturatzen zara hori guztia eraikinean dagoela eta igual beste zerbaiterako erabil daitekeela. Zeren bestela, inork ez du zalantzan jartzen etxe bat saltzen dizutenetan aparkalekua pack berean doala. Eta igual zuk hori ez duzu nahi. Hor hasten dira eztabaidak: zeren modeloak dena batera saltzen dizu. Ezin duzu erdizka egin”.
Ekain Olaizola Lizarralde: "Begiratzen hasten zara eta plano asko berdin-berdinak dira. Ez dirudite etxe bera, nahiz eta ezaugarri berdinak izan. Eta konturatzen zara zure osaba bat Eibarren eta zure izeba bat Hondarribian etxe berdinean bizi direla"
Oinarri-oinarrizko problema bat bistaratzen du garajeetako espazioaren adibide horrek: etxe batean biziko den pertsonak ez duela ia ezer erabakitzen etxe hori eraikitzen ari direnean. Etxean bizi behar duen pertsonari giltza eskura eman arte, promotoreek eta lan-talde teknikoek hartzen dituzte erabaki garrantzitsuenak eta badirudi bukatutako produktuak merkaturatzea dela etxegintzaren-alorrean dagoen aukera bakarra. Horrek beste problema batzuk ere ekartzen ditu, adibidez, bizilagunak nor izango diren erabateko inkognita izan daitekeela eta eraikin berean bizi diren pertsonen arteko bizikidetza lehenagotik elkar ezagutzen ez duten pertsonen artean eraiki behar dela, haietako inork diseinatu ez duen espazio baten testuinguruan.
Bestelako eredua proposatzen du Komunitatean bizi liburuak –ARGIAk eta KoopFabrikak laster argitaratuko dute Lacol eta La Ciutat Invisiblek elkarlanean idatzitako lan hau euskaraz–. Bartzelonako Sants auzoan dagoen La Borda etxebizitza-kooperatibaren esperientziatik abiatuz, gauzak beste modu batera egiteko zenbait oinarri jartzen dituzte mahai gainean, besteak beste etxeetan bizi behar duten pertsonek horien diseinuan hasieratik nola parte har dezaketen, elkarbizitza hasi aurretik ere komunitate-harremanak bultzatuz, talde-izaera indartuz eta elkarrekin gatazkak konpontzen ikasiz.
Zeren gaur egun nagusi den ereduak joera dauka bizilagunen arteko gatazkak gertatu aurretik neutralizatzeko, eraikin batean bizi behar diren pertsonei prezio oso garestia ordainaraziz: harremanak ia zerora murriztea. Beste prezio batzuk ere, ekonomikoak, energetikoak, ingurumenarekin lotutakoak, pagatzen ditugu gaur egun. Zer zentzu dauka, adibidez, pisu bakoitzak arropa garbigailu propioa edukitzeak, zeregin hori espazio komun batean eta makina gutxiago erabiliz antolatu beharrean? Zergatik lehenesten da gaur egungo etxebizitza-ereduan otordu guztiak nork bere etxean egitea, askotan bakardadean, eguneko momentu horietako batzuk jende gehiagorekin partekatu ordez? Mota horretako galderak sortzen zaizkio Komunitatean bizi irakurtzen duenari, etxebizitzaren alorrean martxan dauden alternatiben xehetasunak ezagutu ahala.
Bartzelonan ikasi zuten Olaizolak eta Agirrek, erreferentetzat dute Kataluniako hiriburua eta aitortzen dute agian gauza batzuetarako idealizatuta ere eduki dezaketela baina, nolanahi ere, ezagutzen dituzte hango hainbat esperientzia, etxe bateko espazio komunak beste era batera antolatzen saiatu direnak besteak beste. “Egin dituzte saiakerak bakarrik gazteak jartzeko elkarrekin bizitzen. Espazio komun batzuk, problematika batzuk. Gauza bera baina bakarrik zaharrak elkartzen: beste espazio komun batzuk eta beste problematika batzuk. Zaharrak eta gazteak ere nahastu dituzte proiektu batzuetan, eta batzuek funtzionatu dute oso ongi, baina beste batzuek berriz, oso gaizki. Ez da batere erraza esatea zeintzuk diren motiboak”, esplikatu du Olaizolak. “Promozio batzuetan oso ondo moldatu dira bizilagun zaharrak gazteekin, elkarri laguntzen asmatu dutelako; eta ez da bronkarik egon garbigailua jartzeko orduan edo espazioak konpartitzean. Baina beste batzuetan bai. Eta administrazioak zalantza baldin badauka, nahiago du zero bronka, ez bi bronka eta beste denak ongi. Garrantzitsuena da gatazkarik ez sortzea. Ez dute kexarik nahi”.
Agirreren ustez “oso berde” gaude oraindik gizarte bezala espazioak logika komunitarioago batekin funtzionarazteko: “Borondatea eta etika eta... diskurtso hori denok botatzen dugu, oso erraza da, baina gero barruan ditugu logika oso markatuak, oso indibidualak, mugak non jarri galdetzera eramaten gaituztenak. Beste herrialde batzuetan indibidualismoa distantziarekin hartzen dute; hemen berriz, herri eta hirien populazio dentsitateagatik, dena dago estu-estu, eta muga horiek sortzen dira igogailu eta bi portalen arteko tarte horretan. Gatazkarako osagai onak dira”. Hala ere, Euskal Herrian une interesgarria bizitzen ari garela uste du, pixkanaka bestelako proiektuak hasi direlako agertzen, gizartearen behar berriei erantzuteko orain arte probatu gabeko formulak bilatzen dituztenak, nahiz eta oraindik dirua sartzen den momentua iristean asko bidean geratu.
Iruñean Juntura kooperatibarekin batera egindako Etxekonak proiektua jarri du horren adibide gisa Agirrek. Donibane auzoan adineko jendearentzat pentsatutako egitasmoa izan zen eta, besteak beste, bizilagunen arteko elkarguneak erraztea zen proiektuaren ideietako bat. Ez da kasualitatea bestelako planteamendu arkitektonikoek jende nagusiz osatutako kolektiboak aintzat hartzea, izan ere, Covid Study Houses proiektua sustatu duten bi arkitektoek azaldu dutenez, hemendik aurrera etxegintzan izango den erronka handienetako bat adineko pertsonak izango dira. Haiek izan dira koronabirusaren krisiaren biktima nagusienetakoak –gaian sakondu nahi duenak irakur dezake ARGIAren 2.683 zenbakiko “Agintariek eta jendarteak bideratu adinkeria agerian da koronabirusaren krisian” erreportajea–. Dela bere kabuz bizitzeko zailtasunak zeuzkan jendea etxean inkomunikatuta egon delako, dela zahar etxe askotako egoera tragikoengatik, gaia lehen lerrora etorri da, konpondu gabeko auzi asko daudela erakutsiz.
Olaizolak pausoz pauso deskribatu du goizago edo beranduago gehienok bizi beharko dugun prozesua: “Pertsona bat bizi da etxe batean eta momentu batetik aurrera ezin du berak bakarrik moldatu. Hortik oso deskribapen garbia egin dezakezu etxebizitza baten prozesuaren inguruan: egoera horretan egon eta etxeko erreforma guztiak eginda ere moldatzen ez zarenean, egoitza izaten da irtenbidea”. Erresidentzien artean denetarik egon daitekeela onartuta, arkitekto donostiarraren ustez bestelako ereduen premia geroz eta gehiago ari da nabaritzen. “Uste dut jendea kontziente dela nola jubilatu ondoren urte asko gelditzen diren oraindik; eta ari dela antolatzen edo behintzat badagoela kezka: ‘Ni ez nago ezkonduta eta bakarrik bizi naiz, eta iritsiko da momentu bat ezingo dudana bakarrik moldatu. Nola egin dezaket? Nor edukiko dut? Non aurki dezaket nire antzeko jendea?’”. Horregatik, azken hamarkadetan Babes Ofizialeko Etxebizitzekin egin diren promozio publikoen antzekoak aurreikusten ditu etorkizunean adineko jendez osatutako kolektiboentzat.
Ekain Olaizola Lizarralde: "Gaur egun nagusi den ereduan jendeak ezin du elkarrekin interakziorik izan. Etxetik irteten zara, igogailuan sartu, zure kotxea hartu eta bazoaz lanera. Egitura egina dago kotxeak sar daitezen eta zu baldintzatzen zaituzte beste guztira"
Egoera horren albo-efektu bat azpimarratu du Agirrek: “Ez dakit zenbat jende bizi den Donostiako zabalguneko etxe oso handietan bakar-bakarrik. 180 metro koadroko pisu batean bakarrik bizi den norbait beste leku batera bizitzera joaten bada, etxe horretatik bi pisu sor ditzakezu eta bakoitzean familia oso bat sartzen da. Etxebizitza politika gisa ere zentzua dauka”, adierazi du. Hori bai, adineko jendearengan pentsatuz egindako etxeetan zaintzaren logika erdigunean jartzea ezinbestekoa dela uste du. Eta giltzarria den galdera egin du: “Nola bideratzen eta laguntzen da autonomia falta zaion pertsona baten zaintza?”. Puntu horretan gauza gehiegi nahasten direla uste du Agirrek: araudiak zer dioen, eraikinaren kokalekua zein izan behar den, nolako diseinua behar duen… eta noraino iristen den administrazio publikoaren ardura; nondik aurrera duen zeresana pertsona bakoitzaren inguru familiarrak ere.
Auzi oso konplexua da, izan ere, beste herrialde batzuekin konparatuz gero, Europa hegoaldeko herrialdeetan logika familiaristak pisu handia dauka oraindik. Sarritan senideek –nagusiki emakumeek– egiten dute beste estatu batzuetan administrazioak ordaintzen duen zaintza-lana. Ñabardura bat egin du Agirrek horretan ordea: “Suediako eredua justu kontrakoa da, pertsonaren autonomia beti sustatu da eta estatuak dirua jarri du horretarako. Jendeak ez dauka familiarekiko hemen bezainbesteko dependentziarik, baina horrek ere badu beste aldea: The Swedish Theory of Love (Maitasunaren teoria suediarra) dokumentalean ikusten da jendea bakarrik hiltzen dela bere etxeetan eta ustelduta aurkitzen dutela handik denbora pila batera. Askotan logika familiaristari kritika egiten diogu, baina nik uste ez dela familiarista edo independientea kontua, baizik eta zaintza nahitaezkoa dela”. Eta familia desegiten ari denez, beste harreman mota batzuk eraiki beharko dira Agirreren arabera zaintzari erantzuteko. Arkitekturak beste harreman mota horiek eraikitzen lagun dezake.
Munduak reset botoiari sakatu zion une bati buruz hitz egin dugu LARRUN honen hasieran, ez alferrik, izan ere 2020koa historiako liburuetan agertuko da munduak birus baten aurrean stop botoia zapaldu behar izan zuen urtea bezala. Geldialdiaren ondoren gauza asko ez dira lehengora itzuli eta horien artean, konfinamenduaren esperientziak gure etxeekin daukagun harremana ere goitik behera aldatu du. Eraginik izango al du horrek etxebizitza eskubidea ulertzeko daukagun moduan? Orain arte, Euskal Herrian eskubide horretaz aritzean etxebizitzara sarbidea izan da gehien aipatu izan den gaia, gora eta gora joan diren prezioak medio, geroz eta zailagoa baita bizitzeko leku bat aurkitzea.
Jonander Agirre Mikelez: "Erraza da bezeroak sukalde eta egongelaren arteko horma botatzea, baina piezen arteko harreman desberdinak egitea ez hainbeste. Horretan ezin zara sartu. Pena da, zeren etxebizitza desarrollismoak eta Frankismoak hainbeste markatu gabe dagoen lekuetan etxea erabiltzeko modua oso desberdina da"
Baina sarbidetik harago, norberaren bizitokiaren kontzientzia sakonagoa hartzeak beste aldagai batzuk ere sartu beharko lituzke eztabaidan: hasteko, jabegoan oinarritutako eredua kolokan jarriz, haren iturburu ilunaz gain, etxebizitza bihurtu duelako etekina ateratzeko produktu bat. Erabilera lagapenaren eredua lehenetsi dute, adibidez, Bartzelonako La Bordan, Komunitatean bizi liburuak xehetasun handiz esplikatzen duen moduan. Eta jabetzaren alternatibak bilatzearekin batera, logika indibidualistak zalantzan jartzea ere izan dute euren xedeen artean.
LARRUN honetan elkarrizketatu ditugun bi arkitektoek eman dituzte etxebizitza eskubidearen kontzeptua osatzen lagun dezaketen beste aldagai batzuk ere, hala nola, etxebizitza eredu patriarkalaren alternatibak bilatzeak eta espazio komunei garrantzia emateak bestelako harreman batzuk bultza ditzakeela; eta horrek eragin positiboa izan dezakeela pertsonen zaintzan. Zahartutako gizarte batean, zeinean familia eredu tradizionala gainbehera datorren, aspektu horiek geroz eta pisu handiagoa izango dutela dirudi.
Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen inguruko debatea txikia da, hala ere. Egoera ere desberdina da Kataluniarekin edo Espainiarekin alderatuz gero: “Madrilen eta Bartzelonan etxebizitza publikoko promozio asko ez dira saltzen, ez dago erosle nahikorik. Eta hemen, ateratzen den bakoitzerako zozketa egiten da eta ezer hasi aurretik promotoreak dirua poltsikoan dauka. Guk interpretatzen dugu hori gure etxebizitza babestuak oso onak izango balira bezala, baina segur aski gure merkatua astakeria bat da”, azaldu du Olaizolak. Agirrek beste bi aldagai ere gaineratu ditu: familiak etxebizitzaren auzian jokatzen duen papera, bere ustez “oso errotuta” dagoena; eta lurralde faltak sortzen duen eskasia ere. “Dinamika askoren gurutzaketa” da, bere esanetan, gaur egungo egoera probokatu duena.
Edozein modutan, emaitza ezaguna da: Euskal Herrian ingurukoek baino askoz etxebizitza garestiagoak dauzkagu eta horren ardura ez da kanpo-eragileena bakarrik, ezta agian nagusiki ere: eskala txikiko espekulazioak, modu amateurrean egiten denak, pisu handia dauka hemengo merkatuko prezioetan, Europako beste herrialde askotan ez bezala –Berlingo alokairu parkearen zati garrantzitsu bat enpresa handien esku dago adibidez–. Etxea erosi ahal izan dutenek jabetza horri etekinak atera nahi izaten dizkiote, eta horrek egoera orokorra baldintzatzen du Euskal Herriko herri eta hiri askotan.
Covid Study Houses proiektuak gaur egungo egoeraren kontzientzia sortzea lortu du. Abiapuntu ona da beste ariketa bat planteatzeko ere: bakoitzak bere gaur egungo etxea marraztu ordez, bizitzeko nahiko lukeen etxebizitza marraztea. Zerbait diferentea imajina dezaketen pertsonek bakarrik bultza dezaketelako bizi garen lekuek hain beharrezkoa duten eraldaketa.
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Ancora elkarteak salaketa jarri du Ertzaintzan, Arte Ederren eraikinean egiten ari diren “ezkutuko obren” aurka. Izan ere, joan den irailaren 30ean, Ancorak idatzi bat erregistratu zuen udaletxean, Arte Ederren eraikineko inguratzaile babestua mailuka suntsitu zutela... [+]
Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak izateko, pedagogia hezitzaileak garatzeko behar diren espazio,... [+]
Irakaskuntzan eta ikerketa historikoan dihardu Eneko Tuduri Zubillagak (Erdialdea, 1990). Doktorea da Artearen Historian, eta Nafarroako eliza zahar batzuen horma margoetan oinarrituriko tesia idatzi zuen. Ancora elkartean ibili zen denbora batez, eta gertutik erreparatu dio... [+]
Irailaren lehenetan, hasierak, nobedadeak eta estreinaldiak: estutxe eta koaderno berria, izena emandako ikastaro edota ekintzetarako taldekideekin lehen enkontrua, aktibitate emanaldi eskaintza oparoa publizitate orrietan edonon, ikasturtearen agenda betetzeko, nork berea... [+]
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan... [+]
Hiri askotako tren geltokiek XIX. mendeko burdinazko egituraren edertasun gorena azaltzen dute, hiriaren epizentrora iristearen ongietorri goraldiarekin batera. Hirira ate nagusitik sartzea bezalakoa da, arkitektura eta toki perla bat. Hiri askotan, baina, birdentsifikazio edo... [+]
El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten... [+]
Kalearen eszena irudiz beterik dagoen leku bat bezala agertzen zaigu, hitz eta irudiz osaturik, informazio, iragarpen, publizitate eta mezuekin batera paseatzen baitugu egunero eta uneoro. Kalea euskarri fisiko boteretsua izanik, ikusezko kulturaren sustatzaile izateko, eta... [+]