Urtebete egina dute koordinatzaile karguan Idoia Trenorrek eta Jon Agirresarobek. Bertsozale Elkarteak ordura arte pertsona bakarra izan du funtzio horretan, eta lehendakari bakarra. Baina 2018an sei lehendakari izatera pasatu zen, eta ondoren koordinazioa lau eskutara eramatera. Ardurak modu "bizigarriagoan" eramatea eta egitura horizontaltzea bilatu dute horrela. Eta bi buru hauek dihardute egun elkartearen bihotzean: aspaldidanik bertako langile eta txapelketen antolatzaile izandako Jon Agirresarobe, eta feminismoan zein euskalgintzan ibilbidea duen Idoia Trenor.
Bertsozale Elkartearen zein ezaugarrik deitzen dizue arreta?
JON AGIRRESAROBE. Bertan lanean hamahiru urte aritu arren, oraindik harrituta geratzen naiz mugimenduaren bizitasunarekin. Astero dago proposamen berri bat, edo kudeatu beharreko tentsioren bat... jendea ez dago geldirik eta hori oso ona da bertsolaritzarentzat.
Bestetik, txunditzen nau ikusteak kultur proiektu bakarrean hain abiapuntu ezberdina duen jendeak hartzen duela parte: herrialdeka, adinez, edo bertsolaritza bizitzeko moduan oso diferenteak direnak kultur proiektu batean lotzen dira. Egungo gizartean, hori gauza handia da, eta momentu deseroso bat dagoen bakoitzean hori pentsatzen jartzen naiz, "honek behintzat merezi du".
IDOIA TRENOR. Nik ere bizitasuna nabarmenduko nuke: gizarte mugimendu bat da bere horretan elkartea, bertsolaritzaren barruan.
Mugimendu feministan garrantzia handia ematen zaio belaunaldi ezberdinetako kideek militantzia espazioak edo borrokak partekatzeari, eta arreta deitu dit Bertsozale Elkartean ere ematen zaion garrantziak. Bai soldatapeko langileen artean, bai lan boluntarioa egiten dutenen artean, bai bertsolarien artean, adinartekotasuna zeharlerro izateak asko aberasten du proiektua.
Bilakaera handia egin du 30 urtean Bertsozale Elkarteak eta soldatapeko langileen kopurua asko hazi da: bakarra izatetik 125 izatera (horietatik 50 ikastetxeetan bertsolaritza irakasten ari direnak). Horrek zein ondorio ditu borondatezko lanarekiko orekan?
J. AGIRRESAROBE. Elkarteak bertsolaritzarentzako erramintak sortu ditu eta horrek azken urteetan espezializazio handia eskatu digu: hezkuntzako irakasleak trebatzea, ikusentzunezkoetarako produktora oso bat garatzea, Lanku zerbitzu enpresa sortzea, Xenpelar dokumentazio zentrua... horrek ekarri du langile taldea handitzea.
Militantzia ere asko aldatu da. Elkartearen sorreran oso potentea zen, gaur egun ere 100 pertsona inguru mugitzen da elkartean, baina elkarte bateko kide izateko modua asko aldatu da.
I. TRENOR. Beti mantendu behar da oreka, hainbeste soldatapeko langile izanik eta borondatezko langileek oso modu diferenteetan parte hartzen dutenean: herrialdeetako zuzendaritzetako kideak, hau da, erabakigune nagusietakoak, borondatezko langileak dira, lehendakariak ere bai, beste borondatezko langile batzuek bertso saioak antolatzen lan egiten dute, aulkiak jarriz... Hori da erronka, elkartean parte hartu nahi dutenentzako moduko egiturak sortzea, ez soldatapeko langileen araberako egiturak, kidego guztiak parte hartzeko modukoak baizik.
J. AGIRRESAROBE. Bai, ea nola antolatu behar dugun Elkartea militantzia mota bakoitzari behar duen informazioa eta kokapena emateko. 120 langilek sortzen dituzten lan, proiektu, kezka, abiadurak nola uztartu borondatezko lanarekin? Formula zaharrek ez dute balio.
Bazkidetzek gora egin dute eta 2.500dik gora dira egun. Zein dira bazkideak lortzeko gakoak?
I. AGIRRESAROBE. Proiektuarekiko atxikimendu handia duten bazkideak dira mugimendua osatzen dutenak eta etengabeko lanaren emaitza da. Momentu zehatzetan kanpaina komunikatiboak egin dira, batez ere elkartea sortu zenean eta handik hamarkada batera, 1996. urtean. Dena den, ekintza komunikatibo zehatzez harago, atxikimendu handia sortzen du sormen lanak berak. Bestetik, mugimendu gisa uste dut asmatzen dugula proiektu edo erramintak edukitzen bertsozale mota askorentzako: gazteentzako udalekuak, Internetez bertsoak entzuteko aukera, txapelketak... ekimen horiek denek erakusten dute atzean proiektu bat dagoela. Beraz, horien artean, hau da, sormen lanak duen pisua, gizarte mugimenduak duena eta proiektu bakoitzak sortzen duen atxikimenduari esker lortzen dugu kanpaina handirik egin gabe, garai gogorretan ere bazkide gutxi galtzea eta baita pixka bat gora egitea ere.
I. TRENOR. Aipatutakoez gain, komunitate baten parte izateko aukera ematen du bazkidetzak, komunitate baten proiektua babestekoa. Uste dut bazkideen artean multzo handi bat perfil horretakoa dela.
Hiru hanka ditu elkarteak sorreratik: hezkuntza, ikerkuntza eta sustapena. Hiru hanken luzera ez da berbera, ezta?
I. TRENOR. Hiru hanken dimentsioa ez da bera, baina kontuan hartzen dugun elementuaren arabera, dimentsioa bera ezberdin baloratuko genuke. Aurrekontu edo langile askoz gehiago mugitzen ditu hezkuntzak baina horrek ez du esan nahi beste bi hankek baino garrantzia handiagoa duenik.
J. AGIRRESAROBE. Hezkuntza da zenbakitan handiena, herriz herri egin behar delako lana eta horrek eskuak eskatzen dituelako. Herrialdeetan banatuta dago ahalegin hori, dimentsio handia du eta emaitza hor dago: harrobi lana egiten du, baina ez bertsolariena bakarrik, baita bertsozaleena ere. Plazetan eta txapelketetan zenbat gazte ateratzen dira bertsotan eta zenbat gazte joaten dira entzutera? Besteak beste, transmisio lanaren ondorio da.
I. TRENOR. Bestalde, elkarteak sorreratik apustu oso irmoa egin du ikerkuntzaren parte den dokumentazio zentroa sortzen eta eusten. Krisi gogorrenetan ere eutsi egin zaio dokumentazio zentruari, horrek erakusten du hasieratik aitortu zaion estrategikotasuna, nahiz eta zenbakietan txikiagoa izan.
J. AGIRRESAROBE. Dokumentazio Zentruan duela 20 urteko langile kopuru bera dago, eta dimentsioz oso txikia da, baina gainerako proiektu guztien oinarria da: Xenpelarren daude datuak, Xenpelarren dago irakurketak egiteko materiala... ikustean jende askok harrituta esaten du "hau dena dago!", baina egun hau dena daukagu, duela 30 urte elkarteak apustu egin zuelako.
I. TRENOR. Eta sustapen alorra, berriz, birpentsatzen ari gara, COVID-19aren eraginez plaza nola dagoen ikusita.
J. AGIRRESAROBE. Bai, izan ere azken gogoeta estrategikoak eta COVID-19ak airean utzi dute elkartean beti mantendu izan den intuizioetako bat: plazari bere kasa joaten utzi behar ziola Elkarteak, hor eragin gabe. Gaur egun uste dugu plazak sustatzea ezinbestekoa izango dela, antolatzaileek bultzada bat behar dute eta baliabideak jarri beharko ditugu horretarako.
COVID-19ak zein unetan harrapatu du Bertsozale Elkartea eta zertan eragin dio gehien?
J. AGIRRESAROBE. Ondorio lazgarriena plazan izan du. Martxotik iraila arte 550 saio inguru galdu dira iraila arte (plazen %72,5). Gure plaza festari lotua dago eta jarduera sozialak murriztu diren honetan saio asko erori egin dira, baina aldi berean oso eskertuak gaude antolatzaileei: festak egin ez badira ere, askotan bertso jaialdia mantendu egin dute. Baina jendearengandik gertueneko saioak direnak, hau da, tabernetan egiten direnak, librekoak, edo otorduen bueltan egiten direnak, erabat galdu dira.
Bertsozale Elkartea bere gogoetetan hasia zegoen urtetan intuizio sendoa izan zen "plaza ez ukitu" hori kuestionatzen, elkartearen hiru zeharlerroak plazan txertatzea eta sortzaileen lan baldintzak lantzea lehentasunezko gaitzat hartzen zen. Eta COVID-19ak hau azeleratu du eta gaia gordin gordin erdigunean jarri du.
I. TRENOR. COVID-19aren ondorioz kalea hutsik dago, elkar topatzeko ez dago espaziorik, badirudi ezin dela ezer antolatu... eta horren ondorioz herri ekimenak (izan kultur elkarte, bertso eskola...) arduraren beldurra sentitzen du eta kaleko jarduera paralizatu du. Uste dut elkartearen arduretako bat dela sustapen lan horren barruan antolatzaile txikiei baliabideak ematea. Bestela, badirudi kultura mota bakarrak hartuko duela indarra: erakundeetatik edo erakunde pribatuetatik sustatzen denak. Hor erronka handia dugu, espazioak galdu ez daitezen.
J. AGIRRESAROBE. Bai, bertsolaritza anitza da eta ez dadila aniztasun hori galdu.
Lau milioi eurotik gorako aurrekontua du Bertsozale Elkarteak urtean. COVID-19ak ekarri al du ekonomikoki birplanteamendurik egin beharra?
I. TRENOR. Bai, asko hitz egin dugu honen inguruan. Herrialdeetako elkarteen, Lankuren eta Euskal Herriko Elkartearen zazpi NIFak bateratzea ekarri du, elkarrekin aurre egiteko etor daitezkeen egoerei. Bakoitza berean egon beharrean, elkarrekin pentsatu beharra ekarri digu. Elkar babestea praktikan nola egiten den lantzen ari gara, baliabide eta dirutan nola konkretatzen den. Baina tira, ariketa hori elkartean ez da berria, etengabe egiten da. Proiektuen bideragarritasuna nola lortu aztertu dugu, agian proiektu batzuk ez direlako bideragarriak, baina beste batzuk badirenez, batak bestea eusten du. Ez gaude murrizketen unean, baina horrek ez du esan nahi horretaz ere hitz egiten ez dugunik.
J. AGIRRESAROBE. Egin dugun elkartasun ariketa horrek baimendu du momentuko neurriak hartzea. Lanku ERTEan egon da, eta bertsolari batzuei babes ekonomikoa eskaintzeko kutxa ere elkartasun horretatik sortu zen, ikusten genuelako bertsolariak zirela zaurgarrienak.
COVID-19arekin kulturgintzako prekarietatea agerian geratu da. Aurre egiteko zer duzue esku artean?
J. AGIRRESAROBE. Langileok oso kontziente gara bertsolarien babesetik sustengatu dela elkartea, bai bere hasieretan eta gaur arte. Alor ekonomikoan, hiru une gako egon dira Bertsozale Elkartearen historian: lehenengo txapelketak utzi zuen etekin ekonomikotik sortu zen Elkartea, eta baziren beste aukera batzuk ere, enpresa bat sortzea adibidez, baina kultur elkarte bat sortzea erabaki zuten bertsolariek. Bigarren une gakoa 90eko hamarkadan izan zen: Euskal Telebistarekin harremana eten zen, eta plaza gehien egiten zituzten bertsolariek dirua jarri zuten elkarteari eusteko, bakoitzak egindako saioen proportzioan. Egun ere, Hitzetik Hortzera telebista saioko egile eskubideak elkarteak kudeatzen ditu eta proiektura bideratzen ditu. Hori guztia eman diote bertsolariek kolektiboki, proiektuari, txapelketek gure ekosisteman duten oinarria ahaztu gabe.
Orain lehentasunen artean dago sortzaileen lan-baldintzen gaia. Argi dugu bertsolariek ariketa kolektiboa egin behar dutela egoera irakurtzeko: gaur egun zer da bertsotan jardutea, zer sorkuntzatik bizitzea? Eta elkartearen bidez lan politikoa egin behar dugu, bertsolariek ateratako ondorioak administrazioarekin lantzeko, sorkuntzarako beharrezko diren baldintzak lortzeko.
I. TRENOR. Berehalako neurrietako bat izan da sormen kutxa: Elkarteek aurreikusi gabeko ekarpen bat egin dute, eta horrekin sortu dugu diru poltsa bat eta poltsa horretatik zati bat bideratu da bere ogibidea plaza zuten bertsolarientzat. Poltsatik beste zatia "plaza biziberritzen" proiektua martxan jartzera bideratu da: konfinamendu garaian elkartearen egoitzan grabatu ziren bertso saioek osatu zuten. Helburu bat saioak antolatzea zen, baina beste helburu bat baldintza duinetan egitea.
J. AGIRRESAROBE. Bi gauzak aldarrikatu eta praktikan jarri nahi ditugu: bertsolariak ordaina behar duela bere lanagatik, eta plazak behar direla, plazak seguruak direla.
Konfinamendu garaian Jaurlaritzako Kultura sailarekin bildu izan zen Bertsozale Elkartea. Sumatu zenuten sintoniarik?
I. TRENOR. Oso argi dago elkarrekin egin beharreko bidea badagoela. Hainbat bilera izan genituen Jaurlaritzarekin, kultur diziplina anitzetako eragile eta sortzaileekin batera, eta horren ondoren diru-laguntza batzuk atera zituen Jaurlaritzak. Baina solapatu egiten ziren Espainiako Estatuan atera ziren kultur sortzaileentzako diru-laguntzekin eta kriki-krakak izan genituen diru-laguntza zehatz horren irizpideengatik, EAEkoa eta estatuko laguntza ez zirelako osagarriak, bata edo bestea hautatu behar zuen bertsolariak. Beste gai historiko bat da autonomoetan ez dagoela "bertsolari" epigraferik, eta ondorioz, bertsolari bakoitzak epigrafe batean ematen du izena: oso gauza teknikoa da baina uste baino garrantzia handiagoa du.
J. AGIRRESAROBE. COVID-19a inprobisazio ariketa handi bat izan da guztion aldetik, eta elkarteak ere bere baliabide gutxi horiekin eragingo du, nahiz eta anekdotan geratuko den egingo duena. Baina ikusi dugu, bai kolektiboak, bai kolektiboak Jaurlaritzarekin, lan bat egin beharra dugula.
I. TRENOR. Elkarrizketa bidea zabalik egon da Jaurlaritzarekin. Nahiz eta elkarteek eta erakunde publikoek bakoitzak bere bidea egin eta bakoitzak bere ideiekin jarraitu, kultura ulertzeko moduetan eta baliabideen banaketan adostasuna lortzeaz gain, zoru komun bat bilatzeko ardura denok dugu, ahalegin bat eskatzen du egoerak.
J. AGIRRESAROBE. Bai, askotan diru-laguntzetara mugatzen gara eta askoz elkarlan eremu zabalagoa izan behar dugu, kulturaren eta sorkuntzaren egoeraz hausnartu behar dugu kultur proiektuek eta administrazioek elkarrekin. Bestalde, euskarazko kultur proiektuek elkarrekin gogoeta egiteko leku bat bilatu behar dugu, horretan eragile izan nahi luke Bertsozale Elkarteak.
I. TRENOR. 2018ko gogoeta estrategikoan apustu egin zen kulturgintzaren barruan espazio handiagoa hartzearen bila, kanpotik bertsolaritza euskalgintzarekin soilik lotu izan delako. Oso argi dago kultur diziplina bat dela eta beraz, kulturgintzan bere espazio propioa behar duela. Horren atzetik datozen galderak dira Euskal Herrian kulturaz zer ulertzen den, zein leku duen gure gizartean, euskal kulturaz zer iruditegi dagoen, zer sustatzen den eta zer ez... konfinamenduan bide bat egin da.
J. AGIRRESAROBE. Orain arte egoera soziolinguistikoari oso loturik egon denez bertsolaritza, euskalgintzako ateak ireki zaizkigu eta guk ere euskarako ateak jo izan ditugu. Orain kulturgintzako ateak ere jotzen hasi gara, eta sortzaileen prekarietatea edo plazen sustapena landu behar baditugu, ez ditugu euskarako ateetan bakarrik landu behar.
Hiru zeharlerro ditu elkarteak: lurraldetasuna, feminismoa eta belaunaldiartekotasuna. Generoaren gaian zein momentutan dago Elkartea eta zein dira hurrengo erronkak?
I. TRENOR. 2018ko gogoeta estrategikoan hainbat erronka bereizi ziren ildo feministan. Gazteen plazaratzea zen horietako bat. Azterketa soziologikoak oso garbi erakusten du 18 urtera arte nahiko parekidea dela bertso-eskoletan ibiltzen diren kideen kopurua, baina 18 urtetik 25era sekulako arrakala dagoela. Hor jarri behar da begia eta sustatzeko baliabideak eta proiektuak garatu behar dira.
Beste erronketako bat formazio prozesua da, denona: bertsolariena, antolatzaileena, elkarteko langileona... Plaza da eremu ikusgarriena eta hor eredu izan nahi dugu: elkarteak antolatutako saioetara eraman nahi ditugu guretzako praktika onak direnak, eredu izan nahi dugu eta ardura badugu horretan.
Barrura begira, parte-hartze prozesu bat daukagu martxan eta nola antolatzen garen aztertzen dugunean presentzia handia izango du begirada feministak: esaten dugunean zaintzak erdigunean jarri behar direla, edo proiektu bizigarriak egin behar direla, zertaz ari garen eztabaidatu eta definitu beharko dugu. Elkartearen egituraren barruan batzorde feminista bat sortu dugu eta 2021ean berdintasun plana egingo dugu.
Lurraldetasuna da elkartearen ezaugarria, hasieratik. Zer diozue esperientziatik?
J. AGIRRESAROBE. Bertsozale Elkartearen barruan bidaia edo eraldaketa pertsonalik handiena sortu didan gaia da. Biak dira aberatsak: lurralde bakoitzeko eta lekuan lekuko idiosinkrasia ulertzea, eta, aldi berean, proiektu orokor batean elkarri ekarpenak egitea. Bertsozale Elkartean hainbat ondorio atera dugu: beharrezko dela marko orokor bat partekatzea, eta denontzat baliagarri diren tresnak sortzea. Baina askotan egoskortu egin gara emaitza ere bera izan dadin Euskal Herri osoan, bidea ere bera izan dadila, baina gehienetan ez du balio. Proiektuak lekuko ezaugarriei erantzun behar badie, egokitu egin beharko du, baina izan dezala irakurketa bateratua, nahiz eta irakurketa horren ondorioak berdinak ez izan leku bakoitzean.
I. TRENOR. Euskal Herria ikusi eta antzematen dut marko bateratu horretan, diskurtsoetan, babesteko neurrietan edo tresnak sortzeko orduan. Baina elkartearen proiektuak oso modu diferentean lur hartzen du herrialde bakoitzean, bai bolumenean (aski da lurralde bakoitzeko bazkide kopurua ikustea), bakoitzak dituen baliabideetan eta erritmoetan.
J. AGIRRESAROBE: Hizkuntza komunitateari oso lotuta dago lurralde bakoitzean Elkarteak eta bertsolaritzak duten gorputza. Baina poza ematen du ikusteak lurralde denetan badela abaro handi-xamar bat. Orain arte asko begiratu diegu zenbakiei: zenbat bertsozale, zenbat bazkide, zenbat bertsolari, zenbat bertso eskola... orain gehiago ari gara bertsolaritza bizitzeko modu diferente bakoitza ulertzeko ahaleginean: bertso ikasle guztiak ez dira berdinak, ez dutelako atxikimendu bera ez hizkuntzarekin, ez kulturarekin, ez bertsoarekin, ez lurraldearekin edo talde dinamikekin... orain arte denei berdintsu eman diegu jaten eta orain hori ari gara garatzen guztion artean.
Belaunaldiartekotasuna da hirugarren zeharlerroa. Zein da helburua?
I. TRENOR. Hasteko, aitortza egitea orain arte elkarrekin egindako bideari. Uste dut belaunaldiartekoatsunaren ardatzetako bat transmisioa dela, baina jakintzaren transmisio hori modu oso berezian egiten da, ez batak besteari "hau horrela egiten da" esanda, praktikatik baizik, partekatzetik: bertso-eskola, oholtza edo saio osteko potea partekatzetik. Balio erantsi bat da belaunaldiartekotasuna elkartearen proiektuan, baina gero adin bakoitzak behar du bere espazio propioa ere, bere adinkideekin elkartzeko.
J. AGIRRESAROBE. Bizi zikloen kontzientzia hartu dugu, eta garrantzitsua da mugimenduak lagundu diezaiola pertsonari aurkitzen adin bakoitzean zer bilatu eta zer eman dezakeen elkartean. Oso natural egin da orain arte, baina hainbeste militantzia mota daudenean, esplizitatu ere egin behar da.
Berregituraketa urtea dugu aurten Bertsozale Elkartean: martxoan lehendakaritza taldea berritzearekin bat, koordinatzaile lanpostua sortzeko erabakia hartu zuten bazkideek Batzar Nagusian. Lanpostu horretara heldu berri da Oier Iurramendi Etxeberria (Donostia, 1990), baina ez da... [+]
Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa izango dira taldean, Batzar Nagusian bazkideek bozkatu eta onetsi ondoren.
Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.
Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapela bertsolari lapurtarrari. 180 lagun bildu dira ekainaren 3an Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Hamar bertsolari aritu dira guztira kantuan, lurraldeetako ordezkari. Eki Mateorena izan da... [+]
Maddi Soroaren "Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak" gradu amaierako lanak eta Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek taldean aurkeztutako "Bertso-eskola Zaballako... [+]
Bertso munduan egindako ageriko zein isilpeko lan handia eskertu nahi dizkio Bertsozale Elkarteak.
Irailaren 24an Getxon abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia eta abenduaren 18an Iruñean jokatuko da finala, lehen aldiz. 41 bertsolarik zazpi lurraldeetako kanporaketetan kantatuko dute eta egungo txapeldun Maialen Lujanbio Nafarroa Arenan izango dute zain... [+]
Bertsozale Elkarteak erabaki du izena aldatzea 60 urteren ondoren. Halere, ariketa berbera izango da: bertsolari guztiei gai bera eman eta bakarka kantatzea, besteak entzun gabe.
Jaietan erabiltzen den Erasotzaileak kanpora! lema nahikoa al da erasoaren egilea norbere kolektiboko kidea edota laguna denean? Emagin Elkarteak protokolo propio bat proposatu du talde barneko eraso matxistak kudeatzeko, eraldaketa eta minaren erreparazioa ardatz dituena... [+]
Sei finalista ekainaren 11n arituko dira txapela lortu nahian.
Bertsozale Elkarteak Bertsolaritza ikastetxean programaren bidez lantzen du Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ikastetxeetan bertsolaritza: 50 irakasle aritu dira ikasturte honetan, ikastetxeetarako berariaz prestatutako materialarekin gela barruetan bertsolaritza irakasten... [+]
Modu honetan, bertsolaritzak Nafarroan eragiten duen ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lanak erakundeen aitortza eta finantziazioa jasoko du lehendabizikoz.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatzeak Bertsoaroa zikloa egutegian mugitzea ekarri du. Hiriari egiten zaion bertsolaritza eskaintza orekatu nahi izan dute horrela antolatzaileek, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak. Otsailaren 10etik 24ra... [+]
Aurtengo Binakako Bertsolari Txapelketa apirilaren 17an hasiko da Izarran eta maiatzaren 22an Legutioko kiroldegian bukatuko da.
Bertsozale Elkartea sorreratik kokatzen da ESE ekonomia sozial eraldatzailearen balioetan eta oinarrietan, eta horietatik egin ditu pauso estrategiko guztiak. Aritz Zerain Miner Bertsozale Elkarteko koordinatzaile ohiak ikuspegi honetatik aztertu du elkartea eta