Ebro ibaiaren ertzean kokatuta, Torrentejo herri hustuak eta alboko Castrijo mendiko terrazek mahastien historia gorabeheratsua gordetzen dute. Berau ezagututa, ikus daiteke nola "tradizionaltzat" duguna, sarri, oso garaikideak diren joera ekonomikoetan oinarrituta eraikitzen den.
Torrentejo herri hustua (Bastida) Ebro ibaiaren ertzean kokatuta dago, Arabako Errioxa bete-betean. EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen Ikerketa-Taldeak ikerketa-proiektu arkeologikoa garatu du bertan hainbat urtez, iturri dokumentalak, indusketa arkeologikoak eta nekazaritzarako terrazen analisi sedimentologikoak uztartuz. Lan horiei esker, gaur egun abandonatuta dagoen gune hau, mende luzez botere harreman konplexuek zeharkatu zutela frogatu ahal izan da eta eskualdeko historia politiko eta ekonomikoa ulertzeko giltzarri da.
Ebro ibaiaren hegian kokatutako Castrijo mendiaren magal osoa, nabarmen, nekazaritzarako egokituta ageri da: harrizko hormaz eutsitako lur-betelanen bidez terraza mailakatuak daude eraikita. Bertako profil sedimentarioak aztertu ondoren, ikerlariek ia bi metroko sakoneran topatu dute jatorrizko lurzorua; bertako zein gaineko betelaneko arrasto organikoak erradiokarbono bidez datatu, eta terrazen eraikuntza-lanak K.o. VII. mende inguruan egin zirela ondorioztatu dute. Lan hauek ez ziren nolanahikoak izan; lan-esku eta baliabide inbertsio handia eskatu zuten, eta nekazaritza eredu konplexu baten adierazle dira. Argi dago, beraz, Goi Erdi Aroan komunitate bat egonkortu zela inguru honetan, eta honek ekintza kolektibo eta koordinaturako gaitasuna zeukala.
Emaitza horiek oso deigarriak dira eta kontrastea egiten dute mendiaren magalean, Torrentejo herrian bertan, egindako indusketa arkeologikoekin. Horien arabera, izan ere, ezin izan baita IX. mendea baino lehenagoko bizigunerik ez beste arrastorik identifikatu. Nork eraiki zituen, beraz, Castrijoko terrazak? Ikerketak ez du, oraingoz, erantzunik.
Argi dagoena da, edonola ere, Torrentejoko herria azkar garatu zela Erdi Aroan, XI. menderako zenbait eraikin monumental altxa baitzituzten bertan: jauregia izan litekeen harrizko egitura handi bat eta, honi atxikita, eliza. Elementu hauek isla dute garaiko iturri dokumentaletan ere, mende haietan Ebro harana Iruñeko erresuma egituratu zuten harreman sozial, politiko eta ekonomikoen ardatz bilakatu baitzen. Hala, 1075. urtean, Antso IV. erregeak Torrentelio herrian zituen jabetzen erdia dohaintzan eman zizkion Donemiliagako monasterioari; horien baitan zeuden, Santa Maria eliza ez ezik, landak, mahastiak, iturriak, larreak, basoak eta abar. Ondorengo urteetan, Donemiliagako monjeek arras hedatu zuten beren eragina Torrentejoren gainean, ondasun berriak erosiz edo tokiko aristokratengandik dohaintzan jasoz. XII. mendea bukatzerako, monasterioak Torrentejon zeuzkan ondasunen %38 mahastiak ziren, eta nekazaritzako espezializazio horrek azaltzen du, ziur aski, Castrijoko terrazen mantenua garai honetan. Arabar Errioxa Donemiliagako monje ardogileen eskutik txertatu zen erresumako elkartruke ekonomikoen sarean, neurri batean behintzat esportaziora bideratuta egongo zen ardogintzaren bidez.
Egoera guztiz aldatu zen Behe Erdi Aroan. Alde batetik, Araba Gaztelaren menpera pasa zen 1200. urtean, eta Ebro harana muga-lur bilakatu zen. Horren adibide da 1242an Bastidako hiribildua fundatu ondoren, inguruko herrixka guztiak hustu izana, biztanleria haren inguruan zentralizatzeko. Torrentejo ez zen salbuespena izan. Herria okupatuta zegoen oraindik 1320an, Bastidak eta Briñasek sinatutako muga-hitzarmen batean aipatuta ageri baita. Haatik, XV. eta XVI. mendeetan egindako mugarritze berrietan, haren aipamena desagertu egiten da, eta oso litekeena da ordurako herria abandonatuta egotea. Indusketa arkeologikoek ere berretsi dute herria garai horretan hustu zela. Giza okupazioaren azken zantzuak XIV. mende amaieran edo XV.aren hasieran kokatzen dira: sutondo bat eta etxebizitza baten arrastoak izan litezkeenak induskatu dira, elizatik ehun bat metrora. Hauen gainean metro eta erdiko betelana zegoen, hau ere XV. mendean datatua.
Une honetatik aurrera Torrentejoko mahastiak Bastidatik kudeatu ziren eta haien hedadura hazi ere egin zen. XVI. eta XVII. mendeetan zehar, Arabar Errioxako ardogintzako espezializazioak gora baino ez zuen egin, bere kokapen estrategikoari esker. Alde batetik, Toloño mendilerroaren hegoaldeko magalean eta Ebro ibaiaren inguruan kokatutako lurrak bereziki egokiak ziren mahatsa hazteko; klima mediterraneo leunak ere lagundu zuen. Bestetik, Arabako lurraldean egonik, bertako produktuek ez zuten muga-zergarik ordaindu behar Gasteizko edota Bilboko merkatuetan saltzeko, foru sistemari esker; eta horrek abantaila konpetitiboa eman zien Errioxa gaztelarreko produktuen aurrean.
Mahasti-laborantzaren bilakaerak goia jo zuen XIX. mendean. Garai horretan, Castrijoko terraza-sistema ere goitik behera eraldatu zen. Alde batetik, lehendik ere existitzen ziren terrazak berreraiki zituzten, metro erdiko betelan berri bat gehituz. Beste aldetik, terrazak Castrijon ordura arte ustiatu gabeko zenbait aldetara ere hedatu ziren, ia mendi osoa hartzeraino. Garai honetakoak lirateke egun bertan ikus daitezkeen euste-hormak, neurri handiko harri blokez eginak, baita han eta hemen “fosilizatuta” gelditu diren mahatsondo enbor zaharrak ere. Lur-profilen analisi sedimentologikoak erakutsi duenez, gainera, betelan horiek izaera organiko samarra dute, simaurra bezalako ongarriak erabili izanaren seinale. Badirudi, beraz, terrazak berreraiki eta toki berrietara zabaldu ez ezik, haien ustiapen eredua ere intentsifikatu egin zela. Prozesu honek, noski, kapital- eta lanesku-inbertsio handiak eskatuko zituen.
Ezaguna da XIX. mende hasieratik Arabar Errioxa osoan eman zen mahasti-monolaborantzarako joera. 1803an egindako inkesta baten arabera, Bastidako laborantza lurren %88 zegoen mahastigintzara bideratuta; gainera, aurreko urteetan 128 hektarea baso luberritu ziren, bertan mahatsa sartzeko. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak zein Arabako Foru Aldundiak ere sustatu zuten prozesu hau, Frantziako mahastigintzaren berrikuntza teknikoak inplantatuko zituzten ingeniariak kontratatuz, besteak beste.
Monolaborantzarako progresio honek etenaldi bortitza izan zuen XX. mende hasieran, filoxera-izurriaren ondorioz. Gaitzaren lehen zantzuak 1900an antzeman zituzten Araban, eta berandu gabe eskualdeko mahatsondo ia guztiei eragin zien. Hala eta guztiz ere, badirudi errekuperazioa ere azkarra izan zela, izurriarekiko erresistentzia zeukaten barietate amerikarren oinetan Europako mahatsondoak txertatzen hasi zirenean. 1925ean Errioxako Jatorri-Deitura Babestua sortu zen, eta ordutik eskualde osoko ardogintza upategi espezializatuen esku gelditu da; hauek teknifikazio gero eta handiagoa sustatu dute ardo-ekoizpenean, eta ia osoki esportaziora bideratu dute. Egun lantzen diren mahats barietate guztiak eta lurraren erabilera moldeak berrikuntza horien emaitza dira.
Torrentejon aztertutako lur profilek argi eta garbi erakusten dute azken fase honetan eman den intentsifikazioa. Lursail terrazatuen gainazalak, izan ere, kloro kontzentrazio handiak ditu, eta hori konposatu organokloratuak dauzkaten pestizidak edo herbizidak erabili izanaren zantzua izan liteke. Nitrogeno kontzentrazioak ere altuak dira, ongarri organikoak botatzearen ondorioz.
Era honetan, Arabar Errioxako mahasti-paisaiaren erroak Erdi Aroan baldin badaude ere, esan daiteke bere egungo egitura Aro Berriko espezializazio prozesuaren emaitza dela: ardogintza industrialera bideratutako monolaborantza hedadura zabalak, eskala handiko ongarritze eta tratamendu-praktika estandarizatuetan oinarrituta. Paradoxa dirudien arren, paisaia moderno hau da, hain zuzen ere, tokiko garapen agentziek “tradizional” gisa sustatu ohi duten eredua, bai ardoa bere jatorri geografikoaren arabera bereizteko labelak zehaztuz ―azken hilabeteetan hautsak harrotu ditu Basque Wine marka bereizgarria sortzeko Eusko Jaurlaritzaren proposamenak―, baita enoturismoa bezalako jarduera gehigarrien bidez ere. Azken arlo honetan, Arabako Errioxako Mahastien Paisaia Kulturala UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatzeko proiektuak aurrera egin ez badu ere, ekimena bera aski adierazgarria da ikusteko nola "tradizionala"ren nozioak eta tradizio horiei lotutako identitate kulturalak, sarri, oso garaikideak diren joera ekonomikoetan oinarrituta eraikitzen diren.
Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]
2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean etxean geratzeko aukera izan nuen, eta ordu arteko guztia, nolabait, apurtu egin... [+]
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]
Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu ditut apirilean, sasoitu naiz, bizitzan proiektu berriei heltzeko konfiantzaz, indarrez, sormen eta... [+]
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.
Duela lau urte abiatu zuten Azpeitian Enkarguk proiektua, Udalaren, Urkome Landa Garapen Elkartearen eta Azpeitiako eta Gipuzkoako merkatari txikien elkarteen artean. “Orain proiektua bigarren fasera eraman dugu, eta Azkoitian sortu dugu antzeko egitasmoa, bere izenarekin:... [+]
Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]
Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak 25º12’S 46º31’E dira; inguruan 11 krater satelite ditu. Akizen jaiotako Jean Charles Borda de... [+]
Donostiako Amara auzoko Izko ileapaindegi ekologikoak 40 urte bete berri ditu. Familia-enpresa txikia da, eta hasieratik izan zuten sortzaileek ile-apainketan erabiltzen ziren produktuekiko kezka. “Erabiltzaileen azalarentzat oso bortzitzak dira produktu gehienak, baina... [+]