Euskal Herriko agroekologia mugimenduak eta ARGIAk kamiseta organikoak atera dituzte elkarlanean (erosteko aukera hemen). Aldizkari honen irakurleok barneratua dugu bertakoa, garaikoa eta ahal dela ekologikoa jan behar dela, baina eragile anitz hauek entzunda, konturatzen gara beste galdera hau egin behar dugula elikagai bakoitza hautatzerakoan: nola dago egina? Horrela, jatea egunero hiru bider egiten dugun iraultza bihur dezakegu. Herri gisa burujabetza, ingurumena, osasuna eta justizia soziala indartzen ditugu hozkada bakoitzean. Eta plazeretik gainera. Bada ordua herritarrok osasuntsu elikatzeko eta jaten duguna zer den jakiteko ditugun eskubideak berreskuratzeko.
Uda hasierako arratsalde bero batez elkartu gara Etxarrin agroekologian ari diren eragile anitz hauekin: badira baratzea lantzen dutenak, produktu freskoak edo transformatutakoak saltzen dituztenak; badira abeltzainak; kontsumitzaileekin eta eragileekin elkartuta tokiko garapena bultzatzen duten proiektuak; udal teknikariak; elkarteetako kideak... Denak agroekologian ari direnak. "Agroekologia" hitza agian ez zaio ezaguna egingo ARGIAko irakurleari, baina mamia bai: komunikabide hau jorratzen ari den balio berak ari dira lantzen laborantzatik, eguneroko praktikan.
"Niri ekoizteak askatasun bat ematen dit. Ez dut ulertzen herri aske bat, bere elikagaiak ekoitzi ezin dituena. Osasunarekin horren falta nabari dut orain: geneukan jakintza kendu digute eta pribatizatu, eta egun medikuarengana ez bazara joaten, ezin zara zure osasunaren burujabe izan"
Bego Goikoetxea
Konfinamenduak elikaduran ekarritako mugimenduak atera dituzte berehala mahai-gainera. Honela deskribatu du Leitzako nekazaria eta Etxalde baserritar mugimenduko kide den Gotzone Sestorainek bere bailaran sumatu duena: "Lehen ere deus kuestionatzen ez zuenak, jarraitzen du deus ere kuestionatu gabe. Baina bada jende multzo kozkor bat, alderantziz gertatu zaiona: supermerkatuekin deskonfiantza erabatekoa hartu du eta baserriko produktu bila dabil". Josebe Blanco artzaina da eta EHKOlektiboko kidea eta konfinamendu garaian Espainiako Gobernuak hartutako bi erabaki politiko azpimarratu ditu: "Bata, baratzeetara joateko debeku hura. Eta bestea, azoken itxiera. Hor, herritar askok planto egin zuen, bizitzara lotzen gaituena ukitu zutelako debekuek: lurra. Janaria lantzea ukatu ziguten, orain arnasa eta elkartzea bezala!". Baratzezaina eta Biolur elkarteko kide den Aitzol Iturbek jarraitu dio hariari: "Bizitzeko benetan behar ditugun gauzak ukatu dizkigute, eta txorakeriak ez". Blanco: "Mozkortzera joateko aukera baduzu, libre zara!". Baina abeltzaina eta Bizilurreko kide den Bego Goikoetxeak azaldu du berari zerk ematen dion benetako askatasuna: "Niri ekoizteak askatasun bat ematen dit. Ez dut ulertzen herri aske bat, bere beharrak ase ezin dituena, bere elikagaiak ekoitzi ezin dituena. Transgenikoekin, hori guztia pribatizatzen ari dira eta gure lanean gero eta dependienteago gara: kimiken dependiente, hazien dependiente, makinaria dependiente... osasunarekin horren falta nabari dut orain: ni izatea nire osasunaren burujabe. Elikagaiak ekoizten badakit, baina osasunean ez, geneukan jakintza kendu digute eta pribatizatu, eta egun medikuarengana ez bazara joaten, ezin zara zure osasunaren burujabe izan". Josetxo Lukas baratzezaina da eta Baserria XXIeko kidea eta gogoratu du mugak itxi zirenean agerian geratu zela elikadura burujabetzaren garrantzia, "baina komunikabide ia denek elikadura eredu bakarrari egiten diote jarraipena". Blancok komunikabideen egun haietako mezua gogoratu du: "Lasai, apalategiak bete egingo dira eta kamioilariek aukera dute etortzeko! Herritar batzuk ahotsa altxatzen hasi zirenean, komunikabideek orduan esan zuten: 'Kontxo, bertan ere janaria badago! ez dugu trailerrik behar!'". Artzaina eta Biolurreko kidea den Lur Pagoagak salatu du EAEn iragan diren hauteskundeetan alderdi politikoek ez diotela elikadura burujabetzari duen garrantzirik eman: "Etxeetara bidalitako esku-orrietan alderdi bakarrak aipatu du nekazaritza, Voxek!".
ARGIA kazetaritzaren bidez saiatzen da elikadura burujabetza bultzatzen, eta konfinamendu garaian zerbait gehiago egin nahirik, agroekologia mugimenduarekin harremanetan jarri zen, elkarrekin kamisetak ateratzeko asmoz. %100 kotoi organikoz eginak dira, ukimenera oso goxoak, Maitane Gartziandiaren diseinua daramate eta kolore oso bereziak dituzte, baina mezua da bere balio nagusia: Lurra defendatzeko eta zaintzeko herriari dei egitea, agroekologia mugimendua bultzatuz.
Goikoetxeak dio nekazaria dela "eta kito", amorratzen duela "agroekologiko" hitza erabili beharrak: "Zergatik ez zaie besteei industrial deitzen? Gu saiatzen gara jakinduria bat mantentzen, praktikatzen eta hobetzen. Beraiek dira ekoizteko modua aldatu dutenak eta beraz, beste izen bat behar dutenak". Blanco: "Gainera euren burua ez dute industrial gisa izendatzen, 'konbentzional' baizik!". Goikoetxea: "Betikoa balitz bezala! Betikoa gurea da!".
Mugimendu agroekologikoko Ipar Euskal Herriko kideek ez dute hitzordu honetara etortzerik izan. Baina Sestorainek oso gogoan du hauen ekarpena: "Iparraldean oso ongi definitzen dute, 'laborantza herrikoia'. Betidanik egon diren nekazari eta abeltzainen jakintza horri eusten eta beste jakintza batzuekin osatzen saiatzen gara. Agroekologia ikasketa prozesu bat baita, inoiz amaitzen ez dena".
"Agroekologiak aukera eman digu ikuspegia zabaltzeko eta sistema modu integralean ulertzeko: agroekologiaren parte da ekoizpena, elikadura eredu bat, eredu energetiko bat... Beraz, marko teoriko horrek balio digu ikusteko nolako proiektuak eta nolako garapena nahi ditugun gure herriarentzat"
Marijo Imaz
Marijo Imaz ekoizle izateaz gain Urduñako udal teknikaria da, eta agroekologia bere lanerako oso baliagarri zaion marko teoriko bat dela azaldu du: "Agroekologiak aukera eman digu ikuspegia zabaltzeko eta sistema modu integralean ulertzeko: agroekologiaren parte da ekoizpena, elikadura eredu bat, eredu energetiko bat... marko horrek ulertzen du izaki bizidun guztiok ekosistemaren parte garela eta limiteak jartzen ditu, koherentzia ematen dio trantsizioari. Beraz, marko teoriko horrek balio digu ikusteko nolako proiektuak eta nolako garapena nahi ditugun gure herriarentzat. Norabidea elikadura burujabetza eta beste burujabetza batzuk (energia, etxebizitza, zaintza...) dira, horrantz jo nahi dugu". Arabako Ekoizle Ekologikoen Elkarteko kide den Xabi Zendegik zehaztu du agroekologiak hiru esparru batzen dituela, "ingurugiroa, elikadura eta osasuna eta hirugarrenik, gizartea". Beti aurrerago egin daitekeen bide bat dela nabarmendu du, "beti edukiko baituzu beste esparruren bat aurrerago joateko". Koldo Rey Bioaraba elkarteko koordinatzailea da eta berak azaldu du zein erramintaren bidez ebaluatzen duen nekazariak bere burua agroekologian: "Margarita moduko bat erabiltzen dugu, hainbat eremu ebaluatzeko balio duena, eta bakoitzak ikusten du non dagoen eremu bakoitzean. Horrela, bakoitzak une horretako bere argazkia egin, eta ikus dezake dituen baliabideekin zer eremu hobetu dezakeen. Proiektu bakoitzak ikusi behar du zeri ematen dion garrantzia. Horregatik, burujabe izatea beharrezko da, noruntz aldatu erabaki ahal izateko". Iturbek azaldu du hain justu agroekologiak burujabetzetarantz eramaten dituela nekazariak: "Prozesu bat da, nekazaria gero eta autonomoago, burujabeago egiten duena. Gero eta petrolio gutxiago, gero eta insumo edo ekoizpenerako kanpotik sartzen ditugun produktu gutxiago, gero eta hondakin gutxiago, gero eta inpaktu hobea ingurunean, gero eta lur gutxiagorekin jende gehiago mantentzea... gero eta, gero eta, gero eta...". Lorentxo Sarratea artzaina da eta Baztango Zaporeak elkarteko kidea, eta abiapuntura itzuli du gaia: "Horiek guztiak egiten ziren lehenago, nekazari izenarekin!". Iturbe: "Ba bai. Baina agroekologia hitza atera zuen Via Campesina mugimenduak, ikusi zuelako 'nekazaritza ekologikoa'ren terminoa jada manipulatzen ari zirela. Ea beste hau ez duten lapurtzen! Lehengora bueltako prozesuari ipintzen zaion izena da".
Josebe Blancok azaldu du betiko nekazariak desagertzeko mehatxuaren aurrean sortu zela Euskal Herri osoko ekoizleak eta herritarrak biltzen dituen EHKOlektiboa: "Duela 12 bat urte Iparraldeko baserritar askok, Hegoaldera deia egin zuten kezka hau zabaltzeko: 'Agroindustriak jan egingo gaitu! Nekazari ekologiko txikiak kondenatuak gara desagertzera'"
Blancok azaldu du betiko nekazariak desagertzeko mehatxuaren aurrean sortu zela Euskal Herri osoko ekoizleak eta herritarrak biltzen dituen EHKOlektiboa: "Duela 12 bat urte Iparraldeko baserritar askok, Hegoaldera deia egin zuten kezka hau zabaltzeko: 'Agroindustriak jan egingo gaitu! Nekazari ekologiko txikiak kondenatuak gara desagertzera'. EHKOlektiboan, baserritar eta herritarrak hasi ziren agroekologiak bere barne hartu beharko lituzkeen irizpide edo kontzeptu batzuk finkatzen: ekologikoa izan behar zuela, gertukoa, baserritarren eta herritarren autonomia bermatu behar zuen... Gainera, pertsonen neurriko baserriak eta jarduerak behar ziren izan, eta ez makinen neurrikoak, horrek ere gure autonomian galera eta petrolioarekiko menpekotasuna dakarrelako. Hastapen horretan ikusi genuen nekazaritzak lotura behar zuela herriarekin. Herria aldatzeko eta trinkotzeko gaitasuna izan behar zuela, ezin zela izan herritik aparte zegoen jarduera. Genero ikuspegia ere kontuan hartzen dugu, eta behar bada baratzegintzan gauzak hobeto daude, baina abeltzaintzan emakumeok aparte geratu ginen, makinak eta traktoreak sartu zirenean. Arrazakeriaren gaia, lan baldintzak... izan ere, agroekologikoa al da langile bat 12-14 orduz lanean edukitzea, 300-400 euro ordainduta? Hartzen ditugun langileek gure baldintza berak izan behar dituzte, nahiz eta gure baldintzak ez diren munduko onenak. Eta zuzeneko harremana eta gardentasuna bultzatzen ditugu: herritarrak eskubidea du zer jaten ari den jakiteko".
Sestorainen aburuz nekazarien lehen helburua herritarrak elikagai sanoz elikatzea da: "Elikagai osasuntsuak jarri behar dira erdigunean, horrek lotzen gaitu herritarrak eta baserritarrak". Blancok osasunaren ikuspegi kolektiboa landu behar dela ohartarazi du: "Bada hor kontraesan bat. Osasunarentzat ekologiko erosten duena, batzuetan bere gorputzarentzat ari da osasungarri erosten, baina ez bere herriarentzat. Helburua hain indibiduala bada, buka dezake Patagoniako sagarra janaz. Behar bada bere gorputzarentzat sanoa da, baina ez bere herriarentzat eta munduarentzat".
"Agroekologiak ekoizlearen eta kontsumitzailearen interes komuna bilatzen du. Nekazaritza industriala pentsatuta dago dirua ateratzeko, eta berdin dio nola: berdin dio lurra kutsatzea, lurrak eta baliabideak xurgatzea edo langileak esplotatzea"
Gotzone Sestorain
Imazek ere uste du elikadura dela erdian jarri beharrekoa, horrek batzen dituelako ekoizleak eta herritarrak: "Urduñan narratiba aldaketa horrek batu gintuen ekoizleak eta herritarrak, aurretik gure artean etena zegoelako. Baserritarrak, kontsumitzaileak, komertzio txikiak... horiek denak dira tokiko ekonomiaren parte, eta elikadurak batzen gaitu guztiok. Norberak ikusten du elikadura sisteman bere tokia zein den, eta bakoitzak gure lekutik elikaduraren bidez zentzua ematen diogu sistema osoari. Alde batetik baserritarrez hitz egiteak eta bestetik kontsumitzaileez, horrek banatu egiten gaitu eta sistemak hori nahi du, banatzea, indarra galtzeko". Interes komuna azpimarratu du Sestorainek: "Agroekologiak ekoizlearen eta kontsumitzailearen interes komuna bilatzen du. Nekazaritza industriala pentsatuta dago dirua ateratzeko, eta berdin dio nola: berdin dio lurra kutsatzea, lurrak eta baliabideak xurgatzea edo langileak esplotatzea. Hori Nafarroako Erriberan oso garbi ikusten da. Agroekologiak ez du bakarrik zaintzen nekazariak biziraun behar duela, baita ere zaintzen du nekazari horrek egiten duenak herritarraren zerbitzura egon behar duela".
Lukasek mahai gainera atera du zein garrantzitsua den momentu honetan lurraren zaintza eta nekazari agroekologikoek horretan betetzen duten papera. Blancok azaldu du lurra zaintzearekin zuzenki lotuta dagoela bertako arrazak eta barietateak lantzea: "Zeren horrek ziurtatzen du zu zarela lur horietara moldatzen dena, ez duzula lurra behartuko zuk nahi duzuna lantzeko. Agroekologian dabilen nekazariak bere lurraren ezaugarriak ezagutzen ditu, errespetatzen ditu eta horietara moldatzen da. Ez alderantziz".
"Animatzen ditut herritarrak, erakunde publikoek espekulatzeko dituzten terrenoak nekazaritzarako okupatzera"
Josetxo Lukas
Sarrateak lurraren balioa desbideratu dela salatu du: "Lurra beti izan da janaria lortzeko: zenbat eta lur gehiago, janari gehiago... Baina orain lur horrek industriarentzako balioa galdu du, gainera jada janaria lortu daiteke lurrik gabe, eta lurra soilik erabiltzen da autopistak egiteko...". Lukasek jarri dio hitza: "Espekulatzeko". Iturbek zehaztapen hau gehitu die: "Beste nonbaiteko lurretik ateratzen da dena, e! Hemen lurrik gabe ekoizten dituzten tomate hidroponikoei ureztapen bidez sartzen dizkiete 'elikagaiak'. Bada, landareei ematen zaizkien elikagai horiek ere nonbaiteko lurretik ateratzen dira". Lukas: "Bai, baina gure lurrak espekulatzeko dira. Nekazal lurrik emankorrenak birkalifikatzen dituzte eta prozesu horretan aberasten dira". Horregatik okupazioaren aldeko aldarria egin du: "Guk okupatuta lortu genituen gure lurrak. Hutsik zegoen Gipuzkoako Foru Aldundiaren baserri bat eta lur eremua okupatu genituen, Gaintxurizketan egin nahi zuten plataforma logistikoaren aurka egiteko. Denbora gutxi eman genuen okupazioan, lur horiek eta baserria lur funtsan sartzea proposatu zigutelako eta onartu egin genuen, lortutzat eman genuelako gure helburua, lur horiek nekazaritzarako bideratzea: 'Guk irabazten ez badugu, gutxienez beste nekazari batek irabaziko du', pentsatu genuen. Zorionez, guk irabazi genuen esleipena. Animatzen ditut herritarrak, erakunde publikoek espekulatzeko dituzten terrenoak nekazaritzarako okupatzera".
"Supermerkatuko ikurriña hori hutsik dago. Erosleak ez daki apalategi horretan dagoena nola egin den, zer eredu bultzatzen ari den..."
Josebe Blanco
Supermerkatura joaten bagara, herritarrok batzuetan kontzientzia ariketa eginez aritzen gara ikurriñadun apalategien bila, bertan ekoiztutako jakiak hautatzeko. Baina zer dago erosketa horren atzean? Blanco: "Supermerkatuek baserriaren iruditegi osoa lapurtu dute, eta Caritasen pare jartzen dira: 'Gure baserritarrei lagundu nahi badiezu, etorri gure supermerkatura'. Eta ikurriña hori hutsik dago. Erosleak ez daki apalategi horretan dagoena nola egin den, zer eredu bultzatzen ari den... herritarrak ikurriñadun produktua erosten duenean, ustez ez du robotdun agroindustriako produktu bat erosten, ez Txinatik ekarritakoa, herritarrak guk egiten duguna erosi nahi du". Sestorain: "Horregatik, supermerkatuek guk egindako lana aprobetxatzen dute. Iruzurra da. Eta larriena da, jendea borondate onenarekin doala hori erostera".
Zendegik salatu du kontsumitzaileak nahastea estrategia zehatza dela, "ez dezan jakin zer kontsumitzen duen. Lurrik ukitu ez duten tomateak kartoizko bilgarrian emango dizkizute, itxura naturala izan dezaten. Eta Araban eginikoak direnez 0 km dira, 'natur' hitza jarriko diote... ondoan bi metroko argazki bat agertuko da, baserritar batena, bere tomatea eskuan". Marketinga edo itxura ez datorrela edukiarekin bat salatu dute denek. Baina Sarrateak ohartarazi du nekazariengan ere badagoela hori galerazteko aukera: "Ni artzaina naiz baina baditut euskal txerriak ere, eta Iparraldeko txerri ekoizleek filosofia bat zaintzen dute: beren produktua ez da egundaino supermerkatu batean salduko. Esaten dute: kalitatezko haragia erosi nahi duenak etorri beharko du denda txiki batera edo ekoizlearengana. Hori da gure bekatua, gure produktua supermerkatuetan sartu dugu. Eta ondorioz, gure irudia ere han dago. Aski da supermerkatuko hamar produktutatik bakarra izatea baserrikoa, irudi osoa eskuratzeko. Gure produktua ezingo balute inondik inora harrapatu supermerkatuetan, aldatu egingo zen gauza".
"0 km bertakoaren sinonimo da, baina material hori nondik dator? Lehengai dena kanpotik ekartzen dute, eta hemen egiten dena elikagaia sortzearen pauso bat bakarrik da"
Aitzol Iturbe
0 km kontzeptuaren desitxuraketa ere salatu dute. Iturbe: "0 km bertakoaren sinonimo da, baina material hori nondik dator? Lehengai dena kanpotik ekartzen dute, eta hemen egiten dena elikagaia sortzearen pauso bat bakarrik da". Zendegi: "Gainera 0 km batzuetan da EAE, bestetan Araba, bestetan Euskal Herria, bestetan Espainia...". Blanco: "Bildotsa atzerrian jaio da, beste leku batean hazi da, baina etiketan haren erreferentzia da non hiltzen den. Eta beti jarriko dute 'producto de España'. Gaztatan ere, legeak dio esnearen jatorriari 'producto de España' jarri behar diodala, baina zer España, Granadakoa al da bada? Ez, nire etxeko esnea da! Dena da jatorriari buruzko informazioa lausotzea". Lausotze horren ondorioz, Imazek azpimarratu du kontsumitzaileok produktuen ezagutza oso txikia daukagula, "eta gaur egun erosten jakiteko asko jakin behar da! Araudiaren inguruan, ekoizpen eredu ezberdinei buruz... pertsona batek Euskolabel tomatea ikusten du eta ez zaio burutik pasa ere egiten hidroponikoa izan daitekeenik! Baina beti izan da hidroponikoa e, ez da oraingo kontua! Baina iragarkietan lurra ikusten da eta tomate landarea". Reyk argi du: "Ekoizleekin harreman zuzena izanik apurtzen da ezjakintasuna. Saldu diguten mezua da erosleok inteligenteenak garela eta erabaki guztiak hartzeko gai garela, marrazki sinpleekin informazioa jasota, baina ezjakin hutsak bihurtu gara. Umiltasun pixka bat etortzen zaigunean eta parean dugun ekoizleari entzuten hasten garenean, argitasun pixka bat sartu ahalko da zirrikitu horretatik". Zendegi: "Herritarrek elikaduraren kultura berreskuratzea beharrezko da".
Sestorainek azaldu du COVID-19aren itxialdian hobekien eutsi dioten baserriak izan direla kopuru txikitan zuzeneko salmenta egiten dutenak eta inguruko jendeari saltzen diotenak: "Txikiak dira benetan aukera dutenak bizirauteko, beste kozkorrak larri eta estu ibiliko dira". Lukasek gehitu du sare lana gakoa izan dela: "Igeldoko esne ekoizle bat gerturatu zitzaigun: bat-batean itxi ziren jatetxeak eta bere ohiko banatzeko guneak. 'Esnearekin zer egingo dut?', horixe zen bere galdera. Gure banaketa sarea baliatu zuen eta oso eskertua zegoen eta sarean jarraitzea erabaki du, COVIDarekin gertatu dena ikusita". Imaz: "Bai, sare horrek ematen dio baserri eredu honi erresilientzia. Gutxieneko dibertsifikazioa duenak, egoera berrietan aurkitu du saltzeko bere bidea. Aldiz, asko ekoizten duenak eta salmenta ia osoa toki bakarrera bideratuta duenak...".
"Eredu agroekologikoa ez dago barneratuta diru-laguntzen irizpideetan. Aldundiak ekoizpena soilik hartzen du kontuan diru-laguntzarako. Beraz, asko ekoiztera bultzatzen dute eta asko ekoizten duenak ez du txikitasunak ematen duen aukerarik, transformatzeko eta komertzializatzeko. Beraz, agroekologikoan ari den askok ez du diru-laguntzarik txikiena ere jasotzen, ez delako irizpide horietan sartzen"
Marijo Imaz
Blancok adierazi du beti haize-kontra ari beharraren nekea: "COVID bezalako egoera batean, ixten lehenengoak azokak dira. Denda txikiei traba ikaragarriak jartzen zaizkie. Baserritarrok banaketa egin behar badugu, isunetik libratzeko nahiko lan... aldiz, handi horiek egonkorrak dira, eta euren azpiegitura oso sustraituta dago, ez dira haize kolpe batekin erortzen, gu aldiz bai". Rey ez dago ados: "Zuek ez zarete erortzen, botatzen zaituztete! Eta haiek ez daude tinko, mantentzen dituzte! Agroindustriaren eta banaketa handiaren oinak buztinezkoak dira baina politika eta diru publikoen bidez mantentzen dituzte". Iturbe: "Sistema kapitalistaren aurka ari garen ekimen guztioi berdin gertatzen zaigu, hor aritzen gara prekarioan dena ematen, eta besteek, dirua jartzen dute jarri behar den lekuan, armadak ere badituzte... eta aurrera". Gaineratu du nekazariak ez zirela berez eredu industrialean erori, politika jakin batek bideratu zuela nekazarien gehiengoa horretara: "Hegoaldean 1990 inguruan hasi zen administrazioa eredu hori indar handiz bultzatzen, industrialera aldatzen ziren baserritarrei diru publikoa emanda eta burua berotuta. Batzuk bide hori jarraitu zuten, ekoizpena handituz eta etxaldeak intentsifikatuz, ohiko lan molde eta salmenta bideak utzita; beste askok jarduera utzi zuten, aldaketa hori egin nahi ez eta babesik gabe gelditu zirelako; eta berrikuntzak berrikuntza lehengo ereduan terko jarraitu zutenek gorriak ikusita eta inongo babesik gabe eutsi diote. Orain egonkorren daudenak direla esango nuke! Beste proiektu asko gerora hasi gara, eta prekarietatea nabaria da 'hutsetik' hasitako proiektuotan".
Erakundeek gaur egun ere eredu industriala bultzatzen jarraitzen dutela azaldu du Iturbek, diru-laguntzen irizpideen bidez: "Kantitatea saritzen da, tamaina. Inbertsioa pagatzen da eta ez lan moldea... Traktore berrien %40 ordaintzen dute, lehengoarekin moldatzen bazara, diru gutxiago jasoko duzu". Nerea Biana Sakanako Garapen Agentziako teknikaria da eta zera gehitu du: "Gainera bigarren eskuko traktorea erostea ez da diruz laguntzen, berria izan behar da". Blancok azaldu du monolaborantza bultzatzen dela eta ez dibertsifikazioa: "Gipuzkoako Aldundiaren irizpideen arabera, arditan diru-laguntza bat jasotzeko gutxienez 100 ardi eta 40 ahuntz eduki behar dituzu. Zergatik ez 60 ardi eta 10 ahuntz, eta zortzi behi, eta baratze pusketa, eta...? Enbutu sistema horrek bere lana egiten du, eta egun geratzen gara behitegi handiak, 500-1.000 buruko artaldeak...". Imaz: "Eredu agroekologikoa ez dago barneratuta beraien irizpideetan. Aldundiek ekoizpena sustatzen dute, baina nekazariak ekoiztu, transformatu eta komertzializatu nahi badu alferrik da, Aldundiak ekoizpena soilik hartzen du kontuan diru-laguntzarako. Beraz, asko ekoiztera bultzatzen dute eta asko ekoizten duenak ez du txikitasunak ematen duen aukerarik, transformatzeko eta komertzializatzeko. Beraz, agroekologikoan ari den askok ez du diru-laguntzarik txikiena ere jasotzen, ez delako irizpide horietan sartzen. Azkenean, bere kabuz lantxoak egiten dituzte nekazariek diru-iturriak izateko eta bere etorkizuneko proiektu horretan inbertitzeko. Asko bide horretan aurrera ateratzen dira, baina beste asko ez".
"Baserritar batek jarduera uzten duenean askotan lur horiek lehendik finkatutako beste baserritar baten esku geratzen dira. Udalek eta tokiko baserritar sareek gaiari heldu beharko genioke horrelakorik ez dadin gertatu. Eta lan egin, batez ere, nekazaritzan sartu nahi duten gazte horiei begira"
Gotzone Sestorain
Blancok planteatu du arazoa: "Pentsa herritar denek elikadura burujabetzara jauzi egiten dutela: ez dakit Euskal Herriko nekazari sistemak gaitasunik baduen balizko eskaera horri erantzuteko". Sarrateak argi du: "Baserritar gehiago behar dugu". Gazteak nekazaritzan instalatzeko arazo nagusia lurra eskuratzea da. Sestorainek azaldu du zergatik zaien zaila gazteei lurra eskuratzea: "Nafarroan lurra egon badago, baina baserritar batek jarduera uzten duenean askotan lur horiek lehendik finkatutako beste baserritar baten esku geratzen dira. Udalek eta tokiko baserritar sareek gaiari heldu beharko genioke: erne egon eta eskua sartzen hasi behar dugu horrelakorik ez dadin gertatu. Eta lan egin, batez ere, nekazaritzan sartu nahi duten gazte horiei begira".
Lukasek Lurzaindiak Iparraldean egiten duen lana azpimarratu du, "gazteak instalatzeaz eta espekulazioari aurka egiteaz arduratzen baita. Hegoaldean txikitik hasi gaitezke tokian tokiko eragileak, prest dauden udalekin". Imazek ere tokiko administrazioan jarri du indarra, "horiek direlako herritarrengandik, lurretik eta herritik hurbilen daudenak. Batzuetan udalek gauzak egin nahi dituzte, baina ez dute jakiten nola, eta ideiak behar dituzte, eta nekazariek aportatu ditzakete ideia horiek. Udalak duintasuna irabazi behar du, badirudi goiko administrazioek balio handiagoa dutela, eta kontziente izan behar du bere esku ere badela egiteko ahal handia, badituela bere erramintak. Eta oso garrantzitsua da beste udalekin saretzea, zerotik hasi beharrean beste udalen lana ezagutzeko". Elikadurari dagokion garrantzia emateko deia egin du: "Herriak ulertu behar du elikadura interes orokorra dela". Lukasek tokian tokiko udala, nekazariak eta herritarrak batuko lituzketen agroekologia mahaiak sortzearen beharra azpimarratu du.
Bidean lagunak eta borrokak batzen doazenaren pozaz agurtu dugu elkar, kamiseta berriak soinean.
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
EHNE Bizkaiak bultzatutako azterketaren emaitzek baieztatu dute eredu agroekologikoan ekoiztuak diren tomateek berotegi efektuko gasen isurketan, eta batez ere energia kontsumoan, inpaktu txikiagoa dutela eredu agroindustrialean ekoiztuak diren tomateekin alderatuta. Honetan,... [+]
Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua sortu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute publikoki... [+]
Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.
Hitzordua Noaingo Zentzumenen Parkean izango da. Herritarrak eta ekoizleak elikagai ekologikoen inguruan biltzeko Nafarroako topagune handiena da azoka. Bederatzigarren edizioa da aurtengoa eta laugarren urtez jarraian Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da.
Bigarren urtez segidan hartu du Habelarte baserritarren elkarteak Leitzako festetan, Gaztetxean, afariak emateko ardura. Nafarroako Mendialdeko ekoizle agroekologikoen produktuekin osatu dute eguneroko eskaintza, eta ehunka lagun pasatu dira abuztuaren 10etik 14ra haien... [+]
Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik herritarrak animatu dituzte azoketan erostera eta ekoizleak gertutik ezagutzera. Uztailaren 29an Zigoitian izango dira, eta abuztuaren 23an, Zarautzen. Urriaren 27an amaituko dute udako denboraldia, Villabonan.
Sektoreko beharrak hainbat eragilerekin identifikatu ostean, lurrak ezagutu eta martxan jartzeko aitzakia tarteko erronka zehatz bati ekin zion Amillubik: baratzezainentzat porru landare ekologikoa bertan ekoiztea. Igandean hogei lagun baino gehiago bildu ziren, Amillubiko talde... [+]
Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]
Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]
Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste, abenduan ekin zion interneteko diru bilketa kanpainari eta... [+]
Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzeko eta bertan elikadura burujabetzari loturiko Amillubi proiektu kolektiboa martxan jartzeko apustua egina du Biolur elkarteak: "Herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak bermatuta izatea izango litzateke mugimendu... [+]