“Euskal Herri bat izan behar bada, euskalduna behar du izan”

  • Euskarari eta Euskal Herriari emana da bere buruaren jabe egin zenez geroztik. Praktikatu ditu militantzia batzuk eta besteak, iparrorratza gidari, Ipar Euskal Herria ardatz. Txoria bezain alegera jin zaigu, nahiz belaunaldi bat betikotz zauritu zuen minak bere horretan irauten duen, sendaezin.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Allande Sokarros Estekondo. Etxebarre, 1957

Allande Sokarros Estekondo (Etxebarre, 1957). Pasta oneko zuberotarra, kazetari, itzultzaile, idazle, militante, hautetsi, euskaltzain urgazle… Iparretarrak IK-ko kide izana, Zuberoako Herri Elkargoko presidenteorde ohi, Sü Azia elkarteko kide, hamaika ditu lan eginak, eginkizun dituenak bezainbat. Bide horretan, hala ere, zenbait liburu ditu onduak: Maule-Lextarre, Züberoa Herria –Jean-Louis Davantekin lankidetzan–, Ziberouko Egunaria, Hiztegi Ttipia Euskara Batua-Zuberera / Zuberera-Euskara Batua... Zinez aktibo da sare sozialetan Twitter nahiz Facebook-en, eta Hitzapitz bloga ere badu. Oroz lehen, euskararen zerbitzari da, “baina politika ikuspuntu batetik, eta politika ikuspegi batera”.

Iduri du Zuberoan ere lanik frango badela euskaraz bizitzen. Adinekoek ontsa badakite. Gazteei denez bezainbatean, ez da ber egoera.
Jakin behar duzu herri txiki eta ertainetan naturalki transmititu dela euskara. Hirian, hots, Maule-Lextarren, besterik da. XIX. mendearen hondarrean nahiz XX. mendearen hastapenean hasi zen erdalduntzen Maule-Lextarre. Hemen bazen industria. Bazen zapatagintza, bazen kautxugintza… eta industria horrek jendea ekarri zuen hona. Eta horrek eragina izan du euskararen gibelatzean. Ondotik, Espainiako gerla zibilak ere ez zuen lagundu, bistan dena, gerlarekin, nafar eta aragoitar anitz etorri baitziren Maule-Lextarrera. Erdaldunak ziren gehien-gehienak, eta eman zioten Maule-Lextarreri hein bateko espainol kutsua.  

Besterik izan da, haatik, herri txikietan, erran duzunez.
Nihaur, 6 urtetan hasi nintzen frantsesaren ikasten eskolan. Etxebarrek bazuen orduan eskolarik, eta hara sartu naizelarik, frantsesa ikasi nuen. Baina josteta uneetan euskaraz ari ginen, eskolan ere, erran nahi dut, eta errejentak ez zuen ezer erraten. Gertatu izan da, hala ere, errejent batzuk erratea: “A l’école on parlez le français!” (Eskolan frantsesez hitz egiten da!), baina Etxebarren ez. Herri gehienetan, ez, erranen nuke. Gure etxean euskaraz ari ginen beti, eta ene gurasoek euskaldun kontzientzia bai, baina politika kontzientziarik ez zuten.

Batzuek eta besteek errana da gerlek ekarri zutela alde honetako euskaldunen frantsestea.
Bai, eta gehien bat 1914-1918ko gerlak, “14ko Gerla Handi” deituak. “Eskuara baizik ez zakiten haiek, mort pour la patrie”, Gorka Knörren kantua da, ezta?, oso kantu indartsua. Hala 1914ko Gerlak, nola Bigarren Mundu Gerlak bere partea egin dute hemengo jendea frantsesteko, seguru.

Gurasoek ez zizuten kontzientzia politikorik. Zuk baduzu.
Berandu hartu nuen kontzientzia, 1978-79 inguru horretan. Iparralde zale makurra naiz, baina aitortu behar dut nire kontzientzia politikoa etorri zela, parte batetik, bederen, Hegoaldetik. Lehenik, German Rodríguezen heriotza hura! Sasoi hartan argazkilari nahi nuen saiatu, eta joan nintzen Hegoalderat argazki batzuen hartzera, Iruñeko sanferminetara, istilu egun haietan. Sekulako liskarrak izan ziren, eta horrek puruki inarrosi ninduen. Bigarrenik, beste gertakari larri bat izan zen kausa: Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruizen hiltzea Baionan, 1980ko martxoaren 26an. Bi gazte abertzale, Ipar Euskal Herrian borrokan hil diren lehenbizikoak. Sekulako txokea izan zen haien hiltzea. Agian, oroitzen zara: lehergailu baten paratzen ari zirelarik, honek eztanda egin zuen eta biak batean hil ziren. Hogeitsu urteko gazteak ziren.

Bi heriotza...
Baina, otoi, ez dut borrokaz ikuspegi mortiferorik. Ez dut jasaten ahal. “Iraultza ala hil”, eta horrelako tentelkeriak. “Iraultza eta bizi!”, behar du. Ikuspegi hits eta ilun hori eskuin muturrak izatea, ontsa liteke, baina guk? Otoi! Hala ere, nahi izaten dut beti Txomin [Olhagarai] eta Ramuntxoren [Arruiz] hiltzea gogorarazi, baina mezurik ezarri gabe: “Jo eta ke, irabazi arte!” eta horrelakorik ez. Hala ere, hil zirela Euskal Herria defendatzeagatik.

Bi gertakariok inarrosi zintuzten.
Orduan hasi nintzen pentsatzen. 1978an Germán Rodríguez hil zuten Iruñean, eta, ondoko urtean, Gladys del Estal Tuteran. Eta, gero, Txomin eta Ramuntxoren hiltzea. Urte horietan dut abertzaletasun kontzientziaren hartzea, eta euskaldun kontzientzia ere bai. Zuberoatik kanpo, hala ere! Eta hasi nintzen Zeruko Argia irakurtzen. Hasiera batean ez nuen tutik ere ulertzen. Uste nuen ateratze, Atharratze zela! Jalgi erran nahi zuela ulertu nuen arte! Hiztegi txiki bat egin behar izan nuen, zubereratik euskara baturakoa, Zeruko Argia irakurriz osatu nuena. Horren ondotik, idazten ere hasi nintzen, Zeruko Argia-n berean. Ez dira, beharbada, idatzi diren kalitate handieneko lanak, baina hastapenak dituzu!

Argazkia: Zaldi Ero

Hiletatik bizietara igaran gara, noizbait ere.
Zeruko Argia-ren garai horretan, kultur asteak egiten genituen Zuberoan, eta hori biziki garrantzitsua izan zen askorentzat, euskal kontzientziaz harro izaten lagundu baikaitu. Bazen elkarte bat, antolatzaile, Bedaroa izenekoa, hots, “belarra egiteko aroa” duzu bedaroa; parte batez, Ühaitza kultur etxe bilakatuko zen. Bedaroa hartan ezagutu nituen nik lehen abertzaleak: Jean-Louis Davant, Ttitika Rekalt, eta beste... Enbatakoak ere baziren hor. 70eko hamarkadan mundu horrekin loturarik ez nuen nik, baina giro horretan sortu zen, demagun, Piper Beltx antzerki taldea. Beraiek izan ziren kutsu politikoa zuen kultur giroa hazi zuten lehenak. Pette Etxekopar, Xarles Hoki eta beste zenituen Piper Beltxen…

Gizonezkoak, denak.
Nire oroitzapenetan ez da emazterik garai hartan, eta ez, hala ere, batere baztertzen genituelako. Hautetsi izana naiz, eta ohartu naiz, batzuetan, berak baztertzen direla. Herri batean hautetsi zerrenda egiten delarik, emazteek ezetz erraten dute gehienek. Gizon gutik erraten du ezetz. Gizonezkoak maite du boterearen ustekeria, ilusio hori. Emaztea, oro har, ez da batere espiritu berdinekoa.

Hautetsia izana hamabost bat urtez, eta kazetari, eta itzultzaile, eta euskaltzale, eta militante…
Militantzia dago horien guztien gibelean, prefosta. 1980 inguruan bilakatu nintzen militante politiko eta, politikarekiko lehenbiziko lotura Mixel Labeguerierekin egin nuen, Enbatako sortzaileetarik bat izan baitzen Labeguerie! Hark François Bayrourengana eraman ninduen eta, frantses zentrista haiekin egon nintzen sei hilabete, ez gehiago! Mixel Labegueriek ez ninduen Euskal Herrian erre nahi, eta Biarnora eraman ninduen. Oroitzen naiz, han ginelarik, galdegin ziotela kantatzen zuen kantu haietarik bat kanta zezan, eta berak, niri begi keinua egin eta “Gu gira Euskadiko, gazteri berria…” hasi zen kantatzen. “Zozoilo horiek ez dute tutik ulertuko!”, erranez bere baitan.

Militantzia politikoaz ari, Iparretarrak erakunde armatuko kide izan zinen, IK-koa.
Baigorriko gertakari horren osteko militantea naiz. Horrek eragin handia izan zuen, gertaera hark jende andana beldurtu zuen, hoztu, eta erabat beste militante belaunaldi bat sartu zuen IKn. Erabat beste bat. Batzuk geratu ziren, aurrekoetatik, baina militante belaunaldi berri baten aldi izan zen, eta ni, haien artean izan nintzen. IK beti saiatu zen ahal bezain guti arrisku jartzen, hilak ez eragiteko. Borrokaren gogortzerik, etsaien hiltzerik... IK-k ez zuen sekula horrelako erabakirik hartu, eta sekula ez genuen hartuko. Gertatu zirenak, deskalabruz gertatu ziren, ez, hala ere, nahitara.

1983an Jean-Louis Larre Popo desagertu zen.
Gure militante baitan dagoen zauri sendaezina da. Bilatu genuen Popo, bai, bilatu genuenez! Gure militante bat desagertu zela zabaldu aitzin, zurrumurruak baziren. Ihes egin zutela kide gehienek, eta, haietarik batek, basora buruz ihes egin zuela. Zurrumurru hori bazen, baina handik bi asteren buruan IK-k ofizialki erran zuen: “Gutarik batek ez du ihes egitea lortu, eta ez dakigu non den”. Anartean hasi ginen bilaketak egiten. Bilatu dugu AEBetaraino, eta Irlandaraino, kontaktu zenbaiten bidez. Baina ez genuen sekula ere aztarnarik aurkitu.

Eta?
Indarra hartu zuen hipotesia da poliziak harrapatu zuela, zeren lau orduren buruan fiskaltzak jendarmeriari auzia kendu, eta ezarri zuen polizia judizialaren eskuetan. Bitxikeriak ere izan ziren, berri faltsu zabaltze batzuk. Ez, beharbada, poliziaren aldetik etorriak; ez denak. Gertatu ziren berri faltsu horien hedatzeak guri bitxi iruditu zitzaizkigun. Zurrumurru horietarik batzuek pentsarazi ziguten ez zutenez gure laguna harrapatu, edo tirokatu. Popo ez zegoen armatua, hori segurtatzen ahal dugu. Beste hipotesirik ere izaten ahal da, leku hartan bada urmaelik asko… Halako batean erori zen, edo ez. Une honetan sendaezinezko zauri bat da Popo, oraindik ere.

Hautetsi izana zaitugunez, urte hauetan egitura berriak altxatzen ikusi duzu, Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa…
Erakunde horiek borrokaren ondorio izan dira, nolabait. Eta IK-k eraman duen borrokaren ondorio ere bai. Baina guk ikusi ez genuen zepoa da hori: frantses sistemaren barruan gara beti, eta, hor, “elebitasuna” da lelo nagusia. Eta Ipar Euskal Herrian ez da elebitasunik batere! Batere ez! Zer dute elebitasuna? Euskaraz dena ere frantsesez ezartzea!... Hori miresgarria da. Gaur egun Euskararen Erakunde Publikoak bultzatzen duen politika hori da. Euskaraz bakarrik zegoena ere, gorde genituen gure eremu zaindu horiek ere frantsestea. Hori ez da elebitasuna, hori diglosia da. Nahastu egiten dute, nahitara, Euskal Elkargoan eta Euskararen Erakunde Publikoan. Elebitasuna da bi hizkuntzak guztiz eskubide eta baliabide berdin-berdinak izatea, gehi atzerago den hizkuntzaren hobesteko laguntzea. Hori da elebitasuna.

30 urteko borrokak, politikoak-eta, ekarri duena.
Eta balio du borrokak ekarri duen horrek, baina jakitez horrek badituela bere mugak. Urrats txikiak egiten dira politikan. Onartzen dut, gaur egun gehiengo politikoa ez dela abertzalea. Hori da egoera soziopolitikoa eta ez da egiten ahal hori ez balitz bezala, bistan dena. Politikak errespetua ekarri dit, ikasten da besterekila lanean. Garai batean baziren bi mundu, elkarrekin ibiltzen ez zirenak: hautetsi ziren abertzaleak sartu direlarik hautetsi frantses sistemaren aldekoekin, gauza batzuk aldatu dira. Bata bestearen ikusmoldetik ikasi eta onartu dute batzuek eta besteek. Eta, demagun, Zuberoan, lan egin dugu euskararen bultzatzeko, eta ez baginen hor izan, ez zen egina izanen.

Nola ikusten dituzu Zuberoatik Euskal Herriaren beste bi administrazio entitateak, EAE eta Nafarroa?
Eusko Alderdi Jeltzaleak EAEn daraman kudeantza ez dut batere txarra antzematen, salbu gauza batean: ez dut ulertzen zergatik, eta alderdi abertzaleek dutelarik gehiengoa, nolaz ez duten printzipioz ezartzen autodeterminazio eskubidea. Hori ezin da saihestu. Hori erraten ez duteno, besteek autonomista deituko dituzte. Hori seguru! Autodeterminazio eskubidea ofizialki ez aldarrikatzea akats handia da.

EAEn hitzean eta hortzean harturik dabiltza beti “autogobernua”.
Ez da batere gauza bera. Autogobernuak erran nahi du estatu-nazioa ez duzula auzitan jartzen. Autogobernuak ez du gaur egungo Europa eredua auzitan ezartzen. Autodeterminazioak bai. Autodeterminazioak erraten du beste Europa bat behar dela, Europa federala, autodeterminazio eskubidea onartuko duena; eskatzen duten herriei, erran nahi dut, eta badakit batzuek ez dutela eskatuko.

Zure iduriko, euskaraz ala elebitan izan behar du dena delako Euskal Herriak, dela autogobernatu, autodeterminatu nahiz independenteak?
Onartezina da tolerantziaren izenean euskararen kontra egitea. Tolerantzia da, ez bakarrik euskarari eskubideak aitortzea, baina araberako baliabideak ematea. Gaur egun, iduri du “tolerantziaren izenean”, ez dugula deus galdegin behar. Eta ber bidetik ari gara Ipar Euskal Herrian. Intolerantea da erratea: “Mezu hauek euskaraz ziren, eta euskaldun munduari zuzenduak ziren, eta nahi bazenute mundu horretan sartu, euskaraz ikasi behar duzue!”. Eta kito!

Baina behin ere ez baita “Eta kito!”.
Badakit ontsa nik hori. “Ez, ez, elebitasuna!”, diote, baina faltsua da hori. Diglosia nahi dute, betikoz! Gaur egun, euskararen mende ziren eremuak ere diglosiaren mende jartzen ari dira, eta onartezina da. Eta pastoraletan ere ageri da hori. Bide horretan aitzina, egunen batean, pastoral batean ariko diren hamarretarik zortzi erdaldunak izanen dira. Pastorala euskaraz emanen dute, ikasiko baitituzte bertsetak eta kantuak, baina ez da besterik izanen. Makurtzen ari gara euskaraz ez dakitenen egokitzera. Eta ez da hori bidea. Euskal Herri bat izan behar bada, euskalduna behar du izan. Ez baldin bada Euskal Herri euskalduna, beste izen bat eman diezaiogun.

 

IPARRETARRAK (IK)

“Ez dugu inoiz jakin zenbat militante ginen. Badira zifrak, baina ez dira guk emanak. Poliziak erraten zuen IK-ko komandoko kide bakoitzaren inguruan bospasei militante bazirela. Eta nonbait han ziren. Zifra hori atera zuen gure kontra borrokatzen zen edo Frantziaren zerbitzuan zen Charles Sanz kapitainak, gero koronel bihurtu zenak. Aita, espainiar errepublikarra zuen, gerla denboran Frantziara ihes egina. Maule-Lextarreko jendarmerian egon zen, eta, ondoren, ikerketa zerbitzuko buru bilakatu zen. IKren atzetik ibili zen jardule nagusia! Donibane Lohizuneko emazte batekin ezkondua zen, koinata abertzalea zuen… Hau txiki da, hau Ipar Euskal Herria da! Nik ere, jendarmea nuen osaba!”.

 

FRANTSES SISTEMA
“Lau mila bizilagun biltzen dira pastoral batean. Eta egun hartan euskara asko entzunen da, baina biharamunean gauzak berriro frantses sisteman sartuak izanen dira. Ez gara frantses sistematik atereak. Euskaldun izatearen harro direnak ere, beren iritzian euskara biziarazi eta indartu nahi dutenak ere, une batean, ez dira urrunago joaten, frantses sistemaren barruan geratzen dira. Eta frantses sistemaren barruan, goiz edo berant, euskara desagerraraziko da”.

ETA-REN IKUSPEGIAREN KONTRAKOA
“Ni IKn sartu nintzen ordurako, erabateko haustura egina zuen ETArekin. IK-k bere ekintzak bere kabuz egin zituelarik, eta berak sinatuta, eta bere argudiaketarekin, ETAk erran zuen: ‘Batere ez dakit gazte hauek zer ari diren!’. Ni erabat ETAren kontrakoa nintzen, eta naiz. Ez ETAren borrokaren kontrakoa, hala ere, ETAren jokamoldearen kontrakoa, ETAren ikuspegi totalitarioaren kontrakoa baizik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2025-01-27 | Julene Flamarique
Autoeskolaz kanpo gidatzen ikasten aukera planteatzen ari da Espainiako Gobernua, autoeskolak aurka daudela

Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.


2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten txaleta eraitsi egin behar dela ebatzi dute, legez kanpo eraiki zelako

Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]


2025-01-27 | Ahotsa.info
EH Baterak Aberri Egunean erabakitzeko eskubidea modu bateratuan aldarrikatzera deitu du

Euskal Herria Baterak apirilaren 11an Donostiako Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri eman du. Ekitaldia Aberri Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago eginen da. Agerraldian Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Carlos Etchepare bozeramaileek hartu dute parte, eta Manex Fuchs... [+]


2025-01-27 | Behe Banda
barra warroak |
Lehen aldiak

Behin batean gertatu zen eta ordutik aurrera egunero gertatzen da […] ez dezagun ikus hemen gertatzen dena. Halaxen da mundua, eta gaur egunean inor ez da profeta bere mendean”.

Beste zerbaitez hitz egin zidaten behin eta ordudanik, ezin dut ezer bestela... [+]


Donostiako kaiko lizentzia onartu zuen funtzionarioa eta bere semea «gutxienez beste lautan» elkarrekin aritu dira, salatu dutenez

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak irregulartasunak salatu ditu Parte Zaharreko lizentzia askoren harira, baita salatu ere "onuraduna" ostalaritza dela "beti". Azalpenak eta ardurak eskatu dituzte.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Jaurlaritzaren Parisko egoitzaren historia: Gestaporen atzaparretatik berriz EAJren eskuetara

Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]


2025-01-23 | Leire Ibar
Joseba eta Eñaut Alvarez
“Demokrazia eta adierazpen askatasuna daude, baldin eta dirua badaukazu”

Joseba Alvarez eta Eñaut Alvarez aita-semeei bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Bi urte geroago, urtarrilaren 29an... [+]


2025-01-23 | Leire Ibar
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan garraio publikoaren deskontuak mantenduko dira, oraingoz

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek aurreratu dute helburua %50eko deskontuarekin jarraitzea dela, baina oraindik Espainiako Gobernuaren erabakiaren zain daudela finantzaketa ziurtatzeko.


EBren eta Mercosurren arteko akordioa ezarri ez dezan eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari

Contigo-Zurekinek proposatutako idatzian azaltzen da Europako eta Hego Amerikako merkatari erakunde nagusien arteko hitzarmen berriak muga-zergen deuseztatzea ekarriko lukeela, bertako ekoizleak, txikiak bereziki, kaltetuz. UPNk, EH Bilduk, PPk eta Voxek mozioaren alde bozkatu... [+]


EAJk eta Juntsek energia enpresa handiei ezarritako zerga ezabatu dute

Euskal Herriko eta Kataluniako indar eskuindarrek bat egin dute PPrekin eta Voxekin, zerga ez luzatzeko.


2025-01-23 | Julene Flamarique
2024an 361 kazetari atxilotu zituzten munduan

Asiak jarraitzen du izaten kazetari gehien atxilo dituen kontinentea: 2024an atxilotutako kazetarien %30 baino gehiagorekin. Txina, Israel eta Myanmar izan ziren berriemaile gehien espetxeratu zituzten estatuak iaz. Osotara, 200 kazetari baino gehiago hil eta ehunka zauritu eta... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
‘Independentziara egunak’ antolatu ditu Ernaik Hego Euskal Herriko 75 udalerritan

“Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea da helburu nagusia. Apirilaren 20an, Aberri Egunarekin batera,  Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik jardunaldia izango dute azken geltoki.


Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]


Eguneraketa berriak daude