Arduradun politiko euskaldunak behar ditugu

  • 40 komunikabidetako 397 kazetarik bat egin dute euskaraz hitz egingo duen Eusko Jaurlaritza eskatzeko. Eskaera orain iristea ez da kasualitatea izan, Jaurlaritzaren osaera berriak eta COVID-19aren osasun larrialdiak inoiz baino ageriago utzi dute sailburu eta arduradun politiko euskaldunen gabezia.

Pandemia garaian sarri gertatu da euskarazko hedabide publikoetan arduradun politikoen hitzak zuzenean gaztelaniaz eskaintzea. Herritarrek haserrea azalerazi dute. Argazkian, pandemia betean, ezinbestean, protagonismo handia hartu zuen Osasun sailburua, N
Pandemia garaian sarri gertatu da euskarazko hedabide publikoetan arduradun politikoen hitzak zuzenean gaztelaniaz eskaintzea. Herritarrek haserrea azalerazi dute. Argazkian, pandemia betean, ezinbestean, protagonismo handia hartu zuen Osasun sailburua, Nekane Murga. Orduko gobernu kontseiluan bost sailburuk ez zekiten euskaraz, tartean Osasun sailburuak. Argazkia: Raul Bogajo / Foku.

Errepikatuko duzu, mesedez, azken zati hori euskaraz?. Ohiko esaldia izaten da euskal politikarien prentsaurrekoetan. Gaztelaniaz mamia eta euskaraz laburpena; gaztelaniaz azalpenak eta euskaraz esaldi bakan irakurriak; sailburuak eta sailburuordeak euskaraz jakin ez, eta arduradunen eskalan dezente behera dagoenari elkarrizketa hedabideetan audientzia handiena dagoenean. Hauek eta gehiago dira euskaraz lan egiten duten kazetariek salatu dituzten desberdintasun egoerak.

38 urte igaro dira Eusko Legebiltzarrak 1982an Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea onartu zuenetik, baina oraindik bidea dago egiteko. Izan ere, 2016-2020 legealdian hamabi sailburutik bost ez ziren euskaraz aritzeko gai, gobernu berrian berriz hiru dira euskarazko gaitasunik ez dutenak. Hala ere, Eusko Jaurlaritzatik kanpora aldundi eta udaletan ere badira komunikabideekin euskaraz hitz egiteko modurik ez duten arduradun politikoak. “Arraroa da ia 40 urteren ondoren hau eskatzen ibili behar izatea, 25 urte daramatzat kazetari eta nazkatuta nago egoera honekin”, azaldu du Estitxu Ugarte Arabako Alea aldizkariko kazetariak.

Jon Aslak 30 urte daramatza EITBn eta hark ere bere azalean bizi izan ditu politikarien elebakartasunaren ondorioak. Uste du azkenean kazetariak ohitu egiten direla horrela lan egitera:  “2020an oraindik 1980ko aitzakiekin jarraitzen dute”. 1982an konpromiso bat hartu zen eta orain aurrera eramateko ordua dela dio: “Manifestuak ordezkari duinak aipatzen ditu eta uste dut duintasun hori erakutsi behar dela hartzen dituzten konpromisoak betetzen”. Maider Galardi Berria-ko kazetariak Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiaren hitzak ekarri ditu gogora: “Mendiak esan zuen gobernua osatzerakoan gobernu akordioa egikaritu ahal izateko ahalik eta hautagai egokienak hautatuko zituztela, eta uste dut egokitasun horretan hizkuntza ere kontuan hartzekoa dela”.

Gobernu kontseilu berria. Hiru sailburuk ez dakite euskaraz. Argazkia: Raul Bogajo / Foku.

Politikariek euskaraz ez hitz egiteak kazetariengan sortzen duen zamaz mintzatu da Galardi: “Itzulpen lanak egin behar izaten ditugu eta informazioaren xehetasunak eta ñabardurak galdu egin daitezke, horrek desoreka handia sortzen du”. Gaineratu du beste batzuetan euskaraz jasotzen duten informazioa gaztelaniazkoaren “laburpenaren laburpena” izaten dela, edo urgentzia handiko kontuetan informazioa lehenengo gaztelaniaz bidaltzen dutela, eta hiru ordura iristen dela euskarazkoa: “Gerta daiteke euskarazko informazioaren kalitate txarra ikusita, gaztelaniazkoa erabili behar izatea ere”. Ildo beretik hitz egin du Ugartek: “Gu ez gara itzultzaileak, kazetariak gara”.

Aurrerapausoak egin direla diote hiruek, baina egiteko ere asko geratzen dela nabarmendu du Aslak: “Tristea da hiru edo lau legealdi daramatzaten politikariek euskaraz ulertu ere egiten ez dutelako Eusko Legebiltzarrean aurikularrak erabili behar izatea”. Dena den, egoera okerragoa ere izan dela nabarmendu du: “Gogoan dut Martxelo Otamendik esaten zuela garai batean euskaraz zekien hiriburu bateko alkate bakarra geneukala, Boiseko alkatea”. Galardi ere egoerak hobera egin duelakoan dago. EAEko azken hauteskundeen jarraipena egiten aritu da Berria-ko Euskal Herria sailean eta aurtengoan lehendakarigaiekin euskaraz aritzeko modua izan du. Bestalde, gaineratu du hauteskunde garaian alderdietako prentsa arduradunekin komunikazioa euskaraz egiteko aukera eduki duela, eta berri ona dela hori, nahiz eta “ohikoa” izan behar lukeen. Asla ere mintzatu da komunikazio arduradunez: “Ez dira politikariak bakarrik, batzuetan alderdietara edo erakunde publikoetara deitzen duzu eta komunikazio arduradunak ere ez daki euskaraz. Nola da posible?”.

Ugartek mende laurden darama Araban kazetaritza euskaraz egiten eta aldaketa “sekulakoa” izan dela dio: “Lanean hasi nintzenean euskaraz ia ez zen prentsa oharrik bidaltzen, eta, gainera, ez zen beharrezkotzat hartzen”. Pare bat kazetari bakarrik aritzen ziren euskaraz eta normaltzat hartzen zuten itzulpenak egitea. Gaur egun arabar gizartearen hizkuntza erabilera asko aldatu dela dio, eta gero eta gehiago direla euskaraz bizi direnak, beraz, ezinbestean sortu dituela horrek aldaketak: “Orain Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren pentsa oharrak elebidunak izaten dira”. Dena den, ahozko komunikazioan aurrerapausoak urriagoak izan direla dio: “Gaur egun hankamotz ibiltzen dira, diputatu nagusiari euskaraz elkarrizketa egiteko, esaterako, gaizki”. Gaineratu du duela 20 urte planteatu ezin ziren aldaketak gauzagarriak direla orain.

Eskubideez hitz egin nahi dute

Eskubideez hitz egiten du manifestuak, baita elkarrizketatutako kazetariek ere, kazetarien eta informazio hartzaileen eskubideez hain zuzen ere. Hala dio Galardik: “Iruditzen zaigu eskubidez dagokigula euskaraz gure lana ondo egin ahal izateko informazioa ere lehen eskutik euskaraz jasotzea, guri interpretatzea dagokigulako, ez itzultzea”. Ugarte ere bat dator horretan: “Guk lan bikoitza egin behar izaten dugu, eta hori ez dagokigu guri, erakunde publikoetatik informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea dugu”.

Desoreka egoera aipatzen dute behin eta berriz elkarrizketatuek: “Guk euskaraz lan egin arren gaztelania ere menperatzen dugu, baina horrek ez du arazoa konpontzen”. Galardik azpimarratu du gaztelaniaz aritzen diren kazetariek “modu erraz eta naturalagoan” hitz egiteko aukera izaten dutela unean uneko sailburuarekin: “Guk berriz hiru aldiz pentsatu behar dugu prentsaurreko batean galdetu aurretik edo euskaraz pentsatuta ekarri dugun galdera gaztelaniara itzuli behar dugu”. Berria-ko kazetariak dio euskarazko kazetariek gaztelania menperatzen duten arren, sarri bigarren mailan uzten dituela sailburuak euskaraz ez hitz egiteak: “Legez euskara bermatuta eduki beharko lukete erakunde publikoek, gure ordezkari nagusiekin gure jarduna ahalik eta modu profesionalean egiteko, oztopo hori ez zait bidezkoa iruditzen”.

Eskubideez eta desorekez hitz egiten dute euskaraz lan egiten duten kazetariek, baina polemika ere ekarri du manifestuak, izan ere, badago sailburuak euskaraz hitz egin dezaten eskatzea “diskriminatzailetzat” hartzen duenik ere. Aslak ez dio garrantzi handiegirik eman nahi gaiari: “Beti dira berdinak, mediku ona izatea euskalduna izatea baino nahiago dutela dioten bezala”. Azpimarratu du gauza batek ez duela bestea kentzen eta ez duela ulertzen zergatik tematzen diren horrekin: “30 urte daramatzate aitzakia berberak jartzen”. Hala ere, Aslak optimistatzat du bere burua: “Uste dut eztabaida hori gizartean gaindituta dagoela”. Galardi eta Ugarte ere itxaropentsu daude aurrera begira: “Esperantza da azkena galtzen dena, ezta?”.

Kazetarien manifestua. Iraila hasieran aurkeztu zuten 400 kazetari inguruk sinatutako manifestua. Maite Artola Euskadi Irratiko kazetariak eta Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak irakurri zuten. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku.
Bestelako egoera Katalunian

Katalana indartsuago dago eta kazetaritza egiteko orduan ere nabari dute. Beraien jardun guztia katalanez egiteko aukera izaten dute: “Informazioa jaso eta eman”. Rafa Garrido Kataluniako Albiste Agentziako politika saileko arduraduna eta Col·lectiu Ciutadella parlamentuko kazetarien elkarteko zuzendaria da. Oriol March, berriz, Nació Digital-eko politika saileko arduraduna eta Ara egunkariko sortzaileetako bat. Katalanez egiten dute lan biek eta haien egunerokoak ez du euskaraz lan egiten duten kazetariekin zerikusirik.

Oro har politikariek prentsaurreko eta interbentzio guztiak katalanez egiten dituztela dio Garridok. Aldiz, Kataluniako egoera politikoak Espainiako Estatuko komunikabideen presentzia asko areagotu duela nabarmendu du, eta gaur egun ohikoa da prentsaurrekoen amaieran adierazpen batzuk gaztelaniaz errepikatzeko eskatzea. Dena den, prentsaurrekoak ez dira ia inoiz elebidunak izaten: “Katalanez izaten dira osorik. Lehenengo politikariak esan beharrekoak esaten ditu katalanez, ondoren kazetariek katalanez galdetzen dute eta hark erantzun, eta behin guzti hori bukatuta norbaitek zerbait gaztelaniaz errepikatzea behar badu, orduan eskatzen du”.

Ia alderdi guztiek funtzionatzen dute horrela, baina Ciudadanosen agerpenak aldaketak ekarri dituela dio: “Gaztelaniaren bandera eskuetan hartuta iritsi ziren erakunde publikoetara eta nabari da. Prentsaurreko batzuetan zuzenean gaztelaniaz hitz egiten dute, nahiz eta Inés Arrimadasek, esaterako, badakien katalanez”. Alderdi Popularrak, aldiz,  orain arte katalanez arazorik gabe hitz egin badu ere, orain, batzuetan prentsaurrekoak gaztelaniaz egiten hasi direla dio Marchek, batez ere Estatuko kateetan azaldu nahi dutenean. Ez da hori PSCren kasua: “PSCekoek beti babestu izan dute hizkuntzaren normalizazioa eta prentsaurrekoak beti egiten dituzte katalanez”.

Antzeko zerbait gertatzen da prentsa oharrekin ere. “Prentsa ohar guztiak katalan hutsean bidaltzen dituzte, Ciudadanosek izan ezik, hauek beti bidaltzen dituzte ohar guztiak elebitan”. Une batzuetan barregarri geratzen dela dio Garridok: “Deialdiak ere bi hizkuntzatan bidaltzen dituzte, eta katalanaren eta gaztelaniaren antzekotasunak kontuan hartuta, zentzugabea da”. PPk ere inoiz gaztelania hutsean bidaltzen dituela gaineratu du Marchek, baina ez da ohikoena izaten.

Dena den, azken urteetan aurrera ordez atzera egin dutelakoan dago March, ez bakarrik komunikabideekin dituzten harremanetan, baita parlamentuan ere: “Duela hamar urte baino gaztelania gehiago entzuten da, Ciudadanosek eta PPk gero eta gehiago erabiltzen dute eta pentsatzen dut Voxek ere hala egingo duela”.

Hala ere, Olatz Simonen ustez ez dago Euskal Herriko errealitatearekin alderatzerik. Bost urtez aritu da Katalunian EITBko korrespontsal eta hasieran harritu egin zuen hango funtzionamenduak: “Han jende guztiak onartzen du dena katalanez izango dela, eta gaztelaniazko adierazpenak lortzeko bukaerara arte egon behar dela zain”. Batzuetan, irratiko kazetarientzat, esaterako, zaila izan daitekeela dio: “Azkar behar dituzu gaztelerazko adierazpenak eta agian 40 minutuko prentsaurrekoa entzun behar duzu hitz batzuk lortzeko”. Simonek uste du Katalunian kazetari lanetan aritzeko ezinbestekoa ez baina “oso garrantzitsua” dela katalanez jakitea: “Prentsarekin harremana %98an katalan hutsean egiten dute”.

Horrek ahalbidetzen die Garrido eta Marchi beren jarduna osotasunean katalanez egitea: “Ciudadanos eta PPko bozeramaile gehienek ere badakite katalanez eta elkarrizketetan, normalean, ez dute arazorik izaten hala egiteko”.

Sailburu erdaldunak

Gobernu kontseilu aukeratu berrian hiruk ez dute euskaraz moldatzeko gaitasunik:

Beatriz Artolazabal (Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak).
Javier Hurtado (Turismoa, Komertzioa eta Kontsumoa).
Iñaki Arriola (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa).

2016-2020 legealdiko gobernuan bost ziren euskaraz ez zekitenak:

María Jesús San José (Lana eta Justizia).
Estefanía Beltrán de Heredia (Segurtasuna).
Nekane Murga (Osasun Saila). Aurretik Jon Darpon, hura ere erdalduna.
Beatriz Artolazabal (Enplegua eta Gizarte Politikak).
Sonia Pérez (Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo Saila). Aurretik Alfredo Retortillo, hura ere erdalduna.

Ondo edo gaizki, baina galizieraz

Galiziako politikariek ere galizieraz hitz egiten dute prentsarekin. Maria Obelleiro Nos diario-ko zuzendariak azpimarratu du azken urteetan erabilerak asko egin duela gora, normalizazio linguistikoaren legeak eta botere publikoa galizieraz hitz egitera bultzatzen duen legedia tarteko. Bat dator David Lombao, Praza Pública-ko zuzendaria, nahiz eta, uste duen hizkuntzaren kalitatea ez dela bermatzen: “Galiziako Xuntako presidenteak [Alberto Núñez Feijóo], esaterako, oso maila baxua dauka”. Hori ere hizkuntza gutxiesteko modu bat delakoan dago: “Ez dute batere zaintzen, berdin zaie nola hitz egin”. Lombaok nabarmendu du idatziz egoera ez dela hobea: “Galizieraz bidaltzen dizkiguten prentsa oharretan hanka-sartze handiak egiten dituzte”. Akats berberak gaztelaniaz eginda biralak bihurtuko liratekeela dio. Hizkuntza ez zaintze horrek, akatsak normalizatzera eraman ditu, “gutxienez galizieraz egin du” aitzakiapean.

Kazetari jarduna, arduradun politikoekin behinik behin, guztia galizieraz egiteko aukera dutela diote Lombao eta Obelleirok: “Arduradun politikoak legez daude behartuak galiziera ezagutu eta galizieraz komunikatzera, baina hori ez da gertatzen arlo guztietan”. Lombaok, nabarmendu du berak arlo politikoan eta sozialean egiten duela lan gehienbat eta hor dena edo ia dena galizieraz egiteko aukera duela, “hala ere, kultura arloan lan egiten duenari galdetzen badiozu, ziur haren erantzuna oso ezberdina dela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-08-05 | Sustatu
Martxan den proiektu bat, Euskal Herriko Historia 100 objektutan

Euskarazko Wikipediak ekimen interesgarri bati ekin dio 2024 honetan. Euskal Herriko Historia 100 objektutan. Ideia hartu zuten wikilari euskaldunek antzeko motiboarekin apailatutako liburu batzuekin. BBC-k eta British Museum Londreskoak Munduaren Historia bat egin zuten 100... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Sustatu
Claude, euskaraz oso txukun egiten duen beste adimen artifizial bat

Ekainean kaleratu zuen Anthropic enpresak Claude adimen artifizialaren (AA) Claude 3.5 Sonnet izeneko bertsioa.  Eta joan den asteko nobedadea, Android aplikazioa. AA inbento hauek jada ohituta gauzkaten bezala, euskaraz oso txukun aritzen da. Beñat... [+]


Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


Euskaldunak

Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak lehenengo elkarrizketa Euskadi Irratiari eman zion. Solasaldian asmoez jardun zuen, kontu orokorrak adierazi zituen, ezinbestean, gobernua martxan jarri berri zegoelako. Adeitsua izan zen tonua kazetari eta eledunaren... [+]


Teknologia
Euskalgintza digital kritikoa

Euskara, eremu digitala den itsasoan ezagutzara eta harremanetara abiatzeko portua da. Adimen artifizialarekin, portu horretatik mundu osoarekin euskaraz harremanetan jartzeko aukera ematen dela dirudi. Euskararen automatizazioa laguntza ederra da belaunaldi berriekin euskal... [+]


2024-07-16 | Euskal Irratiak
Sébastien Castet
“Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira”

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.


Eguneraketa berriak daude