Biolentzia girotik ihes egin zuten Kolonbiatik Sindy Rodríguezek, Willmar Díazek eta beren seme adingabe Iker, Joshevan eta Ostinek. Asiloa ukatu zien Espainiako Gobernuak, eta Gasteizko Udalaren zerbitzu sozialek kale gorrian utzi zituzten konfinamendu betean. Hainbat hilabetez argindarrik eta urik gabeko etxe batean bizi ondoren, apenas argi naturalik gabe eta poliziaren jazarpen itogarriarekin, Errekaleor auzo okupatuan aurkitu dute bizilekua. Bizitzen ari diren esperientziak bi aurpegi ditu: erakundeen utzikeria eta krudelkeria, batetik; herritar eta herri mugimenduekin eraikitako elkartasun zubiak, bestetik.
2018ko iraila zen Gasteizera esku hutsik heldu zirenean. “Biolentzia handia zegoen gure inguruan, ez genituen semeak giro horretan hazi nahi”, azaldu digu Rodríguezek. Asiloa eskatzeko programan onartu zituen CEAR elkarteak, eta Gasteizko Alde Zaharrean duen aterpean hartu zuen ostatu familiak zenbait hilabetez. Valentziara jo zuten ondoren, Herrialde Katalanetan, asiloaren eskaera ibilbidean urrats berriak egiteko. Baina ezetza eman zien estatuak abenduan, eta ordutik legez kanpoko herritarrak dira. Gasteizera bueltatzea erabaki zuten. Nekez irudikatuko zuten, 2019ko abendu hartan, hurrengo hilabeteetan pilatuko zuten bizipenen koktela. Bidean, familia hau lagundu nahian elkar ezagutzen joan den lagun taldea osatu da.
Talde hori elkartu dugu gaur iragan hilabeteak errepasatu asmoz, Errekaleor auzo okupatuko plazetako batean: familiako bost kideak, Sergio Mediavilla, Haize Agirre eta Xanti Hidalgo. Berriki auzoan bizitzen hasi da familia, eta horrek ekarri dien lasaitasunak ospakizun giroa eman dio bilkurari. Arratsalde ederra egiten du, solasaldia natural eta informal doa umeen joan etorrien, mokadu eta tragoen, barre eta zirtoen, auzokideen arteko agurren artean.
Logelatik kanporatzean, okupatu
Valentziatik Gasteizera bueltatzean familiaren egoera gordina zen: paperik gabe, lanik gabe, bizitokirik gabe. Senide batzuek etxean hartu zituzten, baina ez zen giro eta bostak logela bakarrean bizi ziren, lo egiteko koltxoirik ere ez zutela. Ziur ziren luze gabe etxetik kanporatuko zituztela. Alde Zaharreko kale hezitzaileek eta Goian elkarteak ahal zuten neurrian ematen zieten babes txiki bat, aurreko egonaldian ezagutu baitzituzten bertako hainbat lagun. Testuinguru horretan heldu ziren martxoko osasun krisia eta itxialdia.
Gizarte langileari jakinarazi zioten etxetik kanporatuak izateko zorian zeudela eta ez zutela nora jo. Zerbitzuak lepo zeudela eta egoera “muturrekoa” izan arte ezin zela ezer egin erantzun zien, baina Valentziara joateko bus txartelak ordaintzeko prest agertu zen alde egiten bazuten –ohiko jokaera Gasteizko zerbitzu sozialetan. Salagarria izateaz harago, alarma egoeran legez kanpokoa ere bazen bidaia–. Apiril erdialdean etxetik bota zituzten bostak gauaren ilunean. Familiak hondakinez betetako etxe bat okupatu zuen Olarizu auzoan.
Olarizuko etxe okupatuak udal jabegoko etxebizitza blokeak dira. Urteak dira dozenaka pertsona bizi dela bertan, gehienak bazterkeria egoera larrian. Udalaren, udaltzaingoaren eta El Correo gisako hedabideen kriminalizazio eta jazarpen kanpaina bizi dute azken urteetan. 2019an argia eta ura moztu zien Udalak, baita blokeak husteko ekinbide judizialak abiatu ere. Urtaran alkateak gogor egin du haien aurka hainbatetan, eta aterpea lortzeko zerbitzu sozialetara jo dezatela exijitu die. Olarizuko bizilagunetako askok ate hori joa dute, ordea, eta errekurtsoetan plazarik ez dagoela erantzun diete.
Elkar laguntza sarea ehuntzen
Gasteizko Alde Zaharrean elkarlaguntza sarea osatu zuten itxialdi garaian, Gasteizko gainontzeko auzoetan bezala. Sareak eta familiak kontaktua mantendu zuten azken hau Olarizura lekualdatzean, Errekaleor auzo okupatutik hurbil. Hain zuzen, laguntza sareko kideak jarri ziren harremanetan Errekaleorreko ezagun batzuekin, ea babes pixka bat ematea zuten. “Errekaleorrera jo genuen filosofia, gaitasun eta hurbiltasunagatik”, azaldu du Alde Zaharreko sareko kide zen Mediavillak. Agirre eta Hidalgo maila pertsonalean hurbildu ziren Olarizura, aurrerago gaia Errekaleorreko asanbladan landu zen arte. “Baina bagenekien auzotik zer eskaini genezakeen eta zer ez”, dio Agirrek, gogoratuz lehen unetik mugikorra kargatzeko, ura hartzeko eta arropa garbitzeko aukera izan zutela. Egun batzuk pasata Olarizuko etxean elkartu ziren familia, Agirre, Hidalgo eta Mediavilla. “Beharrak apuntatu genituen: mahaia eta aulkiak, koltxoiak, platerak, berogailua, linternak eta beste”, gogoratu du Rodríguezek.
Hurrengo egunean bertan ziren berriz ere denak, furgoneta eta auto bete trasto. Mugimenduren bat antzeman orduko agertu ohi den poliziaren beldurrez gauza guztiak bi minutu eskasetan sartu arren, denak etxe barruan zeudela Udaltzaingoa agertu zen oldarkor. Udaltzainek familia etxean bakartu, mehatxatu eta denak identifikatu zituen. Agirre, Mediavilla eta Hidalgo kalera irtenarazi eta isun bana ezarri zieten. ARGIA ere bertan zen, eta Udaltzaingoa mehatxuka eta gezurrak erabiliz saiatu zen irudiak hartzea ekiditen.
Uneko larritasunari erantzun beharretik elkartutako taldeak astean behin batzea erabaki zuen. Umeen eskola beharrak, zerbitzu sozialekiko harremanak, errolda, bizitoki berri baterako aukerak... Behar materialak jorratzen ziren eta irtenbidea ematen zitzaien posible zenean. Horrek besteko garrantzia zuen beldur eta haserre ugariak konpartitzea edo umoreari taldean eustea. Komunikatzeko eta balizko polizia operazioen aurrean alarma emateko Whatsapp taldea egin zuten, larrialdietarako nahi baino gehiagotan erabili dutena: hiru astetan sei aldiz sartu zitzaien Polizia etxera edo atarira, gehienetan oihuka eta indarrez.
“Eskerrak talde hau dagoen, eta jarrera honekin. Bestela askoz gogorragoa izango zatekeen, eta oso une gogorrak egon dira”, dio Mediavillak, nabarmenduz guztia itxialdiaren testuinguruan jazo zela. “Polita izan da gure artean ezagutu eta arazo zehatzak konpontzen saiatzeaz gain bestelako harreman eta adiskidetasun bat lantzea”, Hidalgok. “Ezagutu ez bazintuztegu emozionalki oso ezberdina izango zatekeen”, hausnartu du Díazek. Gela bakarrean konfinatuta bizi izan zirenean “oso bakarrik, bakarregi” sentitu zirela dio Rodríguezek, ironiaz Olarizuko kobazulo setiatura joan izanari eskerrak emanez, taldekideak ezagutzea ekarri dielako. Militantzia hutsetik harago doan lotura eraiki dutela uste du Mediavillak, “politagoa, hori sentitu dugu denok nik uste”, eta Agirrek pegamendu nagusietakoa azpimarratu du denen barreak eraginez: “Sindyren enpanadillak dira!”:
Kolektiboan eta publikoki
Taldetxo honek zubilana egin zuen kolektibo eta eragileekin. Agirrek eta Hidalgok familiaren egoeraren berri eman zuten Errekaleorreko asanbladan. “Praktikan jada bazegoena formalizatu genuen nolabait”, azaldu du Agirrek. Ordura arteko erabilerez gain dutxak erabiltzen hasi zen familia, eta Iker seme nagusiena euskara klaseak jasotzen. Mediavilla Alde Zaharreko laguntza sarearen parte zen eta era naturalean egiten zuen lotura. Sarea familiarentzako etxebizitza aurkitzen saiatu zen –ez zuen lortu–, jolasak bidali zizkien umeei edo tartekari lanak egin zituen haien eskolarekin. Horrez gain, salaketa publikoa egitea proposatu zion familiari.
Auzoko eragileek, Eskubide Sozialen Plataformak edo CEARek antolatuta, prentsaurrekoa egin zuten ekainaren 2an. Familiaren egoera azaldu zuten, Udala bere oinarrizko egitekoak ez zela betetzen ari salatu zuten, kasua muturrekoa izanagatik ere beste askoren “adibidea” baizik ez zela azpimarratu zuten. Udalari dei egin zioten herritarren eskubideak bermatzera; antzeko egoerak bizi dituztenei, publikoki salatu eta sare komunitarioetan babesa bilatzera; eragile sozialei eta herritarrei, sare horiek sortu eta indartzera.
Jazarpenen aurrean taldean ahaldundu
“Ez diogu errespetua, beldurra diogu”, dio Rodríguezek Poliziaz. Ez da erraza erakundeen tratu bidegabeari aurre egitea, are zailagoa zaurgarritasun erabatekoan egonik: Poliziaren aurrean papergabea zarenean, edo zerbitzu sozialen aurrean jatekoa jokoan dagoenean. Udaltzainak lehenbizikoz etxera sartu zitzaizkienean erabat babesgabe sentitu ziren. Gertatu zena taldean errepasatu eta herritarren zein polizien eskubideak eta beharrak zeintzuk diren errepasatu zituzten. Bazekiten ere taldearen Whatsappean abisua emanda minutu gutxiren buruan norbait hurbilduko zela Olarizura, bederen lekuko gisa. Horregatik guztiagatik, “pasatzen genuen beldurra pixkanaka gutxiago zen”, azaldu du Díazek. Atariko atea hirugarrenez apurtu zutenean Díazek kargu hartu zien: “Gero atea jotzen zuten, gogor, baina atea jo”, dio irribarretsu. Rodríguezek baimenik gabe atarian sartzea aurpegiratu zien: “Handiago sentitu nintzen, ‘zuk ezin duzu hori egin, legearen aurkakoa da’, eta poliziak beste begirada bat, ‘nondik atera ditu honek atzaparrak’ pentsatuz bezala”, gogoratu du barre artean.
Zerbitzu sozialetan ez dute zorte hoberik izan: “Gehienetan sentiarazi naute txarto, ez dagokidan zerbait eskatzen edo lapurtzen ariko banintz bezala”, azaldu du Rodríguezek. Hor ere joan da ahaldunduz familia informazioa eta talde babesa oinarri. Baina beldur eta tentu handiz beti ere, bizitzeko ezinbestekoak dituen errekurtsoen onarpena administrazioaren eskuetan baitago. Hilabeteotan presio handia jasotzen ari dira zerbitzu sozialen aldetik, eta legez dagozkien hainbat eskubide ukatzeko mehatxua ere egin diete –besteak beste aterpea Olarizun edo Errekaleorren bilatzeagatik... zerbitzu sozialek ezer eskaini ez dietelako joan direnean bertara–.
Udalaren errematea, irtenbide komunitarioa
ARGIAk maiatza hasieran eman zuen berria: Hiru adingabeko familia kale gorrian utzi du Gasteizko Udalak pandemia betean. Hurrengo egunetan EH Bilduko zinegotziek zuzenean jakinarazi zioten kasua Gizarte Politiken Saileko zinegotzi arduradun Jon Armentiari. Armentiak akatsen baten ondorioa izan behar zuela ziurtatu, eta “hurrengo egunetan” egoera zuzenduko zela ziurtatu zuen. Bi aste beranduago jaso zuen familiak gizarte zerbitzuen deia, jakinaraziz ohiko errekurtsoetan lekua egin bitartean Udalak etxebizitza bat hartu zuela Ibaiondo auzoan haientzako, eta hiruzpalau egunetan hots egingo zietela trasladoa egiteko. Deia heldu zen, baina erabat ustez bestelakoa izan zen: jakinarazi zieten agindutako etxerik ez zegoela, “garestiegia” zela, beste inongo azalpenik ez –ezin jakin gauza batak bestearekin lotura duen, baina: lehenbiziko deia, etxea ziurtatuz, eragileek prentsaurreko deialdia komunikabideetara bidali eta hurrengo orduetan jaso zuen familiak; bigarren deia, etxea ukatuz, Udalaren politika kritikatu zuen agerraldiaren biharamunean egin zieten–. “Hura errematea izan zen”, oroitu du Rodríguezek, lurra jo zuten.
Ordura arte bigarren mailako aukera zena, lehen mailakoa bilakatu zen: Errekaleorrera bizitzera joatea. Alokatzeko pisu baten bila jarraitzen du familiak, baina ezin ordainduzko prezioak eta fidantzak eskatzen dizkiete, “eta Kolonbiako azentua entzun orduko tonua aldatzen dutela sumatzen dut”, dio etsituta Rodríguezek. Auzoan bizitzea kolektiboaren erabakia da Errekaleorren eta prozesu bat eskatzen du, azaldu dute Agirrek eta Hidalgok. Ongi Etorri batzordea arduratzen da prozesua bideratzeaz. Ekainean batzordeko kideek bilera parea egin zuten auzoan bizitzen hasi nahi zuten zenbait pertsonarekin, Errekaleorreko proiektua eta sartzeko prozesua azaltzeko. Bigarren urratsa elkar ezagutze fase bat da, non heldu berriak auzoko bizitzan parte hartzen hasten diren auzoa eta auzotarrak ezagutu ditzaten, eta auzotarrak haiek. Dena ondo bidean hilabete pare baten bueltan Errekaleorreko auzokideak izango dira. Bigarren urrats hori auzo barrutik ari da egiten familia.
Aletxoa indartu beharreko bidean
Hilabeteotako esperientziak utzi dien arrastoaz galdetu diegu taldekideei. Pertsona eta kolektibo militante zuri euskaldunak eta bazterkeria larrian bizi diren pertsonak: askotan mundu paraleloetan bizi diren errealitateak gurutzatu dira taldean, eta horri balorea eman diote. Rodriguezek eta Díazek ez dute esperientzia militanterik izan aurretik, eta okupazioaren mugimendua ezezaguna zitzaien. “Gustatu zait, ezagutu dut jende bat bestela ezagutuko ez nuena eta hainbat gauza ikasi dut”, dio Diazek. Bizitakoak aldatu duela dio Agirrek: “Ingurune militanteetan ohituak gaude diskurtsoak teoriatik egitera, ondo dago eta egin behar da, baina esperientziak errealitatea ematen dizu. Pentsarazten dit erlazionatzeko zer estratu sozial bananduak sortzen ditugun eta horiekin apurtu behar dugula”.
“Horrenbeste jende dago antzeko egoeretan, pena bezala ematen zuela familia bakarra laguntzeak, oso sentitua izanagatik. Gauza da zentzu zabalago bat ematea”. Hidalgok ahoskatu duen kezka gainontzeko taldekideena ere bada: nola egin egoera zehatzak konpontzeko ahaleginek eraldaketa orokorra elikatu dezaten? Karitatea ekidin eta betaurreko komunitarioekin aritzea proposatzen du Mediavillak, non denok ematen eta hartzen dugun modu edo une ezberdinetan. Familiak taldekideei hilabeteotan eman diona atera da hizpide, beren jarrera eta ulerkortasunarekin. Hidalgok beste batzuk laguntzeko duten gogoa nabarmendu du. “Beti dago esker onekoa izan nahia”, dio Rodríguezek. Ondo izerdituta atondu zuten Olarizuko etxea beharra duen beste norbaitek erabil dezan nahiko lukete, eta atariko bizilagun zuten 70 urteko emakume ‘okupa’rengatik arduratzen dira.
Erantzun komunitarioa eman zaio bidegabekeriari, erakundeek bete ez duten hutsunea –are, sortu dutena– herrigintzak bete du. Taldekideek, Alde Zaharreko sareek, Olarizuko bizilagunek, Errekaleorrek... “Niri izugarria iruditzen zait, aldarrikatu eta indartu egin behar da”, dio Mediavillak, “baina erakundeen ardura ahaztu gabe, haien ardurak bete ditzaten”. Hariari heldu dio Agirrek: “Noski ardura dutela, baina sistema hori ere ez zait gustatzen: jende piloa baztertu, eta ondoren sortzen duenari nolabaiteko konponbideak jartzeko erremintak sortu. Sistema suntsitu beharra dago. Beste kontu bat da orain antolatu eta egin dezakeguna”. Herrigintzatik ‘orain antolatu eta egin daitekeena’ ez da nahikoa bizi dugun eta areagotzen jarraituko duten injustiziei eta pobreziari erantzun komunitario kolektiboa emateko. Baina horrelako esperientziek aletxoa jartzen dute bide horretan.
Iluntzen ari da Errekalorren, elkarrizketa amaitzeko ordua da: “Beste ezer? Bagoaz?”. Baina Ostinek eta Joshevanek ez dute helduen kalaka aspergarria debalde jasan, ondo gogoan dute izozkailuan gordeta utzi duguna: “Eta izozkiak?”.
Egonkortasuna
Solasaldia uztailean grabatu genuen. Pasa da abuztua, iraila hasiera da. Hidalgok abisatu digu, eta bisitan hurbildu gara Mediavilla eta biok: Rodríguezek isuria izan du, eta aurpegi erdia paralizatua du. Garaiz hartu duela eta erabat berreskuratuko dela esan diote larrialdietan, baina erabateko atsedena behar duela. Buru atzealdeko bi nerbio puztuta dauzka, estresa eta tentsioaren ondorioa izan daitekeela esan dio azken hilabeteotan pasatu dituenak ezagutzen ez dituen medikuak. Mina handia da tarteka, baina umoreak ez du etxetik alde egin. Eta berri onik ere badu familiak, aurreko egunean jakinarazi zien Hidalgok asanbladaren erabakia: elkar ezagutza fasea amaituta, Errekaleorren geratzeko aukera dute. Hurrengo astean hasiko dira behin betiko etxera lekualdatzen.
Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]
Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]
Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.
Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]
Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]
Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]
Torturaren kontrako eguna baliatuz, Aske antolakundeak prentsaurrekoa egin du Bilboko Justizia Jauregian. Gaur egun ere tortura gauzatzeko baldintzek bere horretan jarraitzen dutela salatu dute.
Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]
Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]
Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]
Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.