Afasiadun euskaldunen bizi kalitatea hobetu nahian

  • Basamortuan dabiltza lanean euskal profesionalak. Hizkuntza nahasmenduak (afasia) dituzten euskaldunak artatzeko ia bitartekorik gabe egiten dute lan. Zein hizkuntza arazo duten ebaluatzeko euskarazko testik ez, hizkuntza berreskuratzeko esku-hartzea ere ezin egin euskaraz egoki, eta ikerketa lanak ere urri dira. UEUk eta Iker zentroak Hizkuntzalaritza klinikoko I. jardunaldia antolatu zuten irailaren 4an. Ikerlari eta profesional batzuk ari dira basamortua ureztatzen.

Hemezortzi bat lagun elkartu ginen jardunaldian, ikerketa mundukoak asko, eta ortofonista sorta ere bai. Ia denak emakumeak. Argazkia: UEU.
Hemezortzi bat lagun elkartu ginen jardunaldian, ikerketa mundukoak asko, eta ortofonista sorta ere bai. Ia denak emakumeak. Argazkia: UEU.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Jardunaldiko lehen hizlaria da Lore Erriondo. EHUn pedagogia irakaslea da eta aitortu du ahaztu samar dituela afasiologiari buruzko kontuak. Aspaldi, 1993an, egin zuen Afasiko elebidunen hizkuntz trebetasunen azterketa tesia, eta gero ez du alor horretan jarraitu. Entzuleak adi daude, bai baitakite afasiadun euskaldunak aztertzen lehenetarikoa izan zela, lehena ez bazen izan. Panorama tristea aurkitu zuen Erriondok. Neurologia alorrean ikertzen hasi eta euskaraz ez zuen ezer aurkitu, ezta terminologia ere. Tesirako aztertu zituen 66 afasiadun euskaldunek ere bizipen ilunak zituzten. Denak ziren elebidun eta ia denak jatorriz euskaldunak. Euskaraz ari ziren egunerokoan, baina bortxaz –esango du Erriondok– erdaldundu zituzten. Halako batean hizketarako gaitasuna galdu zuten, burmuinean gertatutako traumatismo baten ondorioz. Hizkuntza berreskuratzeko terapietan hartu zuten parte; batzuk ez zuten berriz hitz egiterik lortu, eta lortu zutenek gaztelaniaz egin zuten. Berreskuratze terapiak gaztelaniaz baino ez zeuden. Urte haietan pazienteei ez zitzaien galdetzen zein hizkuntza hitz egiten zituzten, ezta  arazoa hizkuntza galera bazen ere.

Nola berreskuratuko du euskara interbentzioa erdaraz egin bada?

Pedagogo aitzindariak mediku lizentziatu berriari egin dio tokia, Iker Villanuevari. Berak egindako inkesta baten berri eman digu. Ondokoa galdetu du: Euskal Herrian klinikariek zein hizkuntzatan eta zein materialen oinarrian aztertzen dute afasia elebidunetan?. Villanuevaren inkesta 77 pertsonek bete dute, %70 euskaldunak dira, eta %57 logopedak. %6,9k dio euskarara egokitutako tresnak erabiltzen dituela eta %93,1ek norberak egindako itzulpenak eta abar darabiltzala; Villanuevaren hitzetan ez dira kalitatezko ebaluaketak egiten modu horretara. Euskal afasiologia %23k baino ez du ezagutzen, eta euskarara egokitutako tresnen beharra sentitu du inkesta bete dutenen %98k.

Amaia Munarriz EHUko Elebitasunaren Laborategiko (Elebilab) ikerlaria da eta CAT ebaluaketa-testaren euskal egokitzapena aurkeztu du. Hizkuntza nahasmenduen %85 iktusek eragindakoak direla dio. Gipuzkoan urtero 1.200 iktus izaten dira. Horietatik euskal hiztunak zenbat diren ez da jakina. Datu zehatza eman du ordea Munarrizek: Donostiako Ospitalean, 2018an iktusa izan zuten pazienteen %8k euskara lehentasun hizkuntza zuen. CAT testa ingelesez garatutakoa da eta 26 hizkuntzatara moldatzeko bidean da, tartean euskarara. Lan horren gidaritzan ari dira Munarriz eta Marie Pourquié [azken honi egindako elkarrizketa: ARGIA, 2686 zbk. 2020ko maiatzak 17] ikerlariak. Biek ala biek uste dute ezinbestekoa dela hizkuntza nahasmenduak ebaluatzeko euskarazko testa, Euskal Herri osorako balioko duena. Munarrizek, hizkuntzak berreskuratzeko zein faktorek eragiten duten azaldu du: hizkuntza bakoitzean duen gaitasuna, dakizkien hizkuntzen artean antzekotasunik baden ala ez, eta profesionalen esku-hartzea. Azken horri dagokionez, Munarrizek dio, esku-hartzea zein hizkuntzatan egin den garrantzi handikoa dela. Interbentzioa gaztelaniaz egiten bada hizkuntza hori berreskuratuko du eta euskara berreskuratzea askoz zailagoa egingo zaio. Horregatik dio pazientearen hizkuntza guztiak hartu behar direla kontuan eta pazientearen hizkuntza-nahiak ere bai.

Euskal ortofonisten elkartea sortu dute

Joana Itzaina ortofonista Euskal Ortofonisten Elkarteko kidea da. Ortofonistek –Iparraldean hala deitzen zaie, eta Hegoaldean logopedak dira– Frantziako araudipean egiten dute lan eta ez daukate euskal hiztun elebidunetan espezializatzeko aukerarik. Kexu da Frantzian, formazio garaian, eleaniztasuna ia aipatu ere ez delako egiten: “Ez dut sekula hauteman ondoko galdera: Nola lagunduko dugu hobeki haur elebidun bat?”. Ipar Euskal Herrian lan egiten duten euskal ortofonisten zerrendarik ez dute. Hala, Euskal Ortofonisten Elkartea sortu dute eta hamar bat kide hilero biltzen dira. Iparraldeko eta Hegoaldeko profesionalak batu nahi dituzte, baita ikerlariak eta praktikan lanean ari direnak ere. Pourquié eta Marijo Ezeizabarrena (EHU, Elebilab ikerketa taldea) ikerlariak ere elkartean dira. Orain haurren ahozko euskara maila neurtzeko tresna prestatzen ari dira.

Maritxu Goyhenetxe ergoterapeutak proba xume eta era berean esanguratsua egin zuen Izpurako Luro Fundazioaren zahar etxean. Lanari izenburu hau jarri dio: Ama hizkuntzaren erabileraren eragina Alzheimer dementziaz hunkitua den pertsonaren akonpainamenduan. Ergoterapeutak pazientearen autonomia mantentzeko ahalegina egiten du eta Goyhenetxek jakin nahi zuen ea jatorrizko hizkuntzan artatuz gero gaixoaren gaitasunak gehiago sustatzen ziren. Dementzia zuten lau egoiliar euskaldun aukeratu eta goizeko garbitze eta beztitze lanak behatu zituen; zaintza lehenengo euskaraz egin zuten eta handik hilabetera frantsesez. Behaketa subjektiboa bada ere, ondorio esanguratsuak antzeman zituen. Pazienteak lasaiago zeuden garbitzea euskaraz egin zenean, konfiantza handiagoa ageri zuten. Ondorioz, motibazio handiagoa agertu zuten eta erizainek gaixoak gehiago parte hartzea lortu zuten. Behaketa eta gero, egoitzako hamar langileri galderak egin zizkien. Goyhenetxeren ildo berean ziren haiek ere: euskaraz eginez gero pazientea ez zen hain apatikoa; euskarazko hitz batzuekin nahikoa zen parte-hartzea handitzeko; beren buruaz gehiago hitz egiten hasi ziren; haien psikologiaz jakitea errazagoa zen horrela. Langileek ulertu zuten euskaraz hitz eginda egoiliarren antsietateak behera egiten zuela, seguruago sentitzen zirela, eta profesionalen esku-hartzea errazago onartuko zutela.

Marie Pourquié izan da jardunaldien sustatzaile nagusietakoa. Berak hasi eta amaitu du ekitaldia. Hizkuntzalaritza klinikoaren osasuna eta erronkak hitz gutxitan bildu ditu. Euskal Herrian hizkuntzalaritza asko landu da, eta aldiz, hizkuntzalaritza klinikoa ia batere ez. Inguru linguistikoa kontuan hartzen duen ebaluaketa-tresnarik ez dago, euskaraz ez da esku-hartze egokirik egiten hizkuntza arazoak dituzten pertsonak artatu ahal izateko, eta ikerketa lanak ere urri dira. Erronka da Iparraldeko eta Hegoaldeko profesionalek elkar ezagutzea, eta ikerketa eta praktikaren arteko zubia egitea. Alegia, euskaldunen artean egin behar dela lan, gero euskaldunei eskaintzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Aski Da mugimendua Irungo Udalarekin bildu da: hizkuntza politika berri baten lehen urratsak?

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]


Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du apirilaren 6rako Baionan

Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]


Judimendi: A ereduko ikastetxe estigmatizatua D ereduko auzo-eskola bilakatzen

Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Irungo euskaldunak sutu dituen ekitaldia: 35 elkartek “aski da” esan diote udalari

Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Korsikako Asanblean frantsesa inposatzen jarraitzen dute, korsikera debekatuta

Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]


2024-10-28 | Leire Ibar
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute

ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.


Donostiako Decathlonek dio errotulazioa euskaraz ere jarri beharra “inposizioa” dela

Donostiako Decathlon saltoki handiak errotulazioak euskaraz ez dauzkalako kexa jarri du kontsumitzaile batek Behatokian. Saltokiaren erantzuna (gaztelaniaz) esanguratsua da: Erkidegoko legeak ez du jasotzen inongo inposiziorik karteldegia euskaraz jartzeari buruz. Alegia, lege... [+]


Gipuzkoako Aldundiaren zaharren egoitza batzuen euskara eskakizunak “neurriz kanpokotzat” jo ditu Donostiako auzitegi batek

Kabia organismoaren zaharren egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi du Donostiako epaile Gonzalo Pérez Sanzek. Gipuzkoako Aldundiaren erakundeak jarritako hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela dio epaileak.


Arreta katalanez eskaintzen ez duten komertzioak zigortuko dituzte Andorran

6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.


Mediku euskaldunak falta badira, zergatik EHUk ez ditu eskaintzen Medikuntza plaza gehiago euskaraz?

Eusko Legebiltzarrera heldu da gaia, eta pobrea izan da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Osakidetzak medikuak falta dituen arren, apenas handitu diren Medikuntza ikasteko plazak EHUn. Gainera, karrera euskaraz ikasteko plaza gutxiago eskaintzen dituzte espainolez baino, nahiz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude