AEBetako hiri baratzeei buruzko erreportajeetan jende beltzik ikusi baduzu seguru izan dela bazterketa sozialari aurre egiteko edo ezintasunen bat duten pertsonak bergizarteratzeko programaren baten baitan. Baina beltz bat abeltzain edo gari soro baten jabe? Aldiz, historian ez daude hain urrun esklabo izandako iparramerikarren erdiak baserrietan bizi ziren garaiak. Nekez eskuratu zituzten lurrak eta errukirik gabe ebatsi zizkieten berriro.
“Ez gara baratzean ari modan dagoelako: ortua lantzen dugu erresistentzia, sendabide eta burujabetza zaigulako”. Titulu horrekin azaldu du bere ikerketaren emaitza Ashley Gripper unibertsitarioak, eta ortu urbanoez behin baino gehiagotan okupatu den ARGIAko kazetariari zimikoa egin dio hasieratik: “Asko aipatzen da gaur hiri baratzegintza bai komunitatea sendotu eta bai elikadura ezari aurre egiteko modu berritzailetzat. Baina narratiba hau jende zuri liberal eta akademikoek berenganatzeko arriskua dago. Hiri baratzegintza sarritan aurkezten baita zerbait berria, modakoa eta erro historiko edo soziopolitikorik gabea bailitzan (…) oharkabean ezabatuz hamarkada luzez jende beltzen komunitateek ortuen bidez burutu duten erresistentzia eta aktibismoa”.
AEBetako beltzek esklabotzatik eta plantazio handietatik irtenda hirietara masan joan zirenetik antolatu zituzten bizirauteko eta elikagaiz hornitzeko kooperatibak, zurien komertzioetan ukatzen zizkieten produktuak eskuratzeko eta arrazisten erasoei ihes egiteko. Esklabook, funtsean, Afrikan bahitu eta bortxaz Ameriketara eramandako baserritarrak baitziren.
Ameriketan beltz izatearen hainbat ezaugarri azaldu dituen Sylvia Wynter idazle jamaikarrak kontatua du nola esklabotza garaian ere ugazabak bere menpeko afro-amerikarrei baimentzen zien bizirauteko adinako lur sail bat, the plot edo yam ground deitua, lur-muturra edo batata saila. Alor horiek bilakatu ziren auzolanean landutako eremu, zeinetan esklaboek hein batean beren antolaketa sozial propioari eusten zioten, Afrikako folkloreari jarraipena emanez eta sorterriko jakiak zituzten manioka edo batatak ekoiztuz. Esklaboek beren buruak artatu behar zituzten baratzeotako sendabelarrekin, eta hauek oso lotuta daude sortzetik hasita heriotza arteko erritoekin. Esklabotza amaitzearekin bukatu zitzaien beltzei ortu txiki horiek erabili ahal izateko baimena ere.
AEBetako azken nekazari beltzen historia kontatzean beti aipatzen dute Forty acres and a mule promesa urratua. Esklabotzaren amaiera herrialde horretan jokatu zen 1861tik 1865era arteko gerra zibilean (Abraham Lincolnek esklabotza 1862an ezabatua zuen legez) eta honen amaiera aldean William T. Sherman jeneral garaileak dekretuz agindu eta Kongresuak onartu zuen gerran sudisten kontra borrokatu ziren esklaboei errentan emango zitzaizkiela 40 akre (16 hektarea) lur ihesi joandako konfederatuei desjabetuak, gehi lurrok lantzeko mando bana.
Neurri horrekin itxaropen bat piztu nahi zieten esklabotzatik ihes egin nahian zebiltzan jendeei, zeren eta hego aldeko plantazioetatik eskapo egindako anitzek ez baitzuten aurkitzen ez nora jo eta ezta zer janik ere, sarritan berriro lehengo latifundioetara itzultzea beste aukerarik gabe. Beste hainbat esklabori ihes egiten lagundutako Harriet Tubman famatuak azaldu zuenez: “[Ugazabaren lurretatik urrundutakoan] aske nintzen, baina askatasunaren lurraldean ez neukan inor ongi etorria emateko zain, arrotza nintzen lur arrotz batean”.
Lur lapurreta handia
Sherman jeneralaren aginduaren ondorioz, lehenbiziko sei hilabetetan 40.000 familia beltz hasi ziren lantzen AEBetako ekialdean gobernuak izendatutako 100.000 hektarea soro. Laster gertatu zen, ordea, Abraham Lincoln presidentearen hilketa eta Andrew Johnson presidente berriak Shermani eskatu zion desjabetutako lurrak beren jabe konfederatuei itzultzea, hegoaldeko estatuekin berradiskiditzeko aitzakian. Forty Acres and a Mule horrela bihurtu zen legenda, AEBeko agintariek herritar afro-amerikarrei egindako promesa urratuen adibide nabarmen.
Gerra osteko urteetan milaka baserritar berri instalatu ziren AEBetako lurretan. Egia osorik esateko, lehengo biztanle eta jabeei, indigena masakratuei ebatsitakoetan... Lincolnek gerra garaian sortutako Nekazaritza departamenduak banatzen zituen lurrak eta ahalbideak, herrialde osoan hedatutako 2.500 ordezkaritzetatik. Baina proportzioan beltz gutxiri eman zitzaion baserria bat eraikitzeko aukera.
Arrazismo orokortuaren baitan Nekazaritzako funtzionarioek hautagai zuriak lehenesten zituzten eta hauek oro har beltzek baino ikasketa handiagoak eta diru edo harreman sozial gehiago zituzten. 1997an Nekazaritza departamenduak berak egindako azterketa historiko batean ondorioztatu zuen XIX. mende amaieran nekazari izan nahi zuen beltz baten dossierrak administrazioan hiru aldiz denbora gehiago behar zuela aurrera ateratzeko zuri baten eskariak baino.
Alabaina, hainbat esklabo-ohik lortu zuen lur bat eskuratu eta etxaldea antolatzea. Horretara iristeko ahalegin gogorrak bazuen saria: norberari esklabotza atzean utzi eta bere buruaren jabe izatearen harrotasunaz gain, lurjabe izateak ematen zion zergak pagatu, herritar estatusa lortu eta botoa emateko eskubidea.
Berrikitan Julian Agyeman eta Kofi Boonek argitaratu duten "Lur galera, Amerika beltzak esklaboen askapenetik nozitu duen eritasuna" artikuluan azaldu dute 1910ean beltzak zirela AEBetako nekazari guztien %14, beraiek izanik 6 edo 8 milioi hektarea lurren jabe. Garai hartan beltzen erdia bizi omen zen baserrietan; konparazioan, zurien laurdena zen baserritar edo nekazaritzako langile. Mende bat beranduago, 2012an beltzak AEBetako baserritarren %1,6 baino ez ziren eta denetara 1,5 milioi hektarearearen jabe. Jadanik beltzak ez dira ezta nekazarien arteko gutxiengo nagusia ere, indioek berek baino lur gutxiago daukate.
XX. mendean jende beltzek galdu dituzten milioika hektarea horien erdia 1950 eta 1960ko hamarkadetan galdu zuten, eskubide zibilen aldeko borrokak berotu ziren garaian. Beren lurren jabe ziren beltzen %98ri eragin zien galera honek grafikoki azaltzen du AEBetan zein larria izan den esklabotza amaituta ehun urtera ere nozitu dituzten arrazismoa eta bazterketa. Arrazismo instituzionalizatu horrek nola funtzionatu duen erakutsi du Vann Newkirk kazetariak The Atlantic aldizkarian, titulu honen pean: “Lur lapurreta handia. Milioi bat familia beltz beren baserrietatik kanporatzearen kontakizun lotsagarria”.
2020an sartuta, AEBak beren historiako krisi handiena nozitzen ari direnean, jende beltzen hainbat erakundek sustatzen ditu gelditzen diren laborari profesional bakanak eta hirietan familiaka bezala auzolaneangero eta ugariago lantzen diren baratzeak. Komunitate bizitza sendotu eta elikadura burujabetza indartzeaz gain, ordea, beltzentzako baratzea bada lurraren aldarrikapena eta jasandako zapalketaren salaketa ere, erresistentzia hitz batez.
Herritarrak elkarren artean saretzea eta bizitza sozialerako espazioak bultzatzea da Xiberoko Kolektiboa elkartearen lan ildoetako bat. Bide horretan, baratze kolektiboa sortzeko aukera suertatu zitzaien 2020an Maulen, eta zalantzarik gabe, proiektuari ekitea erabaki zuten... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]
Onintza Enbeita bertsolaria da, kazetaria, parlamentari ohia... eta baratzezaina ere bada. Hiru ahizpek dituzte unibertsitateko ikasketak, eta duela dozena bat urte erabaki zuten etxean beti ezagutu duten baratzeari eta azokan saltzeari berriz ekitea. Mattin Jauregik Egonarria... [+]
Nahitaezkoa beharko luke hiri hondakinetan organikoa bereizi, luartu eta lurrari bueltatzea; hil ala bizikoa.
"Mina da mina, ez da piparra; gonak dauzka eta ez da andrea; bizarrak dauzka eta ez da gizona”. Kandido Izagirre fraideak jasotako asmakizun bat da. Erantzuna berak dioen bezala: kipulia. Tipula edo uinua, Allium cepa, oraintxe ari da makurtzen. Lur azalean erdia... [+]
Zirimiri pixka bat dabil, orain bai, orain ez, baina tenperatura atsegina dago eta kanpoan egin dugu elkarrizketa. Aulkiak igo ditugu etxe ataritik goiko zelaiko mahaira. Argik ere gurekin egon nahi izan du. Bukatu dugunerako ez du euririk izpirik ari. Zakurrak aldamenean... [+]
Hiri handitik ezin ateratzeak ernatu du nigan berde behar bitxi bat, orain artean sekula ezagutu gabea. Ados, beti izan zait atsegingarri berdetasuna begiestea mendian, basoan, golf zelaian, baina oraingo hau da, seguru obligazioak behartua, ia-ia bitala, arnasten dugun airea... [+]
Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]
Lagunarteko hizketaldi batean dauka jatorria Euskal Lupuloa proiektuak: duela zazpi bat urte garagardoa egiten zuen lagun batek bertako garagardoa benetan bertakoa izatea ezinezko zela esan zion, Euskal Herrian lupulurik ekoizten ez zelako. “Ni baserritarra naiz eta... [+]