Lan esklaboa bada, abolitu egin behar da?

  • Astean 60 ordu baino gehiago egiten dute lan, nahiz eta kontratuak (baldin badago) adierazi 40 behar dutela. Soldata 1.000 eurotik urrun dago, gau eta egun zainduaren esanetara daude, eta lantokian ez daukate intimitaterik. Zaindua hiltzen bada edo familiak langilearekin ez jarraitzea erabakitzen badu kalean geratzen dira langabezia eskubiderik gabe. Etxeko langile egoiliarrak, gehienak migratzaileak, ia-ia esklabotza baldintzetan aritzen dira lanean eta botere harreman arrazista, klasista eta sexistetan oinarritutako tratua jasaten dute.

    Erreportaje hau Pikara Magazine-k argitaratu du gaztelaniaz eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu. ARGIAk ekarri du euskarara.

Emakunderen ikerketa baten arabera, EAEko etxeko langileen %70 baino gehiago latinoamerikarrak dira, gehienek dirua bidaltzen dute etxera, eta erdiek zorra egin dute bidaia egin ahal izateko. Argazkian, Bilboko etxeko langileak haien eskubideen alde ari d
Emakunderen ikerketa baten arabera, EAEko etxeko langileen %70 baino gehiago latinoamerikarrak dira, gehienek dirua bidaltzen dute etxera, eta erdiek zorra egin dute bidaia egin ahal izateko. Argazkian, Bilboko etxeko langileak haien eskubideen alde ari dira protestan. Argazkia: Ecuador Etxea.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Artikulu honetan emakume migratzaileen eta etxeko langileen elkarteei galdetu diegu ea estrategikoa den politikoki eta sozialki eragitea 24 orduz zaintzen duen etxeko langilearen jarduera desagertu dadin.

Espainiako Estatuak oraindik ez du berretsi etxeko langileentzat lan duina eskatzen duen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena. Onartuko balu, hainbat eskubide bermatu beharko lituzke, besteak beste langabezia-prestazioa. Hitzarmenak egoiliarren berezitasunak erregulatzen jartzen du indarra, esate baterako, soldataren zati bat ‘espezietan ordaintzeko’ joera ezabatzen, zenbat orduz egon behar duten lantokian zehazten, eta gauez lanerako prest egon beharra mugatzen. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, gaueko orduak ere lanordutzat hartu behar dira, sendagileekin edo suhiltzaileekin gertatzen den bezala.

Langileek ez dute pribatutasunik eta kontrolatuta daude. Askok ez dute norberarentzako logelarik eta zaintzen duten pertsonaren gela berean egiten dute lo. Ohikoa da enplegatzaileak behar baino elikagai gutxiago eskaintzea, zenbat fruta ale jan dituen zenbatzea, zenbat aldiz dutxatu den kontrolatzea edo ile lehorgailua zenbat erabili duen kontua eramatea. Neurrigabeko halako jardunbideak jasotzen ditu Zeinek zaintzen du eta nola Vitoria-Gasteizen? (Zentzuz Kontsumitu, 2018) ikerketak. Horrelako lan baldintzek langileen osasun fisiko eta mentalean eragiten dute, eta nekea, estresa, antsietatea eta insomnioa izaten dituzte. Lan Ikuskaritzak argudiatzen du etxe barruan gertatzen dena ezin duela kontrolatu, eremu intimoak direlako. Familiek zigorgabetasun egoera baliatzen dute, “eta baita baldintza txarretan lan egiteko prest dagoen langile saldoa dagoela. Behar ekonomikoak edo Espainiako Estatuan egoera legalean bizitzeko arazoak dituzte”, dio ikerketak.

Orduan, desagertu beharko lukeen erregimena al da? Erreportaje honetarako elkarrizketatutako emakume migratzaileen eta etxeko langileen elkarteetako kide gehienek irmo diote baietz. Egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez isolatuta lan egiteak giza eskubideen, lan eskubideen eta emakumeen osasunaren aurka egiten du. Bilbon egoitza duen Trabajadoras No Domesticadas (Etxekotu Gabeko Emakume Langileak euskaraz) elkarteko kideek hala diote: “Barruan zer dagoen ikusi behar da. Etxe barruko lana onartzeak zaintza pribatizatzen, indibidualizatzen, feminizatzen, merkantilizatzen eta monetarizatzen du. Muinean dauden zapalkuntza ardatzak betikotzen dira eta langileek bortizkeria, botere gehiegikeria eta tratu txarren zurrunbiloak bizi behar izaten dituzte. Gizonak arduretatik aske geratzen dira, emakume batzuk beste batzuengatik ordezkatuz. Ez ditu jokoan sartzen erakundeak, ez da guztion gaitzat hartzen, eta ez da bestelako irtenbiderik lantzen”.

Carmen Juares Palma, Hondurasko etxeko langile egoiliarra: "Gu salbatzera etorriko diren emakume zuri pribilegiatuen begirada paternalistarik ez dugu behar, aliatuak nahi ditugu"
 

Interneten gaztelaniaz ‘abolición-régimen-interna’ hitzak bilatuz gero, emakume feminista eta sozialisten Pan y Rosas elkartearen artikulua agertzen da. Etxeko langileak biltzen dituen erregimen berezia eta egoiliarraren esklabotza lana desagerraraztea eskatzen dute. Ángels Vilaseca artikuluaren egileetako bat da eta langile ohia. Berak eta Rita Benegasek hitz egin dute Pikara Magazinerako. Benegasek sektorean lanean jarraitzen du eta Paraguaitik Espainiako Estatura joan zenean egoiliarra izan zen. Elkartean adostasunera iritsi ziren hainbat langile migratzaileren artean izandako eztabaiden ondoren: “Ia inoiz ez dira betetzen legeak agindutako atseden orduak. Bizitza propiorik gabe geratzen gara, eta gainera esaten dizute soldataren zati bat janariaren eta aterpearen truke dela. Guretzat espetxean egotea modukoa da-eta!”.

Benegasek dio etxekoandreak etxean giltzatuta uzten zuela etxetik ateratzen zenean eta ez ziola telefonoz hitz egiten uzten: “Migratzailea izateagatik gutxiesten ninduen. Eta jakina, baldintza horietan lan egitea onartzen duzu, paperik ez duzunez besterik aurkitzea zaila delako. Askok beltzean egiten dute lan, huskeria kobratuta. Kontratua izateak ere ez du bermatzen dauzkagun eskubide gutxiak betetzea; hain zuzen, nagusi asko kontratuaz baliatzen dira xantaia egiteko eta gehiago zapaltzeko”.

Migrazio egitasmoak

Beste elkarte batzuetan, aldiz, eztabaida ez da amaitu. Bilboko Torre de Babel elkartean emakume migratzaileak elkartzen dira, gehienak etxeko langileak eta zaintzaile egoiliarrak. Kideek lehentasuna ematen diote epe motzean bermatzeari bizitza propioa izatea, atsedena hartzea, gozatzea, eta era berean behar material eta afektiboei erantzutea.

Pankartak hala dio: familia agurgarriak ez dio ordaintzen etxeko langileari. Argazkia: Ecuador Etxea.

Uste dute abolizioaren alde edo kontra egiteko asko eta lasai hitz egin beharko litzatekeela, inor ez dadin epaitua edo mehatxatua sentitu lan mota hori desagertzen bada. Askorentzat, eta ez iritsi berrientzat soilik, etxeko langile egoiliar moduan lan egitea bizirauteko modua da: alokairua eta janaria ez ordaintzeak aukera gehiago ematen die etxera dirua bidaltzeko eta handik hona etortzeko egindako zorrak kitatzeko. “Horregatik, garrantzitsua da gure migrazio egitasmoen ertz guztiak ezagutzea eta denon artean osasun fisiko eta emozionalerako estrategia ez hain latzak bilatzea”.  

EAEko Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, atzerriko langileen %57 eta espainiartasuna lortu duten migratzaileen %37 etxeko lanetan eta zaintzan aritzen dira. Emakunderen ikerketa batek horien ezaugarriak jasotzen ditu: %70 baino gehiago latinoamerikarrak dira, gehienek dirua bidaltzen dute etxera, eta erdiek zorra egin dute bidaia egin ahal izateko. %20k arazoak ditu oinarrizko beharrak betetzeko: elikadura, arropa, oinetakoak, etxebizitza. Eta %36k ezusteko gastuei aurre egiteko arazoak ditu.

Madrilgo Servicio Doméstico Activo (Sedoac) elkartea etxeko langile egoiliarraren erregimena desagertzearen alde dago, baina Carolina Elías presidenteak uste du Atzerritarren Legeak bultzatzen dituela emakume migratzaileak horrela lan egitera: “Ez pagotxa delako, legeak berak kriminalizatzen zaitu, paperik gabe bizi behar duzu hiru urtez, eta paperik gabe egoiliar lana baino ez dute aurkitzen”. Beste arrazoi ikaragarria gehitu du, erbesteratuak izateko beldurra: “Etxeko langile izanda bestelako lanetara joateko autobusetik autobusera ibilita baino babestuago daude poliziarengandik”. Egiari zor, lan eta bizi diren etxeak ez dira eremu seguruak. “Enplegatzaile batzuek pasaportea kentzen diete eta hala esan: “Ez badituzu baldintzak onartzen poliziari deituko diot. Edo paperak agintzen dizkiote eta lan baldintzak gogortu”.

Carmen Juares Palma Bartzelonako Asociación Mujeres Migrantes Diversas elkarteko koordinatzailea da. 19 urterekin utzi zuen Honduras eta egoiliar hasi zen lanean 750 euroren truke, aparteko ordainsaririk gabe. Migrazio ibilbideak aurrera egin ahala, onartzen du desberdin hautematen dituela kontuak: “Pobreziatik eta bortizkeriatik ihesi zatoz, paperik gabe, diru gutxirekin, eta egoiliar moduan lana aurkitutakoan pozik sentitzen zara, ia eskertuta. Geroago konturatuko zara esplotatu zaituztela. Orduan antolatu eta aurre egiten diozu”. Kontratazio agentzien lan negargarria azpimarratu du: “Esplotazioaren bidez aberasten dira”. Maiz paperik gabeko emakumeak hartzen dituzte, familiei esaten diete paperak badituztela eta agentziak Gizarte Segurantzaren kotizazio zatiarekin eta aparteko ordainsariekin geratzen dira.

Langile askoren ustez, etxeko langile egoiliarren erregimena deuseztatzeak eta Atzerritarren Legea indargabetzeak eskutik joan behar dute

Pan y Rosas elkartean uste dute egoiliar lana desagerrarazteak ezin duela izan erabaki isolatua, emakume migratzaile “askorentzat pobreziatik, egoera irregularretik eta etsipenetik ateratzeko modua delako”. Ezinbesteko borrokatzat dituzte Atzerritarren Lege atzerakoia indargabetzea eta kontratuaren beharrik gabe paperak denentzat izatea. “Agian, konpondu gabe dauden kontu horiek iraultzen jarri behar dugu indarra; eta sekula ez dugu babesik aurkitu behar defendagarria ez den horretan”, diote Etxekotu Gabeko Emakume Langileak elkarteko kideek.

Zaintzari heldu behar zaio

Eztabaida honetan Atzerritarren Legea gakoetako bat bada, beste gakoa 2006ko Menpekotasun Legea da, zeina PPk desegin zuen eta orain geldirik dagoen. Espainiako Estatuan 265.000 pertsona menpekotasun laguntzak jasotzeko zain dago eta 139.000 pertsona balorazio zain. Sistema publiko integralaren gabeziari aurre egin eta menpekotasuna dutenen zaintza beharrak asetzeko bi bide defizitario erabiltzen dira: familiako emakumeek doan egiten dute lan edo beste emakume batzuk kontratatzen dira baldintza txarretan, baita prestakuntza profesionala behar duten zaintza bereziak egiteko ere. Gainera, Zentzuz Kontsumitu-ren ikerketaren arabera, ohikoa da zainduaren menpekotasuna areagotzen den heinean langileari egiteko eta denbora gehiago eskatzea soldata beraren truke.

Pan y Rosas elkarteko kideek gogorarazi dute zaharrentzako egoitza gehienak pribatuak direla eta gehiegizko prezioak dituztela, “gainera, lan prekarioari esker etekinak lortzen dituzte eta askok ez dute kalitateko arreta eskaintzen”. Lan erreforma ere gogoan dute, zeinak familien eta langileen prekarietatea areagotzeko balio izan duen. “Egoiliar aritzeko eskaintzek gora egin zuten krisi garaian. Zortzi orduz lana egingo duenari 700-800 euro ordaindu beharrean, familiei hobeto datorkie soldata bera ordaintzea eta langilea 24 orduz edukitzea”, dio Sedoaceko presidenteak.

2016an, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak aholku emandako langileen %74 zainduarekin baino ez ziren bizi etxean. Hortaz, zaintzaren ardura guztia zuten, eta legeak onartutako atseden tarteak ezin zituzten hartu. Irtenbidea litzateke langileak txandaka kontratatzea, baina familiek ez dute bitarteko ekonomikorik horrela aritzeko, ez bada Frantzian, Suitzan edo Belgikan bezala, hau da, estatuek kotizazioa ordaintzen lagunduta.

Artikuluan aipatutako elkarteak ados daude Espainiako Estatuari eskatu behar zaiola populazioaren zahartzeak eragindako zaintza larrialdiari aurre egiteko bitartekoak jartzea: laguntzak, pizgarri fiskalak, eta egoitza eta eguneko zentro eskuragarriagoak. Etxekotu Gabeko Emakume Langileak elkarteko kideek diote Europako hegoaldeko herrialdeetan, iparraldekoekin alderatuta, nabarmen etxeko langile askoz gehiago kontratatzen direla. Iparraldekoetan babes publiko handiagoa dago eta gizonek ardura gehiago hartzen dituzte. Elkarteek aurrekontuak eta azpiegiturak eskatzen dituzte, baina baita “bestelako lan jarduerarik eskura ez dutenentzat aukera duinak”.

Lobby feminista abolizionista?

Arduragabekeria politikoak interes politikoekin du zerikusia, dio Carolina Elías, Sedoac-eko presidenteak: “Enplegatzaileek ematen dute botoa, ez enplegatuek, zeren gehienak migratzaileak gara. Horregatik da garrantzitsua familiek eta langileek bat egitea, estatuari irtenbideak eskatzeko”. PPk 2024ra atzeratu zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak 2020an bultzatu nahi zuen neurri bat: etxeko langileen kotizazio-oinarriak soldatarekin bat etortzea. Lege horren arabera, aditu taldea osatu behar zen baina oraindik ez da osatu.

Ba al luke zentzurik egoiliarraren erregimen berezia indargabetzeko plataforma feminista sortzeak, prostituzioan edo haurdunaldi subrogatuan bezala?

Pan y Rosas elkartekoak ez dira fio estatu kapitalisten jardunbideaz eta behatu dute Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena sinatu duten herrialdeetan ere, lan baldintzek oso txarrak izaten segitzen dutela. Eremu desberdinetako langile prekarioen mobilizazio sozialean sinesten dute, etxez etxeko langileak eta hoteletakoak dituzte gogoan, adibidez.

Sindikalismoa ere ez da arduratu sektore honetaz, lan eskubide kolektiboak ukatzen zaizkio, hala nola, afiliazioa, greba eta negoziazio kolektiboa. Zentzuz Kontsumituren ikerketak dioenez, Italian, Frantzian eta Alemanian hitzarmen kolektiboak egin dira, beraz ezbaian jartzen du hemen erabiltzen den aitzakia; alegia, ezinezkoa dela hitzarmen kolektiboa patronala etxea bera delako.

Halako testuinguruan, ba al luke zentzurik egoiliarraren erregimen berezia indargabetzeko plataforma feminista sortzeak, prostituzioan edo haurdunaldi subrogatuan bezala? “Gu salbatzera etorriko diren emakume zuri pribilegiatuen begirada paternalistarik ez dugu behar, aliatuak nahi ditugu”, erantzun du Carmen Juares Palmak. Katalunian sindikatu, auzo elkarte eta ordezkari politikoekin egiten duten lana azpimarratu du. Madrilen, Sedoac elkarteak Etxeko Langileen Ahalduntze Zentroa inauguratu du eta presidenteak atsekabez dio feminista zuriengandik babes txikia dutela: “Beraiek deitutako elkarretaratzeetara denok joaten gara, baina gutxi batzuk datoz gureetara. Esaten dute denoi eragiten diguten aldarrikapenen alde egin behar dela borrokan lehendabizi, eta ondoren, gutxiengoez arduratu. Gutxiengotzat hartzen nauzun bitartean arazo bat daukagu”.

Mugimendu feministaren gehiengoak bizitza eta zaintza erdigunean jartzearen mantra errepikatzen du, baina agendan ez ditu lehenesten etxeko langileen aldarrikapenak. “Agian deseroso sentiarazten gaitu eta besteen prekarietatearen bizkar eutsitako pribilegioak ezbaian jartzen dira?”, galdera egin dute Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldekoek. Beraientzat egokia da egoiliarraren erregimena deuseztatzearen aldeko plataforma feminista sortzea, zeren “ezinbestekoa da esklabotza eta bortizkeria hutsa agerian utziko dituen mezu apurtzaile eta indartsua kaleratzea”. Bortizkeria estrukturala, instituzionala, baina baita familia enplegatzaileek “hemen eta orain” gauzatutako indarkeria zehatzak ere. Jarrera bortitza da zaintzaren gaineko ardura birkokatzearen gatazkari iskin egiterakoan emakume bat esplotatzen bada.

Juares Palmak kontatu du ikastaro batean emakume batek esan ziola egoiliar bat kontratatu zuela aita ezin zuelako zaindu eta horrek bere burua esplotatzailetzat hartzearen ezinegona piztu ziola. Juares Palmaren ustez, deserosotasun horrek balio behar du gure begirada aldatzeko eta etxeko langileen borrokarekin bat egiteko. “Uler ezazue ondokoa: kide migratzailearen eskubideak defendatzen badituzue, aldi berean zaintza duinaren alde egingo duzue, zeuok zahartzen zaretenerako”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume langileen eskubideak
Gurpildun aulkian lan egitera behartuak

Garbiketa lanetan diharduten bi emakumeren egoera larria salatu du LAB sindikatuak. Gurpildun aulki eta taka-taka baten laguntzaz mugitzen diren arren, lanera bidali ditu Gizarte Segurantzak.


Etxeko langileen lan segurtasunerako dekretua: eskubideak bai, baina hutsune handiak ere bai

Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio,... [+]


Emakumeek baserria defendatu zutenekoa

1958an, emakume baserritarrek Donostiako Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan... [+]


2024-02-27 | Leire Artola Arin
“Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela” argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Gehiegizko berdintasuna

Berdintasuna, haurdunaldia bezalaxe, badago edo ez dago. Berdintasunik ez dagoenean, ezberdintasuna dago, hori da neurtu eta baloratu daitekeena. Akaso berdintasunaren ondorioak izan daitezke gehiegizkoak batzuentzat, baina horrek eztabaida ondorioetan kokatuko luke, sekulan ez... [+]


Itzalpeko emakume arkeologoen itzala

Errenteria (Gipuzkoa), 1892. Aizpitarte kobazuloetan Gipuzkoako lehen indusketa arkeologikoak egin ziren, Lersundi kondea buru zuen taldearen eskutik. Handik hamaika urtera, 1903an Alfontso XIII.a Espainiako erregeak bisita egin zuen aztarnategira, eta aitzakia horrekin argazkia... [+]


Nekane Zabala, polizia-etxetako garbitzailea eta grebalaria
“Bederatzi hilabeteko greba batek marka uzten du, eta batez ere, emakumeengan”

Gipuzkoako ertzain-etxetako garbitzaileek greba deitu dute azaroaren 15etik 19ra. 42 langile dira, ia denak emakumeak, eta kexu dira Garbialdi enpresak eskari gutxienekoak ere ez dizkietela onartzen. Nekane Zabala langile horietako bat da. Badaki zer den greba egitea. 2018an... [+]


Etxeko langile bati langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu diote epaitegietan

SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoko zerbitzuak ukatu bazion ere, Bilboko Lan Arloko 7. Auzitegiak onartu dio langileari eskubidea, ELAk jakinarazi duenez. SEPEk helegitea aurkeztu du.


2023-10-23 | Garazi Zabaleta
Hitzez
Eta, zaintzaile diren baserrietako emakumeak, nork zaintzen ditu?

Urola Kostako baserriko bost emakumek sortu zuten 2007an Hitzez elkartea, landa eremuko emakumeen osasuna hobetzeko helburuarekin. “Zaindariei zuzendutako sostengu-taldeetan ezagutu genuen elkar, eta lanketa bat egin ondoren, 2006an erregistratu genuen elkartea”,... [+]


Emakume baserritarren lana aitortzeko topaketa egingo dute Iruñean

Urriaren 15ean ospatzen den Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, AFAMMER elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko topaketa antolatu du urriaren 17an Iruñeko Planetarioan.


2023-10-11 | Leire Artola Arin
Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]


Emakumeen artean aldizkako lan kontratuen %65 eten egin da maiatzetik hona

LABek salatu du Espainiako Estatuko lan erreforma onartu zenetik aldizkako lan kontratua dela emakumeen artean nagusi.


Eguneraketa berriak daude