Agroindustriaren sektoreaz informatzeko orduan, “benetako omertà” egoeran kausitzen dira kazetari bretoiak. Inork ez du hitz egin nahi eta hitz eginez gero presioak, mehatxuak, auzibideak zein zentsurak dituzte ordainean. Sektore indartsua delako agroindustriarena Bretainian; diruaren eta irabazitako kargu politiko zein sindikalen bidez hitza kontrolatzen dabilena. Hori horrela, Kelaouiñ kolektiboa osatu dute kazetari batzuk, alarma gorria pizteko baita ere, nola ez, haien buruak babesteko eta informazio-eskubidea defenditzeko.
Kelaouiñ –“informatu” bretoieraz– horra kolektiboari jarri dioten izena. Elkartu, indarrak batu eta informazio-eskubidea errespetarazteko behar gorria sentitu dute Bretainiako hainbat kazetarik. Errealitate bati buruzko galderak luzatzerakoan gutxi direlako erantzutera ausartzen, justuki erantzunez gero arazoak hasten direlako. Errealitate hau agroindustriarena da, Bretainian pisu handia duena: bigarren sektoreko enpleguen %42 honetan dira, urtean 19,5 miliar euroko negozioa dakar, hots, lurraldea pobreziatik aterarazi zuen sektorea da. Eta, pisua botere bilakaturik du diruaren zein kargu sindikal eta politikoen bidez. “Omertà” egoera salatzen du Kelaouiñ kolektiboak: “Debekatua zaigun leku izaten segitzen du agroindustriak”.
Ereduaren sustatzaile kartsuak –FNSEA nekazari sindikatua, honen esku izan ohi diren laborantza ganberak eta sektoreko enpresak– kazetaritza bideratzen dabiltza, nahi edo ez. “Agroindustriaz idazten baduzu, badakizu zuzendaritzak xeheki berriz irakurriko zaituela. Kontra direnei ematen bazaie hitza, bai ala bai tokia eman beharko zaie FNSEA, laborantza gabera edota agro-industriaren ordezkariei –toki gehiago gainera–. Alderantziz, agroindustriako proiektu berri bati buruzko artikulu batean ez duzu usu kausituko aurkakoen hitzik”, dio anonimotasuna atxiki nahi izan duen kazetari batek Mediapart komunikabideari. Lehen sektorean garaturiko aktibitate intentsiboez informatzeko orduan mehatxuak, presioak, zentsurak zein auzibideak kausitu ohi dituztelako. “Laborantza ganbera batetik SMS bat errezibitu nuen abisatuz salaketa jarri nahi zutela. Ondotik ikerketa laboratorio batek bidali zidan email bat fake news-ak idatzi nituela erranez eta zuzenketak argitaratzea eskatuz, gehituz errefusatzen banuen auzitara joko zutela, difamazioagatik”, kontatzen dio Mediapart-i kazetari bretoi batek. Anonimotasuna atxikitzeko beharra sentitzen du honek ere –funtsean, “Omertà apurtu: agroindustriaren parean kazetari bretoiak baturik” (Briser l’omerta: des journalistes bretons s’unissent face aux pressions de l’agro-industrie) erreportajean izen-abizenak gordez hitz egiten dutenen kopuruak anitz dio presioaren heinaz–. Egoeraren larritasuna ikusirik, prentsa askatasunaren eskualde mailako behatokiaren sorrera exijitzen die Kelaouiñ-ek instituzioei. Nola ez egitura independentea litzateke, inolako lanjer eta presiorik gabe ikerketa lana egin ahal izateko baldintzak segurtatzeko helburuari segi osaturikoa.
Bretainiako kostetan zabalduriko alga berde toxikoen errealitatea argitzeagatik ezagun egin da azken urteetan Ines Leraud kazetaria. Eta gaitz erdi, ikerketa lan horrengatik jasandako presioei esker ukan dugu agroindustriaren jukutrien berri –hots, agroindustriaren errealitateaz informatzeko eskubidea oztopatu nahian dabiltzanak ez direla soilik Hegoko herrialdeetan, eta gurean ere ditugula izua sortuz kazetariak isilarazteko logikan dabiltzanak–. 2015az geroztik Bretainian bizi da eta agroindustriaren boterea ikertzen dabil, France Culture zein Disclose komunikabideentzako besteak beste. “Alga berdeak: historia debekatua” (Algues vertes: l´histoire interdite) komikiari esker nekazaritza eredu horren ondorio ekologikoak ere plazaratu zituen 2019an.
70eko hamarkadaz geroztik Bretainiako hondartzak estaltzen dituzten alga berdeen, hondartza horietan izandako heriotz misteriotsuen –hiru lagun eta berrogei bat animalia hilik– eta algek hazteko ezinbesteko duten nitratoaren arteko lotura frogatu du –nitratoaren oinarrian laborantza intentsiboa kokatuz–. Oztopoak gaindituz frogatu du heriotzen oinarria: idortzerakoan alga berdeek zabaldu gasa biziki toxikoa da eta arnastuz gero heriotza ekar dezake. Uren kutsadura eta alga berdeen presentzia emendatu dira nekazaritza intentsifikatu den arau: 1960an bataz beste 5 mg/litro heina ez zuen gainditzen nitrato kantitateak Bretainiako uretan eta gaur egun 33 mg/litro da (2000 inguruan, hau da, heriotzen garaian 50 mg/litro zen). Laster difamazio auzi bat abiarazi zuten kazetariaren kontra, azkenean epaiketa hasi aitzineko egunetan salaketa ezeztatuz. Leraudek argi du: “Salaketa hauek intimidazio saiakerak dira, isilarazi nahi gaituzte, bai ni, baita hitz egiteko ausardia duten lekukoak ere”. Ez da presio bakarra izan: “Eskaera politiko baten harira” Quintineko liburu azokan egitekoa zuen aurkezpena ezeztatu zioten, baita komikia bretoieraz plazaratzeko kontratua ere bai. Zentsura horien berri eman zuen Le Canard Enchainé ikerketa-kazetaritza egiten dabilen komunikabide ezagunak.
Skol Vreizh argitaletxe ttipiak aitortzen du: “Dirulaguntzetan izan zitezkeen ondorioez beldur ginen, Eskualdeko Kontseiluan laborantzaren eskumena duenak eragin handia duelako”. Hori horrela, dirulaguntzarik ez jasotzeko mehatxupean, auto-zentsura gertatzen da.
Instituzioetan lekuak hartzeko estrategia ez dute gordetzen FNSEAko ordezkari bretoiek: “Lekuak ez baditugu hartzen, gure kontra dabiltzanek dituzte hartuko!” erranez luzatu zien herriko bozetan aurkezteko deia laborariei tokiko FNSEAko presidenteak. Instituzioetatik erabakiak bideratzeaz gain, komunikabideak kontrolatzeko aukera ere dutelako dirulaguntzen bidez: “Orri batzuk erostea norabide editorialean eragitea da”. Enpresa pribatuak ere dabiltza horretan. Triskalia, D´aucy, Doux, Chéritel... anitz dira iragarkietara diru zama bat bideratzeko hautu politikoa egina duten enpresa bretoiak.
Leraudek argi du: “Presioen eta zentsuren ondorioz jendea ez da gehiago mintzo, Bretainiako agroindustriari buruzko hitzartzerik ez da gehiago”. Ohar horrek balio du komunikabideentzat, baita herritar, hautetsi zein laborari askorentzat ere.
Hitza giltzapeturik atxiki nahian dabil sektorea eta hein handi batean lortzen ere du. Kazetariez gain, “omertà” egoerarekin bukatzeko deia luzaturik dute 41.000 herritarrek ere, “Bretainian bezala edonon, agro-elikagaiaz informatzeko askatasunaren alde” petizioa izenpeturik. Lerauden aldeko sostengu-komite bat ere dabil lanean. Sostengua beharko duelako geroan ere: epailearen aitzinetik pasa beharko du 2021eko urtarrilean. Chéritel Trégor Légumes agroindustrialak du salaketa jarri, BastaMag-en plazaratu erreportaje baten harira, aldi honetan ere “difamazioaz” akusaturik.
Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.
Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du.
Egitarau mardula prestatu dute Bergarako irrati libreko kideek: musika, literatura eta tailerrak. Besteren artean, martxoaren 29an Txapa Eguna egingo dute.
Karlos Zurutuza (Donostia, 1971), kazetari ezaguna da ARGIAko irakurlearentzat, elkarrizketa eta erreportaje ugari egin baititu aldizkari honetan. Atzerriko gatazka guneetako bizipenak ekarri ohi ditu berarekin: Kurdistan, Balutxistan, Iran... hamaika leku landu ditu, batez ere... [+]
Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30... [+]
Palestinan genozidioa, Europan gerra eta potentzia nuklearren artean tentsioa. Ez daukagu berri on askorik emateko, baina bada bat, hondamendi orokorretik eratorria, aipatzea merezi duena: aldeko baldintzak sortzen ari dira kontrainformaziorako, informazio independenterako,... [+]
Donostiako San Telmo museoko aretoa jendez bete da Irutxuloko Hitzaren hogeigarren urteurreneko ekitaldian.
"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.
Euskal Herrian jaiotako kazetari salvadortar gisa aurkezten du bere burua Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976). Salvadortarra da, bizitza erdia daramalako han eta hango ajeak eta hizkera hartuta dituelako: gaztelerazko elkarrizketan El Salvadorko hitzak sartzen ditu barra-barra... [+]
Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Vietnam, 1965eko otsailaren 7a. AEBetako aire-armadak lehenengoz napalma erabili zuen biztanleria zibilaren kontra. Ez zen gasolina gelatinatsua erabiltzen zen lehen aldia. Bigarren Mundu Gerran hasi ziren bonbekin batera jaurtitzen eta, Vietnamen bertan, Indotxinako... [+]
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]