Etxebizitzak turistifikatu, Alde Zaharrak ez birgaitzeko
Alde Zahar batzuen ezinbesteko birgaitze sozial eta urbanistikoan inbertitu beharrean, tokiko erakundeek eta erakunde autonomikoek auzoa eta bere etorkizuna higiezinen negozio turistikoaren eskuetan utziko balute, auzokideak babes gabe utziz? Hirigintza araudian aldaketak egingo balira, erabilera turistikoko etxebizitzek (ETE), erabilera turistikoko logelek (ETL) eta apartamentu turistikoek bizitegi-etxebizitzak auzotik desagerrarazi ditzaten? Imajinatzen duzue, etxebizitzen turistifikazioa sustatzen duten inbertitzaile pribatuen zerbitzura baleude erakunde publikoak? Gasteizko Alde Zaharraren kasuan ez da hipotesi hutsa; auzokideen erantzunak galarazten ez badu, Udalak aukeratutako bidea hori da.
ILEGALA. Legez, gaur egun behe solairuak soilik bilakatu daitezke etxebizitza turistiko; argazkian, Gasteizko Alde Zaharreko atari batean ETE bat iragarrita, hirugarren solairuan. Argazkia: DosporDos
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gasteizko Alde Zaharrean 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera entseatutako Birgaitze Integraleko Plan Bereziak (BIPB) ez dira gai izan egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egiteko. Ez arlo sozioekonomikoan –hori konpontzen saiatu ere ez dira egin–, ez eraikuntzarenean: auzoko eraikinen ia erdiak premiazko edo oso premiazko esku-hartzea behar du –arrisku estrukturalen ondoriozko utzarazpenak ohikoak dira–; etxebizitzen laurdena hutsik dago ofizialki –hamarnaka batzuk udal jabetzak dira–; pertsonen bizileku diren dezentetan pilaketak eta baldintza penagarriak daude –hirian beste ‘bizileku-aukerarik’ ez duten pertsonak–; asko dira isolamendu sozial larriko kasuak, igogailu ezak eraginda...
Funtsezko arazoa ez da auzotarrek etxebizitzak mantentzeko duten utzikeria, baizik eta ezartzen zaizkien baldintzekin obra garrantzitsuei aurre egiteko duten ezintasun ekonomikoa: beharrezkoak diren obra guztiei aldi berean ekitea; obren amaieran soilik kobratzen diren eta horiek egiteko hipotekatzera behartzen duten laguntzak; pertsonen diru-sarrerei egokitutako finantzaketa biderik ez izatea. Laguntzetarako politika jakin baten ondorioa da bizi dugun arazoa. Dirua duenari ematen zaio lehentasuna, nahitara, auzoa berritzeko (gentrifikatuz). Eta, batez ere, auzora bideratutako inbertsioen gehiengo nabarmena Santa Maria Katedrala zaharberritzera bideratzen da urte asko dela, “parerik gabeko Erdi Aroko hirigune” baten merkaturatze turistikoaren estrategiaren barnean.
Udal legealdia aldatzearekin batera, sakoneko arazoari heltzen zion diskurtsoa entzun genuen Hirigintzako ardura duen Ana Oregi zinegotziaren ezpainetan. Beharrezkotzat jotzen zuen “esku-hartze publikoa areagotzea, auzoaren narriadura lehengoratzeko eta bere baldintza sozioekonomikoak, hirigintzakoak, eraikuntzakoak, ingurumenekoak eta kudeaketakoak hiriko gainerakoekin parekatzeko”. Aldi berean, auzoko eragileekin eta herritarrekin parte-hartze eta adoste prozesu baterako konpromisoa hartu zuen, BIPBa berrikusteko aurre-urrats gisa. Hilabete batzuk geroago, gainera, birgaitzerako laguntzen politika aldatzea proposatu zuen, “bereziki errenta tarte txikienei erreparatu beharko liekeelako, kasu larrienetan birgaitzeko beharrezkoak diren funtsak ahalbidetuz eta, beharrezkoa balitz, birgaikuntzaren kostu osoa kitatuz”.
Birgaitze sozialaren alde egitetik, turistifikazioa bultzatzera
Hilabete geroago, ordea, alkateak berak egiazko birgaitze politika argitu zuen: “Udalak Erdi Aroko hiriguneko eraikin osoetan pisu turistikoak egiteko aukera emango du auzoaren biziberritzea bultzatzeko”. “Bat gatoz Arabaturren ikuspegiarekin, alegia, erabilera turistikorako etxebizitzek basamortutzeari eta auzoaren degradazioari aurre egingo diote”, gaineratu zuen.
Zer gertatu da aldaketa bortitz horretarako? Zer da Arabatur eta zer paper jokatzen du honetan? Eta, batez ere, zer ekarri diezaioke auzoari alkateak iragarritakoak?
Gertatu dena da ostatu turistikoen lobbyak hilabeteak daramatzala itzalean lanean bere helburua lortzeko: Gasteizko, eta bereziki Alde Zaharraren, etxebizitzen turistifikazioa. Lobby lana udal mailan zein nazioartean egiten du sektoreak. Etxebizitza arloko Parisko zinegotziak honela deskribatzen du sektoreko enpresa nagusiarekin izan duen esperientzia: “Gauza bat egia da, erabaki maila bakoitzean, tokikoa, nazionala, europarra eta nazioartekoa, multinazionalaren lobbyaren aztarnak aurkitzen dira (Airbnb, la ciudad uberizada, Katrakak, 2019). Tokiko edo erkidegoko araudi ororen aurka egiten dute. EAEren kasuan, Auzitegi Nagusian inpugnatu zituzten bai Bilboko ordenantza (2019) bai Donostiakoa (2020), eta Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurka egin dienean (2020).
Lobby lana egin duten beste hiri askotan bezala, Gasteizen ere Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa zehatz bat egitea lortu zuten. Gasteizen ETE eta ETL direlakoak baimendu ziren horrela –apartamentu turistikoak debekatuta zeuden 2008az geroztik–. Ez da nolanahiko aldaketa: HAPOaren aldaketari buruzko Memoriaren arabera, behin onartuta, ETE eta ETL artean 18.697 etxebizitza turistiko egon litezke Gasteizen (guztien % 16,13). Hau da, Alde Zaharrean dauden etxebizitzen kopurua halako lau, gutxi gorabehera.
Baina arlo horretan Alde Zaharreko BIPBa HAPOaren gainetik dagoenez, BIPBaren aldaketa puntual bat ere sustatu zuten, auzoan HAPOa ezarri ahal izateko. Udalaren hasierako aldaketa proposamenak, halere, apartamentu turistikoen debekua baliogabetzen bazuen ere –hotelekin parekatuz–, ETE eta ETL delakoen kasuan murrizketa bat ezartzen zuen: beheko solairuetako etxebizitzetan soilik baimendu zitezkeen.
Sektoreko enpresen interesak ordezkatzen dituen Arabatur elkarte sortu berriak alegazio bat aurkeztu zuen orduan. Alegazio horretan proposatzen zuen ETE eta ETL-ak edozein solairutan baimentzea. Edo, halakorik ezean, ETEak baimentzea eraikineko etxebizitza guztiak mota horretakoak izatean. Harrigarriena da Tokiko Gobernu Batzarrak (EAJ eta PSEk) joan den uztailean erabaki zuela alegazioaren bigarren aukera hori onartzea, eraikin osoetako ETEak onartuz. Inolako mugarik jarri gabe –adibidez, eraikin-kopurua edo haien arteko distantziak– eta, batez ere, onarpenaren unean eraikinean jabetzan eta alokairuan egoiliarrik ez egotera baldintzatu gabe. Azken hori da higiezinen agentziek auzokideak kanporatzeko bultzatzen dituzten jazarpen praktikak eragozteko modu nagusia. Aldaketak behin betiko onarpena behar du orain, Udalaren osoko bilkurak eman beharko liokeena.
Badirudi lobbyak ondo egin duela bere lana, Udalaren erabakia Hirigintza Kudeaketako Buruzagitzaren Informazio eta justifikazio memoria batek bermatzen baitu. Alfredo Pirisek sinatu du txostena, hiriko hirigintza proiektu garrantzitsuenen sustatzailea izan zena urteetan, 21 Zabalkunde udal elkartearen zuzendaritzatik. Elkarte horren kudeaketaz Gorka Urtaranek berak, alkate izan aurretik, dirua xahutzeko nahiaren susmoak agertu zituen. Pirisen txostena hiru faktoretan oinarritzen da alegazioaren onarpen partziala defendatzeko: batetik, aldaketarekin auzoaren basamortutzeari eta degradazioari aurre egingo zaiola; bigarrenik, auzoaren eskaintza turistiko, kultural eta gastronomikoa handia dela, eta hirugarrenik, blokean bizi diren gainontzeko egoiliarrei kalterik edo eragozpenik ez zaiola sortuko.
Ez gara luzatuko faktore horietako bakoitza gezurtatzen, auzoko bizilagunek eta guk geuk –Kutxiko Txoko Txikitxutik Gasteizko Alde Zaharreko bizilagun komunitateak– egin dugu jada, aurkeztu ditugun alegazioetan. Baina erreparatu diezaiogun Arabaturren alegazioaren funtsezko baieztapen honi: “Zalantzarik gabe (...) eraikinen birgaitze urbanistikoa bultzatuko luke”. Zer esan nahi digu birgaitze urbanistikoa bultzatuko lukeela dioenean? Duda barik, negozioa egiteko prest dauden inbertitzaileak erakarriko lituzkeela. Negozioa, baldintza txarretan dauden etxebizitzak oso merke eskuratuz lehenik, horiek birgaituz ondoren –hein handi batean, laguntza publikoekin– eta, azkenik, etxebizitza turistikoen merkatuan jarriz. Horretarako, ordea, bertan bizi diren bizilagunak etxeetatik kanporatu behar ditu. Eta hori sustatzeaz, hain zuzen ere, Arabatur arduratzen da, besteak beste: “Elkarte honetako etxebizitza turistiko gehienak birgaitu diren eta erabiltzen ez diren etxebizitzak dira”, dio bere alegazioan. Inplizituki onartuz alokairu eta salmenta tradizionaleko merkatuan egon zitezkeen etxe birgaitu horiek hutsik daudela... ETE bilakatzeko baimena emateko zain. Bestela esanda, negozioa egin nahi dute birgaitutako etxeak hutsik mantenduz.
Kapitalismo neoliberalaren logika gordina da. Eredu horrek ez du auzoa bere eraikinetan bizi diren pertsonez osatutako auzo komunitate gisa ikusten, baizik eta errentagarritasun handiz inbertitzeko lurzoruen multzo gisa. Hori da Arabaturren alegazioa onartuz gero Gasteizko Udalak bultzatuko lukeen birgaitze espekulatibo eta ez-sozialaren eredua. Auzoarentzako ondorio negargarriekin.
Etxebizitzen turistifikazioak Alde Zaharretan dituen ondorioak
Etxebizitzen turistifikazioaren erritmoa eta intentsitatea desberdina da herri bakoitzaren alde zaharretan. Baina haien esperientzietatik aurreikus ditzakegu Udalaren azken neurriak Gasteizera ere ekarriko dituen ondorioak.
Donostiako Alde Zaharrean, turismora bideratutako plazen kopurua biztanleriaren %20 baino handiagoa da. Bilbon, SOS Alde Zaharra plataformak salatu du jasanezina dela alokairuen prezioaren garestitzea, ETE eta ETL delakoen ezartzeak ekarri duena. Iruñean, Alde Zaharreko bizilagunek legez kanpoko 81 etxebizitza turistiko atzeman dituzte. 2018an, Hego Euskal Herrian, turismorako 5.521 ostaturen iragarki ofizial zeuden, horietatik ia laurdena “jabe anitzenak” edo 5 jabetzatik gorako enpresenak. Ipar Euskal Herrian, 2016ko irailetik 2017ko irailera, 9.230 etxebizitza turistiko eskaini ziren Airbnbn, hotelen eskaintza gaindituz. Ikusten dugunez, eta Donostiako Parte Zaharrean Bizirik taldeko lagunek salatzen duten moduan, “prozesu hori ez da naturala, ezta istripua ere, baizik eta berariazko estrategia baten ondorioa. Politika horietan parte hartzen dute erakunde publikoek, enpresa pribatuek, hedabideek eta gizarte zibileko kideek, kontroletik eta legitimitate demokratiko formaletik ihes egiten duten lobbyak bultzatuz”.
Ondorio larriena desplazamendu moduan jasaten dute auzokoek. Desplazamendu horrek forma ezberdinak har ditzake: zuzena, pertsona bat etxebizitza uztera behartzen dutenean bere borondatearen aurka; bazterketa, pertsonak etxebizitza bat eskuratu ezin duenean prezioagatik edo alokairu faltagatik; kanporatzea, zaraten eta bizikidetzaren arazoen ondorioz; edo desplazamendu kolektiboa, auzoan bizitza komunitarioa ezinezkoa bihurtzen denean. Jakina, norberaren egoera sozioekonomikoa (eta legezkoa) zenbat eta ahulagoa izan, orduan eta desplazamendu kopuru eta maila handiagoa jasango du.
Arabaturren alegazioa onartu edo ez, asko dago jokoan. Orduan argituko da birgaitze sozialaren aldeko apustua ematen zuen horretan oinarrituko den udal politika. Edo, aitzitik, prozesu gentrifikatzaile berri baten alde egiten den –turistifikazioa ere horixe da–, ETEei eta ETLei lotutako interes espekulatiboen eskutik. Bizilagunak auzotik kanporatuz –bereziki, sozioekonomikoki zaurgarrienak direnak–, eta auzo izaera desagerraraziz.
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]
Asteburu luze bat. Ingurutik bueltatxo bat eman eta pikoteoa egiteko probestu dugu. Turistak selfie-ak egiten. Turistentzako bideak, alokairuak, dendak, hotelak, aparkalekuak, menuko platerak, seinaleen kartelak munduko hizkuntza orotan. Turistak ohiko lekuak leku arrotz... [+]
Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]
Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Donostiako denetariko elkarte, talde eta antolakundeek bat egin dute Bizilagunekin plataformak datorren iganderako, urriak 27, deitutako manifestazioarekin. Alderdi Ederretik abiatuko da 12:00etan.
Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen... [+]
Atacamako Desertua Fundazioak eremu horretako geoglifoak suntsitzen ari direla salatu du sare sozialetan; hainbat argazkiren bidez, basamortura 4x4 ibilgailuetan doazen bisitariak eragiten ari diren triskantza erakutsi dute. 1000 eta 1520 urteen artean egindako geoglifo handiak... [+]
EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta:... [+]