Bat-bateko pandemiari bertsotan

  • Amildegi ertzean aritzearekin konparatu izan da oholtza gaineko bertsolariaren jarduna. Inork espero ez zuena zen, ordea, amildegiak urrunduko zituenik bertsolaria eta entzulea. COVID-19ak basamortu bihurtu ditu plazak: 500 bertso saio baino gehiago galdu dira lau hilabetean. Bertsolariek eta Bertsozale Elkarteak ahalegin erraldoia egin dute bertsoa testuinguru berrietara egokitzeko, pixkanaka maskaradun entzuleen aurrera itzuli arte, "edozein herriko ez-jaietan".


2020ko uztailaren 29an
Ekainaren 5ean Villabonan bertso saioa antolatu zuten Bertsozale Elkarteak eta Lankuk, osasun neurriak betez jaialdia egin daitekeela erakusteko. Argazkia: Gorka Rubio / Foku.
Ekainaren 5ean Villabonan bertso saioa antolatu zuten Bertsozale Elkarteak eta Lankuk, osasun neurriak betez jaialdia egin daitekeela erakusteko. Argazkia: Gorka Rubio / Foku.

Koronabirus aroan jendaurreko lehen saioa Azkoitian egin nuen, ekainean. Aspaldiko partez oholtzara igo eta bertigoarekin batera sentitu nuen: 'Hau zen, hainbeste gustatzen zaiguna'". Jone Uria bertsolaria da mintzo, gaur egun oholtzara igotakoan aurrean ikusten duenaz: "Bitxia da jendea distantziatuta eta maskararekin ikustea. Eta badu bere eragina publikoko aulkiak egituratzeko moduak. Adibidez, Sopelan aurrez galdetu zioten jendeari norekin joango zen, eta horren arabera multzokatu zituzten aulkiak, eta behintzat ez zen entzulea bakartuta ikusten, hiru-lauko multzotan baizik. Entzulea bakartuta eta inorekin erreakzioak partekatzeko aukerarik gabe ikustera ez gaude ohituta, gutxiago festetako saioak izaten zirenarekin. Uda honetako bertso saioek gehiago dute udazkeneko aretoko saioen antza, baina kalean eginda". Publikoa maskararekin ikusteak espero baino gutxiago eragin diola aitortu du: "Uste nuen ez zela erreakziorik antzemango, baina uste dut jendea gogotsu dagoela eta beste era batera helarazten duela erreakzio hori: barre ozenago eginda eta txaloen bidez... entzulea eskuzabalago dago, gu ere gogotsu gauden bezala, eta eskertzen da. Plazako komunikazioaren eta magiaren ehuneko handiena mantentzeko moduan gaude egungo baldintzetan ere". Baina pandemiaren prebentzio neurriek festa giroko bertso saioetan eragindako zurruntasunak baduela bere alde ona adierazi du: "Lehen jaietako saioetan duda izaten zen ea zenbat pertsona zeuden benetan arretaz entzuten, jende asko ibiltzen baitzen atzera aurrera, umeak tartean... Orain, daudenak adi daude".

Bertsolariek plazako ibilian uzten dute garaiaren kronika moduko bat kantatuta. Zeri kantatzen dio egun bertsolariak? "Umorerako egoera asko ekarri ditu konfinamenduak, baina zalantza sortzen zaigu bertsolarioi, oso egoera ezberdinak bizi izan ditugulako eta oso kolpe ezberdinak eman dizkiolako jende eta sektore bakoitzari, eta beraz zer pentsa ematen digu ea egoera bakoitzari zer tarte eskaintzen diogun saioetan, edo duda sortzen da zeri kantatzen diogun minetik eta zeri umoretik...". Konfinamenduaz gain, beste gai hauei buruz ere asko kantatzen dela dio Uriak: "Kulturgileen lan-baldintzei buruz, 'normaltasun' zahar-berri dikotomiari ere dezente kantatzen zaio: zer ez zitzaigun gustatzen lehen, eta nola aldatu dizkigun honek guztiak pentsaera, bizi baldintzak... krisi ekonomikoari ere asko kantatuko zaio bere eraginak nabaritu ahala". Bai gai-jartzaileek eta bai bertsolariek, koronabirusaren gaiari ihes egiteko saiakera egiten dutela dio, baina ezinbestean marra horren bueltan bilatu behar dutela gaien oreka: "Ezin diogu publikoari kantatu ezer gertatu ez balitz bezala, baina ezta ere ezin dugu saioa monotematiko egin, denok baikaude saturatu xamar gaiarekin".

Maialen Lujanbio ekainaren 5ean Villabonan kantuan. Argazkia: Gorka Rubio / Foku.

Plazetako bertso saio bitxi hauek oasien modukoak dira bertsolarien agendetan, zorionez, gero eta sarriagoak. Baina basamortua zeharkatu dute bertsolariek oraingo "ez-festetako" saioetara iristeko. Ezagutu nahi nola eten zen kolpean plazetako iturria, eta nola egin zioten aurre eztarriak lehortu ez zitezen?

Martxoaren 12an "plaza gelditu zen"... bertsolariak eta Bertsozale Elkartea ez

Ez zaio berehalakoan ahaztuko aurtengo martxoaren 12a Lanku bertso zerbitzu enpresako langile Marta Agirrezabalari: "Telefonoak jotzen zuen eta bezero bat zen, hurrengo eguneko saioa bertan behera utziko zutela adieraziz. Gero beste bat, gero beste bat... biharamuneko saio guztiak bata bestearen atzetik erori ziren goiz bakarrean. Desoladorea izan zen, paralizatu egin zen plaza". Pentsa, aurreko urteetan hilero 140-170 bertso plaza egiten baziren, zeroraino jaitsi zen kontagailua. Bertso saioak lotzeaz arduratzen den Lanku enpresaren une hartako erantzuna, saioak beste egun batera atzeratzeko eskaintza egitea izan zen: "Baina segurtasun falta handia zegoen eta antolatzaileak ez ziren ausartzen atzeratzera. Panorama oso gogorra izan zen bertsolarientzat eta Lankurentzat. Shockean sentitu ginen".

Uriari ere bertan behera geratu zitzaizkion martxoan, apirilean eta maiatzean zituen saio ia denak. Itxialdiak, ordea, bide berriak zabaltzeko irrika piztu ziela kontatu du: "Zerbait egin behar genuela sentitu genuen, bertsoak presentzia izan zezan itxialdian zehar ere. Uste dut eskertu zela momentuari zegokion eskaintza kultural bat. Hilabete horietan kantatu nuen eta gerora eskertu nuen etxean egon ginen hilabeteetan ez isildu izana, errodajea galdu ez izana". Etxetik Etxera izena hartu zuen bertsolari eta gai-jartzaileek beren kabuz abiatu zuten ekimenak: "Konfinamendua hasi bezain pronto, astelehen horretan Unai Elizasuk idatzi zidan proposamena luzatuz. Horrela elkartu ginen Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariak eta Elizasu gai-jartzailea. Ostiral horretan egin genuen lehen saioa, eta bertsoak inprobisatuak izan baziren, saioaren euskarri zen plataforma ia inprobisatuagoa izan zen. Azken unera arte teknikoki nahiko kaotikoa izan zen dena, baina entzuteko jende dezente konektatu zen, eta jarraitzeko asmoa hartu genuen. Ostiralero egin genuen saio bat, bertsolariak txandakatuz: denera hamar saiotik gora antolatu genituen eta 40tik gora aritu ginen bertsotan edo gai-jartzen". Maiatza erdira arte egin zituzten saio hauek, jendea kalera ateratzen hasi zen arte.

Konfinamendu garaian "Etxetik Etxera" egitasmoa jarri zuten martxan bertsolariek eta gai-jartzaileek beren ekimenez: ostiralero bertso saio bat egin zuten on-line. Argazkian, Ane Labaka kantuan, "Etxetik Etxera"ko azken bertso saioan, maiatzaren 24an.

Galdetu diogu nola den ordenagailu aurrean eserita bertsotan aritzea: "Egia da hotza dela, norbera geldi egotea pantaila aurrean. Beste kantu-kideak ziren ikusten genituen aurpegi bakarrak, eta garbi genuen hori kontuan izan behar genuela, beste bertsolariei zer feedback ematen genien zaindu behar genuela". Bertsotan egiteko plazan izaten den tentsioa lortzen zuela azaldu digu: "Ohiko saio batzuetan baino tentsio handiagoa ere sentitu nuen, baina ezberdina. Konexioa etetearen ardura nirea balitz bezala sentitzen nuen, komunikazioa edozein unetan eten zitekeenaren beldurra. Puntu surrealista bat ere bazuen, etxean ari ginelako kantari, eta abstraitzea eta kontzentratzea norberaren gaitasunaren esku zegoen. Gehiago kostatzen zitzaidan jaialdi estiloko saioetan kontzentratzea, librean etengabean kantatzea baino, naturalago egiten zen etxetik bertsotan aritzea libreko jario etengabe horretan".

Bertsolariek itxialdi zurrunean beste hamaika modu bilatu zituzten bertsoak helarazteko: bertso sortak kantatu eta sare sozialetan zabaldu, iluntzetako txalo-jotzeen garaian balkoitik kantatu, puntua jarri eta lagunari bidali honek erantzun zezan... eta hainbat irratik zuzeneko bertso saioak antolatu zituzten, irrati uhinez zabaltzeko.

Bertsozale Elkarteko Sustapen eragilea da Oier Iurramendi, eta azaldu du itxialdiko lehen asteak beren burua kokatzen eman zituztela elkartean. Eta ondoren erabaki zuten "antolatzaileei laguntzeko ahal zen guztia egitea, era horretan bertsolariei sostengua emango baikenien". Horretarako, bi ekimen jarri zituen martxan elkarteak apirilean: batetik, erresistentzia kutxa, "plazatik bizitzeko apustua egin zuten bertsolariei gutxieneko sostengu ekonomikoa eskaintze aldera". Bestetik, Plaza Birsortzen ekimena. Azken hau bada berritasun bat elkarte honen historian, Iurramendik azaldu duenez, izan ere, "Bertsozale Elkarteak ez ditu bertso plazak antolatzen. Baina egoera honetan, erabaki zen unea zela Bertsozale Elkarteak Lankurekin elkarlanean, zituen baliabideak plazari eskaintzeko. Bere egoitza den Villabonako Subijana Etxean bada areto bat, elkarteak badu ikus-entzunezkoetarako ekoizpen talde bat, eta diru poltsa bat bideratu zuen egitasmo honetara. Horrela hasi ginen astero bi saio antolatzen Villabonako areto horretan: bata Bidaiak deitu dioguna, emanaldi bereziz osatua, adibidez, gazteen bertso tramak, saio tematikoak, saio musikatuak, ikasleei zuzendutako saioak... eta bestetik, bertan behera geratutako plazetako saioak". Erandioko Euskaraldiko bertso bazkaria jarri du adibidetzat: "Gure lan-taldea eta baliabideak eskaini genizkien, eta horrela egin ahal izan zen bertso saio hori Villabonako aretoan, guk grabatu eta zuzenean emititu zena Erandiokoen webgunetik. Saioa Erandioko entzuleei zuzendutakoa izan zen, haiek jarritako gaiekin eta haiek aukeratutako aurkezlearekin". Saio hark arrakasta handia izan zuela azaldu du: 1.000 ikusletik gora izan zituen lehen lau egunetan, "normalean horrelako saio batek aurrez aurre 200 lagun izango lituzke". Saio haren arrakasta ikusita, beste hamar bat udaletxek eman zuten Bertsozale Elkartearekin elkarlanean on-line saioa antolatzeko urratsa.

Bertsozale Elkarteak eta Lanku enpresak "Plaza Birsortzen" ekimena jarri zuten martxan konfinamendu garaian, astean bi saio egiteko. Saio horietako bat "Bidaiak" izenekoa zen, eta bertan formato ezberdinei egin zieten leku. Irudian, bertso-trama.

Guztira 25 saiotik gora egin dituzte Plaza Birsortzen egitasmoaren barruan eta 60 bertsolarik eta musikarik hartu dute parte. Uriak kantatu zuen saio horietako batean, eta bakarka ordenagailu aurrean aritzearekin alderatuta, abantaila handiena kantu-kideak ondoan izatea izan zela dio: "Villabonako saiorako atera nintzen etxetik lehen aldiz, eta eskertu nuen. Bertsolariak elkarren ondoan egoteak beste sentsazio bat ematen du. Baina gogorrena eta hotzena bertsoen ostean txalorik ez egotea zen. Bertsotan egiterakoan eragiten du, badirudi azkarrago hasi behar duzula erantzuten, isiltasunera ez gaudelako ohituta. Kantu-kideen feedbackarekin konformatu behar, baina pauso bat zen elkarren ondoan egotea eta gorputz osoa ikustea".
Iurramendik oroitu du babes neurri zorrotzak hartu zituztela saio horiek egiteko: "Bertsolariak ez ziren inoiz bi metro baino gertuago egoten elkarrengandik, ez zuten mikrofonoa partekatzen, kantatzen hasi arte maskarak jantzita zituzten... bagenekien bost laguneko grabazio taldea lanean aritu beharko zela denbora luzean eta bertsolari asko pasatuko zela bertatik, beraz, ezin genuen txantxetan ibili, neurriak ez hartzeak arriskua baitzuen langileren bat gaixotu eta denak etxean egon behar izatekoa, eta horrek esan nahiko luke ekimena bertan behera geratuko zela".

Konfinamendu garaian guztira 25 saiotik gora egin dituzte "Plaza Birsortzen" egitasmoaren barruan eta 60 bertsolarik eta musikarik hartu dute parte. Irudian Xebastian Lizaso, Andoni Egaña, Onintza Enbeita eta Nerea Elustondo. Argazkia: XDZ.
"Normaltasunari" bultzaka

Alarma egoera eten zen eta kalean egoteko eta baldintzak betez gauzak antolatzeko aukera eman zieten agintariek herritarrei. Baina Agirrezabalak adierazi du garai hartan antolatzaileak "oso makal" zebiltzala, kultur ekitaldia antolatzeak baitzekarren osasuna babestearen ardura norberarengan hartzea: "Ikusi genuen antolatzailea ez zela animatzen ezer egitera, eta pentsatu genuen Bertsozale Elkarteak eta Lankuk elkarrekin saio bat antolatzea eta bideoz grabatzea, antolatzaileek ikus zezaten berme guztiekin egin daitekeela bertso saio bat". Ekainaren 5ean antolatu zuten saio hori, Villabonan, plaza irekian. Iurramendik azaldu du saio horretan protokolo guztiak aplikatu zituztela: "Bertsolariei harrera nola egin, maskara, garbitasuna... bestetik publikoan nola kokatu aulkiak, nola egin saio bat bi txandatan...". Halaxe egin zuten, bai, horretan ere berritzailea izan zen Villabonakoa, bertsolariekin adostu ostean, saioa bi zatitan egitea erabaki baitzuten, ikusle-kopurua bikoizteko: 81 laguneko bi txanda egin zituzten eta bertsolariek 45 minutuko bi saio egin zituzten jarraian: "Horrela bermatu genuen ohiko jende kopuruak gozatu ahal izatea saioa. Hori guztia bideoz grabatu eta zabaldu egin genuen sareetan eta antolatzaileei bidali genien, ikus zezaten gauzak egin daitezkeela". Sustapen lan honek izan du bere fruitua, eta Agirrezabalak adierazi duenez, hainbat saio ari dira orain Lankutik lotzen.

Jaialdiak eta formatu bereziak suspertzen, otorduetakoak eta informalak oraindik ZIU-n

Bertso plazek jaso duten kolpea itzela izan da, eta suspertzen doazen arren, oso urrun daude beste urteetako kopuruetatik: aurreko urteetako maiatz, ekain eta uztailetan 140-170 saio egiten ziren normalean hilabete bakoitzean. Honetan, maiatzean 25 saio egin dira guztira eta ekainean 30. Baina maiatzeko ia saio denak, 20 hain zuzen, bertsolariek beren ekimenez eta borondatez internet bidez egindakoak izan dira, eta antolatzaileek ordaindutako saio arruntak bost baino ez. Ekainean ordaindutakoak gehiago izan dira baina oraindik oso kopuru baxuan. Uztailean 60 bat aurreikusi dituzte. "Ari da errekuperatzen, baina oso mantso. Lau hilabetean 500 plazatik gora galdu direla ikusten dugu", jakinarazi du diagnostiko gogorra Iurramendik.
Agirrezabalak azaldu duenez, udal askoren hautua izan da herriko festak antolatu beharrean, uda kulturala egitea eta hainbat diziplinatako kultur ekitaldiak antolatzea. Bertsolaritza osasun bermeak betetzeko ekitaldi egingarrienetakoa da, Iurramendiren hitzetan: "Egunez egiteko egokia da, kanpoan edo barruan ikusle kopurua kontrolatu daiteke, ikusleak eserita egoten dira, oholtza gainetik bertsolariak estatiko aritzen dira... Neurriak errespetatzeko erraztasunak ditu". Baina mota bateko bertso saioak dira suspertu direnak: jaialdiak eta saio musikatuak. Aldiz, otorduen bueltan egiten diren saioak edo lagunarteko giroan egiten diren poteo eta libreko saioak oraindik lozorroan daude. Beraz, jaialdietan edo formatu berezietan aritzen den bertsolaria gehiago jardungo da aurtengo udan, eta geldialdiak bortitzago eragingo dio bertso bazkari eta afarietan aritzen den bertsolariari.
Agirrezabalak Lanku enpresatik harreman zuzena du antolatzaileekin, eta hauxe sumatu du: "Antolatzaileak bertako sortzaileez arduratuta sentitu ditut, bai herrikoez edo Euskal Herrikoez, eta udal asko saiatu dira udako eskaintza kulturala horiekin osatzen". Berriz gauzak antolatzeko gogoz sumatzen ditu, baina hori bai, "konpromisorik hartu gabe. Kontratu guztietan orain datorren klausula hauxe da: egoerak behartuta saioa bertan behera utzi behar bada, beste data bat adosten saiatuko gara. Baina inork ez du bere gain hartzen hitzartutako saio horren kostuaren zati bat ordaintzeko ardura. Data adostearena ere 'saiatuko gara' da, ez konpromiso irmoa".

Ziurgabetasuna bertsolarientzat eta elkartearentzat

Agirrezabalaren hitz horiek argi adierazi dute egungo egoeran bertsolariek ez dutela batere bermerik lotuta dituzten saio gutxi horietan kantatu ahal izango duten, eguna iritsitakoan. Asko kezkatzen du bertsolarien egoerak, bereziki bertsotatik bizitzeko hautua egin dutenek. Uriak zera gehitu du: "Oraingo egoerak ziurgabetasuna izugarri areagotu du, baina ziurgabetasuna ez da gauza berria, bertsolarien lana ziurgabea zen lehen ere: ez dakigu zenbat saio izango ditugun hilabete batzuk barru, are gutxiago hurrengo urtean. Honek balio beharko luke konturatzeko lehen ere zein baldintza prekariotan genbiltzan. Borroka egin beharko da bertsolarien eta orokorrean kulturgileen lana gutxieneko oinarri batez bermatzeko. Frantziako estatuan dagoen modura, urtean zehar jardun bat duela adierazten duenari, oinarri bat bermatuz". Gaur egun bertsotara jartzea "apustu egitearekin" lotzen dela adierazi du, eta ez lukeela horrela izan behar: "Hautu bat izan behar luke, ez arrisku bat. Bertsotatik bizi den gehiengoak baditu beste diru-iturri batzuk, badaezpada". Aurrera begira ziurgabetasuna areagotu egingo dela igartzen du: "Bertsolari asko gaude eta denon artean banatu beharreko plazen pastela asko txikituko da". Aurten udalek festetatik "diru dezente aurreztu dutela" uste du Agirrezabalak, baina gehiago kezkatzen du hurrengo urteko aurrekontuak. Uriak ere egin daitezkeen murrizketetan jarri du fokua: "Udalen aurrekontuetan murrizketak egiten badituzte, hauetako asko saiorik antolatu ezinda geratuko da, kultura saila ez delako azkena izango murrizketak jasotzen".

Pandemiak bertsolariei ekarri dien kinka larriak eraginda, eta etorkizunak itxaropenerako tarte handirik uzten ez duenez, Bertsozale Elkartea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailarekin elkartu da: "Egoera honek gehiago bistarazi du sortzaileek bizi duten egoera zaurgarria. Bide horretan asko dago egiteko erakundeetatik. Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu mahaian esertzea eta aztertu dezala zein ondorio izan dituen pandemiak sortzaileengan. Hortik abiatuta, etorkizunean haien jarduna babestu dezan", azaldu du Iurramendik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-12-16 | Bertsozale.eus
Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Donostia Arena bertsozalez bete da larunbat arratsaldean: 6.500 lagun elkartu dira bertan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken egunaz gozatzeko; Alaia Martinek jantzi du txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz-burukoa jokatu ostean.

2024-12-11 | Bertsozale.eus
Prest dago Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

 Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Maddi Agirre Epelde. Bertsolari matematikari kantari
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]


2024-11-18 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandiak finalerako pasea eskuratu du
Oiartzungo finalaurrekoa irabazita, zuzenean sailkatu da Gaztelumendi. Datorren igandean izango da hurrengo saioa, Zarautzen.

2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


2024-11-04 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak
Azken final-laurdena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Oihana Iguaran Barandiaranek irabazi du Irungo saioa
Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Iguaran. Irungo final-laurdena azken aurrekoa izan da: datorren astean ezagutuko dugu finalaurrekoetara sailkatuen zerrenda osatua.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Unai Mendizabal Jauregi nagusitu da Azkoitian
Hirugarren final-laurdena jokatu da larunbatean Baztartxo Antzokian. Final-laurdena irabaztearekin bat, finalaurrekoetara sailkatu da Mendizabal.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandia nagusi Errenterian
Bigarren final-laurdena jokatu da gaur Errenterian. Gaztelumendik, irabaztearekin batera, finalaurrekoetarako txartela lortu du.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Eibarko lehen final-laurdena
Lehen final-laurdena izan da larunbatekoa. Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Martin. Igandean izango da hurrengo saioa, Errenterian.

2024-10-07 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak
Azken final-zortzirena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-09-30 | Bertsozale.eus
Eneritz Artetxe Eizagirre nagusi Hondarribian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur Hondarribiko Itsas Etxean. Artetxe, saioa irabaztearekin bat, final-laurdenetara sailkatu da.

Eguneraketa berriak daude