“Gaur egun oso garbi dago txirrindularitza”

  • Hamarkada bat darama Gari Bravok goi mailako ziklismoan. 20 urte eskasekin iritsi zen Caja Ruralera, eta geroztik bidea egin du tropelaren barruan. Garaipenik ez du zakuan, baina bai esperientzia eta bizipen ugari. Lazkaotarrak ilusio berezia du lehiari berriro ekiteko, soinean Euskaltel-Euskadiren maillota eramango baitu. 2013an ere jantzi zuen, eta azken bost urteak Muriasen eman ondotik, Euskadi Fundazioaren taldera itzuli da. “Errepide bazterrean garai bateko marea laranja” ikusi nahiko luke.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ate joka da denboraldia, lau hilabeteko geldialdiaren ostean. Zer sentsaziorekin itzuliko zara lehiara?
Orain artekoa motza egin zait. Argentinan hasi ginen, eta segidan Portugalera joan ginen. Eta gero, Frantziako bi klasiko lehiatu genituen. Denborarik ez nuen izan puntu-puntuan jartzeko, beraz, askorik ere ez dut galdu hilabete hauetan. Sasoiari ahalik eta ondoen eusten saiatu naiz etxean, arrabolarekin; eta konfinamenduaz geroztik, pixkanaka hobera egiten joan naiz. Nahiko ondo itzuliko gara lasterketetara. Dena ondo badoa, laster hasiko gara lehiatzen, eta denbora izango dugu sentsazioak fintzeko.

Etxealdia nola bizi izan duzu? Sabaia gainera erori al zaizu?
Aurreneko bi asteak oso onak izan nituen. Eguraldi ona egin zuen, eta terrazan arrabola saioak egiteko probestu nuen. Gero eguraldi txarra etorri zen, eta bizpahiru eguneko beheraldia izan nuen. Baina hortik aurrera, oso ondo. Txintxo ibili naiz, eta orokorrean, uste dut denok arduraz jokatu dugula. Gehien miresten ditudanak, noski, lanean jarraitu dutenak dira. Gure bizitza salbatzearren dena eman dutenak, eta gu ondo egon gintezen gelditu ez direnak. Gero arazoaz paso egin duten gutxi horiek daude, baina ni alde onarekin gelditzen naiz.

“Jende askok pentsatzen du: 'Hauek lepo sartuta joango dira'. Ba ez. Hemen ez dago misteriorik; ondo zaindu eta entrenatu, besterik ez”

Azken asteetan jo eta su ariko zinen errepidean. Zenbat ordu egin dituzu?
Konfinamendutik atera bezain pronto, kostaldeko buelta egin nuen. Eta behin aukera edukita, Nafarroarantz jo nuen. Pila bat gustatzen zait hara joatea. Poliki-poliki hasi naiz, baina estutu egin dut azken aste hauetan. Asteko 25-27 ordu atera zaizkit. Horrek esan nahi du bost edo sei orduko entrenamenduak nahiko segidan egin ditudala. Uste nuen okerrago egongo nintzela, baina azkenaldian frogatu dut ez dudala behera egin; are gehiago, nire test pertsonaletan orain arteko emaitzarik onenak lortu ditut. Gero errepidean erakutsi behar da hori, baina pozik nago oraingoz. 

Inoiz baino sasoi labur eta trinkoagoa izango da, eta baldintza gogorrak izango dituzue kutsatzeak ekiditeko. Oso arraroa izango da dena, ezta?
Hala da. 35 lasterketa egun inguru izango ditugu, eta denak jarraian izango dira. Dena ondo badoa, orain hasi eta urrian bukatuko genuke, Ordiziako klasikoan. Aukerak aprobetxatu egin beharko ditugu, denboraldia oso azkar pasako delako. Gogotsu gaude denok, gogorra izan delako lasterketarik gabe egotea. Nik ez dut beldurrik egoera hauetan lehiatzeko, baina egia da errespetu pixka bat ematen didala egon daitekeen jende nahasketak. Nik ez dakit ondokoa non egon den, nola egon den… Kaleak ere oraindik beldur apur bat ematen dit. Protokolo zorrotza egongo da, eta probak egingo dizkigute. Gauzak oso zorrotz egin behar dira.

Hamargarren denboraldia duzu profesionaletan, eta birjaiotako Euskaltelen ariko zara. Ilusio handia egiten dizu berriz ere laranjaz janzteak?
Dudarik gabe. Aurrez 2013an aritu nintzen Euskaltelen, eta gehien gozatu nuen urtea izan zen. Oso giro ona zegoen taldean, eta munduko lasterketarik onenak lehiatzen genituen. Tamalez, desagertu egin zen, eta behera egin nuen. Kosta egin zitzaidan berriz ere abian jartzea. Muriasen bost urtez izan nintzen, baina beti izan nuen buruan Euskaltel zenaren oroitzapena. Berriz ere halako proiektu bat sortzen bazen, bertan egon nahi nuen. Apur bat nekatuta bukatu nuen Muriaseko azken urtea. Itzalita bezala nengoen, eta haize berria behar nuen: taldekide berriak, zuzendari eta prestatzaile berriak... Euskadi Fundazioaren aukera sortu zen, eta ez nuen bitan pentsatu. Murias desagertuko zela jakin aurretik egin nuen tratua.

Begirada atzera botata, pozik zaude orain arte osatu duzun ibilbidearekin?
Oso harro nago egindakoaz, eta urte gehiagoan irauteko gogoak ditut. Iaz gainezka eginda nengoen, baina aurten ez. Inoiz baino motibazio handiagoa daukat. Hamar urtean ez dut garaipenik lortu, eta agian jendeak emaitzei begiratzen die gehien; baina norbera bere lanarekin gustura egotea ere oso garrantzitsua da. Hamarkada batez maila profesionalean iraun badut, gauzak ongi egin ditudan seinale da. Bestela, ez nintzen hemen egongo.

“Nik ez dut beldurrik egoera hauetan lehiatzeko, baina egia da errespetu pixka bat ematen didala egon daitekeen jende nahasketak”

Zein izan da zure ibilbideko unerik onena? Eta txarrena?
Onena, beharbada, Portugalgo Itzulian gazteen saria irabazi nuen eguna. Eta txirrindularitzak eman didan kolperik gogorrena ere proba hartan jaso nuen: osaba bat hil zitzaidan. Ni ikustera etorri zen, eta bertan izan zen hamaika egunez. Itzultzerakoan auto istripua izan zuen, eta galdu egin nuen. Bestela, kirol mailan, asko sufritu nuen 2018ko Espainiako Vueltan, gaixo izan nintzelako. Oso gogorra da lehen egunetik tropelari ezin jarraitu ibiltzea. Egunak aurrera doaz, eta ezin diozu buelta eman. Nik etxera itzuli nahi nuen, baina taldeak Madrileraino iristeko animatu ninduen. Azkenean, lortu nuen. Satisfazio handia izan zen.

Sakrifizio handia eskatzen duen kirola da ziklismoa: entrenamendu gogorrak, elikadura asko zaindu beharra…
Betidanik ondo eraman izan dut. Abantaila dut neguan nahi dudan guztia jan arren, ez dudala pisu askorik hartzen. Lasaiago hasten duzu denboraldia. Baina xehetasunak zaindu egin behar dira, eta nik Eibar futbol taldean dabilen Aurora Cid nutrizionistaren laguntza daukat. Prestakuntza ere asko zaindu behar da, Carlos Jimenez eta Patxi Vilarekin nabil. Xehetasun guztiak milimetroan zaindu beharra dago txirrindulari profesionala izateko.

Baina ez al dago pisuarekiko gehiegizko obsesioa? Badira ziklistak muturrera joan direnak ahalik eta argalen egon nahian.
Arrisku hori beti dago hor. Ziklisten obsesiorik handiena beti bere pisuan egotea da. Baina malgua izan beharra dago, eta noizbehinka gutiziak eman gorputzari. Jakin behar duzu zerk balio dizun eta zerk ez. Nik orain 61 kilo ditut. Demagun bost kilo soberan ditudala esaten didatela. Baina nik orain arte ikusi dut 61 kilorekin ematen dudala mailarik onena. Bost kilo gutxiagorekin, agian indarra galtzen duzu, eta okerrago zabiltza ordekan. Norbait profesionaletara iritsi denean, badaki noiz dagoen ondo. Niri ez zait gustatzen probak egiten aritzea. Eta orokorrean, taldeetan ez gaituzte gogorregi egiten. Obsesioa gehiago da ziklistarena: “Begira orain zain bat ikusten zait, orain beste bat ikusten zait…”.

Osasuntsua al da eliteko txirrindularitza?
Bai. Egia da batzuetan astakeriak egiten direla: sei edo zazpi ordutako entrenamenduak, 300 kilometroko probak… Baina, nire ustez, gure gorputza halako gauzak egiteko dago sortua. Entrenatuta eta gauzak ondo eginda, hala ibiltzeko gai gara. Hori bai, harago ez nintzateke joango. Ultramaratoiak-eta ez zaizkit gustatzen. 24 ordu gelditu gabe, eta halakoak. Miresten dut, baina gehiegi iruditzen zait. Gure meritua abiaduran dago. Batzuetan, orduko 45 kilometrotik gorako batez bestekoa lortzen dugu 200 kilometroko probetan. Jende askok pentsatzen du: “Hauek lepo sartuta joango dira”. Ba ez. Hemen ez dago misteriorik; ondo zaindu eta entrenatu, besterik ez.

Hain juxtu, ziklismoak beti du gainean dopinaren mamua. Nola bizi duzu hori tropel barrutik?
Nahiko ondo. Itsusiagoa izango zen gertuagotik bizitzea. Zorionez, ez dut gauza arrarorik ez egin, ez ikusi. Baina bai, pena ematen dit txirrindulariak iruzurtitzat hartzeak. Nik beti alderatzen dut: futbolari batzuei ez diete guri egiten dizkiguten kontrol guztiak egiten. Dirua ematen dutelako, eta guk ez. Zenbat kontrol pasa izan ote ditut nik… eta edozein tokitan. Oraintxe bertan etorri daitezke kontrola egitera, eta ezin duzu ezetz esan. Garai batean iruzur asko egon zen, eta fama hortik dator. Baina gaur egun oso garbi dago txirrindularitza. Egiten duguna gure bihotzetik eta hanketatik ateratzen dugu.

Eta zer egin beharko litzateke kirol honen irudia garbitzeko?
Garai ilunen ostean, pasaporte biologikoa ezarri zuten. Txirrindulariok beharbada ez dugu gogor egin gure garbitasuna adierazteko, bai jendeari, bai Nazioarteko Txirrindularitza Batasunari, bai Dopinaren Aurkako Munduko Agentziari. Baina tira, arauak hauek dira, eta onartu beharra dago. Puntu bateraino ondo iruditzen zait, baina batzuetan gehiegizkoa izan daiteke. Neskarekin oporretara joan, eta agian hor agertu ahal zaizkizu. Eta egia da gauzek hobera egin dutela. Garai batean, hiletetan eta guzti agertzen zitzaizkizun.

Zer egoeratan ikusten duzu Euskal Herriko txirrindularitza?
Egoera nahiko ona da. Euskaltelek urratsa egin du, Caja Rural eta Movistar ere hor daude… baina egia da afizionatu talde gutxiago dagoela. Eta maila horretako emaitzak ere hobeak izaten ziren garai batean. Urte txarrak izan dira, baina uste dut gauzek hobera egingo dutela. Berriz ere hemen dugu Euskaltel zenaren zati bat, eta ea egitura handituz joaten den. Polita litzateke gazteek aukera gehiago izatea. Motibatuta ikusten ditut, erakusleiho berri bat zabaldu zaielako. 

Zergatik ireki zaizkio Euskadi Fundazioari Muriasentzat itxita egon ziren ateak?
Emaitza aldetik, ezin daiteke azaldu. Urtetik urtera hazi egin zen Murias, eta pentsa, azkenean bi etapa irabazi genituen Vueltan. Zergatia kirol arlotik harago doa. Izan zen zerbait hemengo enpresak eta babesleak atzera bota zituena. Hor barruan izan zirenek jakingo dute zer izan zen. Hemen berriz, sekulako sarea sortu da: Orbeak bizikletak eta dirua jartzen du, Etxeondok ekarpena egiten du, Euskaltel ere sartu da… Proiektu sendoa da, eta horrek lasaitasuna ematen dizu.

Zer amets duzu?
Alde batetik, Euskaltel berriz ere Frantziako Tourrean ikustea, eta errepide bazterrean garai bateko marea laranja sortzea. Ilusioa egingo lidake talde hau hazten ikusteak. Euskal Herriko Itzulian eta Espainiako Vueltan maillot honekin aritzea ere polita izango litzateke. Eta eskatzen hasita, garaipen bat ere gustura hartuko nuke! Gertu izan dut batzuetan, baina errematatzea falta izan zait. Batzuetan, gutxien espero denean iristen da… Ikusiko dugu.

MOTZEAN

Entrenatzeko, hotza ala beroa?
Hotza. Beroarekin ito egiten naiz. Nahiago dut xiri-miri pixka batekin ibili.

Bakarrik ala taldean?
Normalean, bakarrik. Nahiago dut, lasaiago nabil. Taldean, erdi urduri jartzen naiz.

Potentzia ala sentsazioak?
Potentzia zehatzagoa da, ez dago eguraldiaren eta bestelako faktoreen menpe.

Gelak edo platanoa?
Ez naiz gel eta barra zalea, baina azkarrago hartzen duzu, eta lehenago ematen dizu behar duzun indarra.

Strava, bai ala ez?
Orain bai, baina erdi behartuta, datuak plataformetara pasatzeko. Kendu egingo dut erretiratzen naizenean.

Aldagailu mekanikoa ala elektronikoa?
Elektronikoa. Itzela da. Erraztasun handiak ematen ditu, batez ere eguraldi hotzarekin.

Idolo bat?
Alexandre Vinokourov. Ibilbide guztietan moldatzen zen ongi. Joseba Beloki ere asko gustatzen zitzaidan.

Igoera bat?
Asko gustatzen zait Otsagabiako ingurua. Larrau, adibidez, oso polita da.

Maniaren bat?
Denbora asko pasatzen dut konputagailua pizten eta itzaltzen. GPS seinalea hartu arte ez naiz abiatzen.

Tropeleko lagunik onena?
Jon Aberasturi. Euskadiko Txapelketa batean ezagutu nuen, eta lagun minak egin ginen.

Zaletasun bat ziklismoaz harago?
Alpinismoa. Denboraldi-aurrean asko ibiltzen naiz mendian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
2024-10-14 | Leire Ibar
Ehunka txirrindulari mobilizatu dira harrobiko kirolarien lasterketak “normaltasunez” antolatzea eskatzeko

Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2023-10-26 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Frantziako Tourrean “ez garela ez frantsesak ez espainiarrak” erakustera dei egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.


Mila ertzain inguru manifestatu dira Gasteizen, eta esan dute ez dutela Tourra saboteatuko

Jaurlaritzaren arabera, jarrera "estu", "irrealista" eta "arduragabea" dute protestan ari diren ertzainek. Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu zien ostiralean sailaren arduradun Josu Erkorekak, sindikatuak mahaitik altxatu eta gobernuari... [+]


2023-06-23 | Jon Torner Zabala
“Euskara ezinbestekoa Itzuli Handian”, Tourra Baionara heltzean euskarari leku egiteko hitzarmena

Bilbo, Gasteiz eta Donostia zeharkatu ostean, uztailaren 3an Baionara helduko da Frantziako Tourra. Lasterketak duen oihartzunaren jakitun, hitzarmena sinatu dute Baionako eta Tourraren antolatzaile Amaury Sport enpresako ordezkariek, "euskara balioan ezarri, hedatu eta... [+]


Frantziako Tourrean “murgiltzeko esperientzia”: tirolina erraldoia, “food-truck”-a eta herri kirolak

Ekainaren 29an egingo da Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, Bilbon. "Fan Park" handia jarriko dute erakundeek.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Eguneraketa berriak daude