“Egungo arazo handienetakoa da jendeak ez dakiela triste egoten”

  • Lau herritarretik batek bizitzan zehar buruko gaitzen bat izango duela eta pandemiak ere hainbaten osasun mentalean arrastoa utziko duela dio Osasunaren Mundu Erakundeak. Urte eta erdiz depresioa eta antsietate nahasmendua jasan dituen eta klinikoki sendatuta lau hilabete daramatzan Malene San Pedrok lagundu digu buruko gaitzak hobeto ulertzen. “Txarto dagoenari ez esan pozik egoteko, errudun sentituko da eta gainera triste egon behar du”, dio 21 urteko orozkotarrak.

Irudia: Shukare Otero
Irudia: Shukare Otero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Datuek diote jende asko dagoela buruko gaitzen bat duena, baina inguruan badirudi ez direla hain ikusgarri. Ezkutuan mantendu ohi den zerbait da? Oso estigmatizatuta dago?
Estigma existitzen dela argi dago, baina pertsonalki pentsatzen dut norbere osasun mentalerako hobea dela oro har isilean mantentzea. Gizartea orokorrean ez dago prestatuta horrelako zerbait ulertzeko, jendeak ez daki zer esan ez nola esan, oso deserosoa da, eta gainera kalterako izan daiteke: hobeto egoteko zer egin behar duzun agintzen dizute, eta “horrek kalte egiten badizu, ez egin” esatea erraza da, baina egitea ez hainbeste; ez dute ulertzen zergatik ez duzun egiten esaten dizuten hori, hain erraz ikusten duten hori. Azkenean, karga gehigarri bat bihurtzen da zuretzako; egin ezin dezakezun zerbait eskatzen dizute (“atera zerbait hartzera”) eta erruduntasun sentimendua etengabea da, justifikatzen eta azalpenak ematen aritu behar duzu eta gainera haserretu egiten zaizkizu etxetik ez ateratzeagatik. Estigmarena ere hor dago: kontatzeak berak izugarrizko lotsa ematen zidan niri, “zoro nagoela pentsatuko dute”; eta jende batek hala pentsatzen du. Horregatik, nire ustez hobe da oso gertuko duzun bati edo biri baino ez kontatzea, eta profesionalen eskuetan jartzea. Prozesuan aurrera egin ahala, jende gehiagori kontatzen joan naiz.

Noiz eta nola erori zinen depresioan?
Urte eta erdi eman dut diagnostikatuta eta makina bat faktorek eragindako depresioa izan da; ez nintzen gauza izan horiek gestionatzeko eta gurpil batean sartu nintzen. Txarto jartzen hasi nintzen, txarto nengoela jakin barik, onartu barik. Ezin nuen lorik egin, edo loaren paralisia nuen (bat-batean esnatu eta ezin mugitzea), arazorik txikiena erraldoi bihurtzen zen, bost eskailera igota neka-neka eginda nengoen, ohean negar egiten egoten nintzen, ezinezkoa zitzaidan ikasketetan kontzentratzea… eta konturatu nintzen zerbait ez zihoala ongi. Pentsa, depresioaren ondorioz bat-batean 18 kilo argaldu nituen. Gurasoen dibortzioaren ostean ezagutu nuen psikologoarenera itzuli nintzen, terapia egitera, baina ez zen nahikoa izan, eta psikiatrarekin uztartu nuen, antidepresiboak behar nituelako. Biek egin didate on eta biak izan dira gako prozesuan. Hasieran medikatzearen kontrakoa nintzen erabat, baina gero ulertu nuen bizitza normala eraman nahi banuen medikatu beharra neukala. Egun bakarrean bost antsietate-atake izan nitzakeen.

"Egin ezin dezakezun zerbait eskatzen dizute ingurukoek ('atera zerbait hartzera') eta erruduntasun sentimendua etengabea da. Eta haserretu egiten zaizkizu etxetik ez ateratzeagatik"

Entzuten dituzunean "triste egotea jarrera kontua da, aldatu jarrera" gisako esaldiak, zer pentsatzen duzu? Kalte handia egin dezakeen pentsamoldea al da?
Bai, Mister Wonderful eta gisakoak oso modan daude, eta oso toxikoak dira. Txarto dagoenari esaten badiozu pozik egoteko, ez da bakarrik ez diozula laguntzen, gainera errudun sentituko da. Ez esan pozik egoteko, triste egon behar du. Mezu horiek ez diote bakarrik depresioa duenari kalte egiten, denei baizik. Niri esaten zidaten: “Garrantzi gehiago eman pozik zauden egun horiei”, eta ez da hala egin behar, baina egungo gizartearen arazo handienetakoa da jendeak ez dakiela triste egoten. Nire prozesuan egin behar izan nuen lehenengo gauza izan zen triste egoten jakin, zergatik nengoen triste ulertu, min hori onartu eta dolua pasa. Arazoa estali eta pozik egoten tematzen bagara, arazoak hor jarraituko du, barnean.

Nik ere ez dut triste egon nahi, baina tristezia eta sufrimendua ohikoak dira gure bizitzan, eta onartu egin behar ditugu, ongi egon ahal izateko. Denok ditugu arazoak, baina zoriontasunaren diktaduran bizi garenez, zoriontasun faltsuak betetzen ditu sare sozialak. Eskolan heziketa emozionala gehiago landu beharko litzateke, onartu behar dugulako ezin dela uneoro pozik egon.

Lehen panikoa nion triste egoteari, txarto egoteari, eta hori ez gertatzeko arazoak saihesten nituen. Inguruko jendearekin haserretzeak triste sentiaraziko zidanez, ez nuen gatazkarik nahi, eta botere harreman desorekatuak sortu nituen: denak zeuden nire gainetik, pertsona bezala hutsaren hurrengoa nintzen, eta horregatik nengoen hain txarto. Ulertu behar izan dut norbait nirekin haserretu daitekeela eta ez dela ezer gertatzen. Horregatik diot oso toxikoak direla poztasuna inposatu nahi duten mezuak, pertsona bat eraman dezaketelako okerrago egotera.

"Lehen panikoa nion triste egoteari, txarto egoteari, eta hori ez gertatzeko arazoak saihesten nituen, ez nuen gatazkarik nahi, eta botere harreman desorekatuak sortu nituen"

Lanean, lagunartean... justifikatu behar izaten du depresioa edo antsietatea duenak. Zuri halakorik gertatu al zaizu?
Etengabe justifikatu behar izan dut nire burua, denerako eta egoera guztietan. Eta segituan antzematen duzu zeinek lagundu nahi zaituen baina ez daki nola, eta zeinek ez duen enpatiarik eta iruditzen zaion gertatzen zaizuna tontakeria dela. Prozesuaren hasieran gezur asko esan behar izan ditut, eta jendeak depresioaren berri izan duenean, aipatu duguna gertatu da, askok ez duela ulertu. Hainbatek uste du depresioa dela triste egotea, eta ez da hori bakarrik. Nire kasuan, tristuratik baino gehiago zuen ezinegonetik, urduri nengoen egun osoan, nire bihotz-taupadak indar handiz entzuten nituen, Bilbotik ibiltzen nindoalarik uste nuen eraikinak gainera eroriko zitzaizkidala. Mundua aldatu egiten da, oso arraroa da. Oraindik ez naiz gauza ongi azaltzeko zelan sentitzen nintzen momentu horretan, ziurrenik oraindik ez dudalako guztiz onartu.

Bitxia da, 18 kilo argaldu nituen eta jendeak esaten zidan zeinen eder nengoen. Baina zer arraio?! Nire gaixotasuna txalotzen ari ziren eta hori niretzat suntsitzailea zen.

Norbere buruko arazoekin nahikoa ez, eta besteekiko harremana ere tentuz kudeatu behar.
Ni etxean sartuta egon nintzen behar izan nuen denbora guztia, ulertzeko zer zen gertatzen zena. Behin ulertuta zer gertatzen den, zer egin behar duzun horri aurre egiteko eta nola kontrolatu, hasi zaitezke besteekiko harremana lantzen. Nire kasuan pautak idazten nituen egunero, adibidez “gaur ez naiz justifikatuko” eta halakoak, guztiz robotizatuta, nire burua behartzeko. Pixkanaka ikasten joan nintzen.

Gauza asko galdu al dituzu prozesu honetan? Eta ikasi?
Bizpahiru lagun galdu ditut bidean, ez nuelako egiten haiek esaten zidatena. Haserretzen ginen eta oso txarto pasatzen nuen, eta momentu batean harreman horiek moztu egin behar izan nituen. Hemendik ateratzeko eta nire buruan gertatzen ari zena ulertzeko egin behar nuen zerbait izan zen. Urte akademiko oso bat galdu dut baita ere, eta beste aukera eta esperientzia ugari (batez ere ezin nuelako etxetik irten).

Aldi berean, pila bat ikasi dut: nire adimen emozionala asko garatu dut eta arazoak erlatibizatzen ikasi dut, arazo txikiak minimizatuz eta handiekiko sentsibilizatuz. Jendea ez epaitzen eta jendeari buruzko komentariorik ez egiten ere ikasi dut, niri egiten zizkidatelako eta min handia egiten zidatelako. 2.400 biztanleko herri batean bizi naiz, mundu guztiak zekien hiru-lau hilabete neramala etxetik atera gabe…

"Bitxia da, 18 kilo argaldu nituen eta jendeak esaten zidan zeinen eder nengoen. Nire gaixotasuna txalotzen ari ziren eta hori niretzat suntsitzailea zen"

Zer izan da zailena?
Nire kasuan, zailena izan da onartzea ez naizela honengatik hilko. Arraroa dirudi, baina nik pentsatzen nuen hil egingo nintzela, eta denbora asko pasa zen onartu nuen arte ez zela hala. Aurrerapauso handia izan zen. Gaixo zaudenean pentsamendu oso arriskutsuak dituzu eta ni ez naiz izan autolesionatzen den horietakoa, baina gaitzak fisikoki minduko ninduela eta hil egingo zidala uste nuen. Bihotz-taupadak entzun eta bihotzekoak emango zidala pentsatzen nuen, adibidez. Horregatik diot jendeak ez duela ulertzen; nik lagun bati ezin nion esan “hil egingo naiz”.

Sendatuta zaude…
Lau hilabete daramatzat antidepresiborik hartu gabe eta klinikoki sendatuta nago, baina terapiara joaten jarraitzen dut eta etorkizunean ere ez diodala joateari utziko argi daukat. Terapia funtsezkoa da niretzat eta egunerokoa gestionatzen lagundu dit, tresnak eman dizkit.

Psikiatrak azaldu zidan klinikoki sendatuta nagoela garunean dugun serotonina (eta nik desorekatua nuena) jada orekatuta dudalako eta beraz antidepresiboak utzi ditut, baina erortzeko arriskua eta erortzeko beldurra hor dago beti. Zaila da horrekin bizitzea, baina era berean prozesu honetan asko ikasi dut, badakit ze gauzek eraman nauten horrela egotera eta nola gestionatu ditzakedan.

Nire psikologoak dioen moduan, pertsona batzuek aukera handiagoak ditugu depresioan jausteko, beste batzuek baino. Enpatiarik ez duten pertsonek aukera gutxiago dute halako gaitzen bat garatzeko, errazagoa da depresioan erortzea sentsibilitate handia dugunontzat. Hain naiz sentsiblea, ikusten nuenean norbaitek ez zuela elkartasunez edo zuzen jokatzen, sekulako antsietatea sortzen zidala. Ikasi dut besteen erabakiek ez nazaten hainbeste eragin eta kaltetu.

"Enpatiarik ez duten pertsonek aukera gutxiago dute halako gaitzen bat garatzeko, errazagoa da depresioan erortzea sentsibilitate handia dugunontzat"

Gaztea zara. Irakurri dut belaunaldi gazteen artean ugaritu egin dela buruko gaitzen kopurua. Egungo gizarte ereduak eragiten duela uste duzu?
Nire adineko pertsona nahikotxo ezagutzen dut antzeko egoera igaro dutenak edo igarotzen ari direnak, ez da normala. Sistemak jartzen digun presioa, daramagun erritmoa oso handia dela uste dut, eta jendeak maiz bere buruari baino ez diola begiratzen; nik hori klasean nabaritu dut, humanitate falta hori, eta Zuzenbidea ikasten ari naiz, hain juxtu Zuzenbidea ikastea besteei laguntzeko nahiari lotuta dagoela ulertzen dudanean.

Depresioan erortzen denari zein aholku emango zenioke?
Hasteko, onartzea. Ez da erraza, baina pauso hori eman beharra dago. Eta esango nioke ez dela ezer gertatzen laguntza profesionala eskatzeagatik. Depresioan dagoen eta laguntzarik eskatzen ez duen jende asko dago, eta hori ez da batere ona.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Buru gaixotasunak
Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


“Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du”

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Ahanzturaren gaixotasuna

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu... [+]


Psikiatrikoen aurkako salaketa kalera aterako du Harro Zoroa mugimenduak asteburuan Bilbon

“Hego Euskal Herria da elektroshock gehien praktikatzen den Espainiako Estatuko lurraldea; Basurtuko ospitalean sei elektroshock makina daude”, azaldu dio ARGIAri Heiko Elbira Zoroa GAM taldeko kideak. Hori eta beste hainbat praktika psikiatriko salatzeko Harro Zoroa... [+]


2023-02-16 | ARGIA
Suizidioa, heriotza kausa nagusia Europako presoen artean

Presoen suizidio tasa gizartean dagoen tasaren bikoitza baino gehiago da. Horrez gain, presoen herenak buruko gaitzen bat du. Europako presoen osasunari buruzko 2020ko datuak dira, orain aurkeztu duten OMEren txosten batetik eratorriak.


2023-02-07 | ARGIA
Zumarraga-Azpeitiko haurrak osasun mentalerako zerbitzurik gabe utzi dituzte Osakidetzan

Zumarragako eta Azpeitiko Osasun Mentaleko Zentroek ez dute haurrentzako arreta zerbitzurik, pasa den urtarrilaren 31tik. “Osakidetzak bizi duen egoeraren beste adibide bat da”, salatu du ELAk.


Neurotikoak gara, sentitzen dut

Iragan udan, neurosiaren prebentzioari buruzko ikastaroa eskaini nuen Hik Hasiko topaketa pedagogikoen baitan. Jende askok eman zuen izena, izenburua erakargarria egingo zitzaielako, seguruena, zuzenean ematen baitzuen aditzera buruko osasuna (edo osasun eza) ez dela zorizko... [+]


Mireia Alduncin Zamora. @estereotipak
“Guk ez dugu emakumeen osasun mentala landu nahi, baizik eta osasun mentala feminismotik”

Jendartean eta osasunean eraldaketa eragiteko desiraz, emakume talde batek urtebete darama elkartzen, eta Estereotipak elkartea sortu dute berriki. Osasun mentala generoaren estereotipoekin lotzeko praktika baztertu nahi dute. Mireia Alduncin Zamora bertako kidea da. Psikologia... [+]


Nerabeen suizidio-saiakerak murrizteko plan pilotu bat saiatzen ari dira hainbat ospitaletan

Survive izeneko plana Arabako Unibertsitate Ospitalea proiektuaren parte da eta emaitzak 2023ko urtarrilerako edukitzea espero dute.


Depresioa ez duela desoreka kimikoak sortzen adierazi du ikerketa batek, antidepresiboak zalantzan jarriz

Molecular Psychiatry aldizkarian argitaratu den ikerketa batek nabarmendu du depresioa ez duela serotonina faltak sortzen eta antidepresiboen funtzioa zalantzan jarri du. Hauen helburu nagusia serotonina kantitatea handitzea delako


Albert Piquer, buru osasunaren estigmaren aurka
“Gai izan behar dugu buru osasun nahasmenduari ezaugarri positiboak atxikitzeko”

2010ean Albert Piquerrek telekomunikazio enpresa batean egiten zuen lan, presio handiko lan eremu oso lehiakorrean. "Gauza asko ondoeza eragiten hasi zitzaizkidan, eta egun batean dena lehertu zen eta lana utzi nuen. Nire bizitza pixka bat gelditu egin zen". Piquerrek... [+]


2022-04-26 | ARGIA
Lan gaixotasunen %90 ezkutuan daude oraindik

Milaka lan gaixotasun eta istripu aitortzarik gabe geratzen da. Horren adibide, hainbat sindikatuk plazaratu dituzten kasu hauek: iragan larunbatean lanetik etxera bueltan istripuz hildako langilea; laneko gaixotasun psiko-sozialak; produktu toxikoekin harremanetan laneko... [+]


2022-04-18 | Estitxu Eizagirre
Iñaki Segurola Amutxastegiri agurra

Apirilaren 16an elkartu dira "Ogru"aren etxekoak eta lagunak Azpeitian, azken agurra emateko. Maitasunez bizi eta duin hiltzearen aldarriak entzun dira, hitz puzturik gabe, bere soilean, benetan eta eder.


Eguneraketa berriak daude