Argi kartsuaren distira

  • Jon Savage (Jonathan Malcolm Sage, Londres, 1953) musika kazetari britainiar ospetsuak Joy Division post-punk taldeari buruzko historia biltzen duen liburua argitaratu berri du, This searing light, the sun and everything else, bandak Closer izenburuko bigarren eta azken lana argitaratu eta 40 urte igaro direnean. 1980. urte hartako maiatzaren 18an, Closer plazaratu baino hilabete gutxi batzuk lehenago, taldeko abeslari Ian Curtisek bere buruaz beste egin zuen. Aurretik, 1979an, Unknown Pleasures diskoa jaso zuen laukote gazteak. Hala, bi disko baino ez zituen grabatu Gozamenaren Dibisioak –izenak naziek kontzentrazio-esparruetan haien sexu-jolasetarako erabiltzen zituzten barrakoiak aipatzen ditu–, baina sekulako eragina izan zuten ondorengo zale eta musikariengan. Itzal hori gainerako hiru taldekideek eratutako New Order egitasmoak luzatu eta haizatu zuen, jatorrizko abeslaria zendu eta berehala.

Joy Division, Kevin Cummins argazkilariaren begietan.
Joy Division, Kevin Cummins argazkilariaren begietan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hartara, asko idatzi, filmatu eta grabatu da Joy Divisionen inguruan, beren musikak eta hitzek –William S. Burroughs eta J. G. Ballard idazleen irakurle sutsua zen Curtis–, etorkizunera eta taldearen barrenera begiratzen baitzuten, inguruan zuten punk eztandari gehiegi erreparatu gabe. Savagen hitzetan, “Joy Division oso handiak dira. Punkean inspiratu ziren, baina haien kabuz egiten zuten musika, soinu propioa, heavy metalaren soinua zuten gitarra grabe eta distortsionatuekin, baina era berean, batzuetan, ukitu psikodelikoa zuten, bai eta melodia oso landuak ere”.

Londresen jaiotako autoreak bertatik bertara bizi izan zituen taldearen sorrera eta garapena, sasoi hartan, 1979an, Manchesterren bizi baitzen. Kazetariak Melody Maker musika astekarian idazten zuen, eta hauxe argitaratu zuen Unknown Pleasures lanaren inguruan, 1979ko uztailaren 21ean: “(…) Joy Divisionen doinu espazial eta zirkularrak, eta Martin Hannet-en ekoizpen bikain eta somnanbulua Manchesterreko gune ilun eta leku hutsen isla perfektua dira”.

Martin Hannet ekoizleak eragin handia izan zuen taldearen soinuan: musikariek hain formalak izateari utzi zioten berari esker

Aipamen hori Savagek oraintsu plazaratutako liburuan agertzen da –gaztelaniazko bertsioa kaleratu du Reservoir Books argitaletxeak: Una luz abrasadora, el sol y todo lo demás; frantsesez ere irakur daiteke Allia editorialean: Le reste n’était qu’obscurité : L’histoire orale de Joy Division–, baina egilea kontakizunetik erabat aldendu da, ez baitu bere buruaz hitz egin nahi. Areago, musika-idazketan nagusitzen den eredu biografikotik zeharo urrundu da. Horretarako, autore britainiarrak Please Kill Me: The Uncensored Oral History of Punk liburuak ezagutarazi zuen ahozko historiaren formula baliatu du; alegia, Joy Divisionen inguruan zeuden hainbat lagun eta lekukoren berbekin jositako testigantza korala osatu du. Grant Gee zinegileak filmatutako Joy Division (2007) dokumentalaren gidoia idazteko Savagek burututako elkarrizketetan oinarritzen da liburua.

Hiriaren oihartzuna

Hala, 35 lagun inguruk –bizirik dauden taldekideak barne– parte hartzen dute liburuan, besteak beste, taldeari elurtutako zubi batean egindako argazki mitikoen egile Kevin Cummins eta Unknown Pleasures diskoaren azal ikonikoa diseinatu zuen Peter Saville, betiere, bandaren ikuspegi poliedriko, zintzo eta gertukoa osatzeko.

Argazkia: Kevin Cummins.

Hain zuzen, laukotearen gertuko ekosisteman izan ziren hamaika elementuren laguntza halabeharrezkoa izan zen taldearen garapenerako, tartean, Savagek 1979an idatzitako iruzkinean bildutako ezinbesteko bi faktore: hiria bera eta Martin Hannet ekoizlea. “Joy Divisionek garaiko Manchesterren aura proiektatzen zuela zirudien maila kolektibo batean. Taldea Manchester zena zen”, dio liburuan Liz Taylor City Fun argitalpeneko kazetariak.

Manchester musika klubez beteta zegoen, musika-tradizio handiko hiri industrial zikina zen. Ingalaterrako ipar-mendebaldeko hiria, hala nola, musika beltzaren hiriburua zen: Northern Soula undergroundeko kultua zen, eta dendak soul single ezezagunez josita zeuden; Joy Divisionen manager Rob Gretton, esaterako, Northern Soul disko-jartzailea izan zen. “Ezinezkoa zen Joy Divisionek inguruko elementurik ez hartzea. Hala, Nolan Porterren Keep on keepin’on, soul estiloko kanta bitxi bat, Transmission doinua bihurtu zen haien eskuetan”, azaldu du Savagek.

Horren harira, Joy Divisionekin batera, Factory kluba eta diskoetxea ere sortu ziren, zeinak laukotearen ibilbidean etengabe agertzen diren, batez ere Tony Wilson Granada telebistako aurkezle eta Factoryren sustatzaile eta jabean irudikatuta. Wilson teoria eta praktika situazionistekin haluzinatuta zegoen bazter nahasle berritsua zen.

Soinuaren azti hordia

Martin Hannet ekoizleak, bestalde, berebiziko garrantzia izan zuen Joy Divisionen soinuaren eboluzioan, laukotearen bi diskoak ekoitzi baitzituen. 1960ko hamarkadako hippie drogazalea zen, baina eskarmentu handiko teknikaria. Berak moldatu zuen Joy Divisionen espazio handiko soinu hori, eta berak erantsi zion kutsu psikodelikoa bandaren jarioari. Manchesterreko ekoizle ofiziala zen, eta bere esku eta belarri sorginduetatik Buzzcocks edo Magazine taldeen diskoak igaro ziren, besteak beste. Richard Boon Buzzcocks taldearen managerra, Unknown Pleasures diskoaren inguruan: “Martinek beste kutsu bat eman zien –berak zuzentzen zituen hariak–, eta taldea Martinek diseinatutako soinu horretara iritsi zen, asko erlaxatu ziren eta hain formal eta derrigortuak izateari utzi zioten”. Taldekideak aurretik, Stoogesen soinu gordin eta ilunarekin obsesionatuta zeuden.

Manchester musika klubez beteta zegoen eta doinu beltzen hiriburua zen Ingalaterran. Northern Soul delakoak Joy Divisionen musikan izan zuen eragina aipatzen da liburuan

Iluntasunaren harira, liburuak, izenburutik hasita, Joy Divisioni erantsitako eta gaurdaino hedatu den itzal lanbrotsu, depresibo eta beltza suntsitu nahi du, Curtisen suizidioa gorabehera. Jon Wozencroft “lekukoaren” hitzak argigarriak dira, Curtisen eta beste taldekideen zuzeneko lana ikusi ondotik: “Niretzat ustekabe handia izan zen, han [eszenatokian], argi zuri handi batek dirdiratzen zuen, dena ez zen heriotzaren, zigorraren eta suntsipenaren inguruan ardazten. (…) Bizitza normalak magiko bihurtzeaz ari ziren, betiere bizitzaren alde”.

Etengabe txantxetan ari ziren 21 urteko lau gazte sortzaile baino ez ziren Joy Division, haien arteko hierarkiarik gabe. Eta hurbileko elementuekin elkar-eraginez, hala lagun ipurterreekin nola hiri-inguruarekin, denbora zeharkatu duten doinuak idatzi zituzten. “Dena ardazten da doinutzar horien inguruan. Bai, egundoko historia da: haiekin hasten den hiri baten berreraikuntzaren historia, suizidio tragiko baten historia, historia moral bat, kulturala, akademikoa, intelektuala eta estetikoa, baina funtsean, hemen egoteko arrazoi bakarra idatzi zituzten abestitzarrak dira, eta kantutzarrak ez dira inoiz hiltzen”.

Jon Savage: pop ikerlaria

Jon Savage pop idazle prestigiotsua da, Greil Marcus estatubatuarraren mailakoa. Britainia Handiko musika-astekari klasiko garrantzitsuenetan aritu da, eta sasoi berean, punkaren leherketarekin batera, AEBetako hainbat punk argitalpenetan ere idatzi zuen, tartean, Bomp! eta Slash. Bere obrarik esanguratsuena England’s Dreaming (1991) da, punkaren sorreraren Biblia. 2007an, Teenage: The Creation of Youth Culture (2007) idatzi zuen, teen kulturaren historiaurrea jorratzen duen lan monumentala, eta 1966: The Year the Decade Exploded (2015), 1960ko hamarkadako pop eztanda aztertzen duen liburua.

Bere lanetan genero-ikuspegia txertatzen du, eta horrek bere esparru eta belaunaldiko beste autore batzuengandik bereizten du. Bere obran background historikoa ezinbestekoa da, eta hirien anatomiak sekulako garrantzia hartzen du, psikogeografiatik hurbil. Narraziorako duen gaitasuna ere aparta da, pop saiakerak idatzi arren. Gay da. Ondorioz, nahiago ditu AEBetako The Screamers edo The Weirdos taldeak Britainia Handiko punka baino, zeina The Clash taldearekin batera korronte “oso matxo eta bistakoa” bilakatu zen. Disko-bildumak ere zuzentzen ditu, tartean, Queer Noises 1961-1978: From The Closet To The Charts (2006). Zine gidoilari ere aritzen da. Brexit-aren aurkari sutsua da, eta egun Galesen bizi da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Post-punk
Eguneraketa berriak daude